150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko Gizarte Zerbitzuetako Alorreko buruaren lanpostua

Alkatetzaren abenduaren 28ko 1503/2020 Ebazpenaren bidez (argitaratu zen 2021eko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 3an), onetsi zen Burlatako Udalaren 2021eko lan publikoaren eskaintza. Bertan, sartu zen plantilla organikoko 6.0 lanpostua, ezaugarri hauek dituena:

Postuaren izena: Gizarte Zerbitzuetako Unitateko burua. Lanpostu kopurua: 1. Sarbidea: merezimendu-lehiaketa. Araubide juridikoa: funtzionarioa. Maila: B.

Kontuan hartuz azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 5. artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua), bidezkoa da lanpostu hori betetzea, behar diren hautaproben bidez.

Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi baten oinarriak onestea, bete dadin, merezimendu-lehiaketa bidez, Burlatako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorreko buruaren lanpostua, B mailakoa.

2. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

3. Ebazpen hau igortzea sindikatuen ordezkariei, jakin dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2022ko uztailaren 13an.–Alkate udalburua, Ana María Góngora Urzaiz.

DEIALDIA, BETE DADIN, MEREZIMENDU-LEHIAKETA BIDEZ, GIZARTE ZERBITZUETAKO ALORREKO BURUAREN LANPOSTUA. OINARRIAK

1. oinarria.–Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, merezimendu-lehiaketa bidez, Burlatako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorreko buruaren lanpostua.

Lanpostua 6.0 zenbakiarekin identifikatuta dago plantillan, eta honako ezaugarri hauek ditu:

“Unitateko burua”, euskarako hizkuntza-eskakizuna: %5; araubide juridikoa: funtzionarioa; B maila; sartzeko modua: merezimendu-lehiaketa; lanpostuko osagarria: %11,88; bateraezintasuneko osagarria: %35; lanaldiaren luzapeneko osagarria: %10.

Oinarrizko soldata izanen da B mailari dagokiona, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari. Gainera, Udalaren plantilla organikoak 6.0 lanposturako ezarritako osagarriak izanen ditu, baita legez dagozkion ordainsariak ere.

1.2. Merezimendu-lehiaketan aplikatzekoak diren arauak: Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua, onetsi zena azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez, aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

1.3. Lanaldia osoa izanen da, zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute. Egutegiak urtero onetsiko dira alkatearen ebazpen baten bidez, eta lanaldiaren banaketa ere finkatu beharko da.

1.4. Merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak igoeraren aurretik zuen araubide juridikoa, eta lehengo araubide berari eutsiko dio.

2. oinarria.–Merezimendu-lehiaketa bidez lortzen den burutzan aritzeko baldintzak.

Merezimendu-lehiaketa bidez lortutako burutzan aritzeko aldia sei urte naturalekoa izanen da. Epe hori iraganik, eta berariazko izendapenaren beharrik gabe, langileak bitarteko gisa jarraituko du burutzan, harik eta beste merezimendu-lehiaketa baten bidez betetzen den arte, eta horretarako gehienez ere urtebeteko epea izanen da. Aurrekoak baina, ez du ezertan galarazten alkateak langilea kargutik kentzeko eta bitarte baterako beste bat izendatzeko duen ahalmena.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako burutza baten funtzionario titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba-eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduta:

a) Unitate organikoa kentzen bada, kasuan kasuko departamentuaren edo erakunde autonomoaren egitura organikoa aldatzeagatik.

b) Berariaz uko egitea.

c) Burutza hartu eta gero, ikusten bada ez dela lortzen behar adinako errendimendurik, gauza ez izateagatik haren eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko, edo aldaketarik bada lanpostuaren edukian, betiere interesdunari entzunaldia eman ondoren eta Langile Batzordeak bere txostena egin ondoren.

d) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara pasatzeagatik, dela borondatezkoa dela nahitaezkoa nahiz berezia.

e) Diziplina-espediente baten barnean, zehapena jartzen bazaio, falta astun edo oso astun baten ondorioz, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra jartzen bazaio.

f) Izendatzen badute izendapen libreko kargu baterako, Burlatako Udaleko funtzionarioen artetik.

g) Beste zerbitzu eginkizun bat lortzen badu edozein administrazio publikotan.

  • Lanpostuak dituen eginkizunak:

A) Eginkizun nagusiak.

–Ekintza sozialaren arloko jarduketa-politikak bultzatzea, garatzea eta kontrolatzea, betez Oinarrizko Gizarte Zerbitzu bati esleitutako eginkizunak, eta bere gain hartzea haiek planifikatzea, gauzatzea, kontrolatzea eta jarraipena egitea.

–Zerbitzua kudeatzeak berekin dakartzan alderdi teknikoen gaineko txostenak eta justifikazioa egitea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzua gidatzea eta koordinatzea.

–Gizarte Zerbitzuetako lantaldea gidatzea, baita Burlatako Adinekoentzako Zentroko langileak ere, eta bere gain hartzea zuzen bete daitezela onetsitako arauak eta prozedura administratiboak.

–Beste erakunde, elkarte eta abarrekin koordinatzea, bai udalerrikoekin, bai eskualdekoekin eta probintziakoekin.

–Koordinatzea eskualdeko beste zerbitzu batzuekin, beste zerbitzu sozial, osasuneko eta/edo hezkuntzako batzuekin.

–Gastu-proposamenak prestatzea, jarraikiz onetsitako aurrekontuari, eta bere gain hartzea horiek gauzatzea eta jarraipena egitea.

–Dirulaguntzen urteko deialdiak, eskaerak eta ematea koordinatzea.

–Zerbitzuen kontratuetarako baldintza-agiriak egitea eta horiek kudeatzea eta kontrolatzea.

–Oro har, bere nagusi hierarkikoek agintzen dioten beste edozein eginkizun, lanpostuaren kategoriari dagokiona, aurretik azaldutakoen antzekoa, beharrezkoa dena zerbitzuarengatik.

B) Berariazko eginkizunak.

–Koordinatzea bai Gizarte Zerbitzuen ekintzak, bai zerbitzu horietan ari diren langileen aferak, Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin. Eta behar diren bileretara joatea eta haietan parte hartzea.

–Antolatzea Gizarte Zerbitzuetako partaidetzako atalaren bilerak, arloko zinegotziarekin: gai-zerrenda egitea, erabakiei jarraipena egitea, eta proposamenak Udalaren organoei igortzea, ebatz ditzaten.

–Gizarte Zerbitzuen Alorreko proposamenak igortzea, arloko zinegotziarekin bat, Politika Herritarren Batzordeei, eta horiei jarraipen egokia egitea, ebatz daitezen.

–Harrera egitea nazioarteko lankidetzako Gobernuz Kanpoko Erakundeen ordezkariei, deialdia egitea urteroko dirulaguntzetarako, planteatzen dituzten proiektuak aztertzea, balioestea, eta horiek bideratzea arloko zinegotziarengana eta horien prozeduraren eta ebazpenaren gaineko eskumenak dituzten udal organoetara.

–Parte hartzea programen araberako alorreko teknikariekin egiten diren bileretan, zeinak eginen diren Unitate Administratiboarekin, baita bestelako profesionalekin ere, haien eskumeneko gaietan.

–Iruñerriko ohiko koordinazio-bileretara joatea eta parte hartzea, baita egin daitezkeen beste batzuetara ere, bere eskumeneko ekintza amankomunak koordinatzeko.

–Gizarte Zerbitzuetako aferak Udaleko zinegotziekin koordinatzea, haiei txostenak prestatzea, eta prestakuntza eta orientabidea ematea, bereziki honako hauei: Gizarte Zerbitzuen Alorreko zinegotziari, Adinekoen aferetarako izendatutako zinegotziari, kulturartekotasunerako izendatutako zinegotziari, alkateari eta Udalean behar duten teknikariei. Eta alorrean komenigarritzat jotzen diren hobekuntzak proposatzea.

–Gauzatu behar diren aferei buruzko txostenak egitea, horiek proposatzea, eta koordinatzea Idazkaritzarekin, zerbitzuak kontratatu behar direnean eta aldaketak egin behar direnean Udalaren prestazio sozialen deialdietan, eta haien jarraipena egitea, alor administratiboko arduradunaren laguntzarekin.

–Behar denean, alorreko zerbitzuen kontratazio-prozeduretan parte hartzea. Gizarte Zerbitzuen aferei buruzko Udalaren web-orriaren arduradunari jakinaraztea eta proposatzea interesgarritzat jotzen diren gaiak, argitaratzeko, baita alorreko kartelez arduratzen denari ere, arduradun administratiboaren laguntzarekin.

–Udalaren zerbitzuak eta prestazioak planifikatzea, programatzea eta ebaluatzea, oinarri harturik eskariaren ezagutza, haren gorabeherak eta aldaketa, behar, baliabide eta lehentasun sozialen arabera.

–Parte hartzea Gizarte Zerbitzuetarako eta Nazioarteko Lankidetzarako udal aurrekontuak prestatzen, alorreko zinegotziarekin eta Adinekoen alorrerako izendatutakoarekin, eta gastuaren jarraipena egitea.

–Bere eskumenari atxikitako langileei behar duten lanbide-prestakuntza antolatzea eta erraztea, eta prestakuntza horretarako behar diren baimenak ematea edo ukatzea.

–Parte hartzea Udalean egin ohi diren bileretan, Udaleko beste buru batzuekin batera, Udaleko beste hainbat alorretako eta patronatutako teknikariekin batera. Alkateak edo idazkariak eginen dute deialdia.

–Alorreko urteko txosten memoria teknikoa egitea Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuarentzat, finantza dadin Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, eta erne egotea, izan daitezkeen zuzenketekin, ebazpenekin, etab.

–Udalaren tutoretzapeko apartamentuen estaldura gainbegiratzea, eta koordinatzea Obren eta Askotariko Zerbitzuen Departamentuarekin, behar bezalako funtzionamendua izan dezaten, baita adinekoen gizarte-langilearekin ere. Eta hautapen prozesuetan parte hartzea, Sarrera Batzorde Teknikoan, idazkariarekin eta adinekoen gizarte-langilearekin batera.

–Aholkularitza juridikoko langileen ordezkariarekin koordinatzea, ebazteko sortzen diren arazoak, helburua izanik zerbitzua ongi ibiltzea, baita zerbitzu horretarako kontratazioa egitea ere.

–Harrera egitea Gizarte Zerbitzuek esleitutako lokalak dituzten Burlatako elkarteen ordezkariei, baita interes sozialeko proiektuak edo ekintzak aurkezten dituzten elkarteen ordezkariei ere, eta jarraipena egitea, balorazioa egitea eta orientazioa ematea; orobat, sortzen diren gorabeherei erantzutea.

–Parrokiarteko Caritaseko ordezkariekin koordinazioa egitea, haiekin bilerak ezartzea, etab., hobetzeko Udalaren elikagai-bonuen kudeaketa, oinarri harturik Udalarekin sinatutako hitzarmena.

–Giza Baliabideen Departamentuari igortzea behar diren proposamenak, langileak kontratatzeko, sortzen diren ordezte-beharrengatik. Orobat, alor batean haren beharra denean, langileak hautatzeko prozesuetan parte hartzea.

–Koordinatzea Obren eta Askotariko Zerbitzuen Udal Departamentuarekin eta Hirigintzako Udal Departamentuarekin, behar bezala mantentzeko eta hobetzeko Gizarte Zerbitzuen bulegoak eta lokalak, alor administratiboko arduradunaren babesarekin.

3. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartzeko, betebehar hauek bete behar dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendatu arte:

a) Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) B mailan egotea.

c) Gizarte Laneko diplomadunaren titulua izatea, edo baliokidetzat aitortutako beste bat, edo Gizarte Laneko graduaren titulua, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

4. oinarria.–Eskabideak.

Eskaerak aurkezteko, hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udalaren erregistro orokorraren bidez aurkezten ahalko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotzen diren bitartekoetako bat erabiliz (lege horrek hizpide ditu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea).

Babes harturik urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikulua (lege horrek hizpide ditu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea), eskabideak aurkezten badira ez Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean, baizik beste batean, eskatzaileak oac@burlada.es helbide elektronikora igorri beharko ditu eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, betiere aurkezteko epearen barnean.

Eskabideak II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira; udal bulegoetan ere eskuratzen ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.).

Izangaiek ez dituzte parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztuko alegatu nahi dituzten merezimenduen frogagiriak. Frogagiri horiek aurkeztuko dira alkateak ezartzen duen epean, onartutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean. Izangai bakarra egonez gero, ez du merezimenduei buruzko frogagirik aurkeztu beharko; aurkeztu beharko du, ebazpenean ezarritako epean, memoria-lana bakarrik, balora dakion.

Izangaiak, eskabidearekin batera, aurkeztu beharko du 3.c oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, salbu Administrazioak jada badauka, oraingo lanpostuan sartzeko eskatu zitzaiolako.

5. oinarria–Izangaien onarpena.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Burlatako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek bost egun naturaleko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda behin betiko onesten duen ebazpenarekin (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da), finkaturik geldituko da izangaiek memoria-lana aurkezteko eta, behar denean, alegatutako merezimenduak aurkezteko epea.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1. Deialdiko burutzarako lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ana María Góngora Urzáiz, Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: María Luz Moraza Busto, Gizarte Zerbitzuen alorreko zinegotzia.

Lehen epaimahaikidea: alor honetan espezialista den teknikaria.

Ordezkoa: ordezten duena.

Bigarren epaimahaikidea: langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat.

Epaimahaikide idazkaria: Silvia Gonzalo Etxarri, Burlatako Udaleko idazkaria, edo haren ordezkoa, hitzarekin baina botorik gabe.

6.2. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

7. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta euskara: 25 puntu gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak, aurreko bi atalekin loturik, alegatutako eta frogatutako merezimenduak, bai eta euskararen ezagutzari dagokion puntuazioa ere.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduez.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, baloratuko da bakoitza nola egokitzen den deialdiaren xede den burutzaren izaerara eta ezaugarrietara. Lehiaketako epaimahaiarentzat loteslea izanen da zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa.

d) Lehiaketaren xede den burutzari buruzko memoria-lana: 25 puntu gehienez.

Lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendan ezarriko den epearen barrenean, izangaiek memoria-lan bat aurkeztu beharko dute, honako hauek aztertuko dituena: burutzari dagozkion eginkizunak, burutzan lan egiteko betebeharrak, baldintzak eta baliabideak, eta unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

Izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du bere memoria-lana, epaimahaiaren aitzinean. Ekitaldi horretan, epaimahaiak, egoki iruditzen bazaio, galderak egin ditzake izangaiak aurkeztutako merezimenduei buruz, eta, halaber, galderak egin ditzake ikusteko nola moldatzen den lehiaketaren xedeko burutzaren ezaugarrietara.

Izangairen bat ez bada aurkezten txostenaren ahozko azalpen eta defentsara, lehiaketatik besterik gabe baztertuko da.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Baztergarria denez, lehenik, izangaiak kalifikazio epaimahaiaren aurrean azalduko eta defendatuko du memoria-lana, ahoz, eta ondoren etorriko dira merezimendu-lehiaketako gainerako elementuak. Gero, eta proba gainditzen duten izangaien kasuan bakarrik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak txosten psikoteknikoa eginen du, eta, azkenik, epaimahaiak baloratu eta puntuatuko ditu a) eta b) atalekin loturik izangai horiek alegatutako merezimenduak.

Burutzaren gaineko memoria-lanaren proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa gehituko zaio lehiaketaren gainerako ataletan lortutakoari, jakiteko guztira zenbatekoa den bakoitzaren puntuazioa.

Berdinketarik baldin bada izangaiek burutza bakoitzerako lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenaren alde eginez ebatziko da.

Lehiaketako elementu guztien balorazioa bururatu ondoan, epaimahaiak Burlatako Udaleko iragarki-taulan jarriko ditu burutzari buruzko memoria-lanaren gaineko proba gainditu duten parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta bost egun naturaleko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

8. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.

Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzitakoan, Burlatako Udaleko iragarki-taulan argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak, eta organo deitzaileari igorriko dio deialdiaren 7.d) oinarrian agertzen den proba gainditu duten lehiatzaileen zerrenda, lehiaketako atal guztietan lortutako puntuen hurrenkeraren arabera, espediente osoarekin batera.

Alkatearen ebazpen baten bidez izendatuko da burutzarako puntuaziorik handiena eskuratu duen lehiakidea.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendatutako izangaiak izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturaletan hartu beharko du burutzaren jabetza.

Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, galduko ditu esleitu zaion burutzan aritzeko eskubide guztiak. Halakoetan, gainditu dutenen zerrendako hurrengo lehiatzaileak beteko du hutsunea; oinarri honetako lehen paragrafoak aipatzen du zerrenda hori.

9. oinarria.–Izangaiek ekarritako agiriak.

Izangaiek, baldin eta erreklamaziorik edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori hasiko da izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.

Aitzineko paragrafoan ezarririko epea bukatzen bada agiriak eraman gabe, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede diren erabakiak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede diren erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo bereko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritutako aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera, aldez aurretik errekurritzeko asmoa jakinarazita egintza egin duen organoari; edo bestela,

I. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Baremoa, 5. oinarriko a) eta b) ataletako merezimenduak baloratzeko

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1.–Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, B mailan edo mailatan eta deialdian eskatutako titulazioko lanpostuetan: 1,50 puntu, urte bakoitzeko.

2.–Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.

6. Gehienez ere 35 puntu emanen dira a) atal honetan.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta euskara.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta 10 puntu gehienez.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei emanen zaie kreditu bateko balorazioa.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

2.–Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

3.–Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

4.–Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu gehienez.

5.–Doktore gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez 2 puntu.

6.–Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: 4 puntu gehienez.

7.–Puntuazio erantsia euskara jakiteagatik: 5 puntu gehienez, C1 maila frogatzen denean. Gainerakoetan, proportzioan. Aukera ematen zaie hautagaiei maila proba egiteko; horretarako, eskabidean eskatu beharko dute.

Oharrak b) apartatu guztirako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak baloratuko dira soilik deialdiko burutzarekin zerikusirik izanez gero.

2. Gehienez 25 puntu emanen dira b) atal honetan.

Iragarkiaren kodea: L2210021