145. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9468E/2022 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2022ko gastua onesten duena enplegu zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntzarako eta oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 631823.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2021. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da enplegu zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntzen deialdiko gastua baimentzea 2022. urterako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 5ean emandako 2640/2021 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Enplegu zentro bereziek nabarmen jasan dituzte COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioak. Plantillak mantentzeari dagokionez nozitutako eragina egonkortu egin bada ere, oraindik badira dirua galtzen den egoera batzuk eta arriskuan jartzen dute zentroen etorkizuneko bideragarritasuna. Horregatik komeni da enplegu zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko deialdia aldatzea, bereziki eragiteko kontuak galerekin itxi dituztenen kasuetan.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko “Enplegu zentro berezien bideragarritasunerako laguntzak” izeneko 950001 96100 4709 241120 partidaren kargura, enplegu zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntzetarako. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 2640E/2021 Ebazpenak arautu zituen dirulaguntza horiek (DDBN identifikazio zenbakia: 631823).

2. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 2640E/2021 Ebazpena, zeinaren bitartez arautzen baitira enplegu zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntzak. Ebazpena honela aldatzen da:

2.1. 2. oinarria aldatzen da, testu hau izateko:

Enplegu zentro bereziek 2021eko ekitaldian zergak aplikatu aurretik izan dituzten emaitza negatiboak finantzatuko dira, xedea izanik zentro horien bideragarritasuna hobetzen laguntzea eta haietan zerbitzuak ematen dituzten desgaitasuna duten langileen lanpostuei eutsi ahal izatea.

2.2. 3. oinarria aldatzen da, testu hau izateko:

Dirulaguntza enplegu zentro bereziak 2021eko ekitaldian zergak aplikatu aurretik izan duen emaitza negatiboaren %45 izanen da, 180.000 euroko mugarekin.

2.3. 5. oinarriko 2.a) eta 3.b) puntuak aldatzea, testu hau izateko:

5.2.a) Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.3.b) Galera-irabazien urteko kontua edo, bere kasuan, emaitzen kontua.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 24an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2209427