144. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXALAR

Aldaketa Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Etxalarko Udalak, 2022ko apirilaren 7an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko apirilaren maiatzaren 3an, 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

ETXALARKO MENDIKO PISTA ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Etxalarko landabide publikoen sarea etxalartar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Etxalarko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe dela, Etxalarko Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Etxalarko landabide publikoen sarearen erabilera arautuko du.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Etxalarko landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.–Bi metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzoetako bideak; gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiapenetara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek baserrietan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dutenak.

c) Baserrien arteko bideak, gehienetan baserrietako sarbideen jarraipena izaten direnak, haien artean komunikazioa izateko.

d) Pista nagusiak, mendietako halako eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, edota inguruko herrietara iristeko erabiltzen direnak. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: oihangintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza...

e) Bigarren mailako pistak, sare nagusiaren osagarri direnak, eta mendi, basoberri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dutenak.

f) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea,alegia. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

2.–Bide meharrak, 2 metro zabal baino estuago direnak: bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3.–Zugarramurdiko bidea. Etxalarko Udalak izaera berezia aitortzen dio, Etxalarko auzoetara joateko bidea baita eta aldi berean Etxalar eta Zugarramurdi herriak lotzeko bidea. Kontuan harturik gero eta gehiago direla bide hau erabiltzen dutenak Zugarramurdira joateko, Udalak azpimarratu nahi du gidariek abiadura egokitu behar dutela (betiere 25 kilometro/ordua, gehienez ere), bereziki tarte piko eta arriskutsuetan, azienda libre dabilenean edo oinezkoak daudenean, baita denbora txarra egiten duelarik ere, hori guztia istripurik ez izateko eta oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei trabarik ez egiteko.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Etxalarko Udalak zainduko du 2.1.a), b), c), d) eta e) apartatuetan zehazten diren landabide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).

2. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan definituriko landabide publikoetan, Etxalarko Udalak badaezpadako mantentze lanak baizik ez ditu eginen.

Hiru metroko zortasun-eremua errespetatuko da bidearen kanpo aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan jasotzen den gisara.

Zugarramurdiko bidean, zortasun-eremua hiru metrokoa izanen da.

Bide publikoekin eta erabilera publikoko bertze lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada Udalak eginen du eta lan horien kostua kobratuko dio partikularrari.

4. artikulua. Ibilgailu motordunak.

Orokorrean, debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, ondoko paragrafoan xedatzen dena kontuan hartuko bada ere.

Mendiko pistetan, ibilgailu motordunen zirkulazioak arau hauek izanen ditu:

1) Foru agindu honi dagokionez, oihanean den edozein bide hartuko da mendiko pistatzat, zola emanda egon edo ez egon. Ez dira mendiko pistatzat hartuko Nafarroako errepideen sarean sartuta dauden komunikabideak.

2) Bertzelako baimenik deusetan ukatu gabe, honako ibilgailu motordun hauek ibiltzen ahal dira Etxalarko mendiko pistetan:

a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak, edo landetxeekin ikusteko dutenak (jabeak eta bezeroak).

b) Oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.

c) Administrazio Publikoetako edozeinen ibilgailu ofizialak.

d) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren oihan lanetan erabiltzen diren ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, oihaneko beharrekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihan lanetan).

e) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.

f) Administrazio Publikoenak ez diren ibilgailuak baina natur guneetan zaintza-lanetan ari direnak.

g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.

h) Ehiza barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan.

i) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei sostengu egiteko ibilgailuak.

j) Onddo barrutietako bazkideen ibilgailuak, ziza eta onddo denboraldian. Horretarako, barrutiaren titularrak luzatutako egiaztagiria izan beharko dute.

5. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailuak ibil daitezke, betiere baserriaren bizimoduarekin lotuak dauden erabilera edo zerbitzuetakoak badira.

6. artikulua. Baimena, motozikleta eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunentzako, pista jakin batzuetan barna zirkulatzeko.

Udalak onetsiko du pista nagusien zerrenda bat, zeinetan barna motozikletek eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek libre izanen baitute ibiltzea.

Udalak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz une bakoitzeko goiti-beheitiak, pisten egoera edo berak ikusten duen bertze arrazoiren bat.

7. artikulua. Debekua, gainerako pistetan ibiltzeko.

Etxalarko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo baimena duten bertzelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Udalak emanen du Etxalarko pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Etxalarko herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta bertze pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

9. artikulua. Baimena, ardatz bakoitzeko 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuetarako.

Ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Etxalarko landabide publikoetan barna ibiltzeko, salbu eta 5. artikuluko 2. paragrafoan zehazten direnak badira. Baimen hori Udalak eman beharko du.

10. artikulua. Garraioa, herriko pista edo bideetatik zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetako.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduetarako betebeharrak eta kargak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira.

Ibilgailuak bide edo pista horietatik pasatuko dira, ahal bada, zama erdiarekin, bideak ahalik eta gutxien hondatzeko. Zama erditzat hartuko da 1,5 metroko altuera gainditzen ez duen zama, ibilgailuaren oinarritik neurturik.

Erabat debekaturik dago oihaneko gaiak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta gaiok behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da. Egindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain, garraiatutako oihaneko gaiek balio dutenaren halako bi joko duen isuna ordainaraziko da.

Zuraren garraioa edo makina astunen pasatzea eginen da eguraldi ona dagoenean. Hori dela eta, eguraldi ontzat joko da kamioen gurpilak lurra zapaldu eta lokatzarik egiten ez bada.

Halaber, atera beharreko lotearen balioaren %15eko fidantza jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren erreferentzia-balioen taulen arabera.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Etxalarko mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 25 kilometro orduko izanen da.

13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei egokitutako abiadura.

Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta motorretan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Udalak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu.

17. artikulua. Bideak mantentzeko laguntzak.

Udalak bideak mantentzeko laguntzak emanen ditu, ondotik adierazten diren baldintzetan:

Bideek hiru metroko zabalera izanen dute gutxienez.

Laguntzak jasotzen ahalko dituzte jendearen bizileku diren baserrietara, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenetara eta landetxeetara joateko bideek.

Bazterturik daude eraikuntza berria egin edo borda edo baserria ohiko etxebizitza egonkorra izateko moldatzen dutenak.

Proiektuak, betiere, Nafarroako Gobernuaren, Udalaren eta kasu bakoitzean interesaturiko partikularren arteko finantzaketa dagoelarik gauzatuko dira.

Halako bide batzuei dirulaguntza ematen bazaie, karga gisa izanen dute bide-zor publikoa, epe mugarik gabe izan ere.

Badaezpadako mantentze lanak, 2.1 artikuluaren a), b) eta c) apartatuetan deskribatu direnak, bidearen erabiltzaileei dagozkie; horien artean sartzen dira bidera etortzen diren materialak kentzea, hodiak eta arekak garbitzea etab.

18. artikulua. Bideen erabilera berezia.

Bideen erabilera berezia da pisu gordina 20 Tm baino handiago duten ibilgailuek egiten dutena, baserrietan edo nekazaritza eta abeltzaintzarako instalazioetan obrak egitean, etxebizitza berriak eraikitzean edo oihangintzan aritzean.

Erabilera horretarako Udalaren baimena behar da; beharrezkoa izanen da jakitea jabea edo sustatzailea nor den, kamioia zein den, zenbat tona egiten dituen eta zenbat bidaia egin behar dituen. Hartara, Udaleko langileek agerraldia eginen dute bidea erabili aitzin eta bidea erabili ondoan.

Tasa ordaindu beharko da bideen erabilera bereziagatik; haren zenbatekoa ordenantza honen I. eranskinean zehaztuko da.

Orobat, 1.000 euroko fidantza pausatu beharko da herriko etxean, erabiltzen den bidean eragiten ahal diren kalteen berme.

19. artikulua. Mugak eta fidantzak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoen arabera Udalak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

20. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

21. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarri bezala.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

I. ERANSKINA

Tasa, bideen erabilera bereziagatik

1.–Garraioa, zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetarako: dagokion administrazioak baimendutako metro kubiko bakoitzeko 1,05 euro ordainduko da.

2.–Gainerako ibilgailuak: bidean barna ibiliko den ibilgailuaren pisuaren tona bakoitzeko 1,05 euro ordainduko da.

Etxalarren, 2022ko uztailaren 5ean.–Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.

Iragarkiaren kodea: L2209843