145. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

100E/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 24koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Andosillako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat (“RESA I” aztarnategi arkeologikoa), Andosillako Udalak sustatu duena.

Andosillako Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da lurzoru urbanizaezinaren kategoria berri bat definitzea (kultura-balioaren babesa: aztarnategi arkeologikoak). Kategoria horrek Andosillako 6. poligonoko 362. eta 440. lurzatiei eta 1. poligonoko 220. lurzatiei eragiten die, bai eta haien ondoan dauden bide publikoei ere. Helburua da “RESA I” aztarnategi arkeologikoa babesteko araubidea ezartzea eta hura mugatzea, haren kontserbazioa bermatzeko eta hura aztertu eta haren balioa nabarmentzeko.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 4ko 3E/2022 Ebazpenaren bidez, aldaketa honi buruzko aldeko ingurumen txosten estrategikoa egin da, eta bertan adierazi da ez duela eragin nabarmenik ingurumenaren gainean.

Ebazpen hori 2022ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Andosillako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat (“RESA I” aztarnategi arkeologikoa). Sustatzailea Andosillako Udala da.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintza-araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, espedientearen sustatzaileari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Klima Aldaketaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

4. Foru agindu hau Andosillako Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza-araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza-tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 24an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2209472