146. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2022 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, prozedura abiatzen duena Iruñeko atxiloketa zentroen memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Zehazki, legearen 2.2 artikuluak honako hau ezartzen du: “[...] Era berean, Nafarroako memoria historikoaren tokia da halakotzat deklaratu eta inskribatutako edozein toki, zeina, gertaera haiekin lotura zuzen eta historikorik izan gabe ere, biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, instituzioek eta administrazio publikoek gerora sortu baitute errepresio haren biktimentzako oroimen, aitortza eta erreparazio gisa. [... ]” Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, prozedura hasi du Iruñeko atxiloketa zentroen memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko, uste duelako halakotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituela. 1936ko uztailaren 19an Iruñean kolpe militarra gailendu ondoren, sekulako indarkeriaz eraso zitzaien sektore disidente guztiei, eta horren adierazpen nagusietako bat izan zen milaka oposiziogile atxilotu eta espetxeratu zituztela. Nafarroako Memoriaren Institutuak Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsari eskatutako txostenean, argi eta garbi azaltzen da norainokoa izan zen 1936-1945 aldiko espetxeratzea. Iruñean hamazazpi espetxe identifikatu dira, lau kategoriatan sailkatuta: polizia-etxeak eta kuartelak, espetxeen unibertsoa, atxiloketa zentro inprobisatuak eta kontzentrazio-esparruen unibertsoa. Oraingoz ezin bada ere doitasunez zehaztu atxilotutako guztien kopurua, kalkulatzen da gutxienez 15.000 eta gehienez 20.000 pertsona izan zirela: 7.300 preso baino gehiago Presondegi Probintzialean, 6.000 preso baino gehiago San Kristobal Gotorlekuan eta 6.800 preso baino gehiago kontzentrazio-esparruetan. 1939an bakarrik, 12.000 pertsona inguru egon ziren itxian Iruñean, 50.000 biztanle inguru zituela.

Ikusita errepresio modalitate horren egundoko norainokoa eta zenbat eta zenbat tokitan gauzatu zen forma desberdinetan, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu zuen atxiloketa zentroen memoriagune bat sortzea, eta, horretarako, artista gazteen arteko lehiaketa baterako deialdia egin zuen 2020an. Lehiaketa hori Alberto Odériz eskultoreak aurkeztutako Hipogeo proposamenarekin ebatzi zen. Memoriagunea Iruñeko Udalak utzitako toki batean altxatuko da. Toki horrek hurbil dauzka hiriko espetxe entzutetsuenetako bost: Gerra Batzorde Karlistak Eskolapioen ikastetxean zuen behin-behineko atxiloketa zentroa eta Falangeak Salestarren ikastetxean zuena; zezen plazako eta Mesedeetako komentuko kontzentrazio-esparruak; eta udal-gordailua edo zakurtegia. Hortik, orobat, San Kristobal Gotorlekuko espetxea ikusten da, Ezkaba mendian. Memoriagunea topagune bat da, eta haren eraikuntzan, atxiloketa zentro horietan egon ondoren eraildako preso ugariren hilobietatik hartutako lurra erabili da.

Hori horrela, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatzen du Iruñeko atxiloketa zentroen memoriagunea memoriaren toki deklaratzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea.

Adierazitakoarekin bat, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT

1. Prozedura abiatzea Iruñeko atxiloketa zentroen memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan prebentziozko haren idatzoharra egitea, LM-2022-0001 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzak jasota.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes-araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Memoriaren Institutura, eta jakinaraztea Iruñeko Udalari, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Aipatutako epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2022ko ekainaren 30ean.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Iruñeko atxiloketa zentroen memoriagunea.

Katastroko erreferentzia:

Iruñea, 2. poligonoa, 1129. lurzatia.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Hipogeo eskultura.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

–1.51632,43.14623,199.

–1.516295,43.146248,199.

–1.516307,43.146257,199.

–1.516332,43.146249,199.

–1.51632,43.14623,199.

Balioen identifikazioa:

Iruñeko atxiloketa zentroen memoriaguneak gogora ekartzen du zenbateko eragin izugarria izan zuen 1936ko estatu-kolpearen ondorengo errepresio-modalitate ohikoenetako batek: espetxeratzea. 15.000 pertsonatik 20.000ra bitarte egon ziren preso hirian 1939-1945 bitartean, eta horietako asko eramankizunengatik hil ziren edo hiltzeko atera zituzten espazio horietatik. Memoriagunea, herritarrek okupatzeko espazio bat, inoiz gertatu behar ez zen iragan tragiko bati buruz hausnartzeko leku bat da.

Titulartasuna:

Lur-eremuaren jabea:

Iruñeko Udala.

NANa/IFK: P3120100G.

Eskulturen jabea:

Nafarroako Gobernua.

NANa/IFK: S7124930D.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak.

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Zaintzeak bere baitan hartzen du elementu eskultorikoak eta seinaleak zaintzea eta mantentzea.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako memoriaren tokien mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak.

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F2209639