15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EZKAROZE

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostua betetzeko (D mailarekin/taldearekin parekatua), aldi baterako kontratazioak egin daitezen, sortzen diren beharrei erantzutearren

Ezkarozeko Udalak, 2021eko abenduaren 22ko osoko bilkuran, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez eratzeko izangaien zerrenda bat, aldi baterako betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua, Ezkarozeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Hona hemen deialdiaren:

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, oposizio-lehiaketa bidez, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan aritzeko, aldi baterako kontratazioaren bitartez, Ezkarozeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Bost urteko iraupena izanen du probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, hautaketa-prozedura bukatzen duen ebazpena ematen denetik.

Zerrendaren indarraldia bitartean, baldin beste zerrendaren bat osatzen bada lanpostu bererako, hautaproben deialdi publiko bat eginez Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bada, lehenetsiko dira berrikien onetsitako zerrendetako izangaiak, zerrenda zaharragoen aurretik.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, lanaldiaren araberakoak, zehazturik dagoen bezala Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian, eta jasoko ditu Ezkarozeko Udalaren plantilla organikoan une oro ezarritako osagarriak.

1.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahal du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla bete berak nahi bezala, edo ez dela behar bezala integratu lantaldean.

1.4. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Egitea mantentze-lanak, garbiketak eta zaintza-lanak udal zerbitzuetan eta egoitzetan: hilerria, lorezaintza, pilotalekua, bideak, udaletxea (iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza...).

–Azpiegituretan mantentze- eta konpontze-lanak egitea: ura, saneamendua (iturgintza, elektrizitatea, mekanika, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, garbiketa, zangak ireki eta ixtea...).

–Lorezaintza- eta nekazaritza-lanak arboladietan, lorategietan, eremu publikoetan eta udal finketan.

–Banatzea eta jartzea iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea, agiriak eramatea eta haien legezko jakinarazpenak egitea, gauzak garraiatzea.

–Ibilgailuak gidatzea eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaintzea.

–Zerbitzu anitzak, loturik daudenak instalazio eta obretako mantentze-lan orokorrarekin, eta horiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Hiri-altzariak eta gauzak garraiatzea, jartzea eta haien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, agertokiak, hesiak, festa eta ekitaldi publikoetan erabiltzen diren tresnak, etab.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan ikusten diren gabeziak, matxurak eta kalteak, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.

–Ezkarozeko Udalak programatzen dituen festetarako eta kultura ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, betetzeko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta betetzea hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude. Gauza bera haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude eta hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, aritzeko zerbitzu anitzetako enplegatu baten lanpostuaren eginkizunetan.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Gidatzeko baimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, Ezkarozeko Udalari zuzendua, Ezkarozeko Udaleko erregistro orokorrean (Rotxapea kalea, 11, 31690 Ezkaroze), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezten badira Ezkarozeko Udaleko erregistro orokorrean ez beste batean, edo beste bulego batean, Udalari eman beharko zaio horren berri, posta elektronikoz (ayuntamiento@ezcaroz.es), eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondoko agiriekin batera aurkeztuko da:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia konpultsatua.

c) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak, edo horien kopiak; eskabidean, adierazi beharko dira lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko behar dituzten egokitzapenak, denbora eta baliabide aldetik, horien beharrik izanez gero. Gainera, aparteko orri batean adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Ezkarozeko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete, eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Ezkarozeko Udalean.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Ezkarozeko Udaleko alkateak, ebazpen bidez, onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Ezkarozeko Udalaren iragarki-taulan, adierazita deialdiko lehen hautaproba egiteko eguna, ordua eta tokia.

4.4. Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, behin betiko osaera ezar daiteke izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:

Epaimahaiburua: Pablo Miqueleiz Compains. Ezkarozeko Udaleko alkatea.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Maia Ederra Barber. Ezkarozeko Udaleko alkateordea.

Lehen epaimahaikidea: Sabino Hualde Villanueva, Ezkarozeko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Nicolas Tainta Azanza, Otsagabiko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Bigarren epaimahaikidea: Roberto Ardanaz Pena, Jaurrietako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Oscar Juan Sanz Loigorri, Espartza Zaraitzuko eta Nabaskozeko udaletako zerbitzu anitzetako enplegatua.

Hirugarren epaimahaikidea: Miriam Leiva Hualde, Ezkarozeko Udaleko administrari laguntzailea.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Amaya Barberena Elarre, Zaraitzuko Ibaxeko administrari-ofiziala.

Idazkaria: Maider Ureta Aizcorbe. Ezkarozeko Udaleko idazkari kontu-hartzailea.

Ordezko idazkaria: José Javier Garate Garate, Otsagabiko Udaleko idazkari kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Ezkarozeko Udaleko Idazkaritzari hala adierazi, baldin gertatzen badira horretarako arrazoiak, indarreko legerian aurreikusiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu, ordena honekin: oposizioaldia eta lehiaketaldia.

6.1. Oposizioaldia.

Oposizioaldian 70 puntu lor daitezke gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Plika sistema erabiliz eginen da, eta erantzun beharko zaio II. eranskineko gaiei buruzko galde-sorta bati. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakar bat izanen da zuzena. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi beharko dira. Baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den. Erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak (II. eranskina, zati espezifikoa). Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Gutxienez, 20 puntu atera beharko dira, eta baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren zuzenketa burututakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko du behin-behineko kalifikazioen zerrenda. Alegazioak aurkezteko 3 egun baliodun emanen dira, eta, haiek ebatzirik, behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira iragarki-taulan, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokide bat. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.2. Lehiaketaldia:

Lehiaketaldian, epaimahaiak kalifikatuko ditu bi probak (teorikoa eta praktikoa) gainditu dituzten izangaiek alegatutako merezimenduak, III. eranskinean zehazten den merezimendu-baremoaren arabera. Fase horretan, gehienez, 30 puntu emanen dira.

Izangaiek eskabidea aurkezten duten unean berean alegatu eta frogatu beharko dituzte merezimendu guztiak; horretarako, aurkeztu beharko dituzte jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak, bestela ez aurkeztutzat joko baitira.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

6.4. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.1. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1.1. Behin probaren kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Ezkarozeko Udaleko iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda igorriko dio alkateari, onets dezan, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere.

Zerrenda horrekin eratuko da izangaien zerrenda, aldi baterako betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua, Ezkarozeko Udalaren zerbitzurako.

7.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez.

7.2. Aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda.

7.2.1. Zerrendako izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Ezkarozeko Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

7.2.2. Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

7.3. Aldi baterako kontratatzeko prozesuaren kudeaketa.

7.3.1. Dei egiteko arau orokorrak:

1. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.

2. Hautapen-prozesuan lortutako puntuazio-ordenaren arabera deituko zaie izangaiei.

3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.

4. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, ulertuko da uko egin diola, eta kontratazio zerrendako azken postura igaroko da.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte. Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

7.3.2. Deiak, amatasunaren, aitatasunaren edo adopzioaren baimenaren kasuetan:

1. Izangaiei deitzen bazaie amatasunaren, aitatasunaren edo adopzioaren baimena hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean, aldi baterako kontratu bat sinatzeko, eta kontratua onartzen badute, izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie harik eta lanean benetan hasten diren arte, eta orduan sinatuko dute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahal dute, bakar-bakarrik, baldin eta, ikusita kontratuak ustez izanen duen iraupena, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren, aitatasunaren edo adopzioaren baimena ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

7.3.3. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Baldin izangai batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, frogatu ezean ondoko egoera batean dagoela:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo ama izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia edukitzea. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatu arte ukorako arrazoia bukatu dela.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete bat iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete bat iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria izatea, edo parekatutako egoeran sartu berria, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (lege horrek hizpide du bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoa), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaleko epean.

f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Aurreko apartatuetan jasotako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute zerbitzu emateko moduan daudela. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik.

Artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako egoeretako batean, h) letrakoan izan ezik, dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, jarraituko dute lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean.

15. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiaren erantzukizuna diren arrazoiengatik.

b) Probaldia ez gainditzea.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren arrazoia baldin bada izangaia funtzionario gisa sartu dela, edo lan-kontratudun finko gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, maila bereko edo baxuagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo foru agindu honen 11.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

d) Urtebeteko epean ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, nahiz eta behin eta berriz egin kontratatzeko deiak hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez.

e) Funtzionario gisa edo lan-kontratatudun finkodun gisa sartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, lanpostu berean jarduteko edo maila altuagoko beste batean.

f) Lanpostua bertan behera uztea.

g) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiengatik; hain zuzen ere, kontratatzen den langileak ez izateagatik lanpostuan aritzeko gaitasunik, edo ez egokitzeagatik, ikusten denean errendimendua ez dela nahikoa, eta, beraz, ezin direla eraginkorki bete lanpostuak dituen eginkizunak.

8. oinarria.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Ezkarozeko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (Kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa denean), eta DBEOren 6.1.c) artikulua (Tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo udal webgunearen bidez.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Ezkarozen, 2021eko abenduaren 22an.–Alkatea, Pablo Miqueleiz Compains.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Zati orokorra

1. gaia.–Ezkarozeko udalerria: udalerriaren ezagutza orokorra; kaleen, parajeen eta udal eraikin eta instalazioen izenak.

2. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: atariko titulua eta I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

3. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak.

4. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Lehenbiziko titulua: Xedapen orokorrak; I. titulua: Udalerria, Bosgarren titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak.

5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak; I. titulua: Nafarroako toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: Udalerriak. III. titulua. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduari buruzko araubidea. Herritarren parte-hartzea eta informazioa (6/1990 Foru Legea, III. Titulua eta eguneraketak): Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak. Lehen kapitulua: Xedapen komunak.

6. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: taldekako babesak eta norbera babesteko ekipamenduak. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea.

Zati berariazkoa

7. gaia.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.

8. gaia.–Lorezaintza. Inaustea, landatzea, ongarritzea, ureztaketak, produktuak, makineria eta erremintak.

9. gaia.–Mekanika: maneiatzea; mantentze-lanak; udal makineria, lanabesak eta tresnak ikuskatzea eta haien ohiko konponketak.

10. gaia.–Iturgintza, berokuntza eta aire-girotzeko instalazioak: materialak, iturgintzako hodietarako, saneamendurako eta berokuntzarako; sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak; berokuntza zirkuituak: osagaiak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea; galdara gela eta horren osagai bereziak; ulertzea iturgintzako, saneamenduko, berokuntzako eta aire-girotzeko eskemak.

11. gaia.–Soldadura lanak egitea, soldadura sistema, geometria, materialen soldagarritasuna, makineria maneiatzea eta segurtasuna.

12. gaia.–Elektrizitate eta suteen aurkako instalazioak: banaketa koadroak eraikinetan, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak. Eraikinetako barneko argiztapena. Suteen aurka babesteko osagarriak. Elektrizitate eskemak ulertzea.

Oharra: Gai guztiak eskatuko dira jarraikiz deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duen araudiari.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A.–Laneko esperientzia (14 puntu gehienez):

A.1. Udaletan edo entitate publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean (D edo C maila) emandako urte bakoitzeko: puntu bat, eta gehienez ere 8 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

A.2. Udaletan edo entitate publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean (E maila) emandako urte bakoitzeko: 0,75 puntu, eta gehienez ere 4 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

B.–Prestakuntza osagarria (8 puntu): Deialdirako eskatzen den titulazioaz gainera, edukitzeagatik lanpostuaren eginkizunekin ikusteko duten espezialitateetan erdi-mailako titulua, goi mailakoa edo LH IIkoa edo baliokideak: 4 puntu, titulu bakoitzeko.

C.–Euskaraz jakitea (gehienez ere 8 puntu):

–C1 gradua: 8 puntu.

–B2 gradua: 6 puntu.

–B1 gradua: 4 puntu.

–A2 gradua: 2 puntu.

–A1 gradua: 1 puntu.

Ezkarozeko Udalari eskatzen ahal zaio euskara mailaren proba, Euskarabideak eginen duena, jakite-maila ofizialki frogatzeko.

Aurreko apartatuetan aurreikusitako merezimenduak zenbakitan emateko, kontuan hartuko dira emandako zerbitzuak, bai lan-araubidean –behin-behinean edo finko gisa–, bai administrazio-araubidean –bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik–.

Egiaztatutako esperientzia baloratzean, urte osoa egiten ez duen aldiari proportzioan dagokiona emanen zaio.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kasuan kasuko proportzioaren arabera kalkulatuko da.

Merezimendu horiek frogatzeko, entitate kontratatzaileen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena.

Iragarkiaren kodea: L2200159