140. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

22/2022 FORU LEGEA, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 16/2019 Foru Legea, martxoaren 26koa, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 16/2019 FORU LEGEA, MARTXOAREN 26KOA, ESKUIN MUTURREKO TALDEEK EDO FUNTZIONARIO PUBLIKOEK ERAGINDAKO MOTIBAZIO POLITIKOKO EKINTZEN BIKTIMEN ERREKONOZIMENDUARI ETA ERREPARAZIOARI BURUZKOA.

HITZAURREA

Martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legeak arautzen du eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Nafarroako sistema. Zehazki, 12. artikuluan, biktimek osasungintzako arretarako nahiz kalte fisiko, psikologiko edo materialengatiko ordainak jasotzeko daukaten eskubidea zehazteari dagokionez, igorpena egiten du apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legeak, Terrorismoaren biktimei laguntzekoak, xedatutakora. Igorpen horrek problema batzuk sortzen ditu aplikatua izateko.

Terrorismoaren biktimei laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legeak erreparazio-neurrien multzo bat ezartzen du (kalte-ordainak, laguntzak), Estatuak eman litzakeen horien osagarri gisa. Halatan, Nafarroako kalte-ordainen eta laguntzen zenbatekoa izanen da Estatuko Administrazio Orokorrak ematen dituen kopuruen % 30ekoa. Alabaina, motibazio politikoko biktimei ez die Estatuak inoiz kalte-ordainik eman, eta horrek ginderamatzake existitzen ez den estatu-laguntza bati osagarri halako bat jartzearen ezintasunera.

Baldin eta % 30aren laguntza osagarria motibazio politikoko egintzen biktimentzako laguntzen muga gisa aplikatuko balitz, horrek esan nahi luke legeztatu egiten dela tratu-desberdinkeriako egoera nabari bat: batetik leudeke terrorismoaren biktimak, zeinek Estatuaren kalte-ordaina gehi jada aipaturiko osagarri autonomikoa jasotzen baitute, eta bestetik, motibazio politikoko biktimak, zeinek kalte-ordain gisa % 30 baizik ez bailukete jasoko, jasan eta frogaturiko kalteengatik. Horrekin ez da tratu-berdintasunik bermatzen biktima-talde desberdinen artean (terrorismoaren biktimak eta motibazio politikoko biktimak), halatan kontraesan nabarmenean eroriz biktimen diskriminaziorik ezaren eta tratu mesedegarriaren printzipioarekiko, zeina martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen 5.3 artikuluak jasotzen baitu.

Terrorismoaren biktimei laguntzeko Foru Legean, kalte-ordaina izan dezaketen kalte psikiko dira baliaezintasun handia, ezintasun iraunkor absolutua eta ezintasun iraunkor osoa. Horrenbestez, terrorismoaren biktimentzako foru araudia hertsiki aplikatuz gero, motibazio politikoko biktimen kasuan ezin izanen zaie kalte-ordainik eman ezintasun iraunkor partzialari loturiko kalte psikiko edo psikologikoen kasuei, ez eta baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrei edo aldi baterako ezintasunari ere, are Estatuak kalte-ordain horiek terrorismoaren biktimentzat aurreikusi egiten baditu ere.

Bestetik, martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian Nafarroako Gobernua gaitzen da erregelamenduzko garapena egin dezan eta, zehazki, terrorismoaren biktimei buruzko legediak aurreikusitako kalte-ordainak eta laguntzak doitu eta egokitu ditzan legedi horren helburuetara. Erregelamenduzko garapenean biktimen kolektiboek (terrorismoarenek eta motibazio politikokoek) jasotako kalte-ordainak elkarrengana hurbiltzeko aurreikusten den doikuntza horrek eragozpen teknikoak ditu, begi-bistako arriskua izanik gehiegizko araupetze batean erortzea, mugatua baita erregelamendu bidezko doikuntza-ahalmen hori. Doitzeak ez du legea eraldatu edo mutatzeko modurik ematen; hori dela-eta, erregelamendu bitartezko doikuntza horrek ezin izanen du kolektibo horien arteko tratu-desberdinkeria onbideratu.

Azken batean, bai 12. artikuluak aurreikusitako igorpenak bai Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako erregelamenduzko garapenak problema-multzo bat dakarte aplikatuak izaterakoan, foru lege mailako araugintzazko konponbidea behar dutenak.

Hori guztia dela-eta, aldaketa honek xede du Terrorismoaren biktimei laguntzeko Foru Legerako igorpena gainditzea, motibo politikoengatiko indarkeria jasan duten pertsonen aldeko prestazio zehatzak ezartzea, biktima-kolektibo bereiztuen arteko babes-berdintasuna bermatzea (terrorismoaren biktimak/indarkeria politikoaren biktimak) eta, azkenik, behar den segurtasun juridikoa ekartzea biktimei eta laguntzen xede diren pertsonei.

Artikulu bakarra.–Aldatzea 16/2019 Foru Legea, martxoaren 26koa, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa.

Bat.–2. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Baldin eta, pertsona baten giza eskubideen urraketaren zuzeneko ondorio gisa, haren heriotza gertatu bada, haren kausadunek eskubidea izanen dute biktima-aitorpena eskatzeko eta diruzko konpentsazioa jasotzeko, foru lege honen 12.5 artikuluan horretarako ezartzen diren erregelei jarraikiz”.

Bi.–9. artikuluko 1. apartatua aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

“1. Eskabideak foru lege honen esparru subjektiboan aipatzen diren pertsonek sustatu eta aurkeztu ahalko dituzte. Legitimazio aktiboa izanen dute, halaber, aipatutako esparrukoak izan ez arren, foru lege honen aplikazio eremuan sartzen diren egitateak zuzenean eta zorrozki ezagutu dituzten pertsonek edo entitateek. Eskabide horiek lau urte eta sei hilabeteko hasiera-epean aurkeztu ahalko dira, arlo horretan eskudun den departamentuko kontseilariaren foru agindua, eskabide-aurkezpenerako epea irekitzen duena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera”.

Hiru.–11. artikuluko 3. apartatua aldatzen da. Honako testua izanen du aurrerantzean:

“3. Ebazpena hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesdunari, eta, kasua bada, bidezko diren errekurtsoak aurkezteko aukera adieraziko zaio.

Prozedura ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hamasei hilabetekoa izanen da, salbu eta artikulu honen 1. apartatuan oinarri harturik epea luzatua izan den kasuan.”

Lau.–12. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“12 artikulua. Biktima deklaratzearen ondorioak.

1. Foru lege honen xedapenen arabera biktima deklaratuak diren pertsonek aitortuta edukiko dituzte, osasun arretaz gainera, kalte fisiko, psikologiko edo materialengatiko ordain ekonomikoak.

Ordain ekonomiko horiek bateragarri dira gertakari berengatik beste erakunde batzuengandik jasotzera zilegituta egon litezkeeneko beste kopuruekin, baldin eta foru lege honen babesean aitortuak izan diren ordain ekonomikoak baino baxuagoak badira. Ondorioz, beste entitate batzuengandik jasotako edo haiek aitortutako kopuruak baxuagoak direnean Foru Komunitateko Administrazioak emandakoak baino, hartzaileak azken horrengandik jasoko du bi laguntza horien arteko aldea bakarrik.

2. Jasandako kalte fisiko edo psikologikoengatiko ordain ekonomikoen zenbatekoak honakoak izanen dira:

a) Heriotzagatik: 250.000 euro.

b) Baliaezintasun handiagatik: 500.000 euro.

c) Ezintasun iraunkor absolutuagatik: 180.000 euro.

d) Ezintasun iraunkor osoagatik: 100.000 euro.

e) Ezintasun iraunkor partzialagatik: 75.000 euro.

f) Aurreko apartatuetan aurreikusitako kalte-ordainen zenbatekoak handiagotu eginen dira kantitate finko batean, kasuko errenta-adierazle publikoaren 20 hilabete-kuotakoa, heriotza-unean edo lesioa eragin zuen indarkeriazko ekintzaren unean biktimarekiko mendekotasun ekonomikoa zeukaten ondorengo ahaideetako edo harreran hartutako adingabeetako bakoitzarengatik.

g) Baliaezintasun gabeko lesio iraunkorrengatik: zenbatekoa zehaztuko da eskabidea aurkezteko unean indardun den sistema erabiliz, zeinaren bidez baloratzen baitira pertsonei zirkulazio-ezbeharretan eragindako kalte eta galerak, eta baremo gisa harturik lan-istriputik edo lanbide-gaixotasunetik eratorritako behin betiko eta baliaezintasunik gabeko lesio, mutilazio eta deformazioengatiko kalte-ordainen zenbatekoei buruz gizarte-segurantzako legedia aplikatzetik suertatzen den hori. Guztizko zenbatekoak ez du ezein kasutan gaindituko ezintasun iraunkor partzialerako adierazitako zenbatekoa.

h) Aldi baterako ezintasunagatik: izanen da aldi baterako ezintasuneko egoeran aurkitzen deneko epeari dagokion eguneroko errenta-adierazle publikoaren bikoitza. Mugatzat izanen du hileko 18 kuota (Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa/egun × 2, hileko 18 kuotako mugaraino). Ondorio horietarako, ulertuko da biktima aldi baterako ezintasun egoeran dagoela osasungintza-arreta jasotzen duen eta bere lanbidean jarduteko edo bere ohiko jardueretan aritzeko ezinduta dagoen bitartean.

i) Mendekotasun-egoeragatik, alorreko departamentu eskudunak biktimei edozein gradu eta mailatan aitortua, honako portzentajeetan gehituko dira Foru Komunitateko Administrazioak emandako kopuruak:

–100eko 30eko igoera, III. gradua –mendekotasun handia, 1. eta 2. mailak– onartu zaien pertsonentzat.

–100eko 20ko igoera, II. gradua –mendekotasun larria, 1. eta 2. mailak– onartu zaien pertsonentzat.

–100eko 10eko igoera, I. gradua –mendekotasun moderatua, 1. eta 2. mailak– onartu zaien pertsonentzat.

Zenbateko horiek bateragarriak izanen dira biktimek jasotzeko eskubidea duten beste edozein zenbatekorekin, non eta ez diren kontzeptu beraren ondoriozkoak.

3. Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bitartez, beharrezkoa gertatzen den osasungintza-arreta edo arreta psikologikoa emanen die biktima deklaratuak diren pertsonei, foru lege honetako xedapenei jarraikiz, ahal den heinean berreskuratze aldera kasuko gertakaria baino lehenagoko baldintzak. Hori ezinezkoa denean, eta beste zentro batzuetan eman beharrekoa denean, administrazio horrek eskaturiko zerbitzu eta tratamendu bakoiztuen ondoriozko gastuak ordainduko dira.

Osasungintza-arretak barne hartuko du tratamendu medikoa, protesi-ezarpena edo horien aldizkako hobekuntzak, bai eta errehabilitazio-premiaren ondoriozko gastuak ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak diagnostikaturikoak direnean.

Arreta psikologikoa jasotzen ahalko da, medikuak aurretiaz horretarako agindua emanik, indarkeriazko ekintzak eragindako edo agerian utzitako nahasmendu psikologikoen agerpenetik aurrera.

4. Kalte materialengatiko ordainketek barne hartuko dituzte etxebizitzetan, gauzaki pertsonaletan, merkataritza- edo industria-establezimenduetan eta ibilgailuetan egin direnak. Kalte-konponketak barne hartuko ditu lehenagoko bizigarritasun- edo funtzionamendu-baldintzak berreskuratzeko beharrezkoak diren urratsak.

Kalte materialen ordainketek ordezko izaera izanen dute administrazio publikoek aitorturikoen edo aseguru-kontratuetatik eratorritakoen aldean, eta kontzeptu horiengatik jasotako kopuruan murriztuko dira.

5. Heriotzagatiko kalte-ordainketarako eskubidearen titular izanen dira, erreferentziatzat heriotzaren gertaeguna harturik:

a) Hildako pertsonaren ezkontidea, legalki bananduta ez bazeuden, edo gutxienik heriotza-unearen aurreko bi urteetan zehar harekin antzeko afektibitate-harremanez elkarturik modu iraunkorrean bizi izandako pertsona, salbu eta ondorengotza amankomuna izan bazuten, ezen kasu horretan nahikoa izanen da elkarbizitza soila; eta hildakoaren seme-alabak.

b) Arestian aipatuetakorik ez egonez gero, hartzaile izanen dira, lehentasun-hurrenkeran eta hurrenkeran jarraian datozenak bazter utzirik, hildakoaren gurasoak, anai-arrebak, bilobak eta aitona-amonak.

c) Arestian aipatuetakorik ez egonez gero, elkarbizitzan partaide izandako pertsonaren seme-alabak, eta hildakoak familia-harrera iraunkorrean edo adopzioaurrekoan hartutako adingabeak, ekonomikoki haren mende baldin bazeuden.

6. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetako batean elkarrekin suertatzen badira zenbait onuradun, kalte-ordainketari dagokion zenbatekoaren banaketa honela eginen da:

a) Kasua bada 5.a) apartatuan jasotzen dena, kopurua erdibanatu eginen da, erdi bat dagokiola legalki banandu gabeko ezkontideari edo elkarbizitza-partaideari, eta bestea seme-alabei. Azken erdi hori zati berdinetan banatuko da.

b) Kasua bada 5. b) apartatuan jasotzen dena, kopurua zati berdinetan banatuko da ahaidetasun-lotura bereko pertsonen artean.

c) Kasua bada 5.c) apartatuan jasotzen dena, kopurua zati berdinetan banatuko da batera suertatzen diren onuradunen artean.

7. Artikulu honen ondorioetarako, pertsona batek zenduarekiko mendekotasun ekonomikoa duela ulertuko da heriotza-unean horren kontura bizi bazen osoki nahiz partzialki eta ez zuen eskuratzen, urteko kontaketan, une hartan indarrean zegoen errenta-adierazle publikoak urteko kontaketan ere zeukan zenbatekoaren ehuneko 150 baino gehiagoko edozein izaeratako errenta edo diru-sarrerarik.”

Bost.–16. artikuluko 5. apartatua aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

“5. Administrazio publikoko kide izan gabe Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kide diren pertsonek eskubidea izanen dute, beren eginkizunetan aritzeagatiko ordain gisa, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezartzen diren dietak eta lokomozio- edo bidaiatze-gastuengatiko sariak jasotzeko. Egun bakoitzeko ez da sortuko dieta bat baino gehiagorako eskubiderik”.

Sei.–Bigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Kredituak gaitzea.

Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, xedatuko du foru lege honek ezarritako laguntzei aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren kredituak gaitzea”.

Zazpi.–Hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Hirugarren xedapen gehigarria.–Erregelamenduzko garapena.

Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak jaulkiko ditu foru lege honetan jasotako aurreikuspenak garatu eta aplikatzeko.”

Azken xedapen bakarra.–Foru legeak indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2209725