146. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2022 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, prozedura abiatzen duena Iruñeko bizilagun fusilatuen omenezko plaka Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Zehazki, legearen 2.2 artikuluak honako hau ezartzen du: “[...] Era berean, Nafarroako memoria historikoaren tokia da halakotzat deklaratu eta inskribatutako edozein toki, zeina, gertaera haiekin lotura zuzen eta historikorik izan gabe ere, biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, instituzioek eta administrazio publikoek gerora sortu baitute errepresio haren biktimentzako oroimen, aitortza eta erreparazio gisa. [... ]” Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, hasiera eman dio Iruñeko bizilagun fusilatuen omenezko plaka Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari, uste duelako halakotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituela. 1936ko uztailaren 19an Iruñean kolpe militarra gailendu ondoren, sekulako indarkeriaz eraso zitzaien sektore disidente guztiei, eta horren adierazpen nagusi eta latzenetako bat izan zen milaka oposiziogile atxilotu eta espetxeratu zituztela. Iruñeko Udalak 2017an Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsari eskatutako txostenaren arabera, 310 dira erail zituzten hiriko bizilagunak, ia guztiei inolako prozedura judizial edo sasijudizialik egin gabe. Polizia-kidegoek edo erreketeen eta falangisten milizia paramilitarrek atxilotu zituzten, eta gehienak hiriburuko atxiloketa zentroren batetik igaro ziren indarkeriaz hil baino lehen, justifikazioa zela beren militantzia politikoa edo sindikala edo harrapatzaileek egoztea altxamenduaren aurka zeudela.

Plaka eta monolito horiek Iruñeko Udalak jarri zituen 2012ko martxoan, fusilatuei aitorpen esplizitua egitea eskatu zuen mozio bat betez. Mozioa Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak sustatu zuen, eta Iruñeko Udalak 2011ko irailaren 16an egindako osoko bilkuran onetsi zen. Gaztelugibela aukeratu zen, daukan sinbolismoagatik, nahiz eta bertan ez zituzten hil pertsona gehienak. Monolitoak duen plakan inskripzio hau irakur daiteke: “El Ayuntamiento y la ciudad de Pamplona, como homenaje a los 298 vecinos fusilados en 1936 por defender la libertad y la justicia social - Iruñeko Udalak eta Iruña hiriak eskainia, 1936an askatasuna eta justizia soziala defendatzeagatik fusilatutako 298 iruindarren omenez”.

Hori horrela, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatzen du Iruñeko bizilagun fusilatuen omenezko plaka deklaratzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea.

Adierazitakoarekin bat, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura abiatzea Iruñeko bizilagun fusilatuen omenezko plaka Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2022-0002 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzak jasota.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes-araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Memoriaren Institutura, eta jakinaraztea Iruñeko Udalari, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Aipatutako epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2022ko ekainaren 30ean.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Iruñeko bizilagun fusilatuen omenezko plaka.

Katastroko erreferentzia:

2. poligonoa, 1115. lurzatia.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Monolitoa eta plaka.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

X: X: 610,299 Y: 4.740,634

Balioen identifikazioa:

1936ko kolpe militarraren ondorioz erail zituzten Iruñeko 298 bizilagunak (310 dira, azken ikerketen arabera) omentzeko plakak publikoki adierazten du norainoko basakeria izan zen hirian altxatuek hasitako garbiketa politikoarengatik, eta gonbidapena egiten du hausnarketa kritikoa egitera krimen haiek justifikatu zituzten printzipioen inguruan.

Titulartasuna:

Lur-eremuaren jabea:

Iruñeko Udala.

NANa/IFK: P3120100G.

Plakaren eta monolitoaren jabea:

Iruñeko Udala.

NANa/IFK: P3120100G.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak.

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Zaintzeak bere baitan hartzen du elementu eskultorikoak eta seinaleak zaintzea eta mantentzea.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako memoriaren tokien mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak.

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F2209640