15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165/2021 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez deialdia egiten da, Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait kualifikaziori lotuta dauden lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ezarri zituen lan esperientziaren bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurak eta eskakizunak, bai eta ebaluazio eta egiaztatze horren ondorioak ere. Dekretuaren 10. artikuluan adierazten denez, berariazko deialdiak egiten ahalko dira enpresa, lanbide-sektore eta produkzio-sektore jakin batzuen zein laneratzeko eta/edo lan munduan txertatzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen beharrizanei erantzuna emateko.

Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluak azaltzen duenez, lan arloan eskudunak diren administrazio publikoek bermatu egin behar diote biztanleria aktiboari lan esperientziaren bidez eta prestakuntza bide ez-formaletatik sarbidea izanen dutela lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko.

Lan esperientziaren bidez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozeduraren gaietan Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua da eskuduna; halaber, pertsonei arreta emateko sektorearen aitorpen beharrizanari dagokionez Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena ikusi da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lan esperientziaren bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia onestea, baita oinarriak, 1. eranskina eta 2.a - 2.g bitarteko eranskinak ere, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta NextGenerationEU-Europar Batasunak finantzatutako ekintza batean.

Deialdi hau honako oinarri hauek arautuko dute:

OINARRIAK

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da lan esperientzian edo bestelako bide ez-formal eta informaletan lortutako lanbide gaitasunak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko deialdia arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, 1. eranskinean ezarri diren jarraibideen arabera.

2.- Deialdiko plazak eta lanbide kualifikazioak.

Deialdi honetan sartzen diren kualifikazioak hauek dira:

–SSC089_2: Arreta soziosanitarioa etxean.

–SSC320_2: Arreta soziosanitarioa mendekotasuna dutenei, gizarte erakundeetan.

Deialdi honetan ez da plaza mugarik ezarri lanbide kualifikazio bakoitzean.

3.–Datuen babesa.

1. Parte hartzaileek inprimakiak erabiliz ematen dituzten datuak Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezartzen duenaren arabera tratatuko dira.

2. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua murrizteko, eramateko eta aurka egiteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura joz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ebazpen honen laburpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak helaraztea Nafarroako Enplegu Zerbitzura, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Orientazioaren eta Kualifikazioen Atalera eta Hezitzaileen Eskola Ikastetxe Integratura.

Iruñean, 2021eko abenduaren 23an.–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Martínez Cía (oinarritzat hartuz 108/2019 Foru Agindua, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

1. ERANSKINA

Jarraibideak

I.– Prozeduraren informazioa, inskripzioa eta onarpena

1. Prozedurari buruzko informazioa:

1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak argibideak eta orientazioa emanen ditu deialdi honen xede den prozeduraren nondik norakoei eta faseei buruz, bai eta aurkeztu beharreko agiriei buruz ere, Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren webguneen bidez.

–Hezkuntzako webgunea:

https://egiaztapena.hezkuntza.nafarroa.eus/

–Nafarroako Enplegu Zerbitzua:

https://empleocitaprevia.navarra.es/empleoCitaPrevia/portal/index.html

Halaber, Lanbide Heziketako ikastetxeek prozedurari buruzko informazio orokorra ematen ahal diete pertsona interesdunei.

2) Deialdiari buruzko informazio guztia, komunikazioak, emaitzak eta jarraipena Hezkuntza Departamentuaren aipatutako webgunean argitaratuko da.

3) Deialdi hau argitaratu aurretik ebazpen honetan deitutako bi kualifikazioetako batean egiaztatzeko eskaera egin duten pertsonek, egiaztatzeko prozeduran parte hartu ez badute, inskripzioa formalizatu beharko dute jarraibide hauetan garatutako prozedura berbera jarraituz.

2. Parte hartzeko baldintzak.

Deialdia argitaratzen den datan betekizun hauek betetzen dituzten pertsonek hartzen ahalko dute parte:

1) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro ziurtagiria nahiz Europar Batasuneko herritar baten ahaide txartela lortu izana edo baimen indarduna izatea Espainian bizitzeko, edo Espainian bizi eta lan egiteko, atzerritarrei eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako moduan.

2) Inskripzioa egiten den unean 20 urte beterik izatea.

3) Deialdiaren xede diren eta egiaztatu beharreko lanbide gaitasunekin zerikusia duen lan esperientzia eta/edo prestakuntza ez-formala izatea:

a) Lan esperientziaren kasuan, azken 15 urteetan gutxienez 3 urtez (1.080 egun) lan egindako gutxienez 2.000 ordu egiaztatu beharko dira.

b) Prestakuntza ez-formalaren kasuan, honako hau justifikatu beharko da:

–Mendekotasuna dutenei gizarte erakundeetan arreta soziosanitarioa emateko kualifikazio osorako: gutxienez 370 orduko prestakuntza, zuzenean kualifikazio honekin lotua.

–Arreta soziosanitarioa etxean emateko kualifikazio osorako: gutxienez 480 orduko prestakuntza, zuzenean kualifikazio honekin lotua.

–Lanbide kualifikazio osatugabeen kasuan, gutxienez ordu kopurua izan beharko da kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza moduluei esleitutako orduen baturaren parekoa, egiaztatu nahi diren gaitasun unitateei lotutakoa.

4) Ebaluazio fasean inskripzioa egiteko unean ezin da matrikulatuta egon prozedura honen bidez egiaztatu nahi den gaitasun unitateei lotutako prestakuntza ematen duen hasierako Lanbide Heziketan edo enplegurako prestakuntzako eskaintza batean.

5) Gaitasun unitate bererako indarrean den beste egiaztapen deialdi batean onartua ez egotea.

6) Jarraibide honetan adierazitako lan esperientziako edo prestakuntzako betekizunak betetzen dituzten eta hori agiri bidez justifikatu ezin duten 25 urtetik gorako pertsonek prozeduran behin-behinean inskribatzea eskatzen ahal dute, 3.5).I.b) jarraibidean ezarritako agiriak aurkeztuz.

3. Inskripzio eskaera, dokumentazioa eta epeak.

1) Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek inskripzio eskaera Hezkuntza Departamentuko sare publikoko Lanbide Heziketako edozein ikastetxetan formalizatu beharko dute, 2.b) eranskinean aipatutakoetatik, edo Hezkuntza Departamentuko Lanbide Orientazioaren eta Kualifikazioen Atalean. Nolanahi ere, aurretiaz hitzordua eskatu beharko da, telefonoz Lanbide Heziketako ikastetxeen kasuan edo posta elektronikoz (acredita.cuali@navarra.es) Lanbide Orientazioaren eta Kualifikazioen Atalaren kasuan.

2) Inskripzioa Gizarte eta Kultur Zerbitzu eta Komunitatearentzako Zerbitzuen lanbide arloan formalizatu behar da, kualifikazio hauetakoren batean:

1. SSC089_2 Arreta soziosanitarioa etxean.

2. SSC320_2 Arreta soziosanitarioa mendekotasuna dutenei, gizarte erakundeetan.

3) Inskripzio prozesuan nahitaez eman behar da telefono mugikorraren zenbakia eta posta elektronikoa. Datu horiek ematen ez badira, harremanetarako bideak ez badabiltza edo kasu egiten ez bazaie, eskatzaileak prozeduran parte hartzeko eskubideak galduko ditu.

4) Inskripzio epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean hasi eta 2022ko otsailaren 11n bukatuko da.

5) Prozeduran izena emateko, sarbidearen arabera, NANaren, AIZren edo, hala badagokio, indarrean dagoen bizileku txartelaren edo pasaportearen fotokopiaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da, paperean edo euskarri elektronikoan:

I.–Lan esperientzia bidez sartzeko dokumentazioa.

a) Soldatako langileen kasuan:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria (lan bizitzaren txostena), edo Itsasoko Gizarte Institutuarena, edo langilea afiliatuta dagoen lan mutualitatearena. Ziurtagiri horretan enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso beharko dira. Hala badagokio, Europar Batasuneko herrialderen bateko ziurtagiri baliokideak.

–Lan esperientzia hartu dueneko enpresaren edo enpresen ziurtagiria, berariaz datu hauek jasoko dituena, 2.c) eranskineko ereduaren arabera: kontratazio aldiak, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan. Agiri horiek lortu ezin badira enpresarik ez egoteagatik edo beste arrazoi batzuk tarteko, izangaiak lan kontratua aurkezten ahalko du (baldin eta garatu beharreko jardueraren izena lanpostuan agertzen bada), edo jardueren tipologiari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 2.d) eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Soldatako langileen kasuan, 25 urtetik gorakoak badira eta ezin badute aurreko dokumentazioa aurkeztu, zuzenbidean onartutako frogaren baten bidezko justifikazioa aurkeztu beharko dute; horretarako deialdi honetan honako froga hauek aurreikusi dira:

–Behin-behineko gaikuntza lanbide kategoria hauetan: gerokultorea, etxez etxeko laguntzako zaintzailea eta laguntzailea eta laguntzaile pertsonala Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako ikastetxe eta zerbitzuetan.

–Pertsona horien enpleguan bitartekari lana egin duten enpresen ziurtagiriak edo aitorpenak.

–Oinarrizko gizarte zerbitzuen, lanbide elkarteen edo sindikatu elkarteen ziurtagiriak edo aitorpenak.

–Zuzenbideak onetsitako beste froga batzuk.

Kasu horiek aztertzeko behar diren aholkulariak izendatuko dira; aholkulariek pertsona eskatzaileak prozeduran parte hartzea komeni den ala ez ebazteko txostena emanen dute.

c) Langile autonomoentzat eta beren kontura ari direnentzat.

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria (lan bizitza), edo Itsasoko Gizarte Institutuarena, langilea Gizarte Segurantzako kasuan kasuko araubide berezian afiliatuta egondako aldiei buruzkoa.

–Ekonomia Jardueren gaineko zergan alta hartuta dagoela adierazten duten ziurtagiria.

–Erantzukizunpeko adierazpena, lanaren, garatutako jardueraren eta horren daten deskribapena jasoz. 2.d) eranskineko eredua erabiltzen ahalko da.

d) Boluntarioen edo bekadunen kasuan:

–Laguntza eman den erakundearen ziurtagiria, berariaz adierazita honako hauek: betetako jarduerak eta eginkizunak, zer urtetan bete diren eta lanaldi osoko egun kopuru zehatza edo, hala badagokio, horietan emandako ordu kopuru zehatza, 2 e) eranskineko ereduari jarraikiz.

II.–Prestakuntza ez-formalari dagokion sarbidea.

–Eskatzaileak egiaztatu nahi diren gaitasun unitateei lotutako prestakuntza baduela justifikatzeko dokumentazioa; bertan, gutxienez, datu hauek jaso beharko dira:

  • Prestakuntzaz arduratu den ikastetxe, entitate edo administrazioaren datuak.
  • Prestakuntza noiz jaso den.
  • Ikaslearen datu pertsonalak.
  • Ikastaroaren edukia eta prestakuntza orduen kopurua.
  • Ikastetxe edo entitateko arduradunaren sinadura eta zigilua.

III.–Bestelako dokumentazioa.

2.4 eta 2.5 jarraibideetan ezarritako betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez aurkeztuko dira inskripzio aldian ebaluazio fasean; 2.f) eredua eranskinean jaso da.

Prozeduran sarbidea izateko baldintzak betetzen direla justifikatzeko behar den dokumentazioa baloratze aldera, deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu den data hartuko da erreferentziako datatzat epeak zenbatzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean aurkezten diren agiriekin batera, itzulpen ofiziala edo zinpekoa ere aurkeztu beharko da.

4. Izangaiak onartzea.

1) Prozedura hasi aurretik onarpen prozesua eginen da, parte hartzaileak hautatzeko. Parte hartzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzea da onarpen prozesuaren helburua.

2) Deialdi honen salbuespen izaera kontuan hartuz, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 14. artikuluan (foru dekretu horren bidez ezarri ziren pertsonek lan esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak, eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatu zen) aipatzen den onarpen batzordea gutxienez osatuko dute Lanbide Orientazioaren eta Kualifikazioen Ataleko buruak, atal horretako teknikari batek, eta Hezitzaileen Eskola Ikastetxe Integratuko gaitasunak egiaztatzeko prozeduraren arduradunak. Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko du aipatutako batzordea.

3) Inskripzio aldia bukatu ondoren, 2022ko otsailaren 22an, onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Hezkuntza Departamentuaren webgunean. Baztertzearen arrazoia adieraziko da zerrenda horretan, hala behar denean.

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/evaluacion-y-acreditacion-de-competencias/procedimientos-en-curso

4) Onartuen zerrenden aurka erreklamazioa egin nahi duten pertsonek idazkia aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Orientazioaren eta Kualifikazioen Atalera zuzendua, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita.

5) Onarpen batzordeak erreklamazio horiek ebatziko ditu, eta onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko du 2022ko otsailaren 28an.

6) Onarpen batzordearen erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jarraibide honen aurreko atalean aipatzen den behin betiko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II.–Ebaluazio eta egiaztapen prozedura

5. Aholkularitza eta ebaluazio faseetarako izena ematea.

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 15. artikulutik 18.era bitartekoetan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da lanbide gaitasuna ebaluatu eta aitortzeko prozesua.

Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan onartutako izangaiek banakako informazioa jasoko dute aholkularitza eta ebaluazio faseetan inskripzioa modu telematikoan egiteko, adieraziko zaizkien epe eta formetan.

Onartuek, arrazoirik gabe, edozein fasetan inskripzioa formalizatzen ez badute horretarako epean, egiaztatzeko prozedura honetan parte hartzeko eskubidea galduko dute, eta onartuen zerrendan baja emanen zaie automatikoki.

6. Prozeduraren faseak eta egoitza.

Behar bezala gaitutako aholkulariek eta ebaluatzaileek gauzatuko dituzte aholkularitza eta ebaluazio faseak. Fase horiek Iruñeko Hezitzaileen Eskola Ikastetxe Integratuan garatuko dira; hala ere, prozeduraren beste egoitza batzuk prestatzea komeni den ere aztertuko da.

1. Aholkularitza fasea.

a) Aholkularitza nahitaezkoa da eta aurrez aurre zein baliabide telematikoen bidez egiten ahalko da, banakako edo taldeko saioen bidez. Izangaiak aholkulariak zehaztutako hitzorduetara joan beharko du.

b) Izangai bat ez bada aholkularitza fasean bertaratzen edo utzi egiten badu, orduan ebaluazio fasean parte hartzeko eskubidea galduko du, eta prozedura bukatzea ebatziko da, ezinbesteko arrazoiak salbu. Aurretik jakin ezin diren inguruabarrak hartuko dira ezinbesteko kasutzat, edo, aurreikusteko modukoak izan arren, saihestu ezin direnean, eta deitutako hitzordura joatea galarazten dutenak. Kasu horietan, inguruabarra frogagiri bidez justifikatu beharko da, aurrez arreko saioa egin eta hurrengo bost egun balioduneko epean.

c) Aholkularitzan, aholkulariak izangaiari lagunduko dio autoebaluazio galdetegia betetzen eta prestakuntzako eta/edo laneko historiala osatzen, baita egiaztatu nahi dituen lanbide gaitasunak identifikatzen ere, horretarako izangaiak aurretik izandako lanbide jarduerak aztertuz, izangaiak ikasitakoa egiaztatzea eskatze aldera gaitasun unitate egokienekin egokitzen dela identifikatzeko.

d) Aholkularitza fasearen ardura duen pertsonak txostena eginen du eta, txosten horretan, izangaiari ebaluazio prozesuan jarraitzeko edo ez jarraitzeko proposatuko dio. Txosten horren edukia ez da loteslea izangaiarentzat. Txosten hori eta gainerako dokumentazioa ebaluazio batzordeari igorriko zaio.

2. Ebaluazio fasea.

a) Fasea nahitaezkoa da eta aurrez aurre zein baliabide telematikoen bidez egiten ahalko da, banakako edo taldeko saioen bidez. Izangaiak ebaluazio batzordeak ebatziko dituen hitzorduetara joan beharko du.

b) Ebaluazioaren xedea, izangaiak inskripzioa egiten duen gaitasun unitate bakoitzean, hauxe izanen da: erreferente ofizialetan eskatutako lanbide gaitasuna ote duen egiaztatzea.

c) Ebaluazioa egiten ahal da zeharkako ebidentzien bidez (aholkulariaren txostena eta izangaiak aurkeztutako dokumentazioa aztertzea) zein zuzeneko ebidentzien bidez, pertsona ebaluatzaileek lortutakoak izangaiarekin izandako ebaluazio saioetan.

7. Gaitasunaren balorazioa.

1) Ebaluazio batzordeak, ebaluazio tresnak eta ebaluatzaileek egindako jarduketak oinarri hartuta, gaitasunaren balorazioa eginen du izangai bakoitzak erakutsitako frogen gainean. Gaitasunaren balorazioa modu dikotomikoan adieraziko da: gaitasun egiaztatua edo gaitasun egiaztatugabea.

2) Aurreko puntuan azaldutako prozesurako ebaluazio erreferenteak ebaluatu beharreko gaitasun unitateak izanen dira, bakoitzari dagozkion lanbide errealizazioekin, errealizazio irizpideekin eta lanbide inguruneekin.

3) Gaitasunaren balorazioa adierazten duen agiria izangaiari helaraziko zaio, emaitzen konfidentzialtasuna bermatuko duen prozedura baten bidez.

4) Lan esperientziaren bidez edo prestakuntza bide ez-formaletatik eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura osoa bukatutakoan, prozedura horretan parte hartu duten pertsona guztiei idazki bana bidaliko zaie, aurrera begira prestakuntzarako dituzten aukeren berri eta egiaztapen prozeduraren amaieraren berri emateko.

8. Erreklamazioak.

1) Ebaluazio batzordeak hartutako erabakien kontrako erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, hasiera batez batzordeari berari zuzenduak, 2.g) eranskineko ereduari jarraikiz. Erreklamazio hori kasuan kasuko ikastetxe ofizialean aurkeztuko da, ebaluazioaren emaitza izangaiari jakinarazi ondoko hiru egun balioduneko epean. Ebaluazio batzordeak hiru egun balioduneko epean ebatziko du, erreklamazioa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

2) Ebaluazio batzordearen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabiliz.

III.–Egiaztapena eta erregistroa

9. Gaitasuna egiaztatzea eta erregistratzea.

Ebaluazio positiboa lortzen dutenei kasuan kasuko gaitasun unitatearen edo unitateen egiaztapena emanen zaie. Egiaztapenak ematea eta erregistratzea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio.

2 A) ERANSKINA

Zerrenda, gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko deialdi honen xede diren gaitasun unitate, kualifikazio, profesionaltasun ziurtagiri eta haiekin loturiko LHko tituluena.

LANBIDE ARLOA

KUALIFIKAZIOAK

GAITASUN UNITATEAK

IKASTETXE OFIZIALAK

PROFESIONALTASUN ZIURTAGIRIA

LHko TITULUAK

Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak

SSC089–2 Arreta soziosanitarioa etxean

UC0249–2 Arreta soziosanitarioa behar duten pertsonei arreta fisikoa etxean emateko esku hartzeak garatzea.

UC0250–2: Arreta soziosanitarioa behar duten pertsonei arreta psikosoziala etxean emateko esku hartzeak garatzea.

UC0251–2: Bizikidetzako unitatearen kudeaketarekin eta funtzionamenduarekin zerikusia duten jarduerak garatzea.

Hezitzaileen Eskola Ikastetxe Integratua

Kale Nagusia, 65

Tel.: 848 430970

Arreta soziosanitarioa etxean

Mendekotasun egoeran daudenei arreta emateko teknikaria

SSC320–2-Arreta soziosanitarioa mendekotasuna dutenei, gizarte erakundeetan.

UC1016–2: Pertsonei eta haien inguruneari erakunde esparruan arreta egiteko esku hartzeak, diziplinarteko lantaldeak adierazitakoak, prestatzea, eta haietarako laguntza ematea.

UC1017–2: Mendekotasuna duten pertsonei arreta fisikoa emateko esku hartzeak garatzea erakunde esparruan.

UC1018–2: Mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko esku hartzeak garatzea erakunde esparruan.

UC1019–2: Mendekotasuna duten pertsonei arreta psikosoziala emateko esku hartzeak garatzea erakunde esparruan.

Mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa ematea gizarte entitateetan

2 B) ERANSKINA

Prozeduran izena ematen ahal den Lanbide Heziketako ikastetxeen zerrenda

Sakana LH IIP

Zelai, 93. 31800 Altsasu

Tel.: 948 56 48 15

fpsakanalh.educacion.navarra.es/web

Hezitzaile Eskola II

Kale Nagusia, 65. 31001 Iruña

Tel.: 848 43 09 70

escuelaeducadores.educacion.navarra.es

Toki Ona BHI

Eztegara pasealekua, 34. 31780 Bera

Tel.: 848 43 17 10

iestokiona.educacion.navarra.es

Nekazaritza eta Basogintzako II

Atarrabiako etorbidea, 55. 31015 Iruña

Tel.: 848 43 11 20

ciagroforestal.educacion.navarra.es/web1/

Burlata LH II

Ermitako kalea, z.g. 31600 Burlata

Tel.: 848 43 01 10

ciburlada.educacion.navarra.es/web1

Administrazio, Merkataritza eta Informatikako María Ana Sanz IIa

Milagro, z.g. 31015 Iruña

Tel.: 848 43 05 30

masanz.es

Elizondo Lanbide Eskola IIP

Diputazioaren etorbidea, 17. 31700 Elizondo

Tel.: 848 43 16 32

cipelizondoiip.educacion.navarra.es/web

Donibane II

Biurdana bidea, 1. 31011 Iruña

Tel.: 848 43 09 10

fpdonibane.com

Lizarrako II Politeknikoa

San Pol, 8. 31200 Lizarra

Tel.: 948 55 04 12

politecnicoestella.educacion.navarra.es/web1/

Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa II

Irunlarrea, 3. 31008 Iruña

Tel.: 848 43 10 60

escuelasanitaria.educacion.navarra.es/web1

Uharteko BHI

Olatz Txipi errep., 16. 31620 Uharte

Tel.: 948 33 77 72

ieshuarte.educacion.navarra.es/web1

Ribera del Arga BHI

Río, 53. 31350 Azkoien

Tel.: 948 75 16 13

iesriberadelarga.educacion.navarra.es/web1

Energia Berriztagarrien Goi Mailako II

Aduana, z.g. 31119 Imarkoain

Tel.: 848 43 13 80

cenifer.com/ciser

Ega BHI

Paletillas kalea, 17. 31570 - San Adrián

Tel.: 848 43 15 00

iesega.com

Irunberriko LH IIP

Salazar etorbidea, 9. 31440 Irunberri

Tel.: 948 88 06 03

cipfplumbier.es

Tafalla IIP

Tuterako etorbidea, 6. 31300 Tafalla

Tel.: 948 70 03 91

politecnicotafalla.es

Donapea IIP

Donapea, z.g. - 31009 Iruña

Tel.: 948 19 86 53

cipdonapea.educacion.navarra.es/web/

ETI IIP

Tarazonako etorbidea, 25. 31500 Tutera

Tel.: 848 43 01 40

San Joan plaza, 6. 31500 Tutera

Tel.: 848 43 13 40

etitudela.com

Virgen del Camino IIP

Imarkoain, 1. 31015 Iruña

Tel.: 848 43 07 00

virgendelcamino.com

Hezkuntza Departamentua

Lanbide Orientazioaren eta Kualifikazioen Atala. Hezkuntza Departamentua.

San Domingo aldapa, 8. Iruña

acredita.cuali@navarra.es

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu 2c - 2g bitarteko eranskinak (DOCa).

Iragarkiaren kodea: F2118058