145. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Aldaketa, Eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2022ko martxoaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa, Eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan (2022ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean).

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orkoienen, 2022ko ekainaren 23an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

ERAIKINAK BIRGAITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da arautzea Orkoiengo Udalak ezarritako laguntzak birgaitzeko bere udal-mugartean dauden eraikinak.

Laguntza hauen helburua da diruz laguntzea birgaitzeko obrak, inguratzaile termikoa, oztopo arkitektonikoak kentzea, igogailua jartzea, etab., etxebizitza kolektiboko eraikinetan, legez eratuta dauden bizilagunen erkidegoetan.

Laguntza hauen bidez, auzotarrei lagundu nahi zaie haien bizi-kalitatea hobetzen eta, aldi berean, egoera ahulenean dauden biztanleria sektoreak biziberritzen, horrela sustatuz handitu dadila etxebizitzen barreneko erosotasuna, hobekuntza estetikoa, irisgarritasuna eta etxebizitzen eta horien auzoen balioa.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Udalaren babesaren xede diren obrak etxebizitza kolektiborako eraikinetan egiten diren jarduketei dagozkie soil-soilik:

2.1. Eraikinaren egitura egokitzea; hemen sartzen dira eraikinari eraikuntza aldetik behar diren segurtasun baldintzak emanen dizkioten obrak, bermatzearren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna.

2.2. Eraikinaren egokitzapen funtzionala, halakotzat harturik honako hauei dagokienez behar adina baldintza ekartzen dituzten obrak: estalkia (euriaren eta hezetasunaren kontrako iragazgaiztasuna...), fatxadak (estaldura, kanpoko arotz lana, isolamenduak...), sarbideak (ataria, igogailua eta eskailera kaxa), instalazio orokorrak eta segurtasun neurriak.

2.3. Egiturazko egokitzapeneko edo egokitzapen funtzionaleko obra guztiak, babespeko jarduketaren xede izan daitezkeen eraikinei erantsitako elementu komunetan egiten direnak.

2.4. Eraikineko edo etxebizitzako oztopo arkitektonikoak ezabatzea.

3. artikulua. Baldintzak.

3.1. Jarduketa babesgarritzat hartua izateko, eraikinak bete behar ditu honako baldintza hauek:

a) Etxebizitza kolektiboaren erabilera izatea.

b) 25 urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea, oztopo arkitektonikoak kentzeko jarduketetan izan ezik.

c) Bat etortzea hirigintzan indarrean dauden araudiak eta planeamenduak ezarritakoarekin.

3.2. Udalaren babesetik kanpora utzi dira:

a) Familia bakarreko etxebizitzetan eginiko jarduketak, etxebizitza bakartua izan nahiz etxebizitza atxikia izan, eta nagusiki etxebizitzetarako erabiltzen ez direnetan eginikoak.

b) Barne hustuketa, fatxadak eraistea, bolumena handitzea edo azalera eraikia handitzea dakarren jarduketa.

c) Udalaren zerbitzu eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen obrak egiten ez dituen jarduketa.

d) Barneko akaberak edo hobekuntza lanak dakartzaten jarduketak.

4. artikulua. Laguntzak.

Udal honek ezartzen dituen laguntzek xede izanen dituzte aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak.

%25eko dirulaguntza, jarduketa babesgarriari dagokion aurrekontuaren gainean, eta gehienez ere 12.000 euro atari bakoitzeko, baldin aurrekontua 300 euro baino gehiago bada etxebizitza bakoitzeko, egiturazko egokitzapeneko kasuetarako edo/eta egokitzapen funtzionaleko kasuetarako, edo obra osoa 3.005,06 euro baino gehiago bada, oztopo arkitektonikoak kendu behar direnetan, horretarako aurrekontuko kontsignazioa agortu arte.

Jarduketa babesgarriak barnean hartuko ditu proiektuaren idazketa, obra zuzendaritza eta segurtasun eta osasun arloetako koordinazioa.

5. artikulua. Onuradunak eta laguntzak hartzea.

5.1. Laguntzen onuradun izan daitezke jarduketa babesgarrien sustatzaile diren jabeen erkidegoak (aurrerantzean, JE), adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Erkidegoek beren zuzendaritza organoen bidez eskatuko dituzte laguntzak, kasuan kasuko justifikazio-agiriak aurkeztuta. Horretarako, aldeko txostena egin beharko du udal zerbitzu eskudunak aldez aurretik.

5.2. Laguntzak behin betikoak izanen dira obrak amaitu ondoren; beraz, ez-betetzeren bati antzemanez gero, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da, beste mota bateko ekintzei ekiteko aukera baztertu gabe.

5.3. Laguntza ekonomikoa JEei emanen zaie.

II. eranskinean arautuko da zer dirulaguntza jaso dezaketen JEarekin dituzten betebeharrei aurre egin ezin dieten jabeek, baliabide ekonomikorik ez izateagatik.

6. artikulua. Laguntzen tramitazioa.

6.1. Laguntzak eskatu beharko dira obra lizentzia eman eta urtebeteko epean, gehienez ere.

6.2. Eskatzen diren laguntzek aurrekontuan horretarako kontsignatu den dirua baino gehiago egiten badute, Udalak hautatzen ahalko ditu diruz lagun daitezkeen jarduketak, beharraren eta premiaren arabera; halakoetan, kasuan kasuko ekitaldian laguntzarik eskuratu ez duten jarduketek, besterik gabe, erabateko lehentasuna izanen dute hurrengo ekitaldian.

6.3. Udalak laguntza eskaerak ebatziko ditu, eta ebazpenaren berri emanen die eskatzaile guztiei, diruz lagun daitezkeen jarduketak egiteari buruzko erabakia har dezaten.

7. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Orkoiengo Udala da laguntzak jaso nahi dituztenek ematen dituzten datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Tratamenduaren xedea da kudeatzea ordenantza honetan araututako laguntzak.

Tratamendua ahalbidetzen duen lege-oinarria da 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.e artikulua (interes publikoaren aldeko misio bat betetzea), bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (NafarroakoToki Administrazioari buruzkoa) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin.

Ez da datu pertsonalen jakinarazpenik eginen Udalak ez badio legezko betebehar bati erantzun behar. Helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira datuak, eta, ondoren, datuak eta artxiboak babesteko araudiaren ondoriozko erantzukizunei erantzuteko. Aplikatuko dira Artxibo eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legea eta ekainaren 14ko 51/2016 Foru Agindua.

Titularrek eskubidea izanen dute, legez ezarririk dauden kasuetan, datuetara irispidea izateko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamenduari aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko, eta datuen eramangarritasun-eskubidea ere izanen dute. Horretarako, Udalaren bulegoetara jo dezakete (bertan emanen dizkiete erabiltzeko ereduak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera jo dezakete (delegadoprotecciondatos@orkoien.com). Halaber, eskubideak balia ditzakete egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteko izapideak).

Uste badute tratamendua ez datorrela bat indarrean dagoen araudiarekin, erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd) edo datuak babesteko ordezkariaren aurrean, lehen adierazitako helbidean.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago gardentasun atarian http://orkoien.com/PTRANSPARENCIA/index.php?idi=2.

I. ERANSKINA

Orkoiengo Udalaren laguntzak, etxebizitza kolektiboko eraikinak birgaitzeko

JEak eraikinean sustatutako obra komunetarako ezarritako udal laguntzak eskuratzeko, frogatu behar da betetzen direla aipatzen diren baldintzak Eraikinak birgaitzeko laguntzen udal ordenantzan eta indarrean dagoen gainerako araudian.

Udalaren laguntza tramitatzeko dokumentazioa:

1.–Udalaren laguntzarako eskabidea (III. eranskina).

2.–JEaren ordezkariaren NANa.

3.–JEaren IFZ.

4.–JEaren banku-kontuaren zenbakia.

5.–JEaren erabakia, non bilduko baitira, gutxienez:

–JEak bere gain hartutako obrak.

–Ordezkariaren izendapena.

–Jabe bakoitzak aipatutako obren guztizko kostuan duen partaidetzaren ehunekoa.

6.–Jarduketa babesgarriari dagozkion obren aurrekontua eta proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta segurtasun eta osasuna koordinatzeko ordainsarien aurrekontua, zergak kanpo.

II. ERANSKINA

Laguntza berezien erregulazioa, zaurgarritasun egoeran daudenentzat

1. Laguntza berezi hauek zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden familia-unitateentzat dira, Orkoiengo bizitegi eraikin kolektiboetarako (pisuak) eta instalazioen jabeen erkidegoetarako, baldin eta inguratzaile energetikoa gauzatzeko jarduketak egitea erabakitzen badute, oztopo arkitektonikoak kenduta edo kendu gabe eta energia berriztagarriak sartuta edo sartu gabe.

2. 2.–ERREGEROSNA indizea hartu da erreferentzia gisa zaurgarritasun egoeretarako laguntzak aplikatzeko irizpideak ezartzeko.

3. Eranskin honen 1. dokumentuko taulan jasotzen dira etxebizitzako bizikidetza-unitatearen egoera zaurgarria eta egoera zaurgarri larria. Taula urtero eguneratuko da.

Gizarte Zerbitzuek ziurtatuko dituzte familia-unitate eskatzaile bakoitzaren zaurgarritasun egoerak.

Dagokion laguntzaren ehunekoa zehazteko, 1. dokumentuan kontuan hartuko dira zerga-oinarriaren zati orokor gisa adierazitako diru-sarrerak, eskabidearen datan aurkezteko epea bukatua duen zergaldian lortutakoak, gehituta PFEZaren aitorpenean tributaziotik salbuetsitako errentak.

ZAURGARRITASUN EGOERAN DAUDENENTZAKO LAGUNTZA BEREZIAK

Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza bereziak.

Laguntza zuzenean ordainduko zaio jabeen erkidegoari.

Egoera zaurgarri larria, 1. eranskinaren arabera

Egoera zaurgarria, 1. eranskinaren arabera

Dirulaguntzaren muga etxebizitzako

Dirulaguntzaren muga etxebizitzako

Inguratzaile energetikoa, oztopoak kentzea eta instalazio orokorrak hobetzea

6.000 euro

3.000 euro

Inguratzaile energetikoa eta instalazio orokorrak

3.000 euro

2.000 euro

Oztopoak kentzea

3.000 euro

2.000 euro

Hobetzea instalazio termiko zentralizatuen efizientzia, erregulazioa eta kontrola

1.600 euro

1.000 euro

Energia berriztagarriak jartzea

1.000 euro

600 euro

4. Jabeen erkidegoak –jarduketaren sustatzailea da– jasoko du zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza berezia, nahiz eta eskaera egin etxebizitzan bizi den familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen arduradunak. Laguntza erabiliko da, oso-osorik, murritz dadin laguntza eskatu duen jabeari edo gozamendun eskatzaileari esleitutako obraren kostua.

Laguntza hori eman dela aldi berean jakinaraziko zaie familia-unitate eskatzaileari eta jabeen erkidego onuradunari.

5. Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza bereziak eskatu nahi dituzten familia-unitateek bete beharreko baldintzak.

Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza bereziak eska ditzakete familia-unitateek edo gozamendunek, jabeen erkidego bateko parte izanik behartuta daudenek ordenantza honen 1. artikuluan deskribatutako jarduketaren bateko kostuetan parte hartzera, betiere horretan jasotako betekizunak betez. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Etxebizitzan modu ohikoan eta iraunkorrean bizitzea, eta bertan erroldatuta egotea.

–Familia-unitatea ez izatea birgaitu beharreko eraikinean dagoen etxebizitza ez den beste baten jabe edo gozamendun bakarra.

–Udal zergak ordainduta izatea eta ordaindu gabeko inolako zorrik ez izatea Orkoiengo Udalarekin.

–Udalari berariazko baimena ematea (2. dokumentua) Jabetzaren Erregistroan orri-bazterreko oharra inskribatzeko, adierazteko laguntza honen onuradun izan dela eta laguntza itzultzera behartuta dagoela laguntza ematen denetik 5 urte igaro baino lehen kostu bidezko inter vivos transmisioa edo lagapena egiten bada.

6. Interesdunek eskaerak aurkeztu beharko dituzte udal erregistroan, honako agiri hauekin batera:

a) Laguntza berezia eskatzeko eskabide orokorra (eranskin honen 4. dokumentua), jabeen erkidegoak izapidetutako obra lizentziari erreferentzia eginda.

b) Eskatzailearen NANa.

c) Erregistroko ohar soila.

d) PFEZaren azken aitorpena, baita salbuetsitako errenten ziurtagiriak ere.

e) Aitortutako desgaitasunaren ziurtagiria. (baldin bada).

f) Genero indarkeriaren biktima izatearen froga. (Baldin bada).

g) Terrorismoaren biktima izatearen froga. (Baldin bada).

h) Menpekotasun egoera. (Baldin bada).

i) Familia-liburua edo familia ugariaren txartelaren kopia. (Baldin bada).

j) 2. dokumentua sinatuta, Udalari berariazko baimena emateko Jabetzaren Erregistroan oharra inskribatu dezan, adierazteko laguntza honen onuradun izan dela eta laguntza itzultzera behartuta dagoela, baldin kostu bidezko inter vivos transmisioa edo lagapena egiten bada laguntza ematen denetik 5 urte igaro baino lehen.

k) Honako kontzeptu hauek jasotzen dituen zinpeko deklarazioa (3. dokumentua).

–Beste etxebizitza baten jabe edo gozamendun ez izatea.

–Ez jasotzea PFEZn aitortutako diru-sarrerez eta aitortutako errenta salbuetsiez gain beste diru-sarrera batzuk, zeinak osotara eta urtean diren 500 euro baino gehiago.

–Familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen osaera.

1. dokumentua.

Familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen sarreren estimazioa egiteko, sarrera hauen batura hartuko da kontuan:

1. Azken ekitaldiko PFEZaren urteko aitorpenean jasotakoak, zerga-oinarriaren zati orokorraren kontzeptuan.

2. Tributatzetik salbuetsita dauden jasotako errentak.

Zaurgarritasun egoerentzako laguntza bereziak.

Laguntza guztiak zuzenean ordainduko zaizkio jabeen erkidegoari.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. dokumentua: Udalarentzako baimena.

3. dokumentua: zinpeko deklarazioa.

4. dokumentua: zaurgarritasun egoerentzako laguntzen eskaera.

Deskargatu 2., 3., eta 4. dokumentuak (PDFa).

III. ERANSKINA

Zaurgarritasun egoerentzako laguntza bereziak ordaintzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2209226