142. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

170E/2022 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez agintzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko lankidetza hitzarmen bat, Nekazaritzako Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia erakunde autonomoak olio merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) informazio sistemako kontrolak egiteari buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko maiatzaren 4an eginiko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

“Nafarroako Gobernuaren maiatzaren 4ko Erabakia, zeinaren bidez onartzen baita Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren artean sinatu beharreko lankidetza hitzarmena, Nekazaritzako Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia erakunde autonomoak olio merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) informazio sistemako kontrolak egiteari buruzkoa”.

2022ko maiatzaren 11n, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko kudeaketa-esleipenaren hitzarmena sinatu zen, Nekazaritzako Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia erakunde autonomoak olio merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) informazio sistemaren kontrolak egin ditzan.

Bederatzigarren klausularen arabera, hitzarmen horri publizitatea emanen zaio, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hitzarmena 2022ko 121. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 29an.

Bederatzigarren klausula hori betetzeko, era berean, lankidetza hitzarmena argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko lankidetza hitzarmena, Nekazaritzako Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia erakunde autonomoak olio merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) informazio sistemako kontrolak egiteari buruzkoa, bertako bederatzigarren klausula betez.

2. Erabaki hau Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko ekainaren 27an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

ERANSKINA

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko kudeaketa-esleipenaren hitzarmena, Nekazaritzako Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia (AICA) erakunde autonomoak olio merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) informazio sistemako kontrolak egitea helburu duena

Madrilen, 2022ko maiatzaren 11n.

BILDU DIRA

Alde batetik, Gema Hernández Maroñas andrea, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziako zuzendaria –haren izendapena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Idazkariordetzaren 2019ko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen–, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia erakunde autonomoaren estatutuaren 5. artikuluak esleitzen dizkion ahalmenak baliatuz; estatutu hori apirilaren 4ko 227/2014 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bestetik, Fernando Santafé Aranda jauna, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkioten eskudantziak erabiliz.

Bi alderdiek agiri hau sinatzeko behar adinako lege gaitasuna aitortzen diote elkarri eta, horretarako, honako hau

AZALDU DUTE

Lehenbizikoa.

Nafarroak Foru Komunitateak dauka eskumen esklusiboa nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluan. Era berean, lege horren 56. artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa dagokio, beste gai batzuen artean, Nafarroan garapen ekonomikoa sustatu eta jarduera ekonomikoa planifikatzeko, bai eta barne merkataritzaren eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsaren arloetan ere, ezertan eragotzi gabe prezioen politika orokorra, lurralde nazionaleko ondasun-zirkulazio askea eta lehiaren defentsarako legeria.

Bigarrena.

Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia (AICA) erakunde autonomo bat da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari atxikia, Nekazaritza eta Elikadurako Idazkaritza Nagusiaren bidez. Elikadura Katearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen bidez sortu zen, lege horretan ezarritako eskubideak eta betebeharrak kontrolatzeko helburuz; hala, zehapen prozedura abiarazten edo instruitzen du, baldin eta haren kontrako arau-hausterik antzematen badu. Ezarritako xedeak betetzeko, Agentziak hainbat eginkizun betetzen ditu, besteak beste informazio sistemak kudeatu eta mantentzea, olio merkatuen (oliba olioak eta mahaiko olibak) jarraipena eta azterketa egitea eta emaitzak aztertu eta ezagutaraztea.

Hirugarrena.

Elikadura Katearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legeak oreka eta gardentasun handiagoak lortu nahi ditu, besteak beste, operadoreen arteko merkataritza harremanetan, informazioa eskuratzeko aukerak eta elikadura katearen trazabilitatea hobetuz; era berean, kontsumitzailearen eskubideak bermatzen lagundu nahi du, elikagaien eta horien kalitatearen gaineko informazio osoa eta eraginkorra hobetzeko eta hornidura katearen funtzionamenduan gardentasuna sustatzeko.

Laugarrena.

Uztailaren 13ko 861/2018 Errege Dekretuaren bidez (zeinaz oliba olioaren eta mahaiko oliben sektoreetako nahitaezko adierazpenen gaineko oinarrizko araudia ezartzen baita eta Mahatsa ekoizteko ahalmena arautzen duen uztailaren 28ko 772/2017 Errege Dekretua aldatzen), onartu egin da oliba olioaren eta mahaiko oliben sektoreetako nahitaezko adierazpenen gaineko oinarrizko araudia, gardentasun handiagoa emateko eta haien merkatuei buruzko informazio hobea edukitzeko asmoz, bai eta Europako Batzordeari informazioa emateko betebeharrak betetzeko ere, Europar Batasuneko araudian aurreikusitakoaren arabera.

Bosgarrena.

Autonomia erkidegoen eskumena da olio sektore edo merkatuetako operadoreei ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoa den kontrol araubidea ezarri eta garatzea, merkatuetako informazio sistemetan sartzen diren datuen egiazkotasuna eta osotasuna ziurtatzeko, eta lehengaien eta produktuen jatorria, helmuga eta ezaugarriak zehazteko.

Seigarrena.

Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua eta AICA lankidetzan aritu dira, 2006tik, ezarritako betebeharrak finkatzen, administrazioetako bakoitzaren esku dauden datuak elkarren eskura jarriz, nahitaezko adierazpen araubidea duten jarduerak garatzen dituzten instalazioak identifikatuz eta bitarteko egokiak jarriz adierazpen horiek errealitatera egokitu daitezen.

AICAk Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku jarri ditu haren lurraldean instalazioak dituzten operadore guztien datuak. Informazio hori telematikoki eskuratzeko erraztasunak jarri ditu, xede horretarako eman diren kodeen bidez.

Zazpigarrena.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateei esleitzen ahal zaizkie, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

Zortzigarrena.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako; gainera, beste administrazio publiko bati egindako kudeaketa-esleipena eta beste administrazio publiko baten foru administrazio publikoren alde egindakoa hitzarmena sinatuz gauzatuko da, aurrekontu kreditu nahikoa dagoela egiaztatu ondoren.

Bederatzigarrena.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta MAPAren ustez, beharrezkoa da formula koordinatuak ezartzea kontrol araubide bat ezarri eta garatzeko, eta, hartara, olio sektore edo merkatuetako operadoreek betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko, Olio Merkatuen Informazio Sistemara sartzen diren datuen egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko, eta AICAk kontrol horiek materialki gauzatzeko.

Hori guztia dela eta, beharrezkoa da kudeaketa-esleipena egitea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorioz, aldeek hitzarmen hau sinatu dute, honako hauek betez:

KLAUSULAK

Lehena.–Xedea.

Kudeaketa-esleipenerako hitzarmen honen xedea da AICAk behar diren kontrolak egin ditzala Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean instalazioak dituzten operadoreek Olio Merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) Informazio Sistemarako adierazpenetan jasotzen dituzten datuak egiaztatzeko, bai eta kudeaketa-esleipen hau arautuko duten baldintzak zehaztea ere.

Esleipenak ez du eragiten Nafarroako Foru Komunitateari gaiaren gainean dagozkion eskumenen titulartasuna aldatzerik.

Bigarrena.– AICAri esleitutako jarduerak.

Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean instalazioak dituzten operadoreek Olio Merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) Informazio Sistemarako adierazpenetan jasotzen dituzten datuak egiaztatzeko egin beharreko kontrolak eginen ditu AICAk, aldeek onartu beharko duten kontrol programan oinarrituta; programa hori hitzarmen honen seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordean onartuko da, kontrolatu beharreko kanpaina hasi baino lehen.

Kontrol programak operadore mota bakoitzerako zehaztuko ditu kanpaina bakoitzean kontrolatu beharreko instalazioak zenbat eta zein izanen diren. Era berean, kontuan hartu beharko dira hasierako programaren gaineko balizko aldaketak, alderen batek proposatuak eta kontrol jarduera bereziren bat behar dutenak.

Edonola ere, AICAk, kudeaketa-esleipena duen erakunde gisa, izanen du kudeaketa-esleipen hau egikaritzean bere eskura gelditzen diren datu pertsonalen tratamenduaren ardura, datu pertsonalen babesari buruzko araudiak horri dagokionez xedatzen duena begiraturik.

Hirugarrena.–AICAren konpromisoak.

Kontrolaren jarraipena egiteko aplikazio eta bitarteko elektronikoei dagokienez, AICAk hitz ematen du Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku jarriko duela, bere webgunearen bidez, plataforma elektroniko bat, gutxienez honako erabilera hauek izan ditzan, hitzarmen honetan aurreikusitako kontrolekin lotuta:

1. Nafarroako Foru Komunitatekoak diren eta Olio Merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) Informazio Sistemaren eremuan adierazpenak egiteko betebeharra duten operadoreentzat AICAk egitekoa duen programazioaren gaineko informazioa ematea, kontrolak eginen zaizkien instalazio eta bulegoen xehetasunekin, gutxienez zazpi eguneko epean.

2. Ikuskatutako operadoreei AICAk egindako kontrolen jarraipena egitea, egindako bisitetan antzemandako gorabeheren gaineko informazioa barne.

3. AICAk egindako ikuskapenetan antzemandako akatsak erregularizatzeko beharrezkoak diren administrazio jarduketak egiteko behar den kontrol-dokumentazioaren kopia elektronikoa jasotzea.

Laugarrena.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konpromisoak.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ardura izanen da esleipenaren xede den jarduera material zehatzaren euskarri edo osagai diren egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.

Bereziki, AICAk ikuskapenetan antzemandako ez-betetzeen ondorioz bidezko diren zehapen espedienteak hastea eta instruitzea egokituko zaio. Agentziak Nafarroako Foru Komunitateari helaraziko dizkio salaketak, behar bezala dokumentatuta.

Nafarroako Foru Komunitateak honako betebehar hauek ere izanen ditu:

1. Urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen, AICAri zerrenda batean jakinaraztea zein diren Foru Komunitatean kokatuta dauden eta urteko kanpainan jardunean diren olio errotak, eraldaketa industriak, oliba olioaren ontziratzaileak, findegiak, oliba-patsaren olioaren erauzleak eta oliba olioaren eta mahaiko olibaren sektoreetako gainerako operadoreak.

2. AICAri jakinaraztea zein funtzionariok jasoko duten informazioa, Agentziak emandako gakoak erabiliz, kudeaketa-esleipen honetan aipatzen diren egiaztapenen esparruan hark egiten dituen ikuskapenei buruz.

3. AICAren esku jartzea jakingarri izan daitekeen informazio guztia, Olio Merkatuen (oliba olioa eta mahaiko olibak) Informazio Sisteman aurreikusitako nahitaezko adierazpenen eremuan gerta daitekeen edozein irregulartasun ikertzeko; batez ere, adierazpen horien egiazkotasunari edo/eta osotasunari buruzko susmoak daudenean.

Bosgarrena.–Finantzaketa.

Kudeaketa-esleipenerako hitzarmen honek ez die aldeei konpromiso ekonomikorik eraginen. Bertan aurreikusitako betebeharrak AICAren ohiko aurrekontuarekin finantzatuko dira.

Seigarrena.–Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzordea ezarri da, alde sinatzaileetako bakoitzeko bi ordezkariz osatua. Batzordea beharrezkoa den aldiro bilduko da, aldeetako edozeinek eskatuta, hitzarmen honetan aurreikusitako helburuak betetzeko beharrezko den edozein jarduera eztabaidatu eta adosteko.

Agentziak eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak izendatuko dituzte ordezkariak, hurrenez hurren.

Batzorde horren ardura izanen da hitzarmen honen bigarren klausulan aipatzen den kontrol programa onestea, bai eta kudeaketa-esleipenerako hitzarmen hau interpretatu eta betetzeko orduan sor daitezkeen arazoak konpontzea ere.

Zazpigarrena.–Iraupena, aldaketa eta azkentzea.

1. Hitzarmen honek ondoreak izanen ditu “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratzen denetik aurrera, Estatuko sektore publikoko kudeaketa-esleipenen eta lankidetza hitzarmenen erregistroan inskribatu eta “Nafarroako Aldizkari Ofizialean” agertu ondoren.

2. Hitzarmena 2024ko irailaren 30era arte egonen da indarrean. Aldeek hitzarmenaren indarraldia 2028ko irailaren 30era arte luzatzen ahalko dute, horretarako akordioa eginda aldez aurretik, data hori baino lehen.

3. Halaber, hitzarmen hau azkenduko da xede dituen jarduketak betetakoan edo suntsitzeko arrazoietako bat gertatzen denean. Honako hauek dira suntsitzeko arrazoiak:

a) Hitzarmena indarrean dagoen aldian luzatzeko akordiorik ez lortzea.

b) Sinatzaile guztiak azkentzeko ados jartzea.

c) Sinatzaileetako batek onartutako betebehar edo konpromisoetako bat ez betetzea.

d) Nork bere gain hartutako konpromisoak betetzeko frogatzen den edo gerora sortzen den ezintasuna, alderdiekin zerikusirik ez duten arrazoiek eragindakoa.

e) Epaile batek erabakia deuseza dela deklaratzea.

f) Aurreko horietatik desberdina den eta hitzarmenean edo legeetan ezarritako beste edozein.

Hitzarmena salatzeak, edo, hala badagokio, suntsitzeak ez ditu alderdiak salbuetsiko salaketaren edo suntsipenaren ondorioetarako datara arte hartutako konpromisoak betetzetik.

4. Hitzarmen hau aldatzen ahalko da, aldeen artean hala adostuta. Horretarako, aldaketa-hitzarmen bat sinatu beharko da, hitzarmen honen iraunaldia amaitu baino lehen.

Zortzigarrena.–Jurisdikzioa.

Hitzarmena interpretatu eta betetzean egon daitezkeen desadostasunak Jarraipen Batzordeak ebatzi beharko ditu. Akordiorik ezean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoarekin bat ebatziko dira.

Bederatzigarrena.–Publizitatea.

Kudeaketa-esleipenerako hitzarmen honi publizitatea emanen zaio, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Hori horrela, aldeek berariaz adosten dute baimena ematen dutela hitzarmen honi dagokion publizitatea eman dakion.

Eta, hala jasota gera dadin, adierazitakoaren arabera, aldeek kudeaketa-esleipenerako erabaki hau sinatu dute, sinadura elektronikoan adierazitako egunean.

–Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren izenean, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia erakunde autonomoko zuzendaria, Gema Hernández Maroñas.

–Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren izenean, Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2209419