146. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2022 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, prozedura abiatzen duena Larragako Memoriaren Parkeko “Memoriaren alde” eskultura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Zehazki, legearen 2.2 artikuluak honako hau ezartzen du: “[...] Era berean, Nafarroako memoria historikoaren tokia da halakotzat deklaratu eta inskribatutako edozein toki, zeina, gertaera haiekin lotura zuzen eta historikorik izan gabe ere, biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, instituzioek eta administrazio publikoek gerora sortu baitute errepresio haren biktimentzako oroimen, aitortza eta erreparazio gisa. [... ]” Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, hasiera eman dio Larragako Memoriaren Parkeko “Memoriaren alde” eskultura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari, uste duelako halakotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituela. Eskultura-monolitoan legenda bat dago: “Por la memoria”. Bertan, Larragaren izena agertzen da, bai eta Erdialdeko herri horretako bizilagunak fusilatu zituzten herri eta toki guztiena ere: Artaxoa, Bardea, Etxauri, Faltzes, Ibero, Iruñela, Legarda, Undio, Villatuerta edo Zizur. Maravillas Florecica de Larraga Larragako Memoria Historikoaren Defentsarako Elkarteak sustatu zuen. Elkarte horrek Maravillas Lamberto 14 urteko gazte larragarraren izena darama, zeina bortxatu eta erail baitzuten, eta, hilketa krudel hura zela kausa, matxinatuek etsaitzat jo zituztenen aurka erabilitako indarkeria basatiaren sinboloetako bat bihurtu da. Eskultura hori Larragako Memoriaren Parkearen erdian dago. 2012ko apirilaren 28an inauguratu zuten parkea, 1936ko uztaileko estatu-kolpearen ondorengo garbiketa politikoan hildako herriko 46 bizilagunen oroimenez.

Hori horrela, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatzen du Larragako Memoriaren Parkeko “Memoriaren alde” eskultura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea eta hala inskribatzea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan.

Adierazitakoarekin bat, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura abiatzea Larragako Memoriaren Parkeko “Memoriaren alde” eskultura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2022-0003 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes-araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Memoriaren Institutura, eta jakinaraztea Larragako Udalari eta Maravillas Florecica de Larraga Larragako Memoria Historikoaren Defentsarako Elkarteari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Aipatutako epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2022ko ekainaren 30ean.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Larragako Memoriaren Parkeko “Memoriaren alde” eskultura.

Katastroko erreferentzia:

Larraga, 2. poligonoa, 1471. lurzatia

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Eskultura.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

X: 594,460 Y: 4.713,060

Balioen identifikazioa:

Eskulturak omenaldia egiten die Larragako bizilagunak izanik 1936ko uztaileko altxamenduaren ondoren Nafarroan barna erail zituztenei, eta publikoki adierazten du norainoko basakeria izan zen altxatuek hasitako garbiketa politikoarengatik, eta gonbidapena egiten du hausnarketa kritikoa egitera krimen haiek justifikatu zituzten printzipioen inguruan.

Titulartasuna:

Lur-eremuaren jabea:

Larragako Udala.

NANa/IFK: P3114100E.

Eskulturaren jabea:

Maravillas Florecica de Larraga Larragako Memoria Historikoaren Defentsarako Elkartea.

NANa/IFK: G71169650.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak.

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Zaintzeak bere baitan hartzen du elementu eskultorikoak eta seinaleak zaintzea eta mantentzea.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako memoriaren tokien mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak.

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F2209641