15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Arau fiskalak. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2021eko urriaren 26an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zituen 1. eta 3. arau fiskaletako aldaketak eta 3. eta 8. arau fiskalen eranskinak.

Hasierako onespena argitaratu zen 2021eko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 4an, eta iragan denez erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko 30 egun balioduneko epea, eta inork ez duenez halakorik aurkeztu, behin betiko onetsirik gelditu dira.

Ondotik, arau horien testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea bete beharrez.

Tafallan, 2021eko abenduaren 22an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

1. ARAU FISKALA, UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO IKASTAROETAN IZENA EMAN ETA PARTE HARTZEKO ETA MUSIKA TRESNAK ALOKATZEKO PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA

Oinarria

1. artikulua. Arau honen xede den prezio publikoa ezarri da honako hauen babesean: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak.

Sortzapena

2. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da parte hartzeko izena ematen denean ikastaro bakoitzean, eta eskatzen denean musika tresna alokatzea. Parte-hartzaileek ordaindu beharko dute.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

3. artikulua. Musika Eskolan izena emateak berekin ekarriko du inskripzio eskubideen tarifaren sortzapena (matrikula), bai eta beste tarifa batena ere, irakasgaien matrikulengatik; betiere, ikastaroaren iraupen osorako.

4. artikulua. Udal bulegoetan eginen da prezio publikoen diru-bilketa.

5. artikulua. Matrikularen prezioa deuseztatuko da bakar-bakarrik baldin Musika Eskolak uzten badu bertan behera ikastaroa.

6. artikulua. Ikasturtea hasitakoan izena emanez gero, matrikula osorik ordainduko da eta irakasgaiak hilabete naturaleko, barnean dela izena ematea gertatzen den hilabetea.

7. artikulua. Matrikula zabalduz gero, izena emateko eskubideak osorik ordaindu beharko dira eta irakasgaiak hilabete naturaleko, barnean dela izena ematea gertatzen den hilabetea. Halakorik gertatzen bada, ez da kobratuko jatorrizko irakasgaiaren tarifa matrikularen zabaltzea gertatzen den hilabetearen hasieratik.

8. artikulua. Baldin ikasturtea hasia dela (Nafarroako Gobernuak argitaratuko du noiz hasiko den ikasturtea) ikasleak Musika Eskola uzten badu, irakasgaien arabera ikasturte osorako ezarritako tarifak likidatuko dira, hura noiznahi ere utzita; salbuespena da bajaren eskaera urte horretako urriaren 1a baino lehen aurkeztea eta beste ikasle batek plaza betetzea; orduan, lehenak matrikularen zenbatekoa bakarrik ordaindu beharko baitu.

Ikasle batek baja ematen badu adierazitako epetik kanpo, baina ikasturtea hasi aurretik (Nafarroako Gobernuak argitaratuko du noiz hasiko den ikasturtea), matrikularen zenbatekoa bakarrik ordaindu beharko du.

9. artikulua. Irakasgaien tarifak 6 hilabetetan zatikatuko dira, denak zenbateko berekoak izanik, eta likidatu, berriz, ikastaroaren lehenbiziko 6 hilabeteetan. Aipatu likidazioak hilabete bakoitzeko lehenbiziko hamabostaldian eginen dira.

Tarifen aplikazioa

10. artikulua. Arau honetan agertzen diren murrizketak eskuratu nahi dituzten eskatzaileek nahitaez aurkeztu beharko dute familia ugariaren txartela edo familia gurasobakarrarena.

11. artikulua. Aurreko ikastaroan Ohorezko Matrikula eskuratu duten ikasleek eskubidea izanen dute doako izena emateari (matrikula) dagokion eskubideen tarifa izateko.

12. artikulua. Irakasgaiak baliokidetzen direnean eta ikasleak ez badu klaseetara joan behar, ez da irakasgaien araberako hileko tarifarik kobratuko, eta bakar-bakarrik ordaindu beharko da izena emateko eskubideen tarifa (matrikula).

13. artikulua. Aurreko urteetatik Musika Eskolari oraindik ordaindu gabeko prezio publikoak dituztenak ezin izanen dira matrikulatu. Baldin ikasle batek hiru hileko kuota ordaindu gabe baditu, Udalak baja ematen ahal dio Musika Eskolan.

3. ARAU FISKALA, UDALAREN ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Hitzaurrea

Etxeko Laguntza Zerbitzuak Nafarroako gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde guztietan ezarri ziren, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuaren babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako etxe, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzoaren eskaintza eginez.

Mendekotasun organikoa dutenez, Etxeko Laguntza Zerbitzu bakoitzak bere udal araudia du, ordenantza bat gehienetan. Hala ere, nahiz eta zerbitzu bera izan eta, hortaz, printzipio, eduki eta prestazio antzekoak izan arren, bakoitzak bere udalerriko araudia du. Egoera horren ondorioz, errealitate ezberdinak sortu dira zerbitzuaren prestazioan, bizilekuaren arabera, eta horrek nahasmena eragin du herritarren ikuspegian.

Egoera hori hobetu nahirik, 2004ko ekitaldiaren amaieran, lan batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez, toki entitateen eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen eskariari erantzunez.

Asmoa izan da guztiendako arautze batera ekartzea Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuen esku-hartzearen alderdi funtsezkoak, eta horrela Nafarroan zerbitzu hauek homogeneizatzeko aitzinapausoak egin. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzu eskaintza oinarrizkoaren definizioa, tarifa sistema baten prestakuntza eta, balorazioak egiteko, denendako tresna beraren ezarpena.

Horren emaitza da ordenantza eredu hau, toki entitateen eskura jartzen dena. Gizarte zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen ekarpen teknikoak bereganatu ditu eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak onetsi du. Tafallako zerbitzura egokitu da, batez ere jatekoen banaketari dagokionez.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat ezarri da ordenantza hau.

2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) definizioa.

ELZ udal zerbitzua da, xede dituena ohiko ingurunean oinarrizko premiak betetzeko mugak dauzkaten herritar guztiak, eta eskaintzen ditu banakako hainbat zerbitzu, izan daitezkeenak aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, egoera bakoitzaren arabera, eta bilatzen du pertsona ahalik eta hobekien integratzea bere ingurunean, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea.

3. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzearen oinarri diren printzipioak.

Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

–Gizarte zerbitzuen sistemak printzipio hauen arabera jokatuko du:

a) Unibertsaltasuna: botere publikoek bermatuko dute gizarte zerbitzuez baliatzeko biztanle guztiek duten eskubidea, bat etorriz berdintasunaren, ekitatearen eta birbanaketaren zuzentasun irizpideekin. Halere, baldintza bereziak ezarri ahalko dira, zenbait zerbitzu zehatzez baliatzeko bete beharko direnak.

b) Erantzukizun publikoa: botere publikoek bermatu beharko dute gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna, horretarako arautuz eta jarriz sistemaren funtzionamendurako eta koordinaziorako beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko tekniko eta finantzarioak.

c) Berdintasuna: Nafarroako Gobernuak bermatu beharko du Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak egotea.

d) Solidaritatea: botere publikoen jarduketek jo beharko dute populazioaren kohesio sozialari mesede egitera, eta bultzatuko dute pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

e) Hurbiltasuna eta deszentralizazioa: gizarte zerbitzuak pertsonengandik ahalik eta hurbilen eman beharko dira, kontuan harturik haien izaera eta ezaugarriak.

f) Herritarren partaidetza: botere publikoek pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten sustatu eta bermatu beharko dute.

g) Laguntza pertsonalizatua eta integrala: gizarte zerbitzuen sistemak erantzun integrala eman beharko die behar sozialei, laguntza pertsonalizatua emanez behar horiek ezagutzeko.

h) Prebentzioa: gizarte zerbitzuen sistemak bere jarduketak eta zerbitzuak bideratuko ditu premia sozialeko egoerak gertatzeko arriskua saihestera, batez ere.

i) Normalizazioa: gizarte zerbitzuen lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzen dutela, ahal delarik.

j) Norbere autonomia sustatzea: gizarte zerbitzuen sistema lagungarria izanen da pertsonek behar den gaitasuna beregana dezaten norberaren bizimoduari buruzko erabaki pertsonalak hartzeko eta lehentasunak hautatzeko, eta parte hartu eta molda daitezen alor guztietan (gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan nahiz hezkuntzan).

k) Planifikazioa eta ebaluazioa: botere publikoek ordenan planifikatu beharko dituzte gizarte zerbitzuen esparruan jarraitu beharreko jomugak, estrategiak, politikak eta jarraibideak, bai eta arazo sozialen eta haiek eragiten dituzten arrazoien berri izateko erabili behar diren bideak eta ekintzak ere, aldizkako ebaluazioaren arabera egoki diren aldaketak ezarriz.

l) Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza: botere publikoek ziurtatu beharko dute gizarte zerbitzuen sistemaren berdintasuna, eta ahal den efizientzia eta eraginkortasun handienez funtzionatzen duela, horretarako haien arteko eta ekimen pribatuarekiko koordinazio eta lankidetza bideak bultzatuz.

m) Kalitatea: Nafarroako Gobernuak bermatuko du gutxieneko kalitate estandarrak izatea gizarte zerbitzuen sisteman, eta estandar horiek hobetzea sustatuko du.

n) Boluntarioen lanaren sustapena: botere publikoek herritarren elkartasunezko lankidetza sustatuko dute gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, baldin eta haien eginkizunek behar diren profesionalen zerbitzuak ordezten ez badituzte.

4. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu erantzuna ematea autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabalari.

–Normalizatzailea, inguruneko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita batez ere.

–Integrala, osotasunean heltzen baitie bizikidetza unitateen beharrei.

–Prebentiboa, ahalegina egiten baitu eragozteko edo murrizteko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta sostenguak eta gizarte harremanak galtzea, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea ere, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, bateratu baitaiteke oinarrizko beste laguntza batzuekin, helburuak betetzeko.

–Akuilatzailea eta pizgarria, lagunduko duena erabiltzailearen beharrak betetzen haren gaitasunak indartuz, bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

–Teknikoa, esku hartzeko oinarritzat hartzen dituena teknikoki planifikatutako eta egindako jarduerak, behar bezala kualifikatutako profesionalek planifikatu eta egin ere, gainbegiraturik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak behar baititu bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena, baliabide egokienak konbinaturik.

–Oinarritzat hartzen duena errespetatzea laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen hobespenak.

5. artikulua. Helburuak.

Etxeko Laguntza Programak honako helburu hauek ditu:

–Laguntza ematea pertsonek beren ohiko ingurunean iraun dezaten ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin, prebenituz eta saihestuz zentro batean sartzea beharrik gabe eta hala ingurunetik deserrotzea. Horretarako, alternatiba egokia ematea.

–Lortzea pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa, zeinek ahalbidetuko baitute ahalik eta autonomia handiena izatea, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasuna eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan eskaintzea prestazio multzo bat, erraztuko eta lagunduko duena eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea, modu integralean.

–Jarduketak koordinatzea parte hartzen duten profesionalen sarearekin, batez ere osasun eta gizarte sarearekin, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin.

–Hobetzea oreka pertsonala, familiarena eta ingurunearena, horretarako sendotuz familia, auzo eta adiskidetasun loturak, bultzatuz eta indartuz lankidetza handiagoa izatea sostengu sare naturalek, bereziki familiarenak, behar bezalako sostenguak emanik zaintzaileei.

–Laguntza ematea pertsonaren nahiz familiaren krisi koiunturaletan, non kaltetzen diren autonomia pertsonala edo soziala.

–Zerbitzuaren hartzaileen gizarte-harremanak eta jarduerak bultzatzea haien komunitate ingurunean, isolatze eta bakardade arazoak prebenitzeko.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zerbitzuaren hartzaileei lagun egiteko indargarri gisa.

6. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izan ahalko dira pertsona edo bizikidetzako familia-unitate guztiak, baldin erroldaturik badaude Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdeko udalerrietariko batean, baldin badute bizi autonomoa egiteko mugarik eta, ondorioz, ezin badituzte beren kabuz bete premia pertsonala eta sozialak, eta, hortaz, laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauexek dute lehentasuna:

–Autonomia pertsonaleko zailtasunak dituzten zaharrek.

–Desgaitasuna dutenek, baldin horrek larriki eragiten badio autonomia pertsonalari.

–Familia-unitateek, baldin beren baitan badituzte adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak, eta beren etxean ez badute ematerik behar dituzten zaintza eta arreta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, bermatze aldera haien garapen normal eta orekatsua.

Premia maila bera izanik, lehentasuna izanen dute kargaren eskala progresiboan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek.

7. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.

Etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku-hartze jarraituaren ondorioz egoerak duen bilakaerari buruz.

Aipatutako lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, baldin espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Administrariak: eginen dituzte zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin heziketa lanak egiteaz arduratzen da, laguntzeko eskuratzen bizikidetzako gunearen familia-autonomiari on eginen dioten gaitasunak eta trebeziak.

–Psikologoa: esku hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

–Beste profesional batzuk: eragile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak...

8. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Etxeko laguntza zerbitzua nork nola erabiltzen ahalko duen baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honako hauek hartuko ditu kontuan:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta tresna bidezkoak egiteko.

–Ea baduten sare naturalaren sostengua, bereziki familiarena.

–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, erabiliko dira egungo araudiari jarraikiz indarrean dauden balorazio eskalak.

9. artikulua. Zerbitzuen zorroa.

Etxeko laguntzaren prestazioaren barrenean, gisa honetako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:

a) Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

–Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

  • Elikagaiak erostea.
  • Etxean janariak prestatzen laguntzea.
  • Etxez etxeko janari zerbitzua.

–Erabiltzailearen arroparekin ikusteko dutenak, hala nola:

  • Etxean nahiz etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.
  • Arropa pasaratu eta zaintzea.
  • Arropa antolatzea.
  • Etxean nahiz etxetik kanpo arropa lisatzea.
  • Arropa erostea.

–Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

  • Etxea garbitzea.
  • Konponketa txikiak.
  • Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.

b) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Hona hemen eguneroko oinarrizko zereginetan sostengu pertsonala emateko jarduketak:

–Norberaren garbitasuna eta higienea: gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.

–Janzten eta jaten laguntzea.

–Erabiltzailearen elikaduraren kontrola.

–Osasun tratamenduaren segimendua, oinarrizko osasun-laguntzako taldeekin koordinatuz.

–Etxe barreneko mugikortasunerako sostengua.

–Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.

c) Sostengu psikosozialeko jarduketak. Hona hemen laguntza psikosozialeko jarduketak:

–Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.

–Familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko balio positiboak indartzea.

–Bakartasun eta isolamendu sentimenduak piztean sostengu ematea.

–Diruaren eta familiaren antolaketan bidea erakustea.

–Familiaren higienearen plangintzan sostengu ematea.

–Familiari eta inguruari dagokionez bizikidetzako usadioen gaineko prestakuntza ematea.

–Gizarteratzeari eta sozializazioari sostengu ematea.

d) Sostengu soziokomunitarioko jarduerak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Kultura, aisialdi edo denborapasako jardueretan lagun egitea.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko.

e) Familiari sostengu emateko jarduketak. Hona hemen familiari sostengu emateko jarduketak:

–Zaintzaileendako prestakuntza eta aholkularitza.

–Zainketen gaineko berariazko prestakuntza.

–Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.

f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren bitartez argibideak eta orientazioa ematen da honako hauen gainean:

–Etxean zainketak ematea errazten duen sostengu teknikoko materiala eskuratzea (mailegu sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa etab.).

–Etxeko sostengurako baliabide osagarriak, bertze erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono zerbitzua, etxeko laguntzarako diru-laguntzak, eguneko zentroak etab.

–Etxebizitza egokitzeko baliabideak.

Etxeko laguntza zerbitzuaren zenbaterainokoa, mendekotasunaren arabera:

–III. maila.–Mendekotasun handia: 46-70 ordu hilean.

–II. maila.–Mendekotasun larria: 21-45 ordu hilean.

–I. maila.–Mendekotasun moderatua: gehienez 20 ordu hilean.

10. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Honako hauek dira finantzaketari aplikatu beharreko irizpideak eta printzipioak:

–Zerbitzu unitatearen definizioa, janarirako: erabiltzailearen etxera janaria eramatea izanen da zerbitzu unitatea.

–Zerbitzu unitatearen definizioa, gainerako zerbitzuetarako: Zerbitzu unitatea neurtzen da kontuan hartuz ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean. Erabiltzaileari dagozkion arrazoiak direla medio, ezin bada zerbitzua egiazki egin, egindakotzat joko da eta, hortaz, zergapeko egintza sortuko da baita prezioa kobratuko ere.

–Familia-unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko, erabiliko da PFEZan definitzen den familia-unitatea (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga):

• Osatzen dutena legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

• Osatzen dutena berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

• Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontza-loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, osatzen dutena aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek, baldin aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

–Ahalmen ekonomikoa zehaztea:

Errenta: Urteko diru-sarrerak zenbatesteko irizpideak

Urteko diru-sarrerak = Egiazko diru-sarrerak + Ahalezko diru-sarrerak

• Egiazko diru-sarrerak laneko errentengatik, kapital higigarriaren nahiz higiezinaren etekinengatik, lanbide jardueren etekinengatik, eta abarrengatik eskuratutako diru-sarrera egiazkoak baloratuko dira atal honetan.

• Ahalezko diru-sarrerak ondasun eta eskubideen zenbatespenaren bidezko diru-sarrerak, aitzineko atalean baloratu ez direnak, baloratuko dira atal honetan.

Hauen etekinen zenbatespena:

• Hirilurreko ondasunak: ohiko bizitegiak ez diren etxebizitzetarako PFEZaren arauen irizpide bera erabiliz eginen da, hau da, %1,30 aplikatuz hiri-lurraren katastroko balioaren gainean, ohiko etxebizitzari dagokionaren kenketa aldez aurretik egin ondotik.

• Landalurreko ondasunak: aprobetxamendu zuzenaren modalitatean herri-lurretako lote arrunt bakoitzagatik ordaindu beharreko kanonaren etekina parekatuz aterako da, eta horretarako landa-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren katastroko balioari %2,30 aplikatuko zaio.

  • Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta mendekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak egitea eta bertzelakoak).
  • Hileko per capita errenta garbia: Honela kalkulatuko da: aurreko kontzeptuak batu, eta zatitu familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

–Janariaren kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Janariaren kostua izanen da enpresa esleipen-hartzaileak Tafallako udalari janari bakoitzeko fakturatzen dion kostu egiazkoa (BEZa barne).

–Gainerako zerbitzuen kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egozteko eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.

Eginen da guztirako kostua zati lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopurua (lanaldi horren %80); horrela aterako da laguntza orduaren kostua.

–Janariaren tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Tarifaren oinarrizko unitatea da janaria erabiltzailearen etxera eramatearen kostu egiazkoa.

Prezio publikoa edo tarifa izanen da janariaren benetako kostuaren %100.

–Gainerako zerbitzuen tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Etxean zerbitzua ematen benetan iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea. Erabiltzaileari dagozkion arrazoiak direla medio, ezin bada zerbitzua egiazki egin, egindakotzat joko da hala ere.

Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

–Janariaren prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko gordetzen duen proportzioan (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa):

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA JANARI BAKOITZEKO

PCEG (Per Capita Errenta Garbia) < OAEAP

0,20 janari bakoitzaren prezio publikoarena

OAEAP < PCEG > %105 OAEAP

0,40 janari bakoitzaren prezio publikoarena

%105 OAEAP < PCEG > %120 OAEAP

0,50 janari bakoitzaren prezio publikoarena

%120 OAEAP < PCEG > %135 OAEAP

0,70 janari bakoitzaren prezio publikoarena

%135 OAEAP < PCEG > %150 OAEAP

Janari bakoitzaren prezio publikoa

%150 OAEAP < PCEG > %165 OAEAP

1,10 janari bakoitzaren prezio publikoarena

%165 OAEAP < PCEG > %180 OAEAP

1,20 janari bakoitzaren prezio publikoarena

%180 OAEAP < PCEG > %195 OAEAP

1,30 janari bakoitzaren prezio publikoarena

PCEG > %195 OAEAP

1,40 janari bakoitzaren prezio publikoarena

–Gainerako zerbitzuen prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko gordetzen duen proportzioan (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa):

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFEN ESKALA
(ZERBITZU ORDUA)

PCEG (per capita errenta garbia) < KGP (kontribuziorik gabeko pentsioa)

Prezio publikoaren 0,05

KGP < PCEG >OAEAP

Prezio publikoaren 0,10

OAEAP < PCEG > %105 OAEAP

Prezio publikoaren 0,15

%105 OAEAP < PCEG > %120 OAEAP

Prezio publikoaren 0,20

%120 OAEAP < PCEG > %135 OAEAP

Prezio publikoaren 0,30

%135 OAEAP < PCEG > %150 OAEAP

Prezio publikoaren 0,40

%150 OAEAP < PCEG > %165 OAEAP

Prezio publikoaren 0,47(*)

%165 OAEAP < PCEG > %180 OAEAP

Prezio publikoaren 0,55(*)

%180 OAEAP < PCEG > %195 OAEAP

Prezio publikoaren 0,62(*)

%195 OAEAP < PCEG > %210 OAEAP

Prezio publikoaren 0,69(*)

%210 OAEAP < PCEG > %225 OAEAP

Prezio publikoaren 0,77(*)

PCEG > %225 OAEAP

Prezio publikoaren 0,84(*)

(*) Tarte horietan dauden balizko erabiltzaileei laguntza emanen zaie OGZn erabili gabeko baliabideak daudenean bakarrik, non ez dauden erabiltzaile horiek Mendekotasunari buruzko Legean ezarritako mendekotasun mailetan sailkatuta.

11. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak jasotzen ditu ondotik adierazten diren urratsak, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Eskariaren harrera eta aurkezpena.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Jarraipena eta ebaluazio jarraitua.

12. artikulua. Kudeatzeko arauak: etxeko laguntza-zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdun baten eskariz abiatzen ahalko da:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatuko da organo eskudunak hala erabakita, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginik.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, hasiera eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

–Alderdi batek eskaturik. alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera aurkeztu beharko da agiri honen 2. eranskinean aipatutako dokumentazio administratiboa gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete beharko da.

Aipatutako dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, eskatzen ahal dira egokitzat jotzen diren agiri osagarriak, aurkeztutako eskabidearen inguruan.

Eskabideak aurkeztuko dira zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean, horrek galarazi gabe 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa (lege horrek hizpide ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea); eskabidea aipatutako erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura izapidetzeko epea.

b) Tramitazioa: interesdunari errekerimendu egingo zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz Udalean ebazpena emateko eskumena duen organoa Udaleko alkatea da, edo Mankomunitateko edo udalen arteko Batasuneko burua, non ez den eskumen hori beste norbaiten esku utzi.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxarote-zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxarote-zerrendan sartu den harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zer errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1.–Zerbitzua ukatzen edo ematen den.

2.–Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

–Banakoarendako laguntza programa.

  • Egin beharreko lanak/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena.
  • Laguntzaren ordutegia.
  • Astean laguntza emateko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3.–Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4.–Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio-errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan, berariazko ebazpenik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.

Aurreko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari amaiera emanen dio atzera egiteak, uko egiteak eta espedientea iraungitzat deklaratzeak, bai eta gerora sortutako arrazoiengatik prozedurak segitzeko ezintasun materiala gertatzeak ere.

d) Jakinarazpena:

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori izanen da zerbitzuan alta emateko aginduaren pareko; bertan zehaztuko da zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari jakinaraziko zaie.

e) Iraungipena eta etena:

Azkentzea: Honako egoera hauengatik gertatuko da:

1.–Interesdunak hala nahi izateagatik edo uko egiteagatik.

2.–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aitzina ez betetzeagatik.

3.–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4.–Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5.–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik

6.–Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik

7.–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, OGZko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzuan baja emateko ebazpena emanen du, adierazirik arrazoia eta ebazpenak ondorioak izanen dituen eguna.

Bajaren arrazoiak bigarren eta hirugarren kasuak badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etetea: Zerbitzua aldi baterako emateari uztea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxarote-zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

–Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.

Familia-unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

–Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu baldin bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskabidea aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki-erakundeak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, egokitzeko erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari.

Nolanahi dela ere, aldaketa tramitatzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza-zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

13. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Eskubideak: Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Behar den informazio guztia ematea, ezagutzeko prestazioaren beharra ekartzen duten inguruabar pertsonalak, familiarrak eta sozialak.

–Prestazioa gauzatzeko jarrera egokia eta laguntzazkoa agertzea.

–Banakako arreta programatik kanpoko lan edo jarduerak ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

–Prestazioaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu, baita zerbitzua ematerik ez dagoenean ere erabiltzaileari egozteko moduko arrazoiak tarteko.

–Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin badakar etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea.

1. ERANSKINA

Esku hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

a) Eskaerari harrera egin eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremana da; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du horrek; orobat, argibideak eta aholku ematen dira etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta horrela jakiten da zer baliabide dituzten pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko.

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

–Erabiltzailearen premia zein den.

–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

–Zer premia betetzen ahal dituen haren laguntzan parte hartzen duen sostengu-sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...).

–Zer premia gelditzen diren bete gabe erabiltzailea etxean atxikitzeko, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien konpromisoak.

–Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZk erabiltzaileei eta familiari ematen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean eta tarteko diren guztien dedikazio denboraren gainean.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatuaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizian, funtsezkoa da baloratzea ea hasierako laguntza egokia den, baita bestelako sostengurik behar ote duen ere, eta aski ote diren laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izango dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendu eta ebaluazio jarraitua: segimenduan banakakoarendako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak atzematen ahal dira. Baldin funtsezko aldaketarik izan bada (esaterako familia-unitateko kideen aldaketa, edo hobekuntza bat autonomian edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasua berriz baloratuko da. Aldaketak beste baloraziorik ez baldin badakar, esaterako ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakako proiektuan aplikatuko da.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak gehienez ere urtebetean berrikusiko dira.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proiekturako proposamena.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala erregistratuko dira behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS).

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia-unitatearen kide guztiei buruzkoa (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–NANaren fotokopia.

–Norbanakoaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun txostena eta, hala behar bada, onuradun izan daitezkeenen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, frogatzen duena haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Ziurtagiriak, behar bezala frogatuak, 9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrienak, honako hauetatik heldu direnak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia-unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak....

Bizikidetza unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, baldin behar badira eskaeraren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

ERANSKINA, UDALAREN ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN 3. ARAU FISKALAREN PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA

2022. tarifa

Janariaren tarifari dagokion prezio publikoa izanen da haietaz arduratuko den enpresarekin hitzarturiko adjudikazio prezioa: 7,77 euro/otordua (BEZa barne).

Baldin aurretik ezarritakoan ez baizik beste prezio batean adjudikatzen bada kontratua, adjudikazio berriarena aplikatuko da.

Gainerako zerbitzuen 2022ko tarifak kalkulatzeko prezio publikoa 22,27 euro da.

(Prezio hori atera da ordenantza honetako testuaren 10. artikuluan egindako arauketaren arabera).

8. ARAU FISKALAREN ERANSKINA, UDALAREN 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLAKO ZAINKETA ETA EGONALDI ZERBITZUAK EMATEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

2021-2022 ikasturtea (arautu dena Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 15eko 17/2021 Foru Aginduaren bitartez)

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren. Bertan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuaren eta toki erakunde interesdunen arteko hitzarmenen bidez sortuko dira haur eskolak, eta hitzarmen horietan ezarriko da, hala denean, finantzaketa araubidea.

Hezkuntza Departamentuak parte hartzen du udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako ikastetxeen kudeaketaren finantzaketan, eta horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatzen ditu.

Udal titulartasunekoak diren 0-3 urteko Haur Hezkuntzako ikastetxeen finantzaketa arautzen duen uztailaren 1eko 16/2014 Foru Legeak ezartzen du, bere artikulu bakarrean, Nafarroako Gobernuak berari dagokion zatiaren ehuneko ehun ordainduko diela udalei ekitaldi ekonomiko bakoitzean, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduak udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeari buruz ezartzen dituen oinarrietan xedatuarekin bat.

Abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 4.4 artikuluak ezartzen duenarekin bat, Hezkuntza Departamentuak, oro har, diruz lagunduko du kopuru hau: aplikatzeko urteko modulua ken toki-erakundeak egin beharreko ekarpena eta ken familiek, eskolatze-tarifengatik, egin behar duten ekarpena (familien tarifa arautzen duen aginduak ezartzen duenaren arabera).

Beraz, bidezkoa da foru agindu bat onestea ezartzeko zer tarifa aplikatu behar zaien familiei Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin 2021-2022 ikasturterako egindako hitzarmenen bidez finantzatutako udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena egin dio ezartzeari zer tarifa ordaindu behar duten familiek udal titulartasuneko 2021-2022 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan, finantzatuta baldin badaude Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ezartzea familiek 2021-2022 ikasturtean ordaindu beharreko tarifak, Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatzen direnetan, bat etorriz foru agindu honen eranskinean jaso diren oinarriekin.

2. Foru agindu hau eta dagokion eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3. Foru agindu honen aurka toki entitate interesdunek aukera dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan (aipatutako lege horrek Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen du).

4. Foru agindu honen aurka gainerako interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitara eman eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau eta bere eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalera, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora eta 0-3 urteko Zikloaren eta Landa Eskolen Atalera.

Iruñean, 2021eko otsailaren 15ean. –Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Oinarriak, ezartzen dituztenak familiek ordaindu beharreko tarifak, 2021-2022 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuetako Haur hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan eskolatzeko

Lehenbizikoa.–Tarifak ordaintzea.

Tarifen ordainketa eginen da familiaren diru-sarreren eta aukeratutako ordutegi motaren arabera, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuak onetsitako ordutegia izateko baldintzarekin. Familia bakoitzak ordaindu beharreko tarifa kalkulatzeko, egoki den taula aplikatuko da, foru agindu honen bosgarren oinarrian agertzen direnetatik. Betiere, hileko gehieneko tarifak honako hauek izanen dira:

HILEKO GEHIENEKO TARIFAK

Eskolatzea

Ordutegi osoko unitateak

198 euro

Jantokia

95 euro

Bigarrena.–Familia-unitatearen kontzeptua.

1. Honako hauek dira familia-unitateko kide zenbagarriak, foru agindu honek ezarritakoaren ondorioetarako:

–Haurraren bi gurasoak, legez banandurik ez daudenak, edo dibortziatu edo banandu ondoan zaintza eta jagoletza partekatua dutenak, edo, bestela, adingabea zaintzeko eta babesteko ardura duten tutoreak edo pertsonak.

–26 urtetik beherako seme-alabak, familiaren egoitzan bizi direnak eta lan errentarik jasotzen ez dutenak, baldin eta egoera hori frogatzen bada lan bizitzaren ziurtagiri negatiboaren bidez edo hori frogatzen duen agiri ofizial baten bidez. Orobat, epai baten ondorioz ezinduriko seme-alabak, guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende daudenak.

–Banandutako bikotekideek zaintza partekatua badute eta berriz ezkondu badira edo bikote egonkorra eratu badute, ezkontide edo bikotekide berria ez da familia-unitateko kidetzat hartuko ondorio hauetarako.

–Alargunak berriz ezkondu badira edo bikote egonkorra eratu badute, ezkontide edo bikotekide berria familia-unitateko kidetzat hartuko da ondorio hauetarako.

–Gurasoak banantzen edo dibortziatzen baldin badira, gurasoetako batek edo legezko tutoreetako batek baldin badu zaintza eta jagoletza, ez da kide konputagarritzat joko adingabekoaren zaintza eta jagoletza ez dituen gurasoa.

–Gurasoetako batek beste seme-alaba batzuen zaintza eta jagoletza partekatua badu, horien erdiak ere familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

–Aplikatzeko tarifa kalkulatzeko bakarrik, %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duen seme-alaba bakoitzeko, bi kontatuko dira, familia-unitatearen kideen kopurua zehazteko orduan.

–Harreran dauden adingabeen kasuan, harrerako familiari aplikatuko zaio aurreko puntuetan xedatu dena.

2. Aurreko puntuan aipatzen diren inguruabar guztiak behar bezala frogatu beharko dira erakunde ofizialek emandako dokumentuen bidez: familia liburua, erroldatze-ziurtagiria (2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa), bizikidetza ziurtagiria, banantze-demanda jarri izanaren frogagiria, epai judizialak, errenta aitorpena edo inguruabar horiek frogatzen dituzten beste agiri ofizial batzuk.

Baldin familia-liburuan ageri ez den seme-alabarik bada familia-unitatean, bestelako agiri ofizialen bidez frogatu beharko da; adibidez, jaiotza-agirien, banantze edo dibortzio epaien eta abarren bidez.

3. Aplikatzeko tarifa kalkulatzeko, familia unitateko kidetzat hartuko dira bakarrik halakotzat akreditatuta daudenak matrikula egiten denean.

4. Matrikula egin eta gero, ez dira kontuan hartuko familia-unitatearen kideen kopuruan dauden aldaketak, ikasturtea hasten den egunera arte gertatzen ahal diren salbuespen hauekin: jaiotza, adopzioa, harrera, ezgaitze judiziala edo guraso bakarreko familiaren edo guraso bakarreko familiaren egoeraren akreditazioa. Edozein kasutan, egoera berria behar bezala frogatu beharko da.

5. Haur bati baja eman ondoan berriro matrikulatzen bada, ikasturte berean, familia unitatearen kide kopurua izanen da lehendabiziko matrikula egitean aurkeztu zena.

Hirugarrena.–Familia-unitatearen eta per capita errentaren urteko errenta kalkulatzea.

1. Honako hau da PFEZaren aitorpena aurkeztu behar duten familia-unitateko kide bakoitzaren errenta indibiduala:

–Zerga-oinarriaren zati orokorra (507 laukia).

–Gehi kapital higigarriaren etekinen saldo positiboa (8810 laukia).

–Gehi ondare-eskualdaketen saldo positiboa (8808 laukia), salbu etxebizitza erosteko edo birgaitzeko jasotako dirulaguntzak (708 laukia).

–Gehi PFEZaren ondorioetarako salbuetsitzat jotzen diren gainerako errenta eskuratuak, hala nola ezintasun iraunkorreko pentsioak, baliaezintasun absolutukoak edo baliaezintasun handikoak, kalte-ordainak, loteria sariak, edo aitak edo amak seme-alaben mantenurako ematen dituen urteko sariak (529 laukia).

–Ken ezkontidearen alde konpentsazio pentsioagatik ordaindutako kantitateak eta elikatzeko urteko sariak, biak ere epailearen erabakiz ezarriak, eta bikotekide egonkorraren alde ordaindutako kantitate legez galdagarriak (511 eta 822 laukiak).

2. Familia unitatearen urteko errenta izanen da aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2020ko diru-sarrera edo errenta indibidual justifikatuen batura. Batura horri aurretiazko kuota diferentziala kenduko zaio, familia unitateko kide konputagarrien PFEZaren aitorpenetakoa (578 laukia).

3. Ondorio praktikoetarako, familia-unitatearen urteko errenta kalkulatzeko, eragiketa hauek eginen dira 2020ko ekitaldiko PFEZeko laukiekin:

507 laukia + 8810 laukia + 8808 laukia - 708 laukia + 529 laukia - 511 laukia - 822 laukia - 578 laukia.

4. Per capita errenta lortzeko, eragiketa hau eginen da: familia-unitatearen errenta zati familiako kide guztien kopurua.

5. Pertsona fisikoen errentaren gaineko 2020ko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko dira familia-unitatearen urteko diru-sarrerak. Aitorpena egin beharrik ez bada, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da, edo, besterik ezean, diru-sarrerei buruzko zinpeko aitorpena eta/edo zentroaren titularra den toki erakundeak familiaren 2020. urteko diru-sarrerak kalkulatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

6. Interesdunek aurrez aurre aurkezten ahal dute dokumentazioa, edo kasuan kasuko entitate titularra baimendu, administrazio publikoek dituzten beharrezko datuak biltzeko. Baimen hori eskabide bitartez eman beharko da, dokumentazioa aurkezteko ezartzen den epearen barrenean, eta adierazi agiria noiz eta zein organotan aurkeztu zen.

7. Ezartzen den epearen barrenean 2020ko errenta aitorpena edo diru-sarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei aplikatuko zaie, ikasturte osoan, matrikulatutako ordutegi motari dagokion kuota altuena.

8. 2020an aitortutako diru-sarrerak nabarmenki murrizten direnean errenta jasotzen zuen familia-unitateko kideren bat hil delako, horren berri ematen ahalko da ikasturtea hasi baino lehenago, hala dela frogatzen duten agiriak erantsiz betiere. Egun horretatik aurrera gertatzen diren aldaketak ez dira kontuan hartuko 2021-2022 ikasturteko tarifa kalkulatzeko.

Laugarrena.–Kuotaren salbuespena.

1. Kuota ordaintzetik salbuestea baloratuko da haurra arrisku sozialeko edo psikosozialeko faktoreen menpe dagoenean eta garapenean atzerapena duenean, egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Salbuespen hori onesteko, beharrezkoa izanen da aldeko txostena ematea egoki den udaleko gizarte zerbitzuetako lantaldeak eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko Arreta Goiztiarreko Taldeak.

2. Kasuan kasuko udaleko gizarte zerbitzuek proposatu eta igorriko diote salbueste eskaera Hezkuntza Departamentuari, eta hark onetsi edo ezetsiko du, aurkeztu diren txostenen arabera. Bidezkotzat joz gero, justifikazio zehatzagoa eska dezake igorritako proposamenari buruz.

3. Egoki den udalak eta Hezkuntza Departamentuak hartuko dute beren gain tarifa. Udalak ordainduko du jantokiari dagokion tarifa, eta Hezkuntza Departamentuak, eskolari dagokiona.

4. Ikasturtean herri batetik bestera aldatzen bada haurraren bizilekua, udalerri berriko haur eskolarako mantenduko da kuotaren salbuespena.

5. Kuotatik salbuetsita dagoen haurraren matrikula egiten bada haren udalerriz kanpoko haur eskola batean leku hutsik ez egoteagatik haren udalerriko haur eskolan, Hezkuntza Departamentuak aztertuko du ea ordaintzen dien moduluaren portzentajea erroldatu gabeko familiei, baldin eta haur eskolaren titularra den udalak halakorik aplikatzen badu, baita eskolatzeari eta jantokiari dagokiena ere.

Bosgarrena.–Murriztapenak.

1. Oro har, lehenbiziko oinarrian ezarritako tarifak per capita errentaren arabera murriztuko dira. Honako taula hauetan jaso dira ordaindu beharreko tarifak:

a) Ohiko familien kasuan:

PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK

ESKOLATZEA

JANTOKIA

ESKOLATZEA + JANTOKIA

Eskola-egun mota
Osoa
(7 h)

Eskola-egun mota
Osoa
(7 h)

Zenbateko honetatik

Zenbateko hau arte

> 15.000

198

95

293

12400,01

15000

169

95

264

10700,01

12400

133

95

228

9300,01

10700

104

95

199

7980,01

9300

82

84

166

6650,01

7980

60

84

144

5,500,01

6650

54

66

120

4500,01

5500

44

58

102

3350,01

4500

33

56

89

< 3.350,01

20

52

72

b) Familia gurasobakarren eta gurasobakartasun-egoerakoen kasuan:

PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK

ESKOLATZEA

JANTOKIA

ESKOLATZEA + JANTOKIA

Eskola-egun mota
Osoa
(7 h)

Eskola-egun mota
Osoa
(7 h)

Zenbateko honetatik

Honaino

> 15.000

179

84

263

12400,01

15000

152

84

236

10700,01

12400

120

84

204

9300,01

10700

94

84

178

7980,01

9300

74

66

140

6650,01

7980

54

66

120

5,500,01

6650

48

52

100

4500,01

5500

43

42

85

3350,01

4500

31

32

63

< 3.350,01

18

25

43

2. Ikastetxe berean –edo ikastetxe desberdinetan baina udal beraren titulartasuna duten ikastetxeetan betiere– bi seme-alaba edo gehiago dituzten familiek %50eko deskontua izanen dute bigarren haurragatik dagokien eskolatze tarifan. Hirugarren edo hurrengo seme edo alabarentzat ezarritako eskolatze tarifa izanen da bigarrenarentzat ezarritako bera.

Bi senidek edo gehiagok jantokia erabiltzen dutenean, lehenbizikoak errentaren araberako tarifa ordainduko du, eta hurrengoei gutxieneko tarifa egokituko zaie.

3. Hezkuntza Departamentuak (Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa) hala eskatuta, hezkuntza premia bereziak dituzten haurren matrikula egiten bada udalekoa ez den haur eskola batean, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartuko du erroldatuta ez dauden familien moduluaren ehunekoaren ordainketa, baldin eta haur eskolaren titularra den udalak aplikatzen badu, baita eskolatzeari eta jantokiari dagokion ordainketa ere, kuotatik salbuetsita badago.

Seigarrena–Hasierako kuota.

Toki entitate bakoitzak ezarriko du nahitaez ordaindu beharreko hasierako kuota ikasturte bakoitzerako; azken hileko ordainketan konpentsatuko da.

Zazpigarrena–Tarifen doikuntza.

1. Tarifak ikastetxea 208 egunetan irekita egoteagatik sortuko dira (10,6 hilabete).

Matrikula ikasturtea hasi ondoren egiten bada, eskolatze eta jantokiko tarifak ordainduko dira haurra matrikulatzen denetik aurrera, eta ordainduko da hilabeteari dagokion tarifaren zati proportzionala.

2. Haurrek jantoki zerbitzua erabiltzen badute, oso-osorik ordaindu beharko dute jantoki zerbitzuari dagokion kuota, salbu kasu hauetan:

a) Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak.

b) Egokitzeko aldian.

c) Hutsegite justifikatuak, betiere ikastetxeko zuzendaritzari haien berri eman bazaio menuaren hornidura eteteko behar adinako denborarekin.

Aipatutako kasuetan, jantokiko laguntzaileei dagokiena ordainduko dute bakar-bakarrik; hau da, hileko tarifatik deskontatu beharko da menuaren edo cateringaren kostua, betiere familia bakoitzak ordaintzen duen tarifaren arabera kalkulatua.

3. Jantoki zerbitzua egun zehatzetan erabiltzeagatiko tarifa: 5 euro eguneko, kalkulatuta gehieneko tarifaren arabera (95 euro) eta hileko zerbitzu egunen arabera (19 egun).

4. Jantoki zerbitzua behin ikasturtea hasita erabiltzen hasten bada, jarraitzeko konpromisoarekin, arrazoi justifikatuengatik eta Hezkuntza Departamentuak oniritzia emanik: araudiaren arabera dagokion tasa aplikatuko da.

5. Familiek ekartzen duten esnea besterik hartzen ez duten umeek ez dute jantokiko kuota ordainduko aldi horretan.

Zortzigarrena.–Bajak.

1. Baja emanen da nahitaez kasu hauetan:

a) Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural jarraian iraganik, haurra ikastetxera ez azaltzea; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, haurra ez agertzea hamabost egun naturalean jarraian. Kasu horietan, entitate titularrak familiari idatziz jakinaraziko dio haurra bajan eman duela ikastetxean. Baja gauzatuko da jakinarazpena egin eta hamabost egunean. Familiak ordaindu beharko ditu eskolatzeari eta jantoki zerbitzua (menua eta, kasua bada, jantokiko laguntzailea) erabiltzeari dagokion kuota, baja gauzatzen den egunera artekoa, eta eragindako gastuak konpentsatzeko hilabete bateko kuota.

b) Haurraren familiak bi hileko kuota ez ordaintzea. Hala izanez gero, ez da hasierako kuota itzuliko.

2. Ikasturtean zehar borondatezko bajak badira, justifikatuak izan edo ez, idatziz jakinarazi beharko zaizkio ikastetxeko zuzendaritzari hamabost egun natural lehenago. Kasu horietan, familiak ordainduko du baja gauzatzen denera arteko kuota; eskaera egin eta hamabost egun naturalera gauzatuko da baja.

Ikasturtean zehar baja justifikatua izanez gero, ordaindutako hasierako kuota itzuli eginen da (semea edo alaba gaixotzea, bizilekua aldatzea, langabezia, ustekabeko diru-premia larria suertatzea, edo ikastetxeko entitate titularrak horien antzekotzat jotzen duen bestelakoren bat).

Baja justifikatua ez bada baina postu hutsa berehalakoan betetzen bada itxaron-zerrenda izateagatik, familiak ez du ordainduko hileko kuota bat eragindako gastuengatik. Hutsik gelditutako tokia ez bada berehala betetzen, familiak hilabete bateko kuota ordaindu beharko du eragindako gastuak konpentsatzeko.

3. Jantokiko zerbitzua erabiltzeko borondatezko baja hartzen bada, justifikatua izan ala ez, familiak ordaindu beharko du jantokiko laguntzaileari dagokion zati proportzionala, baja gauzatzen denera artekoa (eskaera egin eta 15 egun naturalera).

Borondatezko baja hartu ondoren jantoki zerbitzua berriro erabili nahi bada, pagatuko da aldi horretan ikastetxean lan egin duen laguntzaileari proportzioan dagokion zatia.

Bederatzigarrena.–Tokia ez galtzeko eskubidea.

Ikastetxean matrikula eginda ume bat ezin bada eskolara joan gaixo dagoelako edo bere gurasoetako bat edo anai-arrebetako bat gaixo dagoelako, eskubidea izanen du eskolan tokia gordetzeko, eskolatze-kuota ordainduz eta ezinbestekoa den denboran jantokiko laguntzaileari dagokion kuota ordainduz, baldin eta arrazoia dokumentu bidez frogatzen bada.

Eskolara ez joateko arrazoia behin desagertuta umea ikastetxera joaten ez bada, baja emanen zaio, eta itxaron-zerrendan dagoen lehenbizikoari eskainiko zaio postu hutsa.

Toki entitateak eskumena izanen du familiak alegatzen duen arrazoia askitzat hartzeko edo ez hartzeko, baita tokiaren erreserba-denbora erabakitzeko ere.

Hamargarrena.–Ordaindu gabeko kuotak.

Entitate titularreko arduradunek eskatuko dituzte ordainduko gabeko kuotak, legez bidezkoa den prozeduraren bitartez.

Oharra: 2022-2023 ikasturterako, Nafarroako Gobernuak Foru Agindu edo Dekretuaren bidez zehazten dituen tarifak aplikatuko dira, haur eskola honi eraginen baitiote, bi alderdien artean sinaturiko hitzarmenaren ondorioz.

Iragarkiaren kodea: L2118160