144. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

645E/2022 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Obanosko Udal Plan Orokorra 1. poligonoko 361. eta 359. lurzatietan aldatzeari buruz. Aldaketaren sustatzailea Suescun Almacén de Sal SA da.

Obanosko Udalak 2022ko urtarrilaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 24koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da Suescun Almacén de Sal SAren instalazioak 1. poligonoko 359. eta 361. lurzatietan kokatzea, NA-6064 errepidearen kontra, Obanosko udal-mugarteak Gareskoarekin muga egiten duen tokian.

Proposatzen dena da 1. poligonoko 361. lurzatiaren sailkapena eta 359. lurzatiaren zati batena aldatzea lurzoru urbanizaezinetik industria erabilerako lurzoru urbanizagarrira, 11.475,74 m²-ko azalera osotara. Eremu horretan sartzen da, halaber, bi lurzatien arteko bidearen zati bat, bai eta NA-6064 Obanos-Gares errepideak zeharkatzen duen 199. lurzatiaren zati txiki bat ere.

Bai memoriaren agirian bai ingurumen agirian, prebentzio edo zuzenketa neurriak jaso dira. Neurri horiek determinazio xehatu gisa eraman dira industria eremu berriaren hirigintza fitxara, eta bete egin beharko dira eremua garatzen eta exekutatzen denean.

Ingurumen agirian emandako lurralde testuinguruaren azterketatik ondorioztatzen denez, nahiz eta NA-6064 errepidearen hegoaldean Donejakue bidea IKOa eta Milagro-Aezkoa errege altxonbidea igarotzen diren (trazadura bera dute), aldaketa proposamenak ez die eragiten.

Balizko arriskuei dagokienez, inguruan Robo ibaia eta Txubindoa erreka daude. Ingurumen agirian aztertutakoaren arabera, eta Robo ibaiaren uholde arriskuari buruz eskuragarri dagoen informazioan oinarrituta, eremu osoa lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago, eta 850 m² inguruko azalera baino ez dago 500 urteko uholdeen eraginpean. Eraikuntza lerroak lurzatiaren mugaraino zer distantzia bete behar den ezartzen duenez, 225 m² baino ez lirateke egonen 500 urteko errepikatze denboraren eraginpean. Prebentzio neurri gisa, berdeguneak NA-6064 errepidearen aurrean kokatzeko gomendatzen da, uholde arriskua duen eremua har dezaten.

Akustikaren ikuspegitik, proposatzen da eremu hori “industria erabilerako lurzorua nagusi den lurralde sektorea (b motako eremua)” sailkapenarekin sartzea udalerriaren zonifikazio akustikoan. Aurreikusitako erabilera kontuan harturik, proposamenaren aldeko txostena eman da.

Azpiegiturei dagokienez, inguruko bideetan zehar edo haietatik hurbil igarotzen dira hidrokarburo, hornidura eta saneamendu sareak, eta gainera jarduerak hobi septiko bat du; beraz, ez da aurreikusten ingurumen ukipen berririk. Goi tentsioko aireko linea batek eremua zeharkatzen du eta, ondorioz, haren bi alboetan gutxienez 5 m-ko zabalerako zortasuna dago hiriguneetan.

Aldaketan hartutako beste neurri bat da eremu lauenetan kokatzea etorkizunean ezarriko diren eraikuntza jarduerak; horrela, lurzatiaren iparraldea saihestuko da, han topografia zertxobait malkartsuagoa baita.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txosten baldintzatua eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Obanosko Udal Plan Orokorra 1. poligonoko 361. eta 359. lurzatietan aldatzeari buruz, Suescun Almacén de Sal SAk sustatuta, kontuan harturik aldaketak ez duela ingurumen ondorio nabarmenik izanen, baina ondoko baldintza hauek gehituta determinazio lotesle gisa:

–Berdeguneek uholde arriskuaren eraginpeko eremu guztia hartuko dute eta, orobat, haien diseinuan drainatze jasangarriko neurriak sartuko dira eta itzaleko zuhaitzak landatuko dira, lorezaintza jasangarriko irizpideei jarraituz.

–Eremuaren urbanizaziorako baldintza da aparkalekuetan material iragazkorrak erabiltzea, lurzorua masiboki zigilatu gabe, uraren ziklo naturalean ahalik eta interferentzia txikiena eragiteko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Obanosko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2209181