150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

50/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, beste hainbat kontu garrantzitsuren artean, faktore garrantzitsuak sartzen ditu gaitasun digitalari eta genero ikuspegiari buruz; eragina du lanbide prestakuntzari lotutako zenbait alderditan, hala nola Lanbide Heziketaren sustapenean; sarbidea errazten du araubide bereziko irakaskuntzetatik; eta, gainera, oinarrizko LH bat egin dutenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko aukera izatea berresten du.

Foru dekretu honen bitartez, Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezarri dira. Honako curriculum honek apirilaren 22ko 768/2014 Errege Dekretua garatzen du, Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituena, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat zehaztu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jasotzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, zeina arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen baita, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio hauek, hau da, bateko, osasun dokumentazioari dagokionak, zeina ekainaren 24ko 887/2011 Errege Dekretuak araututa baitago, eta, besteko, langela eta bulegoetako dokumentu eta kudeaketa laguntzako osatu gabeko kualifikazioak, zeina otsailaren 1eko 107/2008 Errege Dekretuaren bidez arautu baitzen, lanbide jarduerako gune bat eratzen dute, banakatuta dituen eskumenek zehaztua, eta euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, behar bezain zabala eta espezializatua dena goi mailako teknikari horrek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hori gutxienez bi alderdi osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak geroan izanen duen bilakaerari buruzko etorkizuneko ikuspegia dakar.

3

4. artikulua, hari lotuta dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatuta. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloko bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide heziketako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, ibilbide batzuk diseinatzeko, horietan gaitasuna ebaluatu eta aitortzeko prozedura integratzeko prestakuntza eskaintzarekin. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero; 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua zehazten du; eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honi lotutako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko elkarrekikotasunak ezartzen ditu, egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 11n egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Osasun Dokumentazio eta Administrazioko teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Osasunaren lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulua honako elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Osasun Dokumentazioa eta Administrazioa.

b) Maila: 3-Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2000 horas.

d) Lanbide arloa: Osasuna.

e) Europako erreferentea: HNSN- 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta produkzio sistemaren aipamena, Nafarroan duen testuingurua eta prospektiba ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Osasun Dokumentazio eta Administrazioko prestakuntza zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Prestakuntza ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bana prestatuko dute hartako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Garatzen duten lan unitateen bitartez zehaztuko da programazioa.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Helburu orokorrak lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikaria izateko prestakuntza zikloaren helburu orokorrak 2A) eranskinean jasota daude.

2. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan arautuarekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da bertan edozein aldaketa egiteko.

4. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatzeko. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukiek moduluko eduki guztiak bildu beharko dituzte.

5. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2 Zientziak eta Teknologia modalitateko batxilergoa ikasi duten ikasleek lehentasuna izanen dute heziketa ziklo honetan sartzeko, irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarri bezala.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulua baliagarria da zuzenean sartzeko goi mailako beste edozein heziketa ziklotan, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin.

2. Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulua baliagarria da zuzenean sartzeko graduko unibertsitate tituluak eskuratzeko ikasketetan, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin.

3. Irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta graduko unibertsitate ikasketen arteko kreditu onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banaturik.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluei dagokien lanbide moduluak eta foru dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena xedatuta dauzkan tituluari dagozkion lanbide moduluen arteko baliozkotzeak 4. eranskinean zehazten dira.

2 Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin, gaitasun unitateekin eta goi mailako heziketako irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuespenak egiteari dagokienez, irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan araututakoa aplikatuko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko elkarrekikotasuna.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko elkarrekikotasuna, baliozkotzeko edo salbuespenak egiteko, foru dekretu honen 5 A) eranskinean zehaztuta dago.

2. Era berean, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko elkarrekikotasuna, egiaztapena egiteko, foru dekretu honen 5 B) eranskinean zehaztuta dago.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 6 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 6 B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitatea zein den.

3. Ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko eskatuko zaizkien titulazioak foru dekretu honen 6 C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren lekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Lekuek behar adinako azalera izanen dute, bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egiteko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egiteko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Zenbait ikasle taldek erabiltzen ahalko dituzte prestakuntza lekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan zein ez.

4. Prestakuntza lekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Leku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresnak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduan, kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik gune horietan ematen diren lanbide moduluetako bakoitzean bildutako ebaluazio irizpideak eta edukiak.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da guneak eta ekipamendua egokiak izateaz kopuruari eta ezaugarriei dagokienez, modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzen ondoriozko irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitzeko, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Tituluaren baliokidetasunak.

Ekainaren 9ko 152/1997 Foru Dekretuan araututako Osasun Dokumentazioko goi mailako teknikari tituluak eta foru dekretu honetan araututako curriculuma duen Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari tituluak ondorio akademiko eta profesional berberak izanen dituzte.

Bigarrena.–Beste lanbide trebakuntza batzuk.

1 Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko lanbide moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioan oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide ardurak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe geratzen da ekainaren 9ko 152/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Osasun Dokumentazioko goi mailako teknikari tituluari dagokion goi mailako prestakuntza zikloaren curriculuma ezartzen duena, ezertan galarazi gabe foru dekretu honen xedapen iragankorrean ezarritakoa.

2 Foru Dekretu honetan xedatuaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak indargabetuta geratzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2022-2023 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11nn.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu honako honen curriculumaren dokumentu osoa PDF formatuan:

Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikaria.

Iragarkiaren kodea: F2207127