144. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MARTZILLA

Ordenantza, aurrekontu partizipatiboak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Martzillako Udalak, 2022ko martxoaren 31n egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aurrekontu partizipatiboak arautzen dituen udal ordenantza, jarraikiz 375/2022 administrazio espedienteari.

Iragarkia argitaratu zen 2022ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 19an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jo da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari.

Martzillan, 2022ko ekainaren 24an.–Alkatea, Mario Fabo Calero.

UDAL ORDENANTZA, AURREKONTU PARTIZIPATIBOAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Sarrera.

Udal aurrekontuak dira udalak kudeatzeko tresna nagusia, eta ibilbide-orria dira, oinarri izanen dena ekitaldi ekonomiko guztiko jarduketetarako. Erabaki guztiek eragin ekonomikoa dute, eta aurrekontuan jaso behar da.

Nahi badugu udalerri demokratikoagoa, parte-hartze handiagoa izanen duena geure herria hobetzeko erabakiak hartzean, ez dago dudarik: horretarako modurik hoberenetakoa da parte hartzea Udalaren gastuen aurrekontuaren zati baten erabakietan, izan inbertsioetan nahiz gastu arruntean eta jardueretan.

Erregelamendu honen bidez ezarriko dira arauak aurrekontu partizipatiboen prozesu guztirako, pauso eta ekintza guztietarako.

2. artikulua. Printzipioak.

Honako hauek dira oinarrizko printzipioak, erregelamenduaren oinarri, proposamen guztietan bete beharrekoak:

–Prozesu legala:

proposamen guztiak legezkoak izanen dira, gauzatzen direnean, eta Udalaren eskumenekoak.

–Prozesu irekia eta unibertsala:

aurrekontu partizipatiboak irekiak eta unibertsalak izanen dira Martzillan erroldatutako guztientzat, salbu adinak galarazten duenean. Bozketa unibertsala izanen da (pertsona bat, boto bat).

–Prozesu plural eta askotarikoa izanen da:

Martzillako pluraltasunaren eta dibertsitatearen isla izanen dira aurrekontu partizipatiboak.

–Prozesu argi eta gardena:

herritarrei ezagutzera emanen zaizkie aurrekontu partizipatiboak, eta gardenak izanen dira haien garapena, erregelamendua eta edukiak.

–Prozesu sozialki bidezkoa eta solidarioa:

aurrekontu partizipatiboek, garatzen direnean eta proposamenak egiten direnean, beren baitan jasoko dituzte justizia sozialeko eta jasangarritasuneko irizpideak, onura ekarriko dutenak Martzillarako eta bertako herritarrentzat, eta ez da proposamenik onartuko baldin berekin badakarte bazterketa soziala, kulturala, erlijiozkoa nahiz generokoa.

–Prozesu jasangarria:

Aurrekontu partizipatiboek bultzatuko dute prozesuaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna, etapa guztietan eta urteko udal aurrekontuko proposamenak garatzean, behin Martzillako Udaleko osoko bilkurak onetsitakoan.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Martzillako udalerriko lurralde-eremu guztia dago sartuta prozesuan.

4. artikulua. Antolaketa egitura.

–Osoko Bilkura:

Udalaren organoen artean, Osoko Bilkurak du ardura aurrekontu partizipatiboen metodologia behin betiko onesteko, betiere Herritarren Partaidetzaren Batzordeak eskatuta. Hark onetsiko du erregelamendu honen edozein aldaketa, eta, orobat, hark sartuko du aukeratutako proposamena Udalaren aurrekontuetan.

–Herritarren Partaidetzaren Batzordea:

Herritarren Partaidetzaren Batzordea da Martzillako aurrekontu partizipatiboen prozesua koordinatzeko ardura duen organoa. Honela egonen da osatua:

–Martzillako Udaleko alkate udalburua.

–Udal talde bakoitzeko ordezkari bat.

–Martzillako Udaleko alor ekonomikoko teknikaria.

–Martzillako bi herritar heldu, 16 urteak beterik dituztenak. (Zozketaz aukeratuko dira bi horiek, iragarkia egin ondoren aurkezten diren guztien artetik).

Eginkizun hauek izanen ditu batzordeak:

–Prozesuaren hasiera eta bukaera egunak ezartzea.

–Prozesuari jarraipena egitea.

–Prozesuan jasotako emaitzak zuzen betetzen direla zaintzea.

Herritarren Partaidetzaren Batzordeak bere esku izan behar ditu eskura dauden bitarteko tekniko guztiak bere eginkizuna betetzeko, baita Udaleko langileen aholkularitza ere, eskatzen baldin badu.

5. artikulua. Aurrekontuko zuzkidura.

Martzillako Udalak, udal aurrekontuetan, ondoko aurrekontu-zuzkidurak sartuko ditu.

Jarduera eta ikastaroetarako: 5.000 euro.

Inbertsioetarako: 10.000 euro.

6. artikulua. Proposamenak.

Martzillarako izanen dira proposamenak, eta nahi adina proposamen egin ditzake herritar bakoitzak, herritar talde bakoitzak, elkarte bakoitzak, etab.

Proposamenak egiteko, aski da Martzillan erroldaturik egotea eta 16 urteak beterik izatea, aurkezteko epea irekitzen denean, edo Martzillako elkartea izatea.

Aurrekontu partizipatiboen printzipioekin bat etorri behar dute proposamenek.

Bi motatakoak izan daitezke proposamenak:

–Jarduera eta ikastaroetarako proposamenak.

–Inbertsioetarako proposamenak.

7. artikulua. Proposamenak aurkeztea.

Herritarren Partaidetzaren Batzordeak jarritako epearen barnean aurkeztuko dira proposamenak. Epe hori behar bezala iragarriko da ezarritako bideen bitartez.

Proposamena aurkezteko, inprimaki labur eta erraz bat beteko da. Udalaren bulegoetan egonen da eskura (1. eranskina), eta honako datu hauek jasoko dira:

–Eskaera aurkezten duen pertsonaren datuak: izen-deiturak, NANa, adina, helbidea eta harremanetarako telefonoa.

–Proposamenaren izena.

–Proposamen mota (gastu arrunta / inbertsioa).

–Proposamena egiteko arrazoiak.

–Proposamenaren azalpen laburra.

–Proposamenaren helburuak.

–Gutxi gorabeherako aurrekontua.

16 urtetik behera izanez gero, proposamena aurkez daiteke 18 urtetik gorako batek lagundurik; helduak sinatuko du, ordezkari gisa.

8. artikulua. Proposamenak aukeratzea.

Herritarren Partaidetzaren Batzordeak erabakiko du zer proposamenek betetzen dituzten irizpideak aurrekontu partizipatiboetan sartzeko.

Honako irizpide hauek betetzen dituzten proposamenak sartuko dira:

–Proposamena Martzillarako izanen da.

–Proposamena udal esparrukoa eta eskumenekoa izanen da.

–Proposamenak udalerriaren beharrei erantzunen die.

–Aurrekontu partizipatiboen printzipioekin bat etorri behar du proposamenak.

–Proposamena zehatza, mugatua eta ekonomikoki ebaluatzeko modukoa izanen da.

Irizpide horietakoren bat betetzen ez duen proposamena baztertu eginen da aurrekontu partizipatibotik.

Proposamenak hautatzeko, bi zerrenda eginen dira:

1. Jarduera eta ikastaroetarako proposamenak.

2. Inbertsioetarako proposamenak.

Ezarritako irizpideak betetzen dituzten proposamenak aurreaukeratuko dira lehenik, eta, ondoren, herritarrek botoa emateko epe bat emanen da, azkenik gauzatuko diren proposamenak hautatzeko (bai gastu arruntekoak, bai inbertsioetakoak).

9. artikulua. Bozketa-sistema.

Aurrekontuetan, botoa emateko, 16 urtetik gorakoa izan behar da, edo urte horretan bete behar dira.

Behin proposamenak aukeraturik, horiek iragarriko dira, eta, horrekin batera, bozketarako eguna, tokia eta orduak, behar besteko denboraz.

Bi zerrendetako bakoitzean boto gehien lortu dituen proposamena aukeratuko da, aurreaukeratutakoen artean, baldin %35eko parte-hartzea izan bada gutxienez, zentsua kontuan hartuta.

10. artikulua. Proposamenak abiaraztea.

Proposamenak aukeraturik, dagokien informazio batzordera igaroko dira, gauzatu daitezen. Behar den batzordeak Herritarren Partaidetzaren Batzordeari komunikatuko dizkio proposamenak betetzeko egiten diren ekintza guztiak, eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeak behar den jarraipena eginen du, bete dadin.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honetan aurreikusi gabeko guztirako, jarraituko zaio jarraipen batzordeak dioenari, eta azkeneko erabakia Martzillako Udalaren osoko bilkurak izanen du.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Proposamenak aurkezteko inprimakia.

Deskargatu I. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2209335