15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

103E/2021 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, araudiaren 53. artikuluari eragiten diona. Doga Navarra SLU da sustatzailea.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren abuztuaren 9ko 34E/2021 Ebazpenaren bidez hasiera eman zitzaion Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari. Espedientea fatxadako materialei buruzkoa da eta arauaren 53. artikuluari eragiten dio. Doga Navarra SLU da sustatzailea.

Ebazpen hori 2021eko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 27koan, espedientea hilabetez jendaurrean egon eta, aldi berean, ukitutako udalei entzunaldia emateko tramiteak bete zitezen.

Tresna honek Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko determinazioak aldatzen eta garatzen ditu, hirigintza-antolamendu xehatukoak. Tresna honen xedea da Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Araudiko 53. artikuluan arautzen diren materialak aldatzea, sandwich panelen edo poliester oihalezko olanen erabilera ahalbidetze aldera; izan ere, “gutxienez zarpeatu eta pintatutako akaberara, edo bistako hormigoi bereziko bloke aurrefabrikatura“ murrizten ditu arauak gaur egun erabil daitezkeen materialak.

Horretarako ezarritako epean, bi alegazio-idazki aurkeztu dira: Oltza Zendeako Udalarena eta Orkoiengo Udalarena.

Ondoren laburtzen dira jaso diren bi alegazio-idazkiak, eta erantzuna ematen zaie:

a) Oltza Zendeako Udaleko alkate Moisés Garjón Villanueva jaunak aurkeztutako alegazioa.

Idazkia 2021eko abuztuaren 26an aurkeztu zen eta honela dio: Proposatutako aldaketa arrazoizkotzat jotzen da, eta industria eraikinetan erabilitako materialen bilakaerak justifikatzen du. Hala ere, aldaketaren dokumentuaren 6. puntua ‘Erantsi diren determinazioak eta hirigintzako araudia’, ez da osoa, ez baitu aipatzen kanpoko perimetroa osatzen duten fatxaden koloreari (RAL 7044) erreferentzia egiten dion lehen paragrafoa, industria eremuaren kanpoko uniformetasuna mantentzeko aipatu egin beharko litzatekeena; kontserbazioari buruzko azken paragrafoa ere ez du aipatzen [... ]”

Erantzuna:

Alegazio-egilearekin bat dator aldatzen den artikulua osorik idazteak lege-xedapen berria hobeki interpretatu eta aplikatzen laguntzen duela dioen horretan. Hori horrela, 2021eko urriko aleak zuzendu egin du alegatutako puntu hori. Era berean, eta helburu horrekin berarekin, indarrean den artikuluaren idazketa osoa ofizioz sartu da 5. puntuan,“Aldatu beharreko hirigintzako arauaren determinazioen nondik norakoa”.

Alegazioa ontzat ematea proposatu da.

b) Orkoiengo Udalak aurkeztutako alegazioa.

2021eko irailaren 28an udal horrek Iruñerriko EEZB zerbitzuko arkitekto J. Luis Fernandino Nostik izenpetutako txosten bat aurkeztu zuen. Hona proposamena baloratu ondoren dioena: “Udal honek ez dio alegaziorik egiten espediente honi, uste baitu Aratzuri-Orkoien Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 53. artikulua aldatzeko proposamena egokia dela, aldaketa proposamenean adierazi bezala”.

Erantzuna:

Aurkeztutako idazkiak aldaketa proposamenaren aurkako aipurik egiten ez duen neurrian, eta egokitzat jotzen duenez, ez du ez ontzat emateko, ez ezesteko biderik ematen.

Espedientean Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2021eko ekainaren 17an emandako txosten bat dago, adierazten duena jarduketa ez dagoela ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio esparruan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ildo beretik, espedientean jasota dago Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak 2021eko uztailaren 21ean emandako aldeko txostena.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko azaroaren 11ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, araudiaren 53. artikuluari eragiten diona. Doga Navarra SLU da sustatzailea.

3. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen edo exekuzioa bera baldintzatu dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

Zehazki, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak 2021eko uztailaren 13an emaniko txosten horretan gogorarazten da azterlaneko eremu osoa zortasun aeronautikoek ukitutako inguru eta guneetan dagoenez, edozein eraikin, instalazio (zutoinak, antenak, airesorgailuak –palak barne–, eraikitzeko beharrezko baliabideak, eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne) edo landaketa egiteko, aldez aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren (AESA) aldeko akordioa beharko dela, 584/1972 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluen arabera (dekretua gaur egun idatzita dagoen moduan); inguruabar hori plangintzaren dokumentuetan jaso beharko da.”

4. Ebazpen hau eta 53. artikuluaren idazketa berria, eranskin gisa jaso dena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Orkoiengo Udalari, Oltza Zendeako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta sustatzaileari jakinaraztea behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasiko dira kontatzen, edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iruñean, 2021eko abenduaren 20an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Aldaketak Aratzuri-Orkoiengo industria eremuko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko antolamendu xehatuko determinazioetan (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2118101