149. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

644E/2022 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Arguedasko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaileari buruz. Aldaketak garapen eredua zaintzeko lurzoruari eragiten dio, eta San Esteban nekazaritzako sozietate kooperatiboak sustatu du.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Arguedasko Udalak 2022ko apirilaren 28an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 12koan.

Aldaketaren xedea da garapen eredua babesteko gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren azpikategorian esplizituki sartzea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluan baimentzen diren jarduerak, Arguedasko Udal Planak berak modu orokorrean jasotzen dituenak, lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabilera motei buruzko 97. artikuluan.

Aplikazio eremua da garapen eredua babesteko lurzoru gisa sailkatutako lurzoru urbanizaezin guztia. Bizitegi gunearekin eta industria eremuarekin muga egiten duten lurrak dira, gordetzen baitira etorkizuneko hiri garapenek gaur egun dagoenarekin jarraipena eta trinkotasuna izan ahal dezaten. Lur erreserba bat direnez, ez dute epe zehatzik esleituta, eta, beraz, bizitegietarako edo jarduera ekonomikoetarako eremu berrien premiarik ikusten ez den artean, nekazaritzako lurzoru horiek eta haietan kokatutako instalazioek, beren jarduerari eutsiko diote, baimendu zen baldintzetan.

Proposatutako aldaketak ez dakar ingurumen ukipen berriak eragin ditzakeen jarduerarik sartzea. Horregatik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Arguedasko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaileari buruz, ez baitu ingurumen ukipenik sortzen. Aldaketak garapen eredua zaintzeko lurzoruari eragiten dio, eta San Esteban nekazaritzako sozietate kooperatiboak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arguedasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2209527