15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

9E/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 10ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez eskuordetzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrarengan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren partiden arteko funts-mugimenduak baimentzeko eskumena, xede bereko kredituak dituztenak baina ezberdinak direnak Europar Batasunaren eskakizunengatik, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren Proiektu bakoitzari dagozkion partiden artean, eta baita REACT-EU baliabideekin finantzatutako Jarduketa bakoitzari dagozkion partiden artean ere.

2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 3. artikuluak xedatzen du aurrekontu-kredituen aldaketak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko aginduen araberakoak izanen direla, foru lege honek agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.

Aurrekoa gorabehera, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts mugimenduak, baldin eta, partidetan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatzearren halaxe eskatzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.

Bestetik, foru lege bereko 56. artikuluaren arabera, funts-mugimenduak egiten ahalko dira Estatuko Administrazioko organo eskudunak onetsitako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko proiektu bakoitzeko partiden artean, lehendik daudenen edota ekitaldian sortu behar izan direnen artean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluko mugarik gabe.

Ildo beretik, 57. artikuluan xedatutakoaren arabera, funts-mugimenduak egiten ahalko dira REACT-EU baliabideekin finantzaturiko jarduketa bakoitzari dagozkion partiden artean, lehendik daudenen edota ekitaldian sortu behar izan direnen artean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluko mugarik gabe.

Osasun Departamentuko kontseilariak izanen du funts-mugimendu horiek baimentzeko eskumena, ukitutako partidak departamentu horri badagozkio.

Prozedurak eraginkorragoak eta azkarragoak izan daitezen, egokitzat jotzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrari eskuordetzea ekonomia eta aurrekontu kudeaketarako eskumen horiek.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste bati eskuordetzen ahalko diotela, bertan zehazten direnak izan ezik.

Ildo berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren goi organoek zilegi izanen dutela dagozkien eskumenen erabilera eskuordetzea beren erakunde publikoei eta menpean edo loturik dituzten entitateei, baldin eta hori komeni baldin bada esleiturik dituzten helburuak lortzeko eta beren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko. Ezartzen du, orobat, eskuordetza eraginkorra izan dadin, eskumenak bere gain hartu behar dituen erakundeak edo entitateak aldez aurretik onartu beharko duela.

Ikusirik Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzaren txostena, non Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa-zuzendaritzaren adostasuna agertzen baita.

Horrenbestez, aipatu araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Eskuordetzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrarengan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren partiden arteko funts-mugimenduak baimentzeko eskumena, partidek xede berbera dutenean, baina ezberdinak direnean Europar Batasunaren eskakizunengatik, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren Proiektu bakoitzari dagozkion partiden artekoak, eta baita REACT-EU baliabideekin finantzatutako Jarduketari bakoitzari dagozkion partiden artekoak ere.

2. Eskuordetza horren bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta, ondorio guztietarako, Osasuneko kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira.

3. Foru agindu hau igortzea Osasuneko kontseilariari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ebazpenak Kudeatzeko Bulegora; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzura; eta Osasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 10ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2200288