146. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

573E/2022 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Orbaizetako udal-mugartean Irabiako zentral hidroelektrikoan lurpeko linea elektrikoa jartzeko proiekturako. Sustatzailea Acciona Generación Renovable SA Unipersonal da.

2022ko urtarrilaren 18an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoko b) letran.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Ingurumen Eraginaren Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Kontsulta egin zaie Basoak Kudeatzeko Atalari eta Ibai Ingurunearen Atalari, eta bien erantzuna jaso da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuari buruzko txostena emateari buruz, txosten honetan ezartzen den bezala.

Proiektuaren deskribapena.

Proiektuaren xedea da Irabiako zentral hidroelektrikoaren instalazioak Agoitz-Nagore izeneko 20 kV-ebatziko aireko linearekin lotzea, lurpeko erdi tentsioko linea baten bidez. Trazadura berriarekin batera, zuntz optikoko kable bat ere jarriko da.

Proiektatutako lurpeko lineak gaur egungo 20 kV-eko aireko linea ordeztuko du. Linea horrek maiz izaten ditu gorabeherak, bere kontserbazio egoeragatik, eta eremu menditsu eta oihantsu batetik igarotzen da, non ingurumen-baldintza bereziak baitaude.

Trazadurak 6.717 metroko luzera izanen du guztira, eta Orbaizetako udal-mugartetik igaroko da oso-osorik. Horietatik, 4.025,69 m lehendik dagoen pista batetik joanen dira (legarra edo errodadurak), 1.758,35 m pistatik kanpo, eta 933,8 m hormigoizko pista batetik. Aukera hori hobetsi da 9.097,94 m-ko beste aukera luzeago baten gainetik, zeina Irabiara sartzeko hormigoizko pistatik joanen bailitzateke (7.126,26 m hormigoizko pistaren gainean, 1.681,65 m arekaren gainean eta 290,03 m pistatik kanpo), besteak beste trabak izanen liratekeelako zarata eta hautsa sortzeagatik, hondakinak sortzeagatik eta komunikabideak eta drainatze-azpiegiturak ukitzeagatik.

Zangek 0,85 m-ko sakonera eta 0,40 m-ko zabalera izanen dute, eta 3 m-ko zabalerako kale bat beharko da obrek irauten duten bitartean makinak pasatzeko.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Pistatik kanpo igarotzen diren 1.758 metroetan, Orreaga-Iratiko oihana KBEan eta HBBEan sartutako larre, sastraka, iratzedi eta pagadiak ukituko ditu proiektuak. Pagadian, trazaduraren zati handi bat soilguneetatik, lehendik dauden bideetatik eta igarobideetatik joanen da, beharrezkoak diren makinak igaro daitezen eta zuhaitzak ukitu gabe egin dadin zanga. Tarte batzuetan, bestalde, zura ateratzeko bideak aprobetxatuta joanen da zanga, eta/edo hesiekin paralelo joanda. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusten da zenbait pago moztea.

Gainera, hiru erreka gurutzatuko dira puntu hauetan:

ERREKA

LUZERA, GURUTZAMENDUA
(m)

UTM KOORDENATUAK

X

Y

Erlan erreka

5

649474

4761162

Iron erreka

5

647421

4761835

Mendiko erreka

5

644925

4,761827

Lurpeko lineak Mendiko erreka gurutzatzen duen puntua KBEtik kanpo dago, eta beste biak barnean.

Basoak Kudeatzeko Atalak jakinarazi duenez, proiektuak onura publikoko mendi hauek ukitzen ditu: 1 zenbakikoa (Aezkoa), Aezkoako Batzarre Nagusiaren jabetzakoa, eta 177 zenbakikoa (Lauzaran eta Larraun), Orbaizetako Udalarena. Jakinarazi du zuhaitz-eremua bat datorrela Aezkoa mendiko baso-antolamendurako proiektuko 305 a unadarekin, (Aezkoako Batzarre Nagusia da jabea). Proiektu horretan, aurreikusita dago baso aprobetxamendu bat egitea hemendik gutxira. Ohartarazten da zura ateratzeak eragina izan dezakeela linearen lurperatze-sakoneran. Trazadura, era berean, sastrakadiz, larrez eta zuhaitz gutxi batzuez estalitako muinoetatik igaroko da. Eremu horretan larreen mantentze-lanak egiten dira aldizka; izan ere, belar-sastrakak kentzen eta erreketak egiten dira. Bestalde, ura eramaten da putzuetatik urasketara, eta ez dakigu horrek zer eragin izan dezakeen. Bi jarduera horiek hezetasun gutxiko garaietan egiten dira; beraz, traktoreen joan-etorriek eta suak ez liokete lurpeko lineari eragin behar.

Ibai Ingurunearen Atalak jakinarazi du Erlan errekan Pirinioetako igela dagoela (Rana pyrenaica). Espezie kaltebera hori funtsezko elementua da KBEan, eta, beraz, neurriak hartu beharko dira espeziea ez ukitzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako determinazioak betetzen badira.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1.º Orbaizetako udal-mugartean Irabiako zentral hidroelektrikoan lurpeko linea elektrikoa jartzeko proiektuak, zeina Acciona Generación Renovable SA Unipersonal enpresak sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez zaio ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Pilatzeko eremua eta obrak egiteko makinen joan-etorriena ezinbestekoa baino ez da izanen, eta lanak hasi aurretik lekuan bertan argi eta garbi mugatuko dira. Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta kokatzea ere makinak ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan (erreketatik hurbil, etab.).

–Onura publikoko mendia okupatzean, okupazioa baimentzeko prozedura egin behar da, 59/1992 Foru Dekretuaren 50.etik 52.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa.

–Irtenbideak eman beharko dira azpiegitura horrek eragin ez diezaien mendiaren egungo erabilerei (basogintzari eta larreei).

–Pagadian zanga sakonagoa izanen da, ahal den neurrian, eta mugarriekin seinaleztatuko da, gatazkarik izan ez dadin aurreikusitako baso aprobetxamenduekin.

–Erlan errekan, gurutzatze-puntutik ibaian gora (Erlan zubian), Pirinioetako igelaren laginketak egiten dira urtero. Hori kontuan hartuta, prospekzio finagoak egin beharko dira gurutzatze-puntuan espeziearen presentzia detektatzeko edo ez. Hala badagokio, neurriak hartu beharko dira umatze-aldian espeziea ez ukitzeko, eta ez da erreka ukitzen duen jarduketarik eginen azaroaren 15etik abuztuaren 15era bitartean.

–Lurperatzeko azpiegiturak, instalatu ondoren ibilguan inolako kalterik egin ez dezaten edo oztopo izan ez daitezen, behar bezain lurperatuta egonen dira. Goiko kota, gutxienez, 80 cm-ko sakoneran egonen da, eta ibilguaren ohea behar bezala lehengoratuko da lanak amaitu ondoren.

–Lanak egitean, ahalik eta gutxien kaltetuko dira ibaiertzeko landareak eta ezpondak, eta behar bezala lehengoratu beharko dira, lanak amaitu ondoren.

–Ahal dela, ez da ibiliko putzuz betetako bideetan edo euriteen ondoren. Neurriak hartuko dira malda handiko eremuetan higadura minimizatzeko.

–Kendu beharko dira zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak (oraingo linearen euskarri zaharrak barne).

–Sortutako hondakin guztiak indarrean dagoen legeriaren arabera tratatuko dira.

–Lehengoratu beharko dira lanek aldatutako eremu guztiak, bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne.

–Abisua eman beharko zaio Aezkoa-Kintoko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari (gmaaezkoa@navarra.es) zuinketa egin aurretik, obrak gainbegiratzeko eta zuhaitzak markatzeko.

–Obra egin ondoren, abisua eman beharko zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es), espedientearen kodea aipatuz.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3.º Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4.º Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.º Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Basoak Kudeatzeko Atalera, Ibai Ingurunearen Atalera, Orbaizetako Udalera eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalera (Aezkoa-Kintoa).

Iruñean, 2022ko ekainaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2209131