142. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73/2022 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eraikitzeko administrazio baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematen baitira “Corral del Molino I haize parkea” izeneko energia elektrikoa ekoizteko instalazioa jartzeko Corellako, Castejongo eta Tuterako udal mugarteetan; parkea 4 aerosorgailuk osatuko dute, eta 23,2 MW-eko potentzia izanen du guztira.

1.–Eraikuntzako administrazio baimenaren eskaera

2021eko abenduaren 2an, Nafarroan haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Renovables del Cierzo SLU enpresak eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen “Corral del Molino I” haize parkerako, Corellako, Castejongo eta Tuterako udal mugarteetan. 5,8 MW-eko potentzia unitarioa duten 4 aerosorgailuk (23,2 MW-eko potentzia, guztira) eta energia eramateko eta transformatzeko haien azpiegiturek osatzen dute parkea.

Horrenbestez, “Corral del Molino I” haize parkearen exekuzio proiektuak honako hauek jasotzen ditu:

–General Electric GE158 modeloko lau aerosorgailu, 158 metroko errotore diametrokoak, 120,9 metroko altuerako abatzekoak eta 5,8 MW-eko potentziakoak; guztira, 23,2 MW-ekoa izanen da potentzia instalatua. Hasierako aurreproiektuari dagokionez, aerosorgailuei beste izen bat eman zaie, honako taula honen arabera:

CORRAL DEL MOLINO I HAIZE PARKEA

UTM koordenatuak ETRS89 30 N Eremua (EPSG:25830)

HASIERAKO AURREPROIEKTUA

AMAIERAKO PROIEKTUA

Izena

x

y

Izena

x

y

SE_01

603.568

4.665.225

IEAk ezabatua

SE_02

603.982

4.665.467

CM-I_01

603.982,2

4.665.467,3

SE_03

604.400

4.665.645

CM-I_02

604.400,3

4.665.645,0

SE_04

604.618

4.666.111

CM-I_03

604.617,9

4.666.110,9

SE_05

604.596

4.666.570

CM-I_04

604.596,3

4.666.570,1

–“Corral del Molino I” transformazio azpiestazio elektrikoa, 33/66 kV, “El Montecillo” (Espedientea: 1169-CE) eta “Corral del Molino I” haize parkeek sortutako energia bateratzen duena. “El Montecillo” haize parkearen ebakuazio linearen aldaketen ondorioz, azpiestazioaren kokalekua egokitu egin behar da:

CORRAL DEL MOLINO I AZPIESTAZIOA 33/66 kV

UTM koordenatuak ETRS89 30 N Eremua (EPSG:25830)

HASIERAKO AURREPROIEKTUA

AMAIERAKO PROIEKTUA

x

y

x

y

604.485

4.665.926

604.259

4.665.470

–Aireko eta lurpeko ebakuazio linea, 66 kV-ekoa, “Corral del Molino I” transformazio azpiestazio elektrikotik “La Cantera” transformazio azpiestazio elektrikora (400/220/66 kV), zeina “La Serna” (400 kV) transformazio azpiestazioaren ondoan baitago. Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako betekizunen ondorioz, eta ingurumen eragina murrizte aldera, zenbait doikuntza egin zaizkio lineari.

–Sarbideak eta aerosorgailuen eta azpiestazioaren arteko erdi eta behe tentsioko lurpeko linea elektrikoak.

2.–Ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei egindako kontsultak

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak martxoaren 2an emandako 16/2022 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eman zitzaion Renovables del Cierzo SLU enpresari, energia elektrikoa ekoizteko “Corral del Molino I” haize parkea (lehen “La Senda” haize parkea) jartzeko Corellako, Castejongo eta Tuterako udal mugarteetan, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 17ko 253E/2021 Ebazpenean ezarritako baldintzen arabera. Parkea 4 aerosorgailuz eta haien transformazio eta ebakuazio azpiegiturez osatua egonen da, eta 23,2 MW-eko potentzia izanen du guztira.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluko 1. apartatua betez, dokumentazioaren kopia igorri zitzaien ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duten organoei, egiazta zezaten proiektuak betetzen zituela ingurumen tramitearen eta hirigintza baimenaren gaineko ebazpenak, aurretiazko administrazio baimena dela-eta emandakoak.

Hona hemen bi kontsulta horiei emandako erantzunen edukia.

Ingurumen Eraginaren Atala.

2022ko martxoaren 31n Ingurumen Eraginaren Atalak hau adierazi zuen txosten bidez:

  • Abelbideen gaineko eraginari dagokionez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2022ko martxoaren 22an egindako txostena erantsi da. Bertan, proiektatutako jarduketak “baimentzeko modukoak” direla adierazten da, eta kontuan hartu beharreko baldintzak jakinarazten dira.
  • Jakinarazten da proiektua gauzatzeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren baimena lortu beharko dela.
  • Gogorarazten da ingurumen eraginaren adierazpenak hau ezarri zuela: “Abifauna monitorizatzeko eta hegaztiek talka egiteko arriskua murrizteko sistema automatiko bat instalatuko da, eta horrek, gutxienez, SE-02 aerosorgailuaren afekzio eremua hartuko du. Sustatzaileak aurkeztu beharreko jarraipen eta zaintza planean zehaztuko dira eragindako espezieak eta protokoloa, eta Ingurumen Eraginaren Atalak baliozkotu beharko du plan hori”.

Ildo horretan, ingurumen txostenak hau adierazten du: “Neurria komentatu da aurkeztutako jarraipen planean, baina ez da zehaztu protokoloa; hori zuzendu behar da parkea abian jarri aitzin”. Gainera, eskatu dute amiamoko zuria gehitu dadila monitorizatuko diren hegaztietara, “horixe delako gehien ikusten den hirugarren espeziea, parke horretako ingurumen eraginaren txostenean jasotako hegazti eta kiropteroen gaineko eraginaren eragiketa aurreko azterketaren arabera”.

  • Txostenari eranskin gisa batu zaizkio haize parkea ustiatzeko fasean bete beharreko hegaztien eta kiropteroen ingurumen zaintzako protokoloa eta arazoak sortzen dituzten aerosorgailuen aitzinean aritzeko protokoloa. Azken hori hegazti edo kiroptero anitz hiltzen direla hautematen bada aplikatu beharko da.
  • Azkenik, ingurumen eraginaren adierazpenean adierazitako zenbait neurriri dagokienez, ohartarazten da sustatzaileak aurkeztutako gauzatze planean ez direla zehaztu jarduketarako lurzatiak, eta ez dela egiaztatu haiek erabiltzeko eskubidea; hori eraikitze lanak hasi aitzin zuzendu beharko da.

Renovables del Cierzo SLU enpresaren erantzuna:

Lehenik, sustatzaileak adierazi du eskatu direla kasuan kasuko baimenak.

Halaber, Renovables del Cierzo SLU enpresak ingurumen zaintzako planaren eguneratze bat aurkeztu du eranskin batean, Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenean ezarritako kontsiderazioak betetzeko.

Azkenik, ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako neurriak kokatuko diren lursailei dagokienez, sustatzailea gaur egun lurzatiak erabiltzeko eskubidea izapidetzen ari da, eta, lursail horiek erabiltzeko akordioak burutu ondoren, ingurumen organoari igorriko dizkio.

Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, 2022ko martxoaren 4an emandako txostenean, jakinarazten du proiektua ez daitekeela ontzat hartu Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 17an emandako 253E/2021 Ebazpenaren ikuspegitik; hartan ematen da “Corral del Molino I” haize parkerako lurzoru urbanizaezinetako jarduera eta erabilerei buruzko baimena, aldez aurretik emandako baimenaren kariaz.

Era berean, adierazi zuen emandako dokumentazio teknikoa, hasiera batean, aski denez proiektu berriaren hirigintza eta lurralde bateragarritasuna baloratzeko, hirigintza baimenerako espediente berri bat tramitatzen hasiko dela.

Horrenbestez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren zuzendariak ekainaren 14an emandako 209E/2022 Ebazpenaren bidez:

–Ondoriorik gabe uzten da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 17an emandako 253E/2021 Ebazpena, “Corral del Molino I” haize parkearen proiektua baimendu zuena.

–Baimentzen da Corellako, Castejongo eta Tuterako udal mugarteetako “Corral del Molino I” haize parkearen proiektua, 4 aerosorgailuz eta haien ebakuazio azpiegiturez osatua, hainbat zehaztasun tekniko betetzeko baldintza jarrita.

3.–Proiektuak ukitzen dituen eta zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten administrazio publiko, erakunde edo enpresekiko kontsultak

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoa betez, proiektuaren separatak igorri zitzaizkien proiektuak ukitzen dituen eta beren ardurapean ondasunak eta eskubideak dituzten eta zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde, enpresa edo administrazio publikoei, ezar zitzaten bidezkoak ziren baldintza teknikoak. Hala, 2021eko abenduaren 14an kontsulta egin zitzaien Corellako Udalari, Castejongo Udalari, Tuterako Udalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Red Eléctrica de España enpresari eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresari.

Egindako kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako txosten hauek jaso zituen (jaso ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

–1. txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuarena, 2021eko abenduaren 23koa.

–2. txostena. Tuterako Udalarena, 2022ko otsailaren 28koa.

–3. txostena. Corellako Udalarena, 2022ko otsailaren 9koa.

–4. txostena. Red Eléctrica de España enpresarena, 2022ko martxoaren 17koa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu bera aplikatuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Renovables del Cierzo SLUri igorri zizkion ezarritako baldintza teknikoak, hamabost eguneko epean adieraz zezan ea ados zegoen, edo egokiak iruditzen zitzaizkion eragozpenak jar zitzan. Gero, haren erantzuna baldintza teknikoak ezarri zituen entitateari igorri zitzaion, hamabost eguneko epean esan zezan ea ados zegoen erantzunarekin edo eragozpenik ba ote zuen.

Txosten horien edukia eta analisiak eta haiei emandako erantzunak ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.

4.–Zehazki onura publikoa deklaratzea

Nafarroan haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 3. artikuluari jarraikiz, eraikitzeko administrazio baimena eskatzearekin batera, Renovables del Cierzo SLU enpresak eskatu zuen zehazki “Corral del Molino I” haize parkea onura publikokoa deklaratzeko.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan xedatutakoa betetzeko, hogeita hamar egunez jendaurrean jarri ziren Renovables del Cierzo SLU enpresaren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza. Ondorio horietarako, iragarki bat jarri zen 2022ko martxoaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (45. zenbakia), Diario de Navarra egunkariaren 2022ko martxoaren 4ko edizioan eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean. Era berean, dokumentazioa Corellako, Castejongo eta Tuterako udalei bidali zitzaien, jendaurrean egon zitezen denbora berean, eta espedientean daude jasota egiaztapen eginbideak.

Aurreikusitako epearen barruan, alegazio hauek jaso ziren (aurkeztu ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

–1. alegazioa. Paisajes y Viñedos de Navarra elkartearena, 2022ko apirilaren 13koa.

–2. alegazioa. Hormigones en Masa de Valtierra SA enpresarena, 2022ko apirilaren 13koa.

–3. alegazioa. Miguel Sainz Alcoz jaunarena, 2022ko apirilaren 19koa.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 145. artikuluarekin bat etorrita, alegazioak sustatzaileari igorri zitzaizkion, eta hamabost eguneko epea eman zitzaion egokitzat jotzen zuena adieraz zezan.

Alegazio horien edukia eta analisia eta haiei emandako erantzunak ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.

5.–Eraikitzeko administrazio baimenaren eta zehazki onura publikoko deklarazioaren proposamena

Aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondotik, eta Nafarroan haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala bete dela, eta proposatu du Renovables del Cierzo SLU enpresari eraikitzeko administrazio baimena ematea “Corral del Molino I” haize parkea izeneko energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako, eta zehazki deklaratzea haren onura publikoa.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Eraikuntzarako administrazio baimena ematea Renovables del Cierzo SLU enpresari, “Corral del Molino I haize parkea” izeneko energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako, 4 aerosorgailuz osatua eta osoko potentzia 23,2 MW-koa duena, eta orobat, transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Corellako, Castejongo eta Tuterako udal mugarteetan.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Obrak egiteko hogeita hamasei hilabeteko epea ematea.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskabidearekin batera, Nafarroan haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 18. artikuluan ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira.

6. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze espedientean.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Renovables del Cierzo SLU, Red Eléctrica de España eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresei eta ukituriko ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Corellako Udalari, Castejongo Udalari eta Tuterako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko ekainen 24an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzua.

2021eko abenduaren 23ko txostenean, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du “ez dagoela ukipenik” atal horri dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

2. txostena.–Tuterako Udalarena.

2022ko urtarrilaren 28an, Tuterako Udaleko Hirigintza Arloaren txosten teknikoa jaso zen. Bertan jakinarazi zenez, ukitutako lurzoruaren kategoriaren arabera, “ez dago oztoporik” hirigintzaren ikuspegitik. Gainera, gogorarazi dute “obrek ez dutela eragin behar egungo azpiegituretan, esaterako nekazaritzako ustiategi edo bideetan”.

Data horretan bertan, Tuterako Udaleko ingurumen organoaren txostena jaso zen. Horren arabera, okupaziorako izapideak hasi dira Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Atalarekin.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

3. txostena.–Corellako Udalarena.

2022ko otsailaren 9an jasotako txostenean, Corellako Udalak ezarri zituen sustatzaileak bete behar dituen baldintza teknikoak, eta eskatu zuen behar bezala eman diezaiola paisaiako elementuei zein pertsonei eragiten dien ezusteko, gorabehera, istripu eta ezbeharren berri.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

4. txostena.–Red Eléctrica de España SAU enpresarena.

2022ko martxoaren 17an, Red Eléctrica de España enpresak txosten bat igorri zuen, zeinaren arabera “ez baitago aurkako argudiorik” 66 kV-eko aireko eta lurpeko ebakuazio linearen gainean, bete egin baitira bere instalazioekiko gutxieneko distantziak.

Aerosorgailuei eta “Corral del Molino I” transformazio azpiestazio elektrikoari dagokienez, Red Eléctrica de España enpresak informazio osagarria (plano georreferentziatuak) eskatu ditu eraginak baloratu ahal izateko.

Gainera, adierazi duenez, kontuan hartu beharko da “La Serna-Magallón 2 eta 3” (400 kV D/C) izeneko etorkizuneko aireko linea, Red Eléctrica de España enpresarena, proiektu fasean dagoena. Beharrezkoa izanen da ondoren komunikazioak egitea, bi zerbitzuak koordinatzeko.

Azkenik, zaindu beharko diren arau eta baldintzak zehaztu dira.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

Era berean, Renovables del Cierzo SLU enpresak adierazi duenez, eskatutako informazioa eman dio Red Eléctrica de España enpresako Lineak Mantentzeko Departamentuari. Ondorio gisa, 2022ko ekainaren 6an aurkeztutako txostenean, garraio enpresak adierazi du ezen, aerosorgailuen, ebakuazio linea biltzailearen eta “Corral del Molino I” azpiestazioaren kokapenari dagokionez, “ez dagoela eragozpenik, bere jabetzako instalazioen gainean ez delako eraginik sortzen”. Ondoren, 2022ko ekainaren 15eko txostenean, Red Eléctrica de España enpresak baieztatu du “ez duela proiektua izapidetzearen kontrako eragozpenik”.

“La Serna-Magallón 2 eta 3” (400 kV D/C) etorkizuneko linearen gaineko eragin posibleari dagokionez, Renovables del Cierzo SLU enpresa harremanetan dago Red Eléctrica de España enpresarekin, bi instalazioak koordinatzeko.

II. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

1. Alegazioa.–Paisajes y Viñedos de Navarra elkartearena.

2022ko apirilaren 13an, Paisajes y Viñedos de Navarra elkarteak idazki bat aurkeztu zuen, 12 alegazio hauek egiteko:

1. Bera interesduna da.

2. Deuseztasuna, onura publikoaren deklarazioa ahalbidetzen duen aurretiazko baimenik ezagatik.

3. Ezin da onura publikoa deklaratu proiektu teknikorik gabe.

4. Sustatzaileak ez du frogatu proiektuaren titulartasuna.

5. Sustatzaileak ez du gaitasun ekonomikorik proiektua bere gain hartzeko.

6. Enerfin eta Renovables del Cierzo enpresen arteko akordioaren kopia eskatzen da.

7. Ezin da aplikatu Foru Gobernuaren 2020ko martxoaren 4ko erabakia, proiektua foru intereseko inbertsiotzat jotzen duena.

8. Montecillo eta Corral del Molino I eta II haize parkeak legez kanpo zatikatu dira.

9. Proiektua nabarmen handitu da, baimenik gabe.

10. Trazadura aldatu da, ingurumen eragina ebaluatu gabe.

11. Ez da bete ukitutako jabegoen zerrenda xehatua aurkezteko baldintza.

12. Onura publikoaren haztapena. Egungo proiektuaren gainean interes soziala falta da.

Azkenik, alegazioaren egileak ondorio batzuk adierazi ditu, eta espedientean sortutako txostenak eta alegazioak bidaltzeko eskatu du.

Erantzuna:

–1. alegazioa. Ez da egiaztatu espedienteak zer interesi eta helbururi egiten dien kalte zuzena, eta, beraz, ezin da frogatu prozeduran interesdun denik. Nolanahi ere, eraginpeko ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraziko zaie ebazpena.

–2. alegazioa. Aurretiazko administrazio baimenik ez edukitzeari dagokionez, adierazi beharrekoa da bete dela Nafarroan haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoa: “Zehazki onura publikoa deklaratzeko eskaera aurretiazko administrazio baimenaren eta/edo eraikitzeko baimenaren eskaerarekin batera egiten ahalko da, edo administrazio baimena lortu ondoren”.

–3. eta 11. alegazioak. Zehazki onura publikoko deklaratzeko aurkeztutako eskaerarekin batera, sustatzaileak zegokion agiri teknikoa eta afekzioen eranskina aurkeztu zituen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 143.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

–4. alegazioa. Espedientearen titulartasun aldaketa zuzen izapidetu zen, eta alegazio egileari bidali zitzaion eskualdatzea baimentzeko eskaeraren kopia.

–5. alegazioa. Sustatzaileak behar bezala frogatu du bere gaitasun legal, tekniko eta ekonomikoa, titulartasuna aldatzeko dagokion izapidean, aurretiazko administrazio baimenaren esparruan, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–6. alegazioa. Alegazio egileari titulartasuna eskualdatzeko baimen eskaeraren kopia igorri zaio.

–7., 8. eta 10. alegazioak. Alegazio horiek ez dira sartzen zehazki onura publikokotzat jotzeko izapideen esparruan. Edonola ere, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalaren ustez, prozedura hau modu egokian gauzatu da.

–9. alegazioa. Alegazio hau ez da sartzen onura publikoaren deklarazioaren izapidearen esparruan, une honetan aztertzen ari garen proiektuak dagoeneko baduelako aldez aurreko administrazio baimena. Baimen hori lau aerosorgailuk eratutako instalazio baterako eman zen, guztira 23,2 MW-eko potentziarekin. Bestalde, 2022ko martxoaren 31ko txostenean, Ingurumen Eraginaren Atalak ez du adierazi orain baimentzen den proiektuak ez duenik ingurumen eraginaren adierazpenaren babesik. Azkenik, haize parke bat ezartzeko ez da behar ez ingurumen baimen bateraturik, ez ingurumen baimen integraturik. Ondorioz, ez dago zertan baimen horiek aipatu.

–12. alegazioa. Haize parkearen onura publikoa Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikulutik eratortzen da, espresuki hala adierazten baitu, energia elektrikoaren hornidura interes ekonomiko orokorreko zerbitzua dela kontuan hartuta.

Horrenbestez, bidezkoa da aurkeztutako alegazioak ezestea.

Azkenik, adierazten da 2022ko apirilaren 22an alegazio egileari eskatutako dokumentazioa igorri zitzaiola, eta espedientean jasota dagoela jaso izanaren agiria.

2. alegazioa.–Hormigones en Masa de Valtierra SA enpresarena.

2022ko apirilaren 13ko idazkian, Hormigones en Masa de Valtierra SA enpresak adierazi du proiektuak ukitutako hainbat lurzatiren titularra dela eta proiektuak meatzaritzako ustiategiaren gainean eragin ekonomiko handia duela.

Gainera, ukitutako ondasunen zerrendan jasotako hiru lurzatiren titulartasuna aldatzeko eskatu du, bere ustez horien titularra delako.

Erantzuna:

Sustatzaileak akordio tekniko eta ekonomiko bat lortu du enpresa alegatzailearekin. Horren ziozko kontratua, sinatutakoan, zerbitzu honetara igorriko da, espedientean sartzeko.

Lurzatien titulartasunari dagokionez, ez da jaso horien titulartasuna frogatzen duen dokumentaziorik. Ondorioz, katastroan dagoen informazioa ez da aldatu behar.

3. alegazioa.–Miguel Sainz Alcozena.

2022ko apirilaren 19an, Miguel Sainz Alcoz jaunaren idazkia jaso zen, bere izenean eta Agropecuaria Granada SL enpresa ere ordezkatuz. Honako 3 alegazio hauek egin zituen:

1. Prozedurazko irregulartasunak:

a) Eskatzaileak ez du gaitasunik.

b) Interesdunei ez zaie kontsultarik egin aldez aurreko administrazio baimenaren eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren eskaerei buruz.

c) Prozedura iraungi egin da.

d) Aldez aurreko administrazio baimenaren eta gainerako beste jarduera guztien jakinarazpenik ez da egin.

e) Lurraldearen eta Paisaiaren zuzendariak azaroaren 17an emandako 253E/2021 Ebazpena ez da bete.

2. Ukitutako lurzatietako askoren titulartasunaren gaineko gatazka dago.

3. Onura publikoaren deklarazioa ez da bidezkoa gaiaren muinari dagokionez.

Erantzuna:

–1. alegazioa. Alegazio hori ez da sartzen zehazki onura publikokotzat jotzeko izapideen esparruan. Edonola ere, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren Azpiegitura Energetikoen Atalaren ustez prozedura hau modu egokian gauzatu da eta, zehazki, sustatzaileak frogatu egin du bere gaitasun legezko, tekniko eta ekonomikoa aldez aurreko administrazio baimenaren espedientean titulartasuna aldatzeko izapidean, halaxe ezartzen baitu maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuak 24. artikuluan. Gainera, argitu beharra dago Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren zuzendariaren ekainaren 14ko 209E/2022 Ebazpena igorri dela, zeinak ondorerik gabe uzten baitu azaroaren 17ko 253E/2021 Ebazpena.

–2. alegazioa. Egungo inguruabarrek ez dute eragozten espedientea izapidetzen jarraitzea; hori gorabehera, kontuan hartu behar dira desjabetzeari buruzko araudian kasu horietarako aurreikusitako prozeduraren berezitasunak.

–3. alegazioa. Haize parkearen onura publikoa Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikulutik eratortzen da, espresuki hala adierazten baitu, energia elektrikoaren hornidura interes ekonomiko orokorreko zerbitzua dela kontuan hartuta.

Horrenbestez, bidezkoa da aurkeztutako alegazioak ezestea.

Iragarkiaren kodea: F2209394