142. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAIN-ARRIASGOITI / LIZOAINIBAR-ARRIASGOITI

Ordenantza, eguzki-energia berriztagarriko instalazioak ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, 2022ko maiatzaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki-energia berriztagarriko instalazioak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lizoainen, 2022ko ekainaren 22an.–Alkatea, Koldo Albira Sola.

UDAL ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak konpromisoa hartu duelarik ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde, bai eta ekonomiaren deskarbonizazioaren, tokiko garapenaren, herritarren parte-hartzearen eta pobrezia energetikoari aurre egiteko borrokaren alde ere, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek aurrera egin dezaten herrian.

Horren froga gisa, bat egin du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Itunarekin. Itun horren helburuak dira berotegi efektuko gasak murriztea, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna erabiltzea eta pobrezia energetikoari aurre egitea. Horrela, tokiko ekintza gehitzen zaio munduko ekimen horri.

Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Ituna sinatu duten udalek konpromiso hauek hartu dituzte beren gain: lehenik, CO2-aren eta berotegi efektuko beste gas batzuen (BEG) isurketak gutxienez %40 murriztea 2030a baino lehen. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, eta horretarako, klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzeko gaitasuna izatea. Hirugarrenik, konpromiso politikoa tokiko ekintzetara eramatea, eta horretarako, tokiko ekintza planak lantzea eta halako ekintzen ezarpenari buruzko txostenak aurkeztea.

Erabaki horrekin, tokiko gobernua helburu horien ardurakide izanen da, eta, halaber, KLINA-Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria bete beharko du. Ekimena, orobat, proiektu honen esparrukoa da: Life IP-NADAPTA Proiektua “Eskualde batean, hots, Nafarroan, klima aldaketara moldatzeko politika modu integratuan, koherentean eta inklusiboan inplementatzea helburu”.

Eguzki-energia termikoa eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta udalerri honetan sustatu nahi da, benetako alternatiba delako eta etorkizunerako proiekzioa duelako, ingurumen-inpaktu txikia duelako, instalatu ondoren mantentze-kostu handirik ez duelako eta modu eraginkorrean laguntzen duelako berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, betiere modu jasangarrian proiektatzen bada.

Planteatutako helburu horietako batzuk lortzeko beharrezkoa da udalen esku hartzea. Udalek, beren eskumenak baliatuz, eta herritarren errealitatea hobeki ezagutzen dutenez, eguzki-energiaren erabilera sustatu behar dute udal ordenantzen eta hirigintza planen bidez, aldi berean beste behar bat zaintzen dutelarik, alegia, eraikinek ingurunearekin bat egitea eta albait inpakturik txikiena eragiten duten forma eta materialak baliatzea.

Eguzki-energia garatzearen aldeko apustuak derrigor eutsi behar dio bi premia hauekiko harmoniari: batetik, lurraldean modu antolatuan ezarri behar da; eta, bestetik, natura eta hiri balio garrantzitsuenen kontserbazioa bermatu behar da maila guztietan, bai eta horien irudia eta paisaia ere.

Udalerri honek, beraz, konpromiso hori hartu du, eta, horrenbestez, eguzki-energiaren erabilera sustatzeko eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko borondate irmoa duelarik, eguzki-energiako instalazioei buruzko ordenantza hau egin du.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

1. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bitartez eguzki-energia jaso eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko Lizoainibar-Arriasgoitiko udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honetako determinazioek eguzki-instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak) arautzen dituzte, hiri-lurzoruan (finkatuan eta finkatu gabean), urbanizagarri garatuan eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

1. Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartuko dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, energia termikoa edota energia elektrikoa.

2. Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarri garatuan

4. artikulua. Instalazioak, bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarri garatuan.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Eguzki-panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Estalkiaren isurialdeetan integratu behar dira panelak, isurialdeen inklinazio berarekin eta haien planoa eta orientazioa mantenduta, eta ezin izanen da 30 zentimetro baino gehiago irten estalkiaren isurialdeen ezein puntutan. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

b) Horiek guztiak gutxienez metro 1 bereiziko dira fatxadetako planoetatik, mehelinetatik, ertzetatik eta gailurretatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean dela barnealdeko fatxadan.

3. 2.–Eguzki-panelak instalatu ahal izanen dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera bista horiek eragozteko neurriak proiektatzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.

4. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan. Bakarrik eraikina osorik, fatxada barne, birgaitzen bada joko da eraikin berritzat, eta hurrengo puntuaren arabera arautuko da.

5. Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian antolamendu edo eraikuntza baliabide egokien bidez garaturiko obra berriko eraikinetan baimenduta egonen da fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan eguzki-panelak instalatzea, baldin eta fatxadako planoan eta/edo fatxadaren eraikuntza elementuetan txertatzen badira (leihoak, barandak, karelak, etab.) eta dagokion altxaeraren azaleraren % 30 baino handiagoak ez badira.

6. Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Eraikin kontsumitzaileak lehendik daudenean edo aldi berean horietarako obra-lizentzia ematen denean bakarrik instalatu ahalko dira.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

c) Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak –euskarriak eta beste elementu batzuk barne– ezin izanen dira 1,60 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

d) Okupaturiko gehieneko azalera %40koa izanen da, eta gehienez ere 40,0 m²-koa. Eraikin mugakideen gaineko balizko eraginei buruzko azterlan bat aurkeztuko da, batez ere balizko islei eta eraikin horien gaineko balizko ispilu efektuari dagokienez, eta, hala badagokio, azterlan horretan jasotakoa bete beharko dute.

5. artikulua. Instalazioak, zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarri garatuan.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

III. KAPITULUA

Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean

6. artikulua. Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean.

1. Eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioen ezarpena lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz arautua dago indarreko araudi sektorial autonomikoan (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete behar ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak edo baimengarriak, eta jasotzen direnak 3. Lurralde Antolamenduko Plana - Eremu Zentrala izenekoan.

2. Eguzki-instalazioak baimentzeari dagokionez, soilik baimenduko dira kokatzen diren herriko edo udal-mugarteko energia beharrak partzialki edo osorik estaliko dituztenak, bai eta lehendik dauden eraikinenak ere, baldin eta dagozkien baimenak badituzte eta Udal Planaren araudiarekin bat badatoz.

3. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

4. Lehendik jada baziren eraikinen eguzki-panelek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen dira jarri ez fatxadetan, ez balkoietan ez begiratoki eta antzekoetan.

b) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, eta ez dago mugarik azalerari nahiz orientazioari dagokionez.

c) Estalki inklinatuetan, estalkiaren planoetan bermaturik jar daitezke, eta panelen orientazioak alda daitezke eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen 0,60 metroko garaiera inongo tokitan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez metro 1 bereiziko da isurialdearen perimetrotik fatxadara, mehelinera, ertzera edo gailurrera. Estalkian gehienez okupa dezakeen azalera %80 izanen da, proiekzio horizontalean neurtuta.

Instalazioak planteatzeko eraikinek legezkoak behar dute izan, haien garaiko indarreko legearen arabera ezarriak. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du lehendik dauden erabileren eta jarduketa eta eraikuntzen legeztatzea.

d) Aisialdiko baratze eta baratze tradizionaletan, Lurralde Antolamenduko Planak proposatzen duenaren arabera, gehieneko potentzia elektrikoa 1,1 kW-koa izanen da.

Instalazio horiek beharko dute lurralde antolamenduan eta hirigintzan eskumena daukan departamentuaren baimena, hala ezartzen duenean hirigintzako legeriak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikulua), galarazi gabe beste baimen edo txosten batzuk ere behar izatea, beste organo edo administrazio batzuen aldetik.

IV. KAPITULUA

Beste xedapen orokor batzuk

7. artikulua. Instalazio bereziak.

1. Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera, eta beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Ondare historikoa babestea.

1. 1. eta 2. babes-maila duten Udal Plan Orokorreko eraikinetarako eskaerak, baita Udal Plan Orokorraren Katalogoan sartutako beste eraikin edo kokapen batzuetan plantea daitezkeen instalazio-eskaerak ere, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira bidaliko dira, aldez aurretik txostena egin dezan. Txostenaren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Izapidetzea.

1. Instalazio-eskaerak eginen dira aplikagarri zaion sektore eta/edo hirigintza araudiaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, nahiz eta, ondoren, ordenantza egokitu, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoa nola Nafarroako Foru Komunitatekoa–, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L2209183