143. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

82E/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, “Helduei euskara irakasteko laguntzak: 2022-2023” deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 635893.

Ikusirik Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena, zeinak adierazten baitu helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateei dirulaguntzak ematea arautzen duen deialdia onetsi eta argitara emateko beharra.

Kontuan hartuta ezen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota dagoela euskara Nafarroako berezko hizkuntzetako bat dela eta, horrenbestez, herritar guztiek dutela euskara jakiteko eskubidea.

Bat etorriz Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak urte anitzeko espedienteak tramitatzerakoan bete beharreko irizpideak onesten dituen Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 7ko 50/2017 Foru Aginduak ezarritakoarekin.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Helduei euskara irakasteko laguntzak: 2022-2023” deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4819 334104: Helduen euskalduntzerako laguntzak

2022

1.160.000

B30002 B3200 4819 334104: Helduen euskalduntzerako laguntzak

2023

940.000

4. Salbuespenez, aurreko deialdietan aitortu edo likidatu diren betebeharren zenbatekoa txikiagoa izan delako emandako dirulaguntza baino, deialdi honetara bideratutako zenbatekoari 30.000 euro ere gehitzen ahalko zaizkio 2022. ekitaldian, foru agindu bidez eta beste deialdirik egin behar izan gabe, baldin eta betetzen bada Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31 artikuluan ezarritakoa.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetakoan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo Ekonomikoaren Atalera (Kontabilitate Zentroa), Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Foru Agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko ekainaren 27an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Helduei euskara irakastea sustatzen duten entitateentzako dirulaguntzen deialdia, 2022ko irailetik 2023ko abuztura bitarteko aldirako. Oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Xedea eta diruz lagundutako aldia.

Deialdi honen xedea da helduei euskara irakastea sustatzen duten entitate juridikoei helburu horretarako ematen zaizkien laguntzak arautzea, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik badaude.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, aurreko paragrafoan zehaztutako entitate juridikoek ezinbestean izan behar dute, beren helburu nagusien artean, euskara irakastea, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar dituzte, beren programazio propioa barne. Era berean, entitate juridikoek inskribatuta egon behar dute helduentzako ikastegien fitxategian, “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izenekoan. Inskripzio hori Euskarabideak eginen du, entitatearen eskaera jaso ondoren.

Dirulaguntzak 2022ko irailetik 2023ko abuztura bitarteko aldirako emanen dira.

Bigarren oinarria.–Irakaskuntza modalitateak.

Honako irakaskuntza modalitate hauei emanen zaie dirulaguntza:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 irakastordu izan behar dituzte, eta ikasturtean, berriz, gutxienez 80 ordu guztira.

b) Barnetegiak eta udako trinkoak: ikastaro bakoitzak gutxienez 40 irakastordu izan behar ditu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu, eta haietatik 15, gutxienez, mintzapraktikakoak izanen dira (astean zazpi ordu lan telematikoan eta ordu bat mintzapraktikan).

d) Euskararen irakaskuntza espezifikoa eta eskaeraren aniztasunari egokitua: ikastaro bakoitzak gutxienez 40 irakastordu izan behar ditu.

Aurrez aurreko ikastaroak autoikaskuntzako moduluetara aldatzen ahal izanen dira, COVID-19ren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, osasun-agintariek hala eskatzen edo gomendatzen dutenean.

Hirugarren oinarria.– Aurrekontuaren erabilgarritasuna eta dirulaguntzen moduluak.

3.1. Deialdi honetarako zenbatekoa 2.100.000 euro izanen dira; horietatik 1.160.000 2022ko Gastuen Aurrekontuko “Helduen euskalduntzerako laguntzak” B30002-B3200-4819-334104 partidaren kargura izanen dira, eta 940.000 euro, berriz, 2023ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3.2. Partida horretan dagoen diruaren araberakoa izanen da 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarteko laguntzetarako ikasle-orduko erreferentzia-balioa, eta inoiz ere ez da izanen jardueraren kostua baino handiagoa.

–Aurrez aurreko eskoletan, irakastorduak izanen dira, hain zuzen, diruz lagungarriak izanen direnak.

–Tutoretzapeko autoikaskuntzan, diruz lagungarriak izanen dira ikastegiak dokumentatzen dituenak, gehienez ere 250 ordu ikasleko eta ikasturteko, baldin eta bigarren oinarriaren c) letran ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Tutoretzapeko autoikaskuntzako taldeko ikasleen ratioa 12 ikasletik gorakoa baldin bada, taldearen ikasle-orduak bider 0,6 eginen da.

–Barnetegietan, diruz lagungarriak izanen dira zazpi ordu, barnetegiko egun bakoitzeko.

3.3. Entitate bakoitzak 2022ko irailetik 2023ko abuztura bitarteko aldirako eginen du eskaera. Hartan, ikastalde guztiei (egungoei nahiz aurreikusitakoei) buruzko aurreikuspena eginen da, zehaztuta ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, ikastaldearen ikasle kopurua orduko eta entitatearen guztirako ordu kopurua aldi horretarako (III. eranskina). Bereizi egin behar dira tutoretzapeko autoikaskuntzako orduak eta gainerako modalitateetakoak, bai eta urte bakoitzari dagozkienak ere.

Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko erabiliko da aurreikuspen hori. Ordaindu beharreko moduluak kalkulatzeko, partidako diru guztia zati kontatutako orduko ikasleen kopurua eginen da. Deialdi honen zazpigarren oinarriak dioena betetzea izanen da dirulaguntza ordaintzeko baldintza.

Azkenik, urte bakoitzerako baimendutako kopuruak ez datozenez bat urte bakoitzeko gastuen proportzioarekin, dirulaguntza esleitzeko unean, lehendabizi 2023ko kopuruak banatuko dira, eta ondoren, 2022koak.

Laugarren oinarria.–Entitate onuradunen baldintzak.

Lehen oinarrian adierazitako entitateek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako laguntzak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluak adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntzen xede diren jarduerak Foru Komunitatean egiten badituzte.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Dokumentazioa, ahal dela, web formulario baten bidez aurkeztuko da, zeina Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaleko tramiteen katalogoan egonen baita, dagokion fitxan: lotura. https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/helduei-euskara-irakasteko-dirulaguntzak-2022-2023

Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke: http://notificaciones.060.es/PC_init.action. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

5.2. Hona aurkeztu beharreko dokumentazioaren edukia:

a) Entitatearen datuak: izena, helbidea, herria eta IFZ.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetatik, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen du identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

b) Entitateko arduradunaren datuak.

c) Dirulaguntzarako eskaera, 2022ko irailetik 2023ko abuztura bitarteko aldirakoa, hirugarren oinarriko 3.3 puntuan zehaztutako baldintzetan, eta harekin batera, II. eta III. eranskinetan agertzen diren fitxak, behar bezala beteak.

d) 2022ko irailetik 2023ko abuztura bitarteko aldiari dagokion diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (II. eranskina), langileei, Gizarte Segurantzari eta funtzionamenduari dagozkien partidak zehaztuta, eta azken horiek, halaber, kanpo zerbitzuetan, gastu didaktikoetan eta bestelakoetan sailkatuta.

Gastuei dagokienez:

–Eskolak ematen dituzten irakasleen irakaskuntzako zuzeneko gastuez eta jardueraren beraren gastu orokorrez gain, zuzendaritzako langileen, arduradun didaktikoen, administrazioko langileen, informatikako langileen eta jarduera osagarrietako bestelako langileen gastuak ere onartuko dira, bai eta pertsona horien beren jarduerak eragindako gastu orokorrei dagozkienak ere. Horretarako, erakundeek behar bezala justifikatu beharko dute deialdira aurkeztutako ikastaroek erakundearen jarduera orokorrean duten jarduera-proportzioa.

Diru-sarrerei dagokienez:

–Beste entitate publiko batzuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Entitate pribatuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Matrikularen ondorioz bildutako zenbatekoak. Entitateak gorde eginen ditu ikasleek ordaindutako matrikulen ordainagiriak edo, halakorik izan ezean, bankuen laburpenak, ordainketa horiei dagozkienak.

e) Irakasleei dagokienez:

–Lan egoera, titulazio akademikoa eta euskarari dagokion titulazioa; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

–Kontratazio berriko irakasleen euskara tituluen fotokopia; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

f) Ikastaldeei buruzko dokumentazioa (III. eranskina). Hartan jasoko dira diruz lagungarriak diren ikastaldeen gainean eskatzen diren datuak:

Ikastaldearen hasiera eta amaiera data, haren ezaugarriak, aurreikusitako eskola-orduen kopurua, ikastalde bakoitzaren ikasle kopurua eta orduko ikasleen kopurua, eta ikastegiaren orduko ikasleen guztira. Uztail eta abuztuko ikastaroetarako, ikastaldeen, orduen eta ikasleen estimazio bat eginen da, aurreko ikasturteetatik dauden datuetatik abiatuta.

g) Ikasleen gaineko dokumentazioa. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

Seigarren oinarria.–Frogagiriak.

6.1. Zazpigarren oinarriaren 7.3 puntuan adierazten diren epeetan frogagiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ikasleen zerrenda, ikasmailen araberakoa. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

–Diru-sarrerak eta egindako gastuak justifikatzeko kontu bat, entitateko arduradunak edo horretarako legezko ahalmena duen pertsonak sinatua eta IV. eranskinaren arabera betea, zeina V. eranskinaren (gastuak), VI.aren (diru-sarrerak) eta VII.aren (dirulaguntzak) balantze-laburpena izanen baita; excel formatuan bete eta entregatuko da.

–Salbuespenez, deialdi honetan, honako gastu hauek onartuko dira:

–Ikastaroak egiteko edo prestatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuetarako egindakoak.

–Jardueren gastuak, baldin ikastaroak ezin izan badira guztiz edo zati batean egin agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien ondorioz.

6.2. Langile gastuen eta funtzionamendu gastuen frogagiriak: nominak eta TC inprimakiak, eta jatorrizko fakturak nahiz kopia soilak eta ordainagiriak.

6.3. Euskarabideak beretzat gordeko du edozein unetan entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

6.4. Baldin gastuen azkeneko justifikazioa ez bada onartutako aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adina, baina, hala ere, onuradunak frogatzen badu dirulaguntzaren xedea benetan bete duela eta superabitik ez dela izan, ez da ulertuko onuradunak ez duela bete dirulaguntza justifikatzearen betebeharra. Dirulaguntzak ematen dituen organoak erabakiko du gastuen justifikazioa bateragarria den deialdiaren xedea benetan gauzatzearekin.

6.5. Deialdi honen baitan diruz laguntzen den helburua bete dela ulertzeko, egiaztatu egin behar da ezen proposatutako irakaskuntza jarduera bere osotasunean gauzatu dela, oinarri honen lehen atalean aipatzen den kudeaketa aplikazioko datuak aurkeztuta; horrela izan ezean, jasoko den zenbatekoa gutxitu eginen da, gauzatze-mailarekiko modu proportzionalean gutxitu ere.

Zazpigarren oinarria.–Eskabideak eta frogagiriak aurkezteko epea.

7.1. Eskabideak eta laugarren oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkezteko epea 2022ko urriaren 1etik azaroaren 2ra izanen da.

7.2. Eskabideak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

7.3. Dirulaguntza ordaintzeko, epe hauen barruan aurkeztu beharko dira dagozkion frogagiriak:

–2022ko irail-abendua bitarteko epeari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2022ko abenduaren 9an bukatuko da.

Aldi horretako gastu batzuk ezin badira justifikatu, ordainketa dokumentazioa aurkezteko ezarritako epea amaitu ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda justifikatzen ahalko dira (X. eranskina), gastu horien zerrenda xehearekin. Frogagiriak aurkezteko hurrengo epearen barruan aurkeztu beharko dira gastu horiek, bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

–2023ko urtarril-otsaila bitarteko aldiari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2023ko martxoaren 15ean bukatuko da.

–2023ko martxo-maiatza bitarteko aldiari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2023ko ekainaren 17an bukatuko da.

–2023ko ekainetik abuztura bitarteko aldiari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2023ko irailaren 16an bukatuko da.

Azken aldi horretan ezin badira gasturen batzuk justifikatu ordainketa 2023ko irailaren 16aren ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda justifikatzen ahalko dira (X. eranskina), gastuen zerrenda xehearekin. Aurreko puntuan adierazi bezala aurkeztu beharko dira, 2023ko abenduaren 16rako, bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

7.4. Aurreko epeak ezertan eragotzi gabe, 2023ko irailaren 16ra arte aurkezten ahalko dira aldi osoari dagozkion frogagiriak. Hala ere, gehienez ordainduko den diru kopurua ez da emandako diru kopuru osoa izanen, 2023rako emandakoa baizik.

Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondoan.

8.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaeren ebaluazioaz; haren kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapen eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra -batzordeburua izanen da-, Euskara Sustatzeko Ataleko burua, eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria -idazkaria izanen da-. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

8.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, eta hurrengo zazpi egun naturaletan jakinaraziko dira.

8.4. Ikasturte osorako onartutako eskaerak kontuan harturik, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ebatziko da ikastegi bakoitzerako ikasturte osorako onartu den ordu kopurua, eta orobat finkatuko orduko ikasle kopuruaren araberako moduluak eta ikasturte osoan entitate onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honen hirugarren oinarriari jarraikiz.

Zenbateko hori baldintzatuko du egiazko datuen arabera eta foru agindu honen laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera azkenean egiten den doikuntzak.

8.5. Behar diren frogagiriak deialdi honen zazpigarren oinarrian zehazturiko epeetan aurkeztu ondoan ordainduko dira justifikaturiko gastuei dagozkien zenbatekoak. Ordaindutako diru kopurua ezin izanen da izan ordainketa egiten den urteari dagokion zenbatekoa baino handiagoa.

8.6. Behin justifikazio epea amaitutakoan, gertatzen bada aldea dagoela dirulaguntza emateko estimatutako irakastorduen eta benetan izandako irakastorduen artean, eta benetakoa txikiagoa balitz estimatutakoa baino, jasoko den zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, kontuan hartuta irakastordu horiek tutoretzapeko autoikaskuntzakoak diren edo gainerako modalitateei dagozkien; izan ere, tutoretzapeko autoikaskuntzakoak badira, ordu kopurua murriztu egiten da ratioa 12 ikasletik gorako denean, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.7. Frogagirietan ikusten bada entitate baten defizita aurreikusitako dirulaguntza baino txikiagoa dela, hura murriztu eginen da justifikaturiko defizitarekin bat etorri arte.

8.8. Defizitaren zenbatekoa azken ordainketan doituko da, ikasturteko datu metatuak oinarri hartuta.

Bederatzigarren oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

9.1. Ikastegiak erregistroko fitxa bat eramanen du, ikaslearen etengabeko ebaluazioari eta asistentziari buruzko datuak idazteko.

9.2. Ikaslearen ebaluazioa modu etengabean eginen da, eta diagnostiko probak eginen dira ikasturtearen hasieran eta amaieran. Ebaluazio prozesuetan erabilitako probak urtebetez gordeko dira egiten direnetik, eta emaitzak azken ebaluazioaren aktan jasorik geldituko dira.

9.3. Administrazioak agiri guztiak eskatzen ahalko ditu noiznahi, kontabilitatekoak, pedagogikoak edo bestelakoak izan.

9.4. Justifikazioarekin batera, diruz lagundutako entitateek 2022ko irailetik 2023ko abuztura bitarteko aldiari dagokion memoria aurkeztuko dute (VIII. eranskina); hartan, diruz lagundutako jardueren programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko da.

9.5. Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek baimena emanen dute Nafarroan helduentzako euskararen irakaskuntzarekin loturiko datu estatistikoak tratatzeko.

9.6. Deialdi honen onuradun diren entitateek ordutegiak eta neurriak ezarriko dituzte, ikasleek eta dirulaguntzaren xede den jarduera emateko kontrataturiko pertsonek aukera izan dezaten beren bizitza pertsonala, familiarra eta lan bizitza bateratzeko.

Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

Horrez gain, bi sexuetako pertsonek orekaz parte hartzea sustatuko da, bai irakasleen bai ikasleen artean.

9.7. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

9.8. Onuradunek erabilitako propagandaren ale grafikoen bi kopia aurkeztuko dituzte gutxienez; haietan, Nafarroako Gobernuaren logoa agertuko da, jarduera diruz laguntzen duen entitatea den aldetik.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Segurtatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 16ko 213/2011 Foru Aginduaren bidez sortu zen “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko datu pertsonalen fitxategi informatizatua.

Hamaikagarren oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

11.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

12.2. Beste entitate batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskuratzen badira aldi berean, ordainduko den laguntza egokitu eginen da, dirulaguntzak, laguntzak eta norberaren diru-sarrerak ez daitezen izan, osotara, egindako gastuak baino handiagoak.

Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzen publizitatea.

13.1. Emandako dirulaguntzak eta onuradunen eta baztertuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko dagokion fitxan.

13.2. Entitate guztiek beren publizitatean adierazi beharko dute beren ikastaroak Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituela. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da. http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/.

Hamalaugarren oinarria.–Gardentasuna.

14.1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

14.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

14.3. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabilita, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

14.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

14.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

14.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14.7. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

14.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamabosgarren oinarria.–Aplikatzekoa den legedia.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamaseigarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Entitate eskatzaileek bete beharreko fitxa (PDF).

III. ERANSKINA

Ikastegiko taldeen ezaugarri akademikoak (XLSX).

IV., V., VI. ETA VII. ERANSKINAK

IV. eranskina: Justifikazio balantzea; V. eranskina: Gastuen frogagiriak; VI. eranskina: Sarreren frogagiriak; VII. eranskina: Dirulaguntzen frogagiriak (XLSX).

VIII. ERANSKINA

2022ko irailetik 2023ko abuztura bitarteko memoria

1.–Ikastegiaren informazio orokorra.

1.1. Egitura organikoa.

1.2. Egitura didaktikoa.

1.3. Ikasturteari dagozkion datuak.

2.–Moduluak, aldiak eta emaitzak.

3.–Giza baliabideak.

3.1. Irakasleek emandako zuzeneko prestakuntza orduak.

3.2. Irakasleen prestakuntza.

4.–Hobekuntzarako proposamenak.

4.1. Esparru didaktikoa.

4.2. Kudeaketa.

IX. ERANSKINA

Gardentasuna

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDF).

Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena (PDF).

Karguen ordainsariei buruzko adierazpena (PDF).

X. ERANSKINA

Epealdiko gastu ordaindugabeak (XLSX).

Iragarkiaren kodea: F2209398