146. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9467E/2022 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruko dirulaguntza hauen oinarri arautzaileak: “Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak”. DDBN identifikazioa: 601551

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 31ko 5634E/2021 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza publiko batzuk emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren, “Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak” izeneko inbertsioak finantzatzeko.

Diruz lagundutako proiektuen exekuzioa abiatu ondoren, zehaztu beharreko zenbait kontu atzeman dira, finantzatutako proiektuaren garapenean okerreko interpretazioak ekidinen badira. Kontu horiek parte hartzeagatik ordaindutako pizgarriei dagozkie, ekintzak telematikoki garatzen diren kasuetarako, bai eta proiektuan garatutako ekintzen barruan finantzatutako garraiorako laguntzei ere. Halaber, dirulaguntzaren zenbatekoari buruzko 7. oinarrian zehaztu dira gehieneko zenbatekoak, gara daitezkeen ekintzen arabera. Azkenik, luzatu dira hala proiektuaren justifikaziorako nola konturako ordainketetarako epeak. Hori dela eta, bidezkoa da aipatu deialdiko 5., 7. eta 14. oinarrietako apartatu batzuk aldatzea.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lehen aipatutako deialdiaren oinarri arautzaile hauek aldatzea (aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak):

–5. oinarrian, 5.2.i) oinarriko 1 eta 2 zenbakiak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“i) Pertsonek proiektuan parte hartzeko pizgarriak, egindako ibilbide pertsonalizatuaren ondorio denean. Parte-hartzailearengan atzematen dituen beharren arabera, erakunde onuradunak laguntza ekonomikoak edukitzen ahalko ditu programan parte-hartzea errazteko. Ekintza horiek honako hauek izan daitezke:

1. Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo 2. mailara arteko mendetasuna duen senideren bat duten langabeak izan daitezke laguntza honen onuradun.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen ehuneko 75ekoa izanen da, ikaslea erakundeak proposatutako ekintzetara bertaratzen den egun bakoitzeko. Ekintzak taldeka egiten badira online, kontuan hartuko dira aldi berean egiten badira soilik.

2. Garraiorako eta ostaturako laguntzak.

I.–Garraiorako laguntza.

Erakundeak proposatzen dituen jarduketetara joaten direnek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza edukitzeko. Pertsonek zer enplegu agentziatan emana duten izena, horko datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan.

Erakundeak proposatzen dituen orientazioko edo/eta prestakuntzako jarduketetara joateko hiri garraio publikoa erabiltzen badute, eskubidea izanen dute 1,5 euroko gehieneko laguntza jasotzeko, ikastaroko eta asistentzia-eguneko.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, erakundeak proposatutako ekintzetara joaten diren egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek erakundeak proposatzen dituen orientazioko edo/eta prestakuntzako jarduketetara joateko egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro erakundeak proposatutako ekintzetara joaten diren egun bakoitzeko.”

–7. oinarrian, 7.2. oinarriko a) eta b) letrak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“2. Dirulaguntzaren finantzaketa osoa dagokion emate-ebazpenean zehaztuko da, proiektuak dituen parte-hartzaileen kopuruaren, egindako ekintzen, emandako prestakuntza-orduak eta parte-hartzeko pizgarrien aurreikuspenaren arabera, eta moduluaren zenbatekoa honela banatuko da:

a) Parte-hartzaileek 5.2 oinarriko g) letran jasotako lanbide kualifikazioko edo eguneratze profesionaleko prestakuntzako ekintzak egiteagatik, 1.200 euro emanen dira gehienez pertsona bakoitzeko; zenbateko hori kalkulatzeko 12 euro orduko modulua kontuan hartu da.

b) 5.2 oinarriko a), b), c), d), e), f) eta h) letretan jasotako orientazio eta laguntza ekintzetarako, 3.000 euro emanen dira gehienez ere arreta jaso eta ibilbidea amaitzen duen pertsona bakoitzeko. Zenbateko hori kalkulatzeko 25 euro orduko modulua kontuan hartu da, banakako ekintzak direnean; taldekako ekintzetarako, aldiz, 12 euro orduko modulua.”

–14. oinarrian, 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“14.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Proiektuaren %40 gauzatu eta gero, erakundeak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, gauzatze-memoria tekniko bat aurkeztuta; eredu ofiziala erabili beharko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuragarri dagoena. Konturako bi ordainketa eskatzen ahalko dira gehienez, eta guztira ezin izanen dute emandako zenbatekoaren %80 gainditu. Konturako ordainketa hori eskatzeko azken eguna 2023ko ekainaren 30a da.

2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, erakunde onuradunak, hilabeteko epean proiektua amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2023ko irailaren 30a baino lehen, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita; eredu ofiziala erabili beharko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuragarri dagoena. Memorian sartu beharrekoak:”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko ekainaren 24an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2209396