15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Agindua. Azken foru agindu horren bidez garatu zen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko A mailako edo taldeko irakaskuntza lanpostuetan langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten duena.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren bidez eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 24.2. artikulua partzialki garatuz, prestakuntza eta hobekuntza profesionala eskaintzen zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei.

Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduaren bidez garatu zen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua.

Aipatutako foru aginduaren indarraldian zehar indarrean sartu zen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa. Hartara, hura eta haren aldaketak aplikatuz, zehaztu dira Bigarren Hezkuntzako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko, Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetako berezko espezialitate berriak. Hori dela eta, beharrezkoa da foru agindu honen eranskinak eguneratzea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan lor daitezkeen plazak, hots, espezialitate berriekin bat datozenak gehitzeko.

Bestalde, aldi horretan aldaketa sakonak gertatu dira unibertsitateko titulazioen izenetan eta, horrenbestez, aldatu nahi den foru aginduaren II. eta III. eranskinetan ezarritako titulazioak eguneratu behar dira. Ildo horretan, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskina (Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituena) irakaskuntzako espezialitateen eta haietako bakoitzerako eskatutako titulazioaren edo titulazioen erreferente eguneratua da. Hori horrela, II. eta III. eranskinak ezabatu egiten dira, eta ondorioz prestakuntzarako zerbitzuko egoeran dauden irakaskuntza-espezialitateetarako sarbidea ematen duten titulazioak unean-unean eguneratuko den 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean zehaztuko dira.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.

1.–Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduaren 3.1 artikulua aldatzen da eta ondoko idazketa du:

“Prestakuntzarako zerbitzu bereziak aitortuz bete daitezkeen plazek bat eginen dute Bigarren Hezkuntzako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko, Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetako espezialitateekin (espezialitate horiek bildu ziren Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean edo hura ordezkatzen duen arauan). Foru agindu horren bidez onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.”

2.–Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduaren 4.1 artikulua aldatzen da eta ondoko idazketa du:

“1. “Bigarren Hezkuntzako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko, Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetako espezialitateei dagozkien titulazioak Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean edo hura ordezkatzen duen arauan unean-unean zehaztutakoak dira. Foru agindu horren bidez onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.”

3.–Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduaren 4.2 artikulua aldatzen da eta ondoko idazketa du:

“Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko espezialitateei dagozkien plazak eskuratzeko, aurreko apartatuan adierazitako titulazioetako edozein izateaz gainera, proba bat gainditu beharko da, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoa onetsi aurretik emandako irakaskuntzen eta titulazioen espezifikotasuna dela eta. Proba horren kalifikazioa “gai” edo “ez gai” izanen da.”

4.–Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduaren 4.4 artikulua ezabatzen da.

5.–Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduaren I., II. eta III. eranskinak ezabatzen dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2200500