150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

73/2022 FORU DEKRETUA, uztailaren 5ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 267/2019 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu hori maiatzaren 26ko 40/2021 Foru Dekretuak aldatu zuen.

Hezkuntza Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak akordio bat lortu dute, 2022ko abuztuaren 1etik aurrera Eskubide Sozialetako Departamentua kudeatzen ari den haur eskolak Hezkuntza Departamentuari eskualdatzeko aurreikuspena bete dadin.

Horren ondorioz, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa aldatu behar da, bere gain har ditzan haur eskola horiek kudeatzeko eskumenak.

Bestalde, legegintzaldi honetan, Hezkuntza Departamentuak konpromiso eta eginkizun berriak hartu ditu bere gain, dela “Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioa (2019-2023)” gauzatzearen ondorioz, dela Nafarroako Gobernuak eta EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioak 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege Proiektuari eta neurri osagarriei buruz hartutako konpromisoen akordioaren ondorioz, dela estatu mailan egindako arau-aldaketen ondorioz, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen hautapenari eta lanpostuen betetzeari begira neurriak ezartzen dituen maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legea onestearen ondorioz. Konpromiso eta betebehar horiek nabarmen handitzen dute lan karga Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuan, eta, horregatik, beharrezkoa da zerbitzu horren egitura organikoa aldatzea, egungo Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa atal berri bat izan dadin, Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Atala, eta gaur egun Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuko Zerbitzu Osagarrien Atalak esleituta dituen eskumenak berrantolatu daitezen.

Bukatzeko, zenbait aldaketa egin behar dira Hezkuntza Departamentuko unitate organikoei esleitutako eginkizunetan, egungo errealitatera egokitzeko.

Hori dela eta, foru dekretu honen xedea da aldatzea urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 5eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.

Aldatzen da urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–II. kapituluko 8. artikuluaren lehen paragrafoa aldatzen da. Aurrerantzean, honela egonen da idatzita:

“8. artikulua. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu irakaskuntza hauetan: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta hizkuntzen, artearen eta helduen hezkuntzaren arlokoak; zehazki, honako hauek:”

Bi.–II. kapituluaren 5. atalaren 23. artikulua aldatzen da (Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari buruzkoa da atal hori). Aurrerantzean, honela egonen da idatzita:

“23. artikulua. Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren eginkizunak.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Hezkuntza ingurunean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sustatu eta bultzatzeko ekintzak egitea, baita curriculumean txertatzekoak ere.

–Ikastetxeak informatika eta ikus-entzuneko ekipamenduez, komunikazio sistemez eta informazioaren teknologiez hornitzeko irizpide eta planak zehaztea.

–Behar diren jarduketak egitea ikastetxeek Interneterako sarbidea eta konexioa izan dezaten, eta horretarako behar diren komunikazio eta informatika sistemak kudeatu eta mantentzea.

–Departamentuaren eta ikastetxeen arteko informazio trukerako eta komunikaziorako sistemak kudeatu eta mantentzea, baita ikastetxeetako ekipo informatikoak ere.

–Premiak aztertu eta definitzea, eta ikastetxeetako prozesuei eta eskolako informazioa kudeatzeko prozesuei loturiko programak sustatzea; horiek arloan eskumena duen unitateak inplementatuko ditu.

–Eskola estatistikak prestatzea Departamentuko gainerako zuzendaritza eta zerbitzuekin batera.

–Baliabide informatikoei eta komunikazioei loturiko jarduketa teknikoak koordinatzea, Administrazioko beste unitate batzuekin batera.

–Bere eskumeneko alorrean, koordinatzea Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko behar diren unitateekin.

–Ikasleek hezkuntza digital ziur eta errespetuzkoa izateko duten eskubidea bultzatzea.

–Ikastetxeen Gaitasun Digitalen Europako Esparruaren baitako jarduketak sustatzea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.”

Hiru.–II. kapituluko 6. ataleko 27., 29. eta 30. artikuluak aldatzen dira (Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuari buruzkoa da atal hori). Aurrerantzean, honela egonen dira idatzita:

“27. artikulua. Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuaren eginkizunak.

Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Hezkuntza Departamentuko informazio sistemen modernizazioaren eta hobekuntzaren arloko estrategia eta lehentasunak zehaztea, departamentuko beste zerbitzu batzuekin batera.

–Proiektuak aztertu, definitu garatu eta abian paratzea, bai informazio sistema berriak sortzekoak, bai daudenak garatzekoak, Hezkuntza Departamentuak ezarritako premia eta lehentasunen ondoriozkoak.

–Garapen edo bilakaera berrien eskaeren bideragarritasuna aztertzea eta baliozkotzea, informazio sistema elkarreragingarri, integratu, bateratu, denboran zehar iraunkor eta bikoiztasunik gabekoak erdiesteko.

–Garapen informatikoa estandaritzatzeko irizpideak definitzea, informazio sistema integratu, elkarreragingarri eta denboran iraunkorrak eskuratzeko.

–Informazio sistemak garatzea, kudeatzea, haien mantentze-lanak egitea eta etengabe eguneratzea, departamentuaren beharrei erantzuteko eta bertan inplikatutako eragile guztiei komunikazio elektronikoa errazteko pixkanaka-pixkanaka.

–Hezkuntza Departamentuak unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eskura jartzen dituen hezkuntza kudeaketarako informazio sistemak eta aplikazioak garatzea, kudeatzea, haien mantentze-lanak egitea eta etengabe eguneratzea, haien beharrei erantzuteko eta bertan inplikatutako eragile guztiei komunikazio elektronikoa errazteko pixkana-pixkana.

–Hezkuntza Departamentuko informazio sistemak erabiliz, bertako prozedura eta prozesu nagusien kudeaketa erraztu, modernizatu eta arrazionalizatzea.

–Beharrezko erreformak proposatu eta bultzatzea, informazio sistema mantengarriak eta elkarreragingarriak garatu eta ezartzeko.

–Definizio, mantentze eta euskarri lanak egitea softwarea garatzeko inguruneetan eta arkitektura teknikoan, zeinek informazio sistema guztiak osatzen baitituzte eta sistema horiei estaldura ematen baitiete.

–Lankidetza eta koordinazioa administrazioaren modernizaziorako eta administrazio elektronikorako proiektuak ezartzeko orduan Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.

–Datuen ingeniaritza-plataforma definitzea eta kudeatzea Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.

–Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiko unitateekin koordinatzea, bere eskumenen esparruari dagokionez.

–Datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko zerbitzuen baimen-eskaerak kudeatzea Hezkuntza Departamenturako.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere Hezkuntza Departamentuaren eremuaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela segurtatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa:

–Departamentuko webgune eta gailu mugikorretarako irisgarritasun eskuordetuaren unitate arduradunaren eginkizunak gauzatzea.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.”

“29. artikulua. Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalaren eginkizunak.

Informazio Sistemen Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Proiektuak aztertu, definitu garatu eta abian paratzea, bai informazio sistema berriak sortzekoak, bai daudenak garatzekoak, Hezkuntza Departamentuak ezarritako premia eta lehentasunen ondoriozkoak.

–Informazio sistemak garatzea, kudeatzea, haien mantentze-lanak egitea eta etengabe eguneratzea, departamentuaren beharrei erantzuteko eta bertan inplikatutako eragile guztiei komunikazio elektronikoa errazteko pixkanaka-pixkanaka.

–Garapen informatikoaren estandarizazioari dagokionez ezarritako ildoen jarraipena egitea, informazio sistema elkarreragingarriak, mantengarriak eta denboran iraunkorrak lortzeko.

–Lankidetza eta koordinazioa administrazioaren modernizaziorako eta administrazio elektronikorako proiektuak ezartzeko orduan Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

30. artikulua. Ikastetxeetako Informazio Sistemen Arkitekturaren eta Garapenaren Atalaren eginkizunak.

Ikastetxeetako Informazio Sistemen Arkitekturaren eta Garapenaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Ikastetxeetako informazio sistemak sortu eta garatzeko proiektu informatikoak aztertu, definitu, garatu eta abian jartzea, oinarri harturik Hezkuntza Departamentuak eta, zehazki, eskola informazioa kudeatzeko eskumena duen unitateak ezartzen dituzten beharrak eta lehentasunak.

–Definizio, mantentze eta euskarri lanak egitea softwarea garatzeko inguruneetan eta arkitektura teknikoan, zeinek informazio sistema guztiak osatzen baitituzte eta sistema horiei estaldura ematen baitiete.

–Datuen ingeniaritza-plataforma definitzea eta kudeatzea Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.

–Hezkuntza Departamentuaren datuen kudeaketa koordinatzea, baita metadatuak eta gobernua ere.

–Devops kultura bultzatu eta sustatzea garapen ekipoen barruan.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuak garapen informatikoa estandarizatzeko ezartzen dituen ildoen jarraipena egitea, informazio sistema elkarreragingarriak, mantengarriak eta denboran iraunkorrak sortzeko asmoz.

–Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuko gainerako unitateekin batera lan egitea kudeatutako proiektu eta produktu guztiak ezagutzeko, eta, horrela, euskarri homogeneoa eman ahal izateko eragile guztiei eta informazio sistema irekiak eta elkarri laguntzekoak sortzeko Hezkuntza Departamentu osorako.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.”

Lau.–II. kapituluaren 8. atala aldatzen da (kapitulu hori Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari buruzkoa da). Aurrerantzean, honela egonen da idatzita:

“8. atala. Haur Eskolen Zerbitzua.

33 bis artikulua. Haur Eskolen Zerbitzuaren eginkizunak.

Haur Eskolen Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu eta, berariaz, honako hauek:

–Haur Hezkuntzako lehen zikloa antolatzeko araudia prestatzea eta proposatzea.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-eskaintza planifikatzea eta onestea.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloaren curriculum edukiak prestatzea eta eguneratzea.

–Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolen kudeaketa koordinatzea eta gainbegiratzea.

–Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletan lan egiten duten langileen jarduerak planifikatzea.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloaren kudeaketa ekonomikoa planifikatzea.

–Dirulaguntzak eta beste finantzaketa-gastu batzuk kudeatzea, departamentuko beste zerbitzu batzuekin koordinatuta.

–Beste administrazio batzuekin elkarlanean aritzea Haur Hezkuntzako lehen zikloaren arloan.

–Ziklo honetan familien eta hezitzaileen arteko lankidetza sustatzea.

–Beste administrazio batzuekin koordinatzea haurrak Haur Hezkuntzako lehen zikloan sar daitezen laguntzeko, prebentzio eta konpentsazio neurriak hartuz.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloaren proposamen pedagogikoa prestatu eta garatzeko aholkularitza ematea. Proposamen hori ikastetxearen hezkuntza proiektuan sartu beharko da.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleez arduratzen diren hezkuntza-langileen urteko prestakuntza planaren proposamena egitea.

–Haur eskoletan hezkuntza-esperientziak sustatu eta garatzea, baita hedatzea ere.

–Landa eskolen arloko kudeaketa, proposamena, arreta eta antolaketa.

–Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

33 ter artikulua. Haur Eskolen Zerbitzuaren egitura.

Haur Eskolen Zerbitzuak Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala atxikita du.

33 quater artikulua. Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalaren eginkizunak.

Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalak, kudeatzen duen esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Hezkuntza Departamentuak Haur Hezkuntzako lehen zikloaren inguruan onetsitako araudia eta funtzionamendurako irizpideak prestatu, zabaldu eta aplikatzea.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloaren curriculum edukiak prestatzea eta eguneratzea.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-eskaintza kudeatzea.

–Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolak kudeatzea.

–Hitzarmenak proposatzea eta ikastetxeko titularrei aholku ematea haien tramitazioaren inguruan.

–Dirulaguntzak eta beste finantzaketa-gastu batzuk kudeatzea, departamentuko beste zerbitzu batzuekin koordinatuta.

–Beste administrazio batzuekin elkarlanean aritzea Haur Hezkuntzako lehen zikloaren arloan.

–Ziklo honetan familien eta hezitzaileen arteko lankidetza sustatzea.

–Haurrak Haur Hezkuntzako lehen zikloan sartzen laguntzeko prebentzio eta konpentsazio neurriak aurreikustea eta planifikatzea.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloaren proposamen pedagogikoa prestatu eta garatzeko aholkularitza ematea. Proposamen hori ikastetxearen hezkuntza proiektuan sartu beharko da.

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleez arduratzen diren hezkuntza-langileen urteko prestakuntza plana zabaltzea.

–Haur eskoletan hezkuntza-esperientziak sustatu eta garatzea, baita hedatzea ere.

–Landa eskolen arloko kudeaketa, proposamena, arreta eta antolaketa.

–Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.”

Bost.–IV. kapituluaren 6. atala aldatzen da (Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari buruzkoa da kapitulu hori). Aurrerantzean, honela egonen da idatzita:

“6. atala. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzua.

64. artikulua. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuaren eginkizunak.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, kudeatzen duen esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu eta, berariaz, honako hauek:

–Kredituak esleitzea ikastetxe publikoei, ohiko funtzionamendurako.

–Toki entitateek beren mendean dituzten eskola kontzentrazioen eta beste ikastetxe publiko batzuen funtzionamendurako dirulaguntzak proposatzea eta haiek kudeatzea; horretatik kanpo daude inbertsioetarako, obretarako eta ekipamendurako dirulaguntzak.

–Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza mailetako ikastetxe pribatuekin sinatutako hezkuntza itunak eta ikastetxe horiei ematen zaizkien dirulaguntza arautuak kudeatzea.

–Ikasketak egiteko beka eta laguntza deialdiak proposatu, kudeatu eta kontrolatzea, unibertsitatez kanpoko mailetan.

–Testuliburuak finantzatzeko programa proposatu, kudeatu eta kontrolatzea.

–Eskola garraio eta jantokien zerbitzu osagarriak planifikatzea eta horietarako deialdia egin, kudeatu eta kontrolatzeko proposamenak prestatu eta bideratzea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarekin eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuarekin batera.

–Zerbitzuaren eremu funtzionalean administrazioa modernizatzeko proiektuak txertatzen laguntzea eta prozesu horietan parte hartzea.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

65. artikulua. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuaren egitura.

1. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atala.

b) Zerbitzu Osagarrien Atala.

c) Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Atala.

2. Zerbitzu Osagarrien Ataleko burutza prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko da.

66. artikulua. Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalaren eginkizunak.

Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Kredituak esleitzea ikastetxe publikoei, ohiko funtzionamendurako.

–Ikasketa beken eta dirulaguntzen deialdiak proposatu, kudeatu eta kontrolatzea.

–Beka espedienteen ordainketa kudeatu, tramitatu, kontrolatu eta proposatzea.

–Testuliburuak finantzatzeko programa proposatu, kudeatu eta kontrolatzea.

–Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza mailetako ikastetxe pribatuekin sinatutako hezkuntza itunak eta ikastetxe horiei ematen zaizkien dirulaguntza arautuak proposatu eta kudeatzea.

–Ikastetxe pribatuetarako hezkuntza itunen eta dirulaguntza arautuen modulu ekonomikoak aztertzea eta proposatzea.

–Udalek beren mendean dituzten eskola kontzentrazioen eta beste ikastetxe publiko batzuen funtzionamendurako dirulaguntzak proposatzea eta haiek kudeatzea; horretatik kanpo daude inbertsioetarako, obretarako eta ekipamendurako dirulaguntzak.

–EDUCAn baliozkotzea ikastetxe pribatuetako eta Hezkuntza Departamentuaren titulartasunekoak ez diren ikastetxe publikoetako irakasleen titulazioak, bai eta ere ikastetxe horietako osaera pedagogiko-administratiboa. EDUCAn sarbidea ez duten ikastetxeetan, fitxa pedagogikoen bidez eginen da.

–Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetarako beka eta laguntza deialdi arruntak proposatzea, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari dagozkionak ez beste.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

67. artikulua. Zerbitzu Osagarrien Atalaren eginkizunak.

Zerbitzu Osagarrien Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarekin koordinatuta, garraio eta jantokiko eskola zerbitzu osagarriak planifikatzea.

–Hezkuntza bereziko ikasleen garraio eta jantokiko eskola zerbitzu osagarriak planifikatzea, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuarekin eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroarekin koordinatuta.

–Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza mailetarako garraio eta jantokiko eskola zerbitzu osagarriekin zerikusia duten jarduerei dagokienez, deialdien proposamenak egitea eta tramitatzea.

–Garraio eta jantokiko eskola zerbitzuei dagozkien administrazio espedienteak instruitzea.

–Informazioa ematea tramitazio administratiboetako eta/edo judizialetako gai teknikoei buruz eta garraio eta jantokiko eskola zerbitzu osagarriei buruz.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

67. bis artikulua. Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, berariaz, honako hauek:

–Kudeatzea eta kontrolatzea behar bezala egiten direla garraio eta jantokiko eskola zerbitzu osagarriak.

–Garraio eta jantokiko eskola zerbitzuak ematearekin lotutako laguntzak planifikatu, proposatu eta kudeatzea.

–Eskola zerbitzuekin lotutako gastua kontrolatzea, justifikatzea eta egiaztatzea.

–EDUCAren aplikazio informatikoak eta tresnak koordinatzea garraio eta jantokiko eskola zerbitzuak kudeatzeko.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.”

Sei.–Zortzigarren xedapen gehigarria gehitzen da. Hona hemen:

“Zortzigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza Departamentuaren zuzeneko kudeaketara pasatzen diren haur eskolak.

1. Hezkuntza Departamentuak haur eskola hauek kudeatuko ditu zuzenean, 2022ko abuztuaren 1etik aurrera, Haur Eskolen Zerbitzuari atxikita egonen baitira:

–Egunsenti, Burlatan.

–Niño Jesús, Corellan.

–Orreagako Ama Birjina, Iruñean.

–Ninia Etxea, Iruñean.

–San Jorge, Iruñean.

–Santa Teresa, Iruñean.

–Aingeruen Andre Maria, Iruñean.

2. Haur Eskoletako zuzendari lanpostuak, lanpostu horien titularrek irabazi dituzten eskubideak galarazi gabe, izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen artetik edo hari atxikita daudenen artetik. Zuzendari lanpostu horiek Hezkuntza Departamentuko kontseilariak izendatuko ditu.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Foru dekretu honetan ezarritako egituraren arabera izen bera duten zerbitzuetako zuzendaritzetako edo atalburutzetako titularren izendapenak berresten dira.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Ataleko burutza merezimendu-lehiaketaren deialdien bidez betetzeko baldintzak.

Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Ataleko burutza betetzeko ez da berariazko baldintzarik eskatuko.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa kentzea.

Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa kentzen da. Atxikita zegoen Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuko Zerbitzu Osagarrien Atalari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezartzen dituen otsailaren 3ko 9/2017 Foru Aginduaren 39.1 artikuluaren bigarren gidoia eta 41. artikulua.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2022ko abuztuaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2209772