149. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

664E/2022 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren adierazpena egiten baita “Repotenciación Montes de Cierzo”, “Repotenciación Montes de Cierzo I” eta “Repotenciación Montes de Cierzo II” haize-parkeetarako, Eólica Montes de Cierzo SLU enpresak Tutera eta Cintruenigo udalerrietan sustatuak; “La Serna” transformazio azpiestazio elektrikoraino energia eramateko azpiegitura barne sartzen da.

1. Ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura garatzea.

1.1. Aurretiazko kontsultak.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluan ezarritakoa betetzeko, 2018ko abuztuaren 7an, Eólica Montes de Cierzo SLU enpresak ingurumen eraginaren azterketaren irismeneko dokumentuaren eskaera aurkeztu zuen bere titulartasuneko “Montes de Cierzo I” eta “Montes de Cierzo II” haize-parkeak berrindartzeko proiekturako. 2019ko urtarrilaren 21ean eman zen irismeneko dokumentua. Ebazpen honen I. eranskinean kontsultatu ziren entitateak, jasotako erantzunak eta egindako irismen txostenaren laburpena biltzen dira.

1.2. Jendaurrean jartzea eta txostenak eskatzea.

Sustatzaileak eskaera aurkeztu ondoren, Nafarroan haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikulua eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen 30 egun baliodunez “Repotenciación Montes de Cierzo”, “Repotenciación Montes de Cierzo I” eta “Repotenciación Montes de Cierzo II” haize parkeen eta haien energia eramateko azpiegituren aurreproiektuak eta ingurumen eraginaren azterketak (2021eko martxoaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 53. zk.). Denbora tarte horretan, hauek aurkeztu dituzte ingurumen edukia duten alegazio idazkiak: Gurelur, Nafarroako Ekologistak Martxan, Ekologistak Martxan Zangoza-Ongaiz, Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU) eta Ana Gurbindo Cizur. Horretaz gain, espedientean jasota dago Paisajes y Viñedos de Navarra elkarteak aldi horretatik kanpo aurkeztutako alegazio bat.

Aldi berean, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikulua eta Nafarroan haize parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduko, Energia Azpiegituretako eta Meatzeetako Zerbitzuak txostena eskatu zien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurralde Antolamenduko Atalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Avasa-Abertis enpresari, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari, Enagas enpresari, Cintruenigoko Udalari eta Tuterako Udalari. Ebazpen honen II. eranskinean laburbildurik daude jasotako txostenak.

1.3. Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Eólica Montes de Cierzo SLU enpresak, 2021eko irailaren 7an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zizkion “Repotenciación Montes de Cierzo”, “Repotenciación Montes de Cierzo I” eta “Repotenciación Montes de Cierzo II” haize-parkeen eta haien energia eramateko azpiegituren behin betiko ingurumen eraginaren azterketak eta proiektuak, ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio osoa igorri dio Biodibertsitate Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen eraginaren adierazpen egokia egiteko.

2. Proiektuaren deskribapena.

“Repotenciación Montes de Cierzo”, “Repotenciación Montes de Cierzo I” eta “Repotenciación Montes de Cierzo II” haize-parkeak ezartzeko eremuan “Montes de Cierzo I” eta “Montes de Cierzo II” haize parkeak daude gaur egun. Honela aldatuko dira parke horien ezaugarriak:

GAUR EGUNGO EGOERA

PROPOSATUTAKO BERRINDARTZEA

Aerosorgailu kopurua

86

16

Aerosorgailuen arteko distantzia (m)

27

492

Abatzaren altuera (m)

45

125

Errotorearen diametroa (m)

48

164

Ekortze-azalera aerosorgailuko (m²)

1.810

21.124

Ekortze-azalera, guztira (m²)

155.160

337.984

MONTES DE CIERZO

ETRS 89 30N koordenatuak

AERO.

UTM X

UTM Y

MC 01

601.710

4.657.532

MC 02

602.081

4.657.756

MC 03

602.450

4.657.979

MC 04

602.821

4.658.201

MC 05

603.191

4.658.423

MONTES DE CIERZO I

ETRS 89 30N koordenatuak

AERO.

UTM X

UTM Y

MC I 01

607.252

4.660.397

MC I 02

607.630

4.660.575

MC I 03

608.001

4.660.773

MC I 04

608.377

4.660.962

MC I 05

610.312

4.660.153

MC I 06

610.719

4.660.292

MONTES DE CIERZO II

ETRS 89 30N koordenatuak

AERO.

UTM X

UTM Y

MC II 01

610.719

4.660.292

MC II 02

610.719

4.660.292

MC II 03

610.719

4.660.292

MC II 04

610.719

4.660.292

MC II 05

610.719

4.660.292

Sustatzaileak proposatutako “Repotenciación Montes de Cierzo” haize parkea aipatutako ezaugarriak dituzten 5 aerosorgailuk osatzen dute, eta Cintruenigoko udalerrian dago. Ekoitzitako energia eramateko azpiegiturak Cintruenigo eta Tutera udalerriak ukituko ditu. Honek osatuko du energia eramateko azpiegitura: aerosorgailuak eraikuntza berriko Moluengo transformazio azpiestazio elektrikoarekin (30/66 kV) lotzeko lurpeko erdi-tentsioko sarea (30 kV); azpiestazioan, 66 kV-era transformatuko da, eta 66 kV-eko aireko/lurpeko energia eramateko lineak garraiatuko du, La Cantera transformazio azpiestazio elektrikoraino (La Serna 220/440 kV REE transformazio azpiestazio elektrikoaren ondoan dago) gaur egungo Monte Cierzo I eta II haize parkeetarako gaur egun dauden linea elektrikoak baliatuko ditu, eta han Energia Elektrikoa Garraiatzeko Sare Nazionalarekin konektatuko dira. Ez da sarbide berririk eraiki beharrik izanen, gaur egungo haize parkean daudenak optimizatuko baitira, NA-160 errepidetik hasita, 12,400 kilometro puntuaren parean.

Sustatzaileak proposatutako “Repotenciación Montes de Cierzo I” haize parkea aipatutako ezaugarriak dituzten 6 aerosorgailuk osatzen dute, eta Tuterako udalerrian kokatuta dago oso-osorik. Honek osatuko du: aerosorgailuak gaur egun dagoen Valdecuco transformazio azpiestazio elektrikoarekin (teknikoki egokitu beharko da) lotzeko lurpeko erdi-tentsioko sarea (30 kV); azpiestazioan, 66 kV-era transformatuko da, eta 66 kV-eko aireko energia eramateko lineak garraiatuko du, gaur egungo Monte Cierzo I eta II haize parkeetarako gaur egun dauden linea elektrikoak egokituko eta baliatuko ditu, La Serna 220/440kV REE transformazio azpiestazio elektrikoraino. Kokaleku horren lerrokadura nagusirako sarbideak lehendik ere badaude, eta gaur egungo Montes de Cierzo I haize parkera sartzeko erabiltzen dira; beraz, obretako makineriara egokitzea baino ez da beharko. Proiektu proposamen honen bi aerosorgailu (MCI05 eta MCI06) gaur egungo lerrokaduratik kanpo daude, eta bertara iristeko bide berriak eraikitzea proiektatu da. Aipatu behar da aerosorgailu berri horien instalazioa ezin dela jo lehendik dagoen instalazio baten berrindartzetzat, baizik eta garapen eolikoa egin ezin den eremu batean ezartze berritzat, Nafarroako Horizonte 2030 Energia Planean (PEN 2030) ezartzen den bezala, Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuetan kokatuta baitago. Horrenbestez, haiek instalatzea ez da onargarritzat jotzen ingurumen ikuspegitik.

Sustatzaileak proposatutako “Repotenciación Montes de Cierzo II” haize parkea 5 aerosorgailuk osatzen dute. Honek osatuko du: aerosorgailuak gaur egun dagoen Pedro Gómez transformazio azpiestazio elektrikoarekin (teknikoki egokitu beharko da) lotzeko lurpeko erdi-tentsioko sarea (30 kV); azpiestazioan, 66 kV-era transformatuko da, eta 66 kV-eko aireko energia eramateko lineak garraiatuko du, gaur egungo Monte Cierzo I eta II haize parkeetarako gaur egun dauden linea elektrikoak egokituko eta baliatuko ditu, La Serna 220/440 kV REE transformazio azpiestazio elektrikoraino, eta han Energia Elektrikoa Garraiatzeko Sare Nazionalarekin konektatuko dira.

Jarduketa-ingurunea bat dator egungo Montes de Cierzo II haize parkearen zati batekin, eta NA-6830 Murchante-Corella errepidetik hurbil dago. Sarbide gisa, gaur egun dagoena mantenduko da, “Montes de Cierzo II” haize parkea sartzeko hura erabiltzen baita. NA-6830 errepidearen 2,5 kilometro puntuan hasten da, eta obrak egiteko egokitu besterik ez du beharko.

Hiru birindartze proiektuetarako, haize parkearen berezko azpiegiturak eraiki beharko dira (aerosorgailuak, zimenduak, muntaia plataformak, bideak, lurpeko erdi-tentsioko zirkuituetarako zangak eta haize parkea muntatzeko azalera osagarriak).

Laburbilduta, honako hauek dira energia eramateko azpiegiturarekin lotutako obrak:

–Moluengo 30/66 kV-eko transformazio azpiestazio elektrikoa eraikitzea, “Repotenciación Montes de Cierzo” haize-parkearen energia eramateko.

–Pedro Gómez (Montes de Cierzo IIko energia eramateko) eta Valdecuco 30/6 6kV (Montes de Cierzo Ieko energia eramateko) transformazio azpiestazio elektrikoak egokitzea, egungo esparruen barruan.

–Moluengo transformazio azpiestazio elektrikotik 5N euskarriraino: gaur egun dagoen aireko linearen 2,9 km egokitzea 20 kV-etik 66 kV-era.

–5N euskarritik 15N euskarriraino: 2,5 km-z DC aireko linea eraikitzea. Bat Moluengo transformazio azpiestazio elektrikotik etorriko da, eta beste bat Pedro Gómez transformazio azpiestazio elektrikotik etorriko da, deseginen den SC linea baten paraleloan.

–16N euskarritik La Cantera transformazio azpiestazio elektrikoraino: Moluengo transformazio azpiestazio elektrikotik datorren 66 kV-eko linearen 2,9 km lurperatzea.

–16N euskarritik La Serna transformazio azpiestazio elektrikoraino: gaur egun dagoen DC aireko linearen 2,6 km egokitzea. Bat Pedro Gómez transformazio azpiestazio elektrikotik, eta beste bat Valdecuco transformazio azpiestazio elektrikotik.

3. Azterketa teknikoa.

Proiektuaren eraginpeko eremua gaur egungo haize parkeek eta idorreko laborantza soroek hartzen dute, eta malda handieneko eremuetan, berriz, sastraka mediterraneo bakan batek edo koniferoen birpopulaketek (Pinus halepensis). Haize parkea aurreko haize parkearen eraginpeko azaleran kokatuko da nagusiki, eta bertara sartzeko azpiegiturak aprobetxatuko dira.

Proiektuak eta hari lotutako azpiegiturek zuzenean okupatzen duten eremua Natura 2000 Sarearen eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarearen mugetatik kanpo dago. Aerosorgailuak laborantzarako partzeletan eta martxan dagoen haize parkeak eragindako eremuetan daude; beraz, ez zaie eraginen Batasunaren intereseko habitatei, ez eta landaredi natural garrantzitsuari ere. Lehendik aldatu gabeko zoruaren gaineko zuzeneko eragin nagusia lehendik dauden bideen egokitzapena da, eta horrek eragin oso txikia izanen du ondoko partzeletan.

Adierazi behar da proiektuan aerosorgailuen egungo lerrokaduratik kanpoko bi kokapen berri sartzen direla (MCI05 eta MCI06). Aerosorgailu berri horiek ezartzeko eremuan ezin da garapen eolikorik egin, Nafarroako Horizonte 2030 Energia Planean (PEN 2030) ezartzen den bezala, Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuetan kokatuta baitago. Horrenbestez, haiek instalatzea ez da onargarritzat jotzen ingurumen ikuspegitik, eta hala jasotzen da ebazpen honen baldintzetan. Baldintza horrek erantzuten die GURELUR eta Ekologistak Martxan taldeek horri buruz aurkeztutako zenbait alegaziori.

Paisaiaren gaineko inpaktuari dagokionez, kontuan izan behar da aldez aurretik dagoen haize parke batek eragindako eremu bat hartzen duela proiektuak, eta parke hori berrindartuko dela; beraz, paisaiari dagokionez, instalazio eoliko batek eta haren energia eramateko sistemak eragiten diote. Aerosorgailu kopurua murriztuko da, baina haien dimentsioak handituko dira. Gainera, kontuan hartu behar da La Serna 220/400 kV REE transformazio azpiestazio elektrikoaren energia elektrikoaren garraio korapiloa eta hari lotutako azpiegitura elektriko ugari dagoela, batzuk ikusmen- eta paisaia-aztarna handikoak, hala nola 220 eta 400 kV-eko linea elektrikoak. Antropizazio maila handi hori dela eta, proiektatutako azpiegiturarako eremuko paisaiak xurgatzeko ahalmen handia duela jotzen da. Ingurumen eraginaren azterketak horri buruzko azterlan espezifiko bat jasotzen du: lurralde urrakortasuna, ikusgarritasuna, ikusmen intrusioa, metatze-efektua eta eragin orokorra aztertzen ditu, eta bateragarriaren eta moderatuaren arteko paisaia eraginaren balioespen globala ateratzen da.

Proiektua garatzeko aurreikusten den inpaktu nagusia hegaztien eta kiropteroen gaineko inpaktua da, aerosorgailuekin talka egiteagatik eta hegaztiek lehendik dagoen eta proiektatuta dagoen linea elektrikoekin talka egiteko duen arriskuagatik. Faktore hauek kontuan harrarazten dute inpaktu horren garrantzia:

–Martxan dauden parkeen intzidentziei buruzko datu metatuen azterketa.

–Espezie katalogatuentzat eremuak duen garrantzia, espedientean dauden txostenetan jasotzen den bezala.

–Espezie horietako anitz proiektuaren ingurunean dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetako funtsezko elementuak dira, eta, beraz, KBE horien osotasunari eragin diezaioke, haien mugen barruan garatzen ez bada ere. Gainera, proiektua zenbait Kontserbazio Bereziko Eremu, ibai eremu, hezegune eta “El Culebrete” hondakinen tratamendurako zentroa (espezie horietako anitz erakartzen ditu gune horrek) lotzen dituen abifaunarendako gune garrantzitsu batean dago.

–Inguruan, abifaunan eragina duten zenbait proiektu (haize parkeak, eguzki parkeak…) eta estepako abifaunaren habitatetan erabilera aldatzea dakarten zenbait proiektu metatzen dira.

–Berrindartze proiektuen eraginari buruzko daturik eza: Kontuan izan behar da, alde batetik, aerosorgailuen kopurua gutxituko dela, baina, bestetik, palen guztizko ekortze azalera bikoitza baino handiagoa izanen dela, makinen tamaina handitukoa baita. Makinen altuera handitzeak, gainera, aldaketa dakar, eta ziurrenik eragina izanen du erasandako espezie motan eta horien afekzio mailan.

Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta, eta aurkeztutako ingurumen edukia duten alegazioak aintzat hartuta (funtsean, proiektuak abifaunari eta kiropteroei eginen dien eraginari buruzkoak), ingurumen-bideragarritasuna bermatzeko ezinbestekotzat jo da neurri zuzentzaileak, babesgarriak eta zaintzakoak ezartzea, proiektuak abifaunan eta kiropteroengan eragin kritikoa izatea saihesteko. Ildo horretan, ebazpen honek neurri gehigarriak jasotzen ditu proiektua garatzeko, hala nola parkeko energia eramateko linea elektrikoa osorik lurperatzea, lehendik dauden aireko tarteak barne, aerosorgailu bakoitzean hegaztien presentzia aurrean detektatzeko eta horren aurrean gelditzeko sistemak sartzea, fauna hegalariaren gaineko gorabeheren jarraipena egiteko protokolo bat eta arazoak sortzen dituzten aerosorgailuen aurrean jarduteko protokolo bat, espezie katalogatuen gaineko gorabehera jakin batzuk eragiten dituzten makinak aldi baterako edo behin betiko gelditzeko aukera barne hartzen duena. Gainera, kiropteroei ahalik eta kalte gutxien eragiteko neurri espezifikoak gehitu dira.

Azken batean, ingurumenaren aldetik proiektua bideragarria izan daitekeela jotzen da, ebazpen honen baldintzetan, nahitaez eskatzen baitute babes-neurriak hartzea, fauna hegalariaren gaineko gorabeheren jarraipen zehatza egitea eta espezie katalogatuekiko gorabeheren aurrean jarduteko protokolo zorrotza ezartzea.

4. Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuak ondorioztatzen du ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura behar bezala gauzatu dela, eta uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, baldintza jakin batzuekin. Hori dela eta, ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea proposatzen da, eta “Repotenciación Montes de Cierzo”, “Repotenciación Montes de Cierzo I” eta “Repotenciación Montes de Cierzo II” haize parkeen proiektuak gauzatu ahal izatea ebazpen honetan eta ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako neurri babesle, zuzentzaile eta ingurumen zaintzakoak eta gainerako baldintzak betetzearen baldintzapean, ebazpen honekin bat datozen alderdietan.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egin da Eolica Montes de Cierzo SLU enpresak Tuterako eta Cintruenigoko udalerrietan sustatutako “Repotenciación Montes de Cierzo”, “Repotenciación Montes de Cierzo I” eta “Repotenciación Montes de Cierzo II” haize-parkeen proiektuen gainean, haien energia eramateko azpiegitura barne.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzak urratzen ez badituzte. Hona baldintza horiek:

1.–Hiru haize parkeen energia eramateko aireko linea elektrikoa osorik lurperatu beharko da, bai berrindartze proiektuko zati berriak, bai lehendik dauden aireko tarteak barne; azken horiek kenduko dira. Hartutako konponbidea behin betiko egikaritze proiektuari erantsiko zaio, eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusi honen oniritzia beharko du, Nafarroako haize parkeen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan.

2.–Proiektutik kendu behar dira MCI05 eta MCI06 aerosorgailuen kokapenak, lerrokadura berria baitakarte. Berrindartze proiektua gaur egun dauden lerrokaduretara mugatu behar da. Nafarroako Energia Planean ezartzen den bezala, MCI05 eta MCI06 aerosorgailuak jartzekoak diren eremuan ezin da garapen eoliko berririk egin, Estepako Abifaunaren Kontserbaziorako Intereseko Eremu batean baitago.

3.–Aerosorgailu guztietan jarri beharko dira hegaztiak detektatzeko sistema automatikoak; horiek talkak saihesteko eraginkorrak izan behar dute, berehalako geldialdi edo disuasio ekintzak eragiteko gai izan behar dute.

4.–Abuztutik urrira bitartean (biak barne), iluntzetik egunsentira arte, 6 m/s-ra arte atzeratuko da aerosorgailuen abioa, horiek baitira kiropteroendako aktibitate handieneko egunak eta orduak. Neurria berrikusten ahalko da nacellean altuerako jarduera azterketa bat egiten bada, egiten dituzten hegaldiak eta noiz gertatzen diren zehatz mehatz zehazteko (egunak, orduak, haizea…); horretarako, Biodibertsitate Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da. Lerrokadura osoaren luzera kontuan hartuta, azterketa adierazgarria izan dadin, elkarrengandik nahikoa urrun dauden bi aerosorgailutan egin beharko da.

5.– Obrek ingurumenean integratzeko honako neurri hauek lehenetsiko dira:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da, eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Lur naturala edo soroak dituen jardute-eremuetan dagoen landare-lurraren geruzak aurretiaz kendu eta metatu beharko da, amaieran obrak lehengoratzeko erabili ahal izateko.

–Haize sorgailuaren plataformarako, bideetarako eta abarrerako lur erauzketetan eta lubetetan, gehienez 2H:1V-eko maldak izanen dira onargarriak, landareztatzearen emaitza onartzeko modukoa izan dadin.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek eragindako gainazal guztiak, aldi batez eragindakoak barne, lur geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Obrak amaitu baino sei hilabete lehenago, eremu horiek tokiaren bereizgarri diren larre-hazi autoktonoen nahasketa batez ereinen dira, lurrak landatzeko erabili ezean.

6.–Abelbideen gaineko ukipen zuzenei dagokienez, oro har, bete beharko da Natura Ingurunearen Plangintza Estrategikoaren Atalaren 2018ko azaroaren 20ko txostenean xedatutakoa, eta betiere honako baldintza hauek bete:

–Sarbide azpiegituren obrek ez dute inola ere aldatzen ahalko bidearen zorua, ezta abelbidearen gainean dauden partzeletara sartzeko zorua ere; jatorrizko zorua eta trazadura izanen dira gorde beharreko abelbideen balioetako bat.

–Altxonbidean eta haren zortasun-eremuan, nekazaritzari eta artzaintzari loturiko aurriak eta eraikuntzaren ondare etnografiko tradizionalak errespetatuko dira. Adibidez, harlangaitz idorrez egindako eraikuntzak: etxolak, eskortak, hormak, askak eta abar.

–Lanak gauzatzeko fasean ez da altxonbidea erabat oztopatzen ahalko; bestela, aziendendako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondoriozko materialak edo landare-lurra ez dira uzten ahalko gaur egun larreak diren lurren gainean. Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

7.–Eraikuntza-proiektuak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketari buruzko Azterketa bat izanen du, eta, ahal den neurrian, hondakin guztien balorizazioa kontuan hartu beharko da, eta azken aukera gisa, baimendutako zabortegi batera igorriko dira. Hondakin mota bakoitzaren kudeatzailea eta helmuga identifikatu beharko dira.

8–Azpiestazioetako eraikinak eta haiekin lotutako beste edozein eraikuntza ingurunearekiko harmonia errespetatuz planteatu behar dira , eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

9.–Ondare arkeologikoaren gaineko eraginei dagokienez, Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren jarraibide hauek beteko dira, 2021eko abenduaren 13an eta 2022ko ekainaren 9an emandako txostenen arabera, zeinetan modu geoerreferentziatuan zehazten baitira proiektuen inguruko zenbait aztarnategi arkeologiko:

–Proiektutik kanpo gelditu behar dira 1. kategoriako Cerro de los Portillos aztarnategiaren azalera eta haren inguruko 50 metroko babes perimetroa.

–Proiektutik kanpo gelditu behar dira Italia in Hispanias galtzada erromatarraren 1. kategoriako aztarnategiaren azalera eta haren inguruko 50 metroko babes perimetroa; debekatuta dago, halaber, energia eramateko linearen euskarriak instalatzea han.

–Moluengo I eta Los Portillos 3. kategoriako aztarnategietan, ebaluazioko zundaketa arkeologikoak egin beharko dira haize parkeko lanek eragindako eremuan, proiektua gauzatu aurretik. Haien emaitzekin, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak proiektuaren bideragarritasuna ezarriko du, hala badagokio, ukitutako aztarnategiari dagokionez.

–Valdecuco aztarnategia, harrobi baten aurrealdea denez, identifikatu eta babesteko balizatu beharko da, proiektua gauzatu aurretik.

–Las Alegas Altas aurkikuntza soltearen inguruko jarraipen arkeologikoa egitea obrak egin bitartean.

–El Portillo II 3. kategoriako aztarnategian, ebaluazioko zundaketa arkeologikoak egin beharko dira haize parkeko lanek eragindako eremuan, proiektua gauzatu aurretik. Haien emaitzekin, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak proiektuaren bideragarritasuna ezarriko du ukitutako aztarnategiari dagokionez.

–Legeak hala aginduta, arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek egin beharko dituzte jarraipen arkeologikoa, balizatzea eta zundaketa arkeologikoak, proiektuaren sustatzailearen kontura. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagozkio (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

10.–Jarraipen eta zaintza plana: Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, zeina sustatzaileak aurkeztu behar baitu bat etorriz Haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin, obra eta funtzionamendu faseetarako jarraipen- eta zaintza-plan bat aurkeztu beharko da, Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena beharko duena, eta hor proposatuko da egin beharreko jarduketen metodologia eta, zehazki, ebazpen honen III. eranskinean jasotako gidalerroak.

11.–Jarraipena egiten den bitartean, edozein unetan ikusten bada arazoak sortzen dituzten aerosorgailuak daudela hegazti edo kiroptero babestuen talkak eragindako hilkortasuna dela eta (IV. eranskinean ezarritako baldintzetan), eranskin horretan jasotako jarduera protokoloari jarraikiko zaio.

12.–Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak aurkeztu beharreko egikaritze proiektuan sartuko dira, Nafarroako haize parkeen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua betez. Dokumentazio horrek Ingurumen Zuzendaritza Nagusi honen oniritzia izan beharko du, aipatutako 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan.

13.–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

14.–Obrak egitean 15 cm-tik gorako diametro normala duten oihan-zuhaitzak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea) (gmapamplona@navarra.es; telefonoa: 608 062649), hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori), eta hura garatu duen erregelamenduan.

15.–Ingurumen eraginaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada eraikitzen hasten haize parkea, eta adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da, hegazti faunaren eta kiropteroen espazioen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, eragin adierazpena berritzeko eskaerarekin batera.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako barrutia), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2022ko ekainaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:

Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna igorri dutenak adierazi dira:

Tuterako Udala

Cintruenigoko Udala

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

X

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

X

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

X

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

LAB

UGT

ELA

CCOO

Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción

Gurelur

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Sustrai Erakuntza fundazioa

Nafarroako Ehiza Federazioa

ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea

UAGN

EHNE

ANEL

Irache Kontsumitzaileen Elkartea

Nafarroako Mendi Federazioa

Nafarroako Arrantza Federazioa.

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa

EDER Partzuergoa

Ekologistak Martxan Erribera-Landazuria

Asociación de amigos de la naturaleza “Muérdago”

Helianto kolektiboa

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalak adierazi du Ingurumen Eraginaren Azterketak proiektuak berekin dakartzan obra eta jarduketa guztiak jaso behar dituela, eta alternatiben azterketa bat aurkeztu behar dela, non proiektuko elementu guztiak kontuan hartuko baitira, eta ez soilik aerosorgailuen kokapena. Halaber, eremuan gaur egun dauden beste azpiegitura batzuekin batera izanen dituen ondorio sinergikoak eta metakorrak ere aztertu beharko dira.

Txostenean zehazturik daude Natura 2000 Sareko eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sareko zer gune dauden proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruetan. Beste figura batzuk ere aipatzen dira, hala nola abelbideak eta eremuan inbentariatutako hezeguneak, bai eta garrantzitsua dela ingurumen eraginaren azterketak eremu horien arteko konektibitateari egiten zaion eragina aztertzea. Era berean, adierazi da ingurumen eraginaren azterketak zehatz-mehatz aztertu behar duela Estepako Hegaztiak Kontserbatzeko Garrantzizko Eremu batzuek natura balioei egiten zaien eragina.

Habitatei dagokienez, adierazi da kartografia egokia eman behar dela proiektuaren eskalan (1:10.000), erabilitako kartografiak ez baitu xehetasun maila nahikoa habitat txiki batzuk islatzeko proiektuaren ingurunean. Era berean, prospekzio sakonak egin behar dira proiektuaren eraginpeko eremuan, arriskuan dauden flora espezieak dauden baloratzeko. Intereseko fauna espezieen zerrenda eta horiek proiektuaren ingurunean duten babes maila zuzendu da. Beste fauna azterketa batzuei dagokienez, aipatu da garrantzitsua dela kiropteroen eta mehatxatutako narrasti espezie batzuen gaineko eragina aztertzea.

Gaur egungo Montes de Cierzo I eta II parkeek abifaunan duten eragina kontuan hartuta, nahiz eta a priori berrindartze proiektua positiboa izan litekeen heriotza-tasa murrizteko, kontuan hartu behar da eragin handieneko eremuetan aurreikusitako aerosorgailuak birkokatzea eta abifaunaren gaineko eraginaren jarraipen zehatza egitea, aldi kritikoetan arrisku handieneko aerosorgailuak aldi baterako gelditzeko aukera barne.

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak proiektuak abelbideetan duen eragina zehaztu du, eta adierazi du zer tresnaren bidez egin zen abelbide horien gaineko adierazpena. Zehazki, 6. adarrari, 11. pasabideari eta Villar de Corellatik Ejea de los Caballeroseko Santa Margarita ermitara doan Errege Abelbideari eraginen litzaieke. Jarduerak baimentzeko modukotzat jotzen dira, baldintza jakin batzuk betez gero.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak esaten du zer araudi eta tresna, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoak, hartu behar diren aintzat Nafarroan haize-parkeak ezartzeko.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak uste du auzian dauden haize-parke horien ezarpenak ez duela eraginik sortzen gaur egungo ureztalurren gainean, ezta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planaren gainean ere.

Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiak esan du proiektuak eragiten ahal diela egungo bide azpiegiturei eta 2010-2018ko Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzentzailean bildutako jarduketei. Adierazi da A-15 Medinaceli-Soria-Tutera autobiaren etorkizuneko trazadura proiektuaren eremuan dagoela. Trenbide azpiegiturei dagokienez, esan du ez zaiela eragiten egungoei, baina ingurua trenbide sarearen informazio azterlanaren barruan dagoela Iruñerrian. Azpiegitura hidraulikoei dagokienez, jakinarazi du jarduketa Nafarroako ubidearen esparruan dagoela. Horregatik guztiagatik, txostenak eskatu beharko zaizkie Sustapen Ministerioari eta Nafarroako Ubidea SAri.

Ingurumen Eraginaren Atalak ingurumen eraginaren azterketaz egin duen irismen txostenaren laburpena.

Lehenik eta behin, aurkeztutako laburpen memorian jasotako aerosorgailuen kokapenari buruzko zenbait gai planteatzen dira, berrikus daitezen, erreferentziako udalerrietatik kanpo baitaude edo izapidetzen ari diren beste proiektu batzuekin bat datozelako.

Gogorarazi da Navarra Horizonte 2030 energia-planean (PEN 2030) haize parkerik ezarri ezin diren eremutzat jotzen dituela oso altua, altua eta ertaina kategorietan sailkatuta dauden Nafarroako estepako abifauna zaintzeko intereseko guneak, eta energia eolikoa hartzeko ahalmenaren mapa ezartzen du Nafarroan. Muga horrek ez luke eraginik izanen gaur egun dauden Montes de Cierzo I eta Montes de Cierzo II parkeen balizko berrindartzean, baina egungo parkeen lerrokaduratik kanpo eskaturiko kokaleku berrietan aplikatu daiteke, eta, beraz, ez lirateke kontuan hartu behar berriz indartzeko proiektuaren barruan. Ildo horretan, adierazi da proiektuaren eragin eremua estepako hegaztien kontserbaziorako garrantzizkoa den “Agua Salada, Montes de Cierzo y Planas de Santa Ana” eremuaren barruan eta dauden lerrokaduretatik kanpo proiektatutako kokaleku berrietako batzuk “Entorno del Pulguer-Corraliza Pedro Gómez” garrantzi ertaineko eremuan daudela.

Beharrezkotzat jotzen da ingurumen eraginaren azterketak estepako hegaztien eta beste hegazti espezie batzuen gaineko inpaktua aztertzea, aipatutako eremuen eta beste espazio batzuen arteko konektibitatearen gaineko inpaktua barne: hala nola Errege Bardea, Ebro Ibaia KBEa, Pulguerreko Balsa KBEa eta Ur Gazia Balsa (RN34). Era berean, La Serna azpiestazioarekin, linea elektrikoekin eta eremu horretan dauden edo proiektatuta dauden beste haize parke batzuekin dituen ondorio sinergikoak aztertuko dira, elkarrekin aztertu eta tratatu behar baitira.

Irismen-txostenak, halaber, egungo Montes de Cierzo haize parkeko hegaztien eta kiropteroen talken datuen analisia dakar. Horretan, talka kontzentrazioa ikusten da aerosorgailu gutxi batzuetan, autobidetik mendebaldera, zehazkiago, El Culebreteko Hondakinak Tratatzeko Zentrotik eta Pulguerreko putzutik ipar-mendebaldera daudenetan. Ildo horretan, proposatzen da ingurumen eraginaren azterketak balioets dezala gaur egun NA-160 errepidearen pasabidearen inguruan dagoen aerosorgailurik gabeko korridorea handitzeko aukera.

Paisaia eraginen eta inguruko herrien gaineko soinu eraginaren azterketa egitearen garrantzia adierazi da. Gainera, haize parkeetako instalazioetan aurreikusitako argiztapenak izanen duen eragina aztertu beharko da, bai eta Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko Foru Legea garatzen duen 199/2007 Foru Dekretura egokitzea ere.

Adierazi da azterketa osoa egin behar dela habitat naturalei eta Estatuko eta eskualdeko katalogoetako, Habitaten gaineko Zuzentarauaren I. eranskineko eta Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen IV. eranskineko espezie mehatxatuei buruz, bai eta alderdi hartan dauden eta proiektatu diren azpiegiturek, bere osoan, habitaten eta espezie garrantzizkoen gainean eragiten duten afekzioaren metatze-efektua kontuan hartu ere. Abifauna aztertzeko protokolo bat proposatu da.

Halaber, adierazi da proiektua babes-eremu batean dagoela, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez, horretarako behar diren babes neurriak hartu beharko dira, lur azpian eraikitzea barne, eragin garrantzitsuak izanez gero.

Azkenik, adierazi da zaintza plan bat eta leheneratze plan bat aurkeztu behar direla, eta horrekin batera proiektua eraginpeko eremuan integratzeko neurriak, obra faseetan zein jarduera amaitu ondoren.

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazioei kontsultak egiteko izapidean jasotako txostenak

(Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikulua eta Nafarroan haize parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua)

Ingurumen Eraginaren Atalak hau adierazi du txostenean:

–Ingurumen Eraginaren Azterketek inpaktuen artean kontuan hartu beharko dituzte baliabideen kontsumoen ondoriozkoak (energia barne), hondakinak sortzea eta partikula kutsatzaileak aireratzea, proiektua gauzatu, ustiatu eta eraisterakoan ez ezik, haize parkearen osagaien fabrikazioan ere. CO2 intsumo horiek kontuan hartuko dira egitekoa den proiektuak saihestuko dituen isurtzeen balantzean.

–Nahiz eta aurkeztutako eragiketa aurreko abifaunaren jarraipen azterketetan atal bat gehitu den aztergai den ingurunean dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetan eta horien funtsezko espezieetan izandako eraginaren karakterizazioari buruz, atal hori osatu beharko da, eta funtsezko elementu horien gainean egon daitekeen eraginaren balorazioan sakondu, bai eta elementu horietako bakoitzerako Kontserbazio Planetan ezartzen diren kontserbazio helburuetan ere. Halaber, aurkeztutako proiektuak gauzatuz gero, haien bilakaeraren aurreikuspena jaso beharko da.

–Nafarroan haize parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, haize parkeen aurretiazko administrazio baimenaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaren artean, fauna hegalariak espazioaren erabilerari buruzko azterketa bat egonen da, gutxienez urteko ziklo oso batean zehar egina. Aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez, azterketak zortzi hilabeteko landa lana baino ez du hartzen, eta, beraz, osatu beharko da.

–Aurkeztutako eragiketa aurreko abifaunaren jarraipen azterketetan zehazten denez, zenbait ibilbide egin dira ibilgailuan, eta azterketa horren kartografian jaso beharko dira.

–Aerosorgailuen, linea elektrikoen eta aztertutako ingurunean dauden beste azpiegitura batzuen dentsitate handia dela eta, oso garrantzitsutzat jotzen da eragin daitezkeen metatze- eta sinergia-efektuen azterketa. Horri dagokionez, egindako sinergia azterketak ez ditu kontuan hartu ingurunean dauden eta izapidetzen ari diren eguzki parkeak, eta horien ondorioak oso garrantzitsuak izaten ahal dira, batez ere estepako hegaztiengan.

–La Serna/La Cantera transformazio azpiestazio elektrikoaren ingurunean metatze- eta sinergia-efektu horiek murrizteko, gomendatzen da Montes de Cierzo haize parkearen linea elektrikoaren azken zatia lurperatzea (dagokion Montes de Cierzo I eta II haize parkeetako energia eramateko lineen zatia), bai eta lehendik dagoen aireko linea elektrikoaren desegitea ere.

–Metatze- eta sinergia-efektuen azterketa hobetzeko, komeni da ingurumen eraginaren azterketa inguruko beste haize parke batzuen (Cavar, Cabanillas, Serralta, La Bandera eta abar) hilkortasun datuekin eta dagokion analisiarekin osatzea.

–Eremuan babes-maila handia duten espezie asko daude: miru gorria (Milvus milvus), Bonelli arranoa (Aquila fasciata), mirotz urdina (Circus pygargus), mirotz zuria (Circus cyaneus), basoilo txikia (Tetrax tetrax), ganga azpizuria (Pterocles alchata), ganga azpibeltza (Pterocles orientalis), sai zuria (Neophron percnopterus), arrano beltza (Aquila chrysaetos), miru beltza (Milvus migrans), arrano txikia (Hieraaetus pennatus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus) eta abar. Abifaunan oparo hori duenez, eta aerosorgailuen ezaugarriak aldatzeak (pale ekortze azalera hamar aldiz baino gehiago handitzea, erasandako altuera desberdinak eta abar) abifaunarengan eta kiropteroengan eragin ditzakeen ondorioen ziurgabetasuna dela eta, beharrezkotzat jotzen da aerosorgailuek eragindako hilkortasunaren jarraipen handia egitea, gutxienez berrindartzea gauzatu baino urtebete lehenagotik urtebete geroagora, aldeko txostena egiten bada eta proiektua gauzatzen bada. Jarraipenaren barruan jarduera hauek sartuko dira, besteak beste: hamabost egunean behin oinez bilatzea, txakur trebatuak erabiltzea eta hondakinak tokian bertan nola jarraitzen duten aztertzea.

–Aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan adierazten denaren arabera, abifaunak espazioa erabiltzen duen modua eta horri lotutako hilkortasuna El Culebreteko zabortegiarekin lotuta daudenez, eta zabortegi hori hainbat espezierendako biziki erakartzen duen gunea denez, aipatutako hilkortasuna murrizteko hondakindegia kudeatzeko neurriak planteatu beharko dira, hondakindegia kudeatzen duen organoarekin batera.

–Gogorarazi du zuhaitzak kentzea ekarriko duten obrak egin behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaiola Ingurumena Zaintzeko Atalari (gmatudela@navarra.es, telefonoa: 609 904957), hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori), eta hura garatu duen erregelamenduan.

–Halaber, gogorarazten da erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz planteatu behar dela, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du ez dagoela bere eskumeneko eraginik hiru berrindartze proiektuetan.

Arkeologia Ondarearen gaineko eraginei dagokienez, Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak txostenak egin ditu, berrindartze proiektu bakoitzari buruz: horietan, modu geoerreferentziatuan zehazten dira eraginpeko inguruneko zenbait aztarnategi arkeologiko, eta kasu bakoitzean jarduteko jarraibideak ezartzen dira. Jarraibide horiek ebazpen honetako baldintzetan jaso dira.

Lurralde Antolamenduko Atalak txostena aurkeztu du proiektua indarrean dauden lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnetara egokitzeari buruz: Udal Hiri Plangintza, Lurralde Antolamenduko Planak eta Lurralde Antolamenduko beste tresna batzuk. Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal den jardueraren nahitaezko baimenaren tramitean eginen da instalazioaren hirigintza- eta lurralde-bateragarritasunaren balorazio osoa.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak hau adierazi du aireko linea A-68 autobidearekin gurutzatzeari buruz: euskarriak autobidearen babes eremutik kanpo daude eta gurutzaketak betetzen du goi-tentsioko aireko linea elektrikoen erregelamendu teknikoak, eta adierazitako gutxieneko galiboa du (Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta haren ITC-LAT-07n adierazita daude); hori dela eta, Ustiatze Ikuskaritzak irizten du interesdunak eskatzen duenean AP-68aren gaineko gurutzaketa baimentzen ahal dela, A-68 autobidearen gaineko eraginari dagokionez, soilik. MC.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuak honako hau jakinarazi du:

–“Repotenciación Montes de Cierzo” haize parkearen proiektuari dagokionez, eta zehazki linea elektrikoa zenbait errepiderekin gurutzatzeari dagokionez, dorreen garaieraren pareko tartea utzi beharko da, gutxienez, energia ateratzeko aireko lineari eusten dieten dorreen eta ukitutako errepideetako galtzadak kanpotik mugatzen dituen lerroaren artean. Ezin da inola ere 25 metrotik beherako tarterik utzi NA-160 errepidean, ez eta 18 metrotik beherakoa ere NA-6810 eta NA-6830 errepideetan, halako eran non dorreak, eroriz gero, ez baitu galtzada ukituko. Errepidearen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean gelditu beharreko gutxieneko garaiera ez da inola ere 7 metro baino gutxiagokoa izanen ukitutako errepideetan.

–“Montes de Cierzo I” proiektuak Nafarroako Errepide Sareari eragiten dio, Foru Komunitatearen intereseko NA-160 errepidearen (Tutera-Cintruenigo) eskuineko ertzean dagoen 5+630 kilometro-puntuan dagoen sarbidea egokitzekoa baita. “Montes de Cierzo II” proiektuak Nafarroako errepide-sareari eragiten dio, lehendik dauden bi sarbide egokitzekoak baitira: bata NA-6830 tokiko errepidearen (Erromako Bidea) eskuinaldeko 0+100 kilometro-puntuan, eta bestea Foru Komunitatearen intereseko NA-160 errepidearen (Tutera-Cintruenigo) ezkerreko 12+370 kilometro-puntuan. Bi kasuetan sustatzaileak ordaindu eta, zein den kasua, gauzatu beharko ditu jarduketa eta Nafarroako errepide sarearekin lotzeko azpiegiturak, bai eta sustatutako jarduketa dela kausa sare horretan beharrezkoak liratekeen handitze lanak ere. Horrenbestez, sustatzailearen kontura izanen dira proiektu teknikoak idazteari, obrak gauzatzeari eta proiektatzen den obraren funtzionamendurako eta kontserbaziorako beharrezkoak diren kontsumoei dagozkien gastuak.

–Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako nahitaezkoa den baimen eskaerarekin batera, egin beharreko obrak zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, errepideak ukitzen dutena azalduz, baimena lortzeko, hori bidezko bada.

Tuterako Udalak Hirigintzako Zerbitzu Teknikoen bitartez “Montes de Cierzo I” berrindartze proiektuari buruzko txostena eman du, eta adierazi du proiektua Hiriaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Lurzoru Urbanizaezin gisa kalifikatutako lurzoruetan kokatzen dela, generiko kategoriarekin eta, zati bat, Baso Lurzoru gisa. Halaber, adierazi du proiektua ezartzeak eragindako partzelak Tuterako Udalaren herri-lurrenak direla, eta, beraz, baimena eskatu behar zaiola.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erkidego Atalak bere eskumeneko txostena egin du, eta adierazi du proiektuak zenbait herri-partzelari eragiten diela eta, beraz, herri-ondasunak desafektatzeko nahitaezko espedientea izapidetu beharko dela, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Horretarako, toki entitatearen erabakiaz gain, Nafarroako Gobernuaren onespena ere beharko du.

Era berean, ukitutako udalerriek energia eramateko linea elektrikoaren eraginpean geratzen diren herri-lurrak okupatzeko espedienteak izapidetu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Espediente horiek udalek aldeko erabakiak ematea eta Foru Komunitateko Administrazioak onestea beharko dute.

Gainera, adierazi da desafektazio- eta okupazio-espediente administratiboak izapidetzeko aldez aurretik konpondu behar dela Cintruenigoko udalerrian proiektuak ukitutako hainbat partzelaren titulartasun gatazka bat.

IBERDROLA taldeko Azpiegitura Energetikoen Atalak txostena egin du, eta, bertan, baimena eman du, txostenean zehaztutako gurutzatzeak eragindako bi eraginen ingurunean xehetasun-planoak aurkeztearen baldintzapean. Era berean, gogorarazi du proiektuarekin zerikusia duten gurutzaketak edo obrak egitean, IBERDROLAren sareetan jardutea beharrezkoa bada, SIC espediente bat ireki beharko dela, lanen segurtasuna bermatzeko, eta horretan baloratuko direla lanen sustatzaileari jasanaraziko zaizkion kostuak.

III. ERANSKINA

Hegaztiak eta kiropteroak ingurumenean zaintzeko plana,
ustiatze fasean

Haize parkeak ustiatzeko fasean, inguruko abifaunaren eta kiropteroen jarraipena egin beharko da, dokumentu honetan adierazitako jarraibideak kontuan hartuta.

1.–Espazioaren erabilera.

1.1. Abifauna:

Parkeak martxan jarri eta 3 urtera, abifaunak espazioa nola erabiltzen duen aztertuko da urteko ziklo oso batean, obren aurreko metodologia berarekin, metodologia berari jarraikiz. Emaitzaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orientaziopean neurri berriak egokitzea edo aplikatzea baloratuko da.

Ustiapen fasean potentzialki kaltetutzat jotzen diren espezie katalogatuen urteko erroldak, edo kontuan hartu beharreko beste batzuenak, parkearen funtzionamenduaren lehenbiziko bost urteetan eginak, proiektua abian jarri aurretiko eta ondorengo populazioak alderatzeko.

1.2. Kiropteroak:

Parkeak martxan jarri eta hiru urtera, aldez aurreko ingurumen eraginaren azterketan egindako laginketa bera eginen da, eta bi lanen emaitzak alderatuko dira.

Jarraipen osagarri gisa, laginketa bat eginen da ultrasoinuen grabagailuekin, gondolatik, mikrofonoa gondolaren atzealdean eta behealdean jarrita. Uztailaren 1etik urriaren 30era bitartean eginen da etengabe, gutxienez 5 aerosorgailutik 1ean; saguzarrentzat egokienak diren eremuetan daudenak aukeratuko dira (zuhaitzetatik, hezeguneetatik, harkaitzetatik, heskaietatik edo ganadua duten eremuetatik hurbil daudenak). AESAren araudia betetzeko argiztapena duen aerosorgailuren bat sartu beharko da. Lan hau parkea martxan jarri eta hurrengo 5 urteetan eginen da, eta gutxienez elkarren segidako bi urtetan.

Parkean eta altuera berean (gondoletan edo dorre meteorologikoetan) jasotako parametro klimatikoekin (haizearen intentsitatea, tenperatura, prezipitazioa) lotutako hegaldiak aztertuko dira. Urtean behin txosten bat aurkeztuko da lortutako emaitzekin, arriskuen analisiarekin eta, behar izanez gero, gomendatutako neurri zuzentzaileekin.

Koloniak berrikustea: Parkearen inguruko 5 km-ko erradioan aerosorgailuak egoteagatik kalteberatasun handia duten saguzar espezieen koloniak ezagutzen badira, kolonia horien errolda eginen da funtzionamenduaren lehenbiziko hiru urteetan. Errolda koloniaren presentzia ezagutzen den estazioetan eginen da. Talde honetan Pipistrellus, Hypsugo, Eptesicus, Nyctalus, Vespertilio, Miniopterus eta Tadarida generoetako espezieak daude. Begiratuko da ea koloniaren tamainak behera egiten duen parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta, bai eta parke barruan espezie horietako aleak hilda dauden ere.

ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

2.–Hegaztien eta kiropteroen hilkortasun-kontrola:

2.1. Aerosorgailuak:

Haize parkeak martxan jarri ondoko lehenbiziko hiru urteetan, instalazioko aerosorgailu guztietan izandako gorabeheren jarraipena eginen da. Jarraipen fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko dira aerosorgailuak.

Funtzionamenduaren laugarren urtetik aurrera, lortutako datuen arabera, eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak baimena eman ondoren, ahalegina murrizten ahalko da, baina inoiz ez da izanen instalatutako aerosorgailuen %40 baino gutxiago, eta hilean behin berrikusiko dira.

Aerosorgailu bakoitzaren prospekzio eremua zirkularra izanen da. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino %10 handiagoa izanen da gutxienez. Azalera hori lurraren eta landaretzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, bilaketa gehiegi zailtzen dutenean. Horretarako, aerosorgailu bakoitzaren laginketarako azalera erreala definitu eta kartografiatu beharko da prospekzio eremuaren barruan.

Laginketak oinez eginen dira. Aerosorgailuaren berrikuspen azalera estaltzen duten transekto paraleloen bidez eginen dira. Transektoak elkarrengandik gehienez 15 metro bereizita egonen dira. Aerosorgailu bakoitzaren laginketan emandako denbora ez da 40 minututik beherakoa izanen.

Aerosorgailuen azterketak hegazti eta kiropteroen gorpuzkiak detektatzeko trebatuta dauden miaketa txakurrekin batera eginen dira.

Laginketetatik kanpo antzemandako gorabeherak bereizita erregistratu eta kontuan hartu beharko dira.

Antzemandako gorpuzki bakoitzerako, bai laginketetan, bai haietatik kanpo, fitxa bat bete beharko da, eta gutxienez honako datu hauek erregistratuko dira:

–Haize parkea.

–Ustez zer aerosorgailutan gertatu den gorabehera.

–Zer egunetan aurkitu den.

–Espeziea.

–Adina eta sexua, zehazten ahal badira.

–GPS bidez lortutako UTM koordenatuak.

–Gorpuzkien kokapena, hurbilen dauden aerosorgailuekiko (distantzia eta orientazioa).

–Zaurien deskribapena.

–Gorpuzki motak (adibidez, gorpu osoa, hegalak, lumak, etab.).

–Gorpuzkiaren egoera: berria, partzialki usteldurik, janda, hezurrak…

–Gorpuzkia laginketetan ala haietatik kanpo aurkitu den.

–Nork aurkitu duen gorpuzkia.

2.2. Dorre meteorologikoak:

Bilaketa metodoa aerosorgailuetakoaren berdina da, baina bilaketa eremua dorre meteorologikoaren kable tenkatzaileek hartzen duten azalera izanen da. Aerosorgailuetan egiten den maiztasun berarekin egiten ahal dira prospekzioak.

3.–Gorpuzkiak desagertzeko tasaren eta bilaketaren eraginkortasunaren azterketa.

Gorpuzkien desagertze tasa eta bilaketaren eraginkortasuna aztertuko dira, SEO/BirdLife-ren “Haize parkeek hegazti eta saguzarretan duten eragina ebaluatzeko jarraibideak” dokumentuan (3.0 bertsioa edo ondorengoak) ezarritako jarraibideen arabera.

4.–Gorabeheren berri ematea:

Espezie katalogatuak: Mezu elektronikoa berehala igorri Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Gorabeherak hilero bidaltzea: Ingurumen Eraginaren Atalak Accessen datu-base bat emanen du, eta bertan gorabehera guztiak sartu beharko dira (espezie sentikorrak barne). Datu-base hori hilero bidali beharko da posta elektronikoz Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), argazkirik gabe, aiseago erabiltzeko.

IV. ERANSKINA

Arazoak sortzen dituzten aerosorgailuekin jarduteko protokoloa.

Jarraipenak erakusten badu aerosorgailuren batek hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardunen du.

1.–Arriskuan dagoen espezieen katalogo nazionalean edo autonomikoan “galzoriko espezie” edo “espezie kaltebera” gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten aerosorgailuak:

1.1. Aerosorgailu berak aurreko 5 urteetan arriskuan dagoen espezie batekin talkarik eragin ez badu: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berrikusiko du, eta bi organoei neurri aringarri batzuk proposatuko dizkie, aerosorgailuaren diseinuaz edo funtzionamenduaz gain, bai eta konpentsazio-neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko aerosorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin, eta inoiz ez hiru hilabete iragan baino lehen. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien egikaritzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1.2. Aurreko 5 urteetan aerosorgailu berak beste talka bat izan badu arriskuan dagoen espezieren batekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren kautelazko geldialdia eginen du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak aire-sorgailuaren ingurunean ukitutako espezieen populazioaren azterketa xehatua eginen du (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera) urteko ziklo batean, espeziaren migrazio-pasabideak barne. Talka arriskuaren azterketa berrikusiko du, eta beste ebaluazio bat eginen du espeziearen gainean dituen ondorioei buruz (iraungitze faktorea tokiko eskalan, hustubide efektua…). Prebentzio neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari, istripu berrien arriskua saihesteko (hala nola migrazio igarobideetan funtzionatzeari uztea, espeziea dagoen garaietan eta jarduera ordutegietan edo bestelako arrisku egoeretan funtzionamendua etetea, edo aerosorgailua eraistea) eta arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako kalte berriagatik konpentsazio neurriak ordaintzeko. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko aerosorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien egikaritzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1. TAULA.-ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

1.3. Aurreko 5 urteetan aerosorgailu beraren eta arriskuan dagoen espezie baten arteko bi talka edo gehiago badaude: talka antzeman bezain laster, sustatzaileak horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), eta mehatxatutako espeziearen populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Aerosorgailuaren funtzionamendua behin betiko geldituko du, eta lehenbailehen desegin beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu berririk gertatu ezin diren baldintza berrietan.

2.–Arriskuan ez dauden Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendako (nazionala edo nafarra) espezieekin talka eragiten duten aerosorgailuak:

2.1. Urte batean aerosorgailu batek 2. taulan adierazitako hilkortasun atalaseren bat gainditzen badu, arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak kautelaz geldituko du funtzionamendua, eta horren berri eta urteko hilkortasun-tasaren analisiaren emaitza emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Une horretatik aurrera, aerosorgailu arriskutsua geldirik edukita, sustatzaileak azterketa bat eginen du aerosorgailuaren talka arriskua aztertzeko, eta organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo eskudunari istripu berrien arriskua nabarmen murrizten edo baztertzen duten neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie. Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak espresuki horretarako baimena ematen badio baino ez du aerosorgailua berriz martxan jartzen ahalko. Era berean, martxan jarri ondoren, sustatzaileak jarraipena eginen dio ezarritako neurri arintzaile gehigarrien eraginkortasunari. Halaber, sustatzaileak urtebeteko hurrengo bost aldietan areagotu eginen du aerosorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren jarraipena, bai eta ezarritako neurri arintzaile gehigarrien gauzatzea eta haien eraginkortasunaren jarraipena ere.

2.2. Aurreko atalean adierazitako aerosorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko aldian horrela jarraitzen duela egiaztatzen bada, eta Babes Bereziko Araubidean dauden Basaespezieen Zerrendan (nazionala edo nafarra) sartutako mehatxatu gabeko espezieen talka eragiten jarraitzen badu, eta aurreko atalean adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, nahiz eta neurri aringarri gehigarriak hartu, aerosorgailua behin betiko gelditu, eta deseginen da, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitate-organoak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu beste istripurik gerta ez daitekeen baldintza berri batzuetan funtziona dezan.

2. TAULA.–AEROSORGAILU BAT ARRISKUTSUTZAT JOTZEA ERAGITEN DUTEN LESRPEKO ESPEZIEEN (MEHATXATU GABEKOAK) TALKEN KOPURUA, URTEAN

Talde taxonomikoak

Talka kop. urteko

Eguneko harrapariak (akzipitriformeak eta falkoniformeak) eta gauekoak (strigiformeak), sai arrea izan ezik

3

Sai arrea (Gyps fulvus).

5

Itsas hegaztiak (gaviiformeak, prozesilariformeak eta pelezaniformeak), uretakoak (anseriformeak, podicipediformeak, zikoniformeak eta phoenicopteriformeak), larolimikolak (txaradriiformeak), gruiformeak, pterokliformeak eta kaprimulgiformeak

5

Galliformeak, kolunbiformeak, kukuliformeak, apodiformeak, koraziformeak, piziformeak eta paseriformeak

10

Kiropteroak

5

Iragarkiaren kodea: F2209545