140. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

21/2022 FORU LEGEA, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 16/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Jokoari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 16/2006 FORU LEGEA, ABENDUAREN 14KOA, JOKOARI BURUZKOA.

HITZAURREA

I

Joko-jarduerak arautzeko eskumena Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean dago banatuta. Batetik, Estatuaren eskumena esklusiboa da estatu-eremu batean egiten denean jarduera, presentziala denean nahiz bide elektronikoak, informatikoak, telematikoak eta interaktiboak erabiliz egiten denean. Bestetik, autonomia erkidegoek gai honen gaineko eskumenak har ditzakete jokoa beren lurralde-esparru zorrotzera mugaturik egiten denean, zein ere den joko-egikera.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari esleitu zion kasino, joko eta apustuen arloko eskumen esklusiboa, Kirol Ongintzako Elkarrekiko Apustuak salbuetsita. Xedapen hori mamitu zen urtarrilaren 24ko 226/1986 Errege Dekretuan, zeinaren bidez eskualdatu baitziren aipatu eskumenak. Arau horren indarrez, Nafarroari dagokio baimena ematea, besteak beste, kasinoen, bingo-aretoen, joko-aretoen eta apustu-denden instalazio, irekitze eta funtzionamendurako, bai eta jolas-makinak nahiz zorizko jokoetarako makinak ustiatzeko ere, Foru Komunitatearen esparruan.

Nabarmendu beharrekoa da foru lege honetan ez dela jasotzen loterien estatu-erreserbako jokoei, lokalei edo gailuei dagokiena, horiek Jokoaren Araubideari buruzko maiatzaren 27ko 13/2011 Legean araututa egonik. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateak ez du gai horretan eskumenik.

II

Nafarroaren eskumena erabiliz, garai batean Nafarroako Jokoari eta Apustuei buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legeak –jada indargabetuta dago– eta gaur egun Nafarroako Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeak joko-jarduera arautu dute hura enpresa-jardueratzat harturik, eta, aldi berean, gizarteko sektore kalteberenen eskubideak babesten saiatu dira, hau da, joko-jardueraren kontsumo gehiegizkoa eta itxuragabea dela-eta beren osasunean edo ekonomian kalte gehien jaso dezaketen sektoreen eskubideak.

Foru legedia garatzeko, Nafarroako Gobernuak arian-arian tankeratu du joko-sektorea osatzen duten jardueretako bakoitzaren berariazko araubidea, honako arau hauen bitartez:

–73/2010 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Nafarroako Bingoen Erregelamendua onesten duena.

–Abuztuaren 30eko 270/1999 Foru Dekretua, Joko Aretoen Erregelamendua onesten duena.

–94/1991 Foru Dekretua, martxoaren 21ekoa, Rifa, Tonbola eta Zorizko Konbinazioen Arautegia onesten duena.

–181/1990 Foru Dekretua, uztailaren 31koa, Joko Makinetarako Arautegia onesten duena.

–74/1989 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, Joko Makinak instalatzeko Baimenak arautzen dituena.

Kontuan hartu behar da zerrenda horretan ez dela agertzen 16/2011 Foru Dekretua, martxoaren 21ekoa, Nafarroako Apustuen Erregelamendua onesten duena, arau hori baliogabetu egin baitzuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, 2014ko urtarrilaren 23ko epaiaren bidez (Auzitegi Gorenak berretsia, 833/2014 zenbakiko errekurtsoan emandako 2016ko martxoaren 8ko epaiaren bidez), halako moldez non gaur den egunean bat bera baita joko-aretoak arautzen dituen araua eta apustu-denden gainekoa.

Halaber, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 23ko 98/2017 Foru Aginduaren bitartez, jokoaren eta ikuskizun publikoen alorreko Kontrol, Ikuskapen eta Zehapenerako I. Plan Orokorra onetsi zen. Plan horren 1. ardatzak (Jokoaren alorra) badu adingabeekin eta beste kolektibo kaltebera batzuekin zerikusia duen jarduketa lerro bat, helburu nagusi duena eragoztea haiek jokoetan parte har dezaten eta ebaluatzea zenbateraino diren egokiak protokoloak, jarduketa arauak eta enpresek joko-lokaletarako sarbidea eta jokoa bera kontrolatzeko erabiltzen dituzten aplikazioak edo gailu teknologikoak.

Esan behar da, halaber, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 10eko 18/2015 Foru Legeak behar diren murrizketa guztiak ezarri zituela jokoratze-modalitate guztietan. Horrela joko arduratsua bultzatzen da arlo horretan ere, aurrez aurreko jokoarekin egiten zen bezala.

Estatu-esparruan, azaroaren 3ko 958/2020 Errege Dekretua onetsi da, joko-jardueren gaineko komunikazio komertzialei buruzkoa.

Errege dekretu hori Jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legea osatzeko sortu zen. Izan ere, legearen xede nagusiak dira adikzio-jokabideei aurrea hartzea eta adingabeak zein beste talde kaltebera batzuk babestea, eta dekretuarenak, batetik, joko-jarduerak garatzeko gaitzen duten tituluak dituzten entitateei baldintzak ezartzea publizitate, babesletza nahiz sustapen jarduerak edo beren jarduerari buruzko bestelako komunikazio komertzialak garatu ahal izateko; eta, bestetik, joko arduratsu edo segurua sustatzeko eta kontsumitzaileak babesteko politika jakin batzuk garatzeko oinarri izan behar duten baldintzak ezartzea joko-jarduerak garatzeko gaitzen duten tituluak dituzten entitateei.

Horrek 13/2011 Legearen aplikazio-eremuko joko-jarduerak garatzen dituzten entitateei eragiten die –tartean direla loteria-jokoak merkaturatzeko izendatutako operadoreak–, eta edozein bitarteko edo euskarri erabiliz operadoreen joko-jarduerei buruzko komunikazio komertzialak zabaltzen dituzten pertsona fisiko, juridiko, pribatu edo publikoei, esaterako komunikazio elektroniko edo ikus-entzunezkoaren zerbitzuen emaileei, informazioaren gizarteko zerbitzuen emaileei (afiliatuak, web-orriak eta sare sozialak barne) eta beste edozein komunikabideri. Halaber, aplikatzekoa litzateke komunikazio komertzialak prestatu, igorri edo hedatzearen tarteko faseetan parte hartzen duten entitateei, hala nola publizitate sareei, publizitate agentziei edo bitartekaritza zerbitzuen emaileei. Komunikazio komertzialei dagokienez, salbuetsi egiten dira zozketen emanaldiak eta emaitzen hedapena. Baita operadoreek joko-jarduerak eskaintzeko erabiltzen dituzten web.es orri edo aplikazio mugikorretan bakarrik iragartzen diren joko-produktuak ere.

III

Nafarroako Gobernuak 2019ko urrian ekin zien Jokoari buruzko Foru Legea aldatzeko atariko lanei, funtsezko hiru arlo nagusi jorratuz: ludopatiaren prebentzioa, adingabeen eta kolektibo babesgabeen babesa, eta joko arduratsuaren sustapena. Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak lantalde bat eratu zuen Nafarroan apustu-etxeak nola arautu aztertzeko, eta horren txostena onetsi zen Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuraren 2021eko ekainaren 10eko erabakiaren bidez. Bi erakundeen lanetatik atera dira lege-testu honetan bildutako proposamenak.

Kezka sozial eta politikoaren iturri izan da kirol-apustuen eredu guztiek oso urte gutxitan izan duten hazkundea, bai eta horrelako jokoekin zerikusia duten ludopatien gorakada ere, batez ere gazteek pairatzen dutena. Osasun publikoko arazotzat hartu izan da hori, eta, beraz, beharrezkoa da foru legean jasotako araudi indarduna egokitzea.

Alarma jo dute familiek, nerabe eta gazteekin lan egiten duten profesionalek, prebentzioaren arloan eta jokoarekin –batez ere kirol-apustuekin– lotura patologikoa duten pertsonei laguntzen jarduten duten elkarteek, eta maila guztietako administrazio publikoetan nahiz entitate pribatuetan egindako azterlanek.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, kirol-apustuak nabarmen hazi dira. Establezimendu publikoetan jarrita dauden kirol-apustuetarako makinak nagusitzen ari zaizkie B motako makinei, halako moldez non bihurtzen ari baitira nafarrek diru gehien gastatzen duten joko-modalitatea.

Datu horiek guztiek erakusten dute kirol-apustuak izanen direla etorkizun ez oso urrunean dirurik gehien erakarriko duen joko mota, orain arte izandako gorakadak bere bilakabideari eutsiz gero. Igoera horren berri ematen du Nafarroako apustu-makinen parkeak: 2018an 1.138 izateraino iritsi ziren, urtebete lehenago 981 izatetik. Aipatu kopuruak ia bikoiztu egiten du duela lau urte instalatuta zeuden 675 makinen kopurua. Kirol-apustuak hedatzen ziren bitartean, txanpon-makinen parkeak ia berdin jarraitu zuen 2019. urtean Nafarroan, aurreko ekitaldian baino 20 unitate gutxiagorekin eta guztira 1.945 makinarekin. Lau urte lehenago, berriz, 1.986 zeuden Foru Komunitatean.

Beraz, Nafarroako Foru Komunitateak kirol-apustuen arloan dituen eskumenak erabili nahi dira araudi berri honetan, behar diren mugak ezarriz interes orokorra babesteko eta osasun publikoko arazoei aurrea hartu eta itzuri egiteko.

Adikzioaren arriskuak arintzeko neurriak ezarri nahi dira, irisgarritasuna gutxitu, esposizioa murriztu, babes faktoreei eragin hezkuntzaren bidez eta gizartea sentsibilizatuz, eta, azken batean, hezkuntza, familia, gizarte eta osasun esparruen arteko interakziorako mekanismoak ezarri.

Horregatik guztiagatik, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea aldatzen da, lege-aldaketak eginez lokal eta makinen araudian, irekitzeko eta ixteko ordutegietan, kontrolean, publizitatean eta babesletzan, helburu izanik adikzioaren arriskuak arintzea, irisgarritasuna gutxitzea, babes faktoreei eragitea hezkuntzaren bidez eta gizartea sentsibilizatuz, eta, azken batean, hezkuntza, familia, gizarte eta osasun esparruen arteko interakziorako mekanismoak ezartzea.

Arauaren aldaketak tresna eraginkorra izan behar du jokoaren aurrean sektore kalteberenak babesteko, batez ere adingabeak, gazteak eta nerabeak, horiek zaintza edo babes berezia behar baitute. Horregatik, Administrazioaren esku-hartzeak xede izan behar du arriskua duten kolektiboak defendatzea merkatu irekiko eta lehia libreko ekonomiaren testuinguruan, arreta berezia jarriz haur eta gazteei, josteta-jarduera batek ez ditzan joko patologikora eraman.

Artikulu bakarra.–Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea aldatzea.

Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat.–Azken paragrafo bat gehitzen zaio 1. artikuluaren 1. apartatuari. Hona testua:

“Halaber, foru lege honek behar diren mekanismoak ezartzen ditu, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan mota guztietako kirol-apustuen publizitatea debekatuko dutenak, bai eta apustuekin zerikusia duen edozein negozioren publizitatea ere, kirolarien jantzietan, instalazioetan, babesletzan edo antzekoetan. Debeku hori kirol kategoria guztietan ezarriko da, eta aplikatu ahal izateko baldintzak izanen dira dena delako entitateak egoitza soziala Nafarroan izatea eta kirol-txapelketa, -jarduera edo -saioaren eremua tokikoa, probintziakoa edo autonomi-erkidegokoa izatea”.

Bi.–2. artikuluaren a) letra aldatzen da. Hona testua:

“a) Hirugarrenei jasan ditzaketen kalteak saihestea, bereziki sektorerik ahulenei, hala nola adingabeei edo laguntzadun desgaituei”.

Hiru.–Azken paragrafo bat gehitzen zaio 2. bis artikuluaren 1. apartatuari. Hona testua:

“Horretarako, Hezkuntza Departamentuak prebentzioaren arloko jarduketa programa berariazkoak ezarriko ditu ikastetxeetan ezar daitezen, eta lankidetza hitzarmenak sinatzen ahalko ditu jokoarekin zerikusia duten patologiak saihestea xede duten entitate eta elkarteekin”.

Lau.–2. bis artikuluaren 2. apartatua aldatzen da. Hona testua:

“2. Joko-antolatzaileek, beren jardunean aritzean, arreta berezia emanen diete arrisku-taldeei, eta joko-jarrera neurritsu eta arduratsuak sustatuko dituzte, egoki diren informazio-neurrien bitartez, zeinetan zehatz adieraziko baita debeku dutela parte hartzea adingabeek eta zaurgarriak diren bestelako kolektiboek, hala nola laguntzadun desgaituek, kasua bada”.

Bost.–2. ter artikulu berri bat gehitzen da. Honela geldituko litzateke idatzita:

“2. ter artikulua. Joko- eta apustu-enpresek ezarri beharrekoak diren joko problematiko eta patologikoaren prebentziorako neurriak.

1. Joko-enpresek eta joko- eta apustu-baimenen titular direnek neurri-plan bat prestatu behar dute jokoak pertsonengan sor litzakeen balizko efektu kaltegarriak samurtzeko, eta jokoen eta apustuen jarduera gidatzen duten printzipioak jaso behar dituzte.

2. Kasu guztietan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-esparruan soilik jarduten duten joko- eta apustu-enpresek, bai eta joko-atari edo -webguneen titularrek ere, honako ekintzez arduratu behar dute:

a) Arrisku-taldeei behar bezalako arreta eman.

b) Beharrezkoa den informazioa eskaini, parte-hartzaileek modua izan dezaten hautaketa arduratsu bat egiteko. Halaber sustatuko da joko-jarduera eta horrekiko jarrera neurritsua eta arduratsua izan daitezela, ez konpultsiboak.

c) Jakinarazi parte hartzeko eta jokoratzeko zer debeku dauzkaten adingabeek eta debekudunek, hain zuzen Joko-antolamenduko Zuzendaritza Nagusikoa den Jokoratze Debekuen Erregistroan sartuta daudenek, eta debeku horiek bermatzeko beharrezkoak diren kontrolbideak ezartzea. Horretarako, afixa bat beharko dute paratuta eduki ikusteko moduko toki batean, lokalaren barruan bai eta kanpoan ere, adierazten duena adingabeek eta debekudunen erregistroan inskribatuta dauden pertsonek debeku dutela apustuetan parte hartzea.

d) Beren langileei prestakuntza-ikastaroak eman, joko arduratsuaren jardunarekin eta joko problematiko eta patologikoaren prebentzioarekin zerikusia dutenak.

e) Ikusteko moduko toki batean adierazi nora jo daitekeen ludopatia-problema bat edukiz gero.

3. Joko-jarduerak erantzukizun sozial korporatiboaren oharmenez egin behar dituzte joko- eta apustu-enpresek, enpresa-jardun ireki eta gardenen bitartez, oinarrituak balio etikoetan eta enplegatuekiko, parte-hartzaileekiko, gizarte osoarekiko eta ingurumenarekiko begirunean.

4. Joko-enpresek parte-hartzaileei aukera eskaini behar diete beren gordailuei beren borondatez mugak ezartzeko, orokortasunez ezarritako zenbatekoak baino gutxiagokoak.

5. Jokalariei edo erabiltzaileei buruzko trukean gauzatu litezkeen joko problematikoaren eta patologikoaren prebentziorako ekintzek errespetatu egin beharko dute datu pertsonalak babestearen eta eskubide digitalak bermatzearen alorreko araubidea. Erregelamenduz antolatuko dira trukea egiteko bitartekoak eta bideak, bai eta jokalariek modua izan dezaten dagozkien eskubideak egikaritzeko, araubide horren ildotik.

6. Joko-enpresek ez dute zilegi izanen jokalariei mailegurik ematea, ez eta beste edozein kreditu-motarik ere, ez eta haiei hobaririk, doako partidarik edo diru bihurtzeko moduko elementurik ematea edo kredituak edo maileguak lortzeko produktu finantzarioak iragartzerik ere.”

Sei.–10. artikulua aldatzen da. Honela geratuko litzateke idatzita:

“10 artikulua. Jokoen publizitatea.

1. Jokoari edo apustuei buruz eta jokatzeko edo apustuak egiteko lokal eta tokiei buruz publizitatea egiteko eta jarduera horiei babesa emateko, aurretik arlo horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko zaio. Jakinarazpenean egin nahi den kanpainaren edo jardueraren datuak adierazi beharko dira, hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez.

Publizitateak eta sustapenak betiere errespetatu beharko dute Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko Foru Legean xedatzen dena, bai eta hori garatzeko araudian ezarritakoa ere.

Administrazio eskudunak egiaztatu beharko du ezen, legez ezarritako printzipio, betebehar eta debekuak betetzeaz gainera, sustatzen direla joko-jarrera neurritsu, arduratsu eta ez-konpultsiboak, eta, betiere, mezuen bidez ohartarazten dela adingabeek jokoa debekatua dutela.

Kontuan hartu beharko dira, besteak beste, publizitatea emititzeko ordu-tarteak edo hedabideak, pertsona ospetsuak agertzearen debekua edo murriztapenak, eta babesletza- eta sustapen-jardueren erregulazioan joko-jarrera neurritsu eta ez-konpultsiboak sustatu beharra.

2. Ez da onartuko honelako komunikazio komertzialik:

Lehena.–Joko-jardun burugabe, konpultsibo, itxuragabe, neurrigabe, adikziozko edo patologikoan aritzeko pizgarri direnak.

Bigarrena.–Jokatzen ez duten pertsonak arbuiatu eta jokatzen dutenei gailentasun sozial halako bat ematen dietenak.

Hirugarrena.–Joko-jarduerak lotzen dituztenak arrakasta pertsonal, familiar, sozial edo profesionala aditzera ematen duten ideia edo portaerekin.

Laugarrena.–Joko bateko parte-hartzaileentzako maileguen edo beste edonolako kreditu-modalitateren eskaintzak egiten dituztenak.

Bosgarrena.–Jokoa alternatibatzat iradokitzen dutenak problema pertsonal, profesional, finantzario edo hezkuntzakoen, bakardadearen edo depresioaren aldean.

Seigarrena.–Saridun izateko aukerari buruz tronparazten dutenak edo apustu-errepikapena iradokitzen dutenak.

3. Beti debeku izanen da:

a) Apustu-enpresak kirol-kluben babesle izatea; bereziki, debeku da haien publizitatea jartzea kirol-jantzietan eta elastikoetan, edo kirol-instalazio eta estadioetan.

b) Apustuen publizitatea jartzea Nafarroan egin eta osorik edo partez dirulaguntza publikoen bidez finantzatzen den edozein kirol-jardueratan.

c) Publizitatea jartzea zentro hauetatik 300 metrora baino hurbilago dauden euskarrietan: ikastetxeak, kiroldegiak, kultura, josteta edo osasun zentroak, edo joko-adikzioa, osasun mentaleko arazo larriak edo adimen-desgaitasuna duten pertsonen errehabilitaziorako lokalak.

d) Kirol-enpresen publizitatea jartzea administrazio publikoen egoitzetan, 18 urtetik beherakoentzako gune publikoetan, osasun-zentroetan, gizarte-zentroetan, zentro-soziosanitarioetan, ikastetxeetan, zinema-aretoetan eta kirol-ekitaldiak egiten diren lokal eta instalazioetan.

e) Postaz, telefonoz edo bide telematikoez publizitatea egitea, eta, oro har, publizitatea etxera igortzea.

f) Publizitatea egitea Nafarroako egunkari, aldizkari edo bestelako informazio bideetan eta Nafarroan kokatutako irrati eta telebista zentroetan 05:00etatik hurrengo eguneko 01:00 arte.

4. Joko eta apustuen arloan eskumena duen departamentuak ahalmena izanen du proposatzen den jardueraren egitea debekatu edo baldintzatzeko, baldin eta jardueraren beraren edo bere agresibitatearen ondorioz kalte egiten ahal bazaie ordenamendu juridikoan ezarritako askatasun edo eskubideei, edo sektore sentiberaren bat erabili edo haiei kalte egiten bazaie, hala nola adingabeei, edota laguntzadun desgaituei. Horrelako kasuen berri emanen zaio gizarte zerbitzuen eta adingabeentzako babesaren arloan eskumena duen departamentuari.

5. Zaintza-lana eginen da jokoari buruzko publizitatean ez daitezen erabil halako pertsonak zeinak, beren lanbideagatik, ospe sozialagatik edo beste edozein zertzeladagatik, erreferentetzat har baitaitezke populazio orokorrarentzat eta, batez ere, gazte eta adingabeentzat. Aginduko da jokoan aritzeak ludopatia eragitearen eta aritze hori adingabeei debekatuta egotearen ohartarazpena esanbidez jasota utz dadin.

Publizitatean ez da inola ere onartuko osasun arloko profesionalek edo zientzialariek parte hartzerik, ez eta osasunarekin zerikusia duten elkarte, korporazio, fundazio edo erakundeen abalak erabiltzerik ere.”

Zazpi.–14. artikuluari apartatu berri bat eransten zaio. Hona testua:

“6. Joko eta apustuen establezimenduen arteko gutxieneko distantziak.

Inola ere ezin izanen da baimenik eman berariazko joko-establezimenduak zentro hauetatik 400 metrora baino hurbilago instalatzeko: adingabeei irakaskuntza arautuak ematen dizkieten ikastetxe publiko edo pribatuak, jokalari patologikoen errehabilitaziorako zentro ofizialak, adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitzak, osasun, kirol, kultura eta aisia zentroak eta gaztetxeak. Era berean, joko- eta apustu-establezimenduen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izanen da gutxienez ere.

Aurreko paragrafoan aipatutako distantzia (ezertan galarazi gabe udalerri bakoitzak gutxieneko distantzia hori handitzea) beti neurtuko da jabari publikoko bidean oinez egin daitekeen ibilbide laburrenetik.

Udalek gutxieneko distantzia hori baino handiagoa ezarri ahalko dute beren udal-mugarteetan.”

Zortzi.–18. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da. Hona testua:

“4. Nafarroako Gobernuak apustu-makinek bete beharreko baldintzak ezarriko ditu, bai eta, behar izanez gero, toki, lokal edo establezimendu jakinetan apustu-makinak jartzeko baldintzak ere.

Kasu guztietan, tabernetako edo ostalaritzako establezimenduetako apustu-makinetarako irisgarritasun-sistemak halako elementu teknikoak aintzat hartu beharko ditu zeinek modua emanen baitute haietarako irispidea kontrolatzeko, eta foru lege honen erregelamenduzko garapenean xedatutakoaren esanetara egonen da”.

Bederatzi.–23. artikuluaren 2. apartatuari paragrafo bat eransten zaio. Hona testua:

“Baimenduriko toki, lokal eta establezimenduak tabernetatik eta ostalaritzako establezimenduetatik bereizi beharko dira. Debekatu egiten da aipatu establezimenduetan alkoholdun edarien kontsumoaren publizitatea eta sustapena egitea. Baimendutako tokiek, lokalek eta establezimenduek ez dute zilegi izanen kredituak edo maileguak lortzeko produktu finantzarioak iragartzerik”.

Hamar.–26. artikulua aldatzen da. Honela geratuko litzateke idatzita:

“26 artikulua. Joko-aretoak:

1. Joko-aretoak dira joko-makinak ustiatzen direneko lokal edo guneak dauzkaten establezimenduak, eta halaber eduki ditzakete beste aukera ludiko baimendu batzuk aurrera eramateko prestaturik daudenak.

2. Aurreko apartatuan definitutako lokalek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

a) Gutxienez 150 metro karratu erabilgarriko azalera izan behar dute.

b) Nahitaez beharko dute harrera- edo onarpen-zerbitzu informatizatu bat eduki, sartzen utziko ez diena 18 urte baino gutxiagokoei eta jokoari beren kasa uko egin dioten pertsonei.

c) Errotulu batean jarri beharko dute joko-aretoa dela.

d) Ongi ikusteko moduan kartel bat jarri beharko dute adierazteko debeku dutela jokoetan parte hartzea adingabeek eta Jokoratze Debekuen Erregistroan inskribatutako pertsonek, lokalaren barnealdean eta kanpoaldean.

e) Harrera-zerbitzuan ongi ikusteko moduan iragarri beharko dute adikzioa sor dezakeela jokoetan gehiegi aritzeak, lokalaren barnealdean eta kanpoaldean.

f) Ikusteko moduko toki batean kokatu beharko dute, harrera-zerbitzuan, ludopatia-problema bat izanez gero nora jo daitekeen jakinarazten duen oharra.”

Hamaika.–26. bis artikulu berri bat gehitzen da. Hona testua:

“26. bis artikulua. Kirol-apustuen lokalak.

1. Apustu-lokalak dira kirol-apustuen ustiapenerako establezimenduak.

2. Aurreko apartatuan definitutako lokalek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

a) Gutxienez 50 metro karratu erabilgarriko azalera izan behar dute.

b) Nahitaez beharko dute harrera- edo onarpen-zerbitzu informatizatu bat eduki, sartzen utziko ez diena 18 urte baino gutxiagokoei eta jokoari beren kasa uko egin dioten pertsonei.

c) Errotulu batean jarri beharko dute apustu-lokalak direla (edo apustu-guneak).

d) Ongi ikusteko moduan kartel bat jarri beharko dute adierazteko debeku dutela apustuetan parte hartzea adingabeek eta Jokoratze Debekuen Erregistroan inskribatutako pertsonek, lokalaren barnealdean eta kanpoaldean.

e) Harrera-zerbitzuan ongi ikusteko moduan iragarri behar dute adikzioa sor dezakeela joko eta apustuetan gehiegi aritzeak, lokalaren barnealdean eta kanpoaldean.

f) Joko-atarietan argiro adierazi beharko da adingabeek eta Jokoratze Debekuen Erregistroan inskribaturiko pertsonek debeku dutela apustuetan parte hartzea.

g) Ikusteko moduko toki batean kokatu beharko dute, harrera-zerbitzuan, ludopatia-problema bat izanez gero nora jo daitekeen jakinarazten duen oharra.”

Hamabi.–26. ter artikulu berri bat gehitzen da. Hona testua:

“26. ter artikulua. Apustu-terminalak ostalaritzako establezimenduetan edo antzekoetan.

1. Taberna, taberna berezi, kafetegi eta kafe-ikuskizun gisa berariaz baimendutako ostalaritzako establezimenduek apustu-makina osagarri bat bakarrik instalatu ahalko dute. Hori gorabehera, baimena ematen ahal da lokal horietan sari programatuko joko-makina bat instalatzeko, B motakoa.

2. Foru lege honek indarra hartu ondoren paratzen den apustu-makinak apustu-irispidearen gaineko kontrola bermatzea ahalbidetzen duten elementu teknikoak eduki beharko ditu instalaturik, foru lege honetako 18.4 artikuluak ezarritakoari jarraikiz, halako moldez non ekidin eginen baita joko-debekuak dituzten pertsonak edo adingabeak jokoratu ahal izatea.

Joko-partidak amaitu ondoren, eta erabilia izaten ari ez den bitartean, desaktibatuta egonen da, soinuzko, ikusizko edo argizko kitzikagarririk ez dariola.

3. Hemezortzi hilabeteko egokitzapen-aldi bat ezartzen da, ostalaritzako establezimenduetan gaur egun instalatuta dauden makinei foru lege honen 18.4 artikuluan ezarritako sarbide-kontrol sistemak jar dakizkien.

4. Makina instalatuta dagoen ostalaritza-establezimenduaren titularraren erantzukizuna da legez ezarritako jokoratze-debekuak betetzea eta horiek establezimenduko langileei betearaztea.

5. Horrelako makinak aipatu ostalaritza-establezimenduetan instalatzerakoan, ezin dira paratu terraza edo bide publikoetan, ez eta lokalen kanpoaldean ere, ez eta ikastetxe-, unibertsitate-, osasungintza-, gizarte- edo gazteria-eraikinen barneko eta kirol-guneetako tabernetan edo kafetegietan”.

Hamahiru.–30. artikuluaren lehen paragrafoari zenbakia jartzen zaio eta 30. artikuluari apartatu berri bat eransten zaio. Hona testua:

“2. Joko-aretoetan edo apustu-lokaletan beren lana bezeroak artatuz egiten duten langileek prestakuntza jaso beharko dute enpresarengandik, adikzioei eta joko patologikoko esku-hartzeari buruzkoa”.

Hamalau.–32. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da. Hona testua:

“1. Honako hauek debeku dute jokoan parte hartzea, jokoan aritzea eta berariazko joko-establezimendu bezala baimenduta dauden areto eta tokietan sartzea:

a) Adingabeek. Adingabeek sarbidea debeku dutela adierazi beharko da lokaleko sarreran eta web-orriaren atarian, argi eta ongi ikusteko moduan.

b) Epailearen erabakiaz horrela ezarria edo gaitasuna aldatzeko ebazpenean horrela deklaratua duten pertsonek, eta zarrastelek edo konkurtso-prozeduran errudun deklaratuak izan direnek, birgaitzen ez diren bitartean.

c) Horditasun, droga-intoxikazio edo erotasun sintomak agertzen dituen edozein pertsonak, edo armak eta halakotzat erabil daitezkeen objektuak daramatzala sartu nahi duenak.

d) Jokoratze Debekuen Erregistroan joko-uko egile diren pertsonak.”

Hamabost.–38. artikuluari letra berri bat gehitzen zaio. Hona testua:

“q) Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko mota guztietako kirol-apustuen publizitatea jartzea kirolarien jantzietan, instalazioetan, babesletzan edo antzekoetan, edozein motatako kirol-lehiaketa, -jarduera edo -gertakarietan, betiere entitateak Nafarroan badu egoitza soziala eta kirol-lehiaketa, -jarduera edo -gertakaria toki eremukoa edo autonomia erkidegoaren eremukoa bada”.

Hamasei.–41. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da. Hona testua:

“3. Joko eta apustuak antolatzen edo ustiatzen dituzten enpresek har litzaketen erantzukizunak ezertan galarazi gabe, adingabeek eta dena delakoagatik halako jardueretarako sarbidea edo parte-hartzea debekatua duten pertsonek erantzukizuna hartuko dute foru lege honen 40. artikuluan arin gisa tipifikaturiko arau-hauste bat egiteagatik”.

Hamazazpi.–43. artikuluari apartatu berri bat eransten zaio. Hona testua:

“4. Adingabeei zehapen arinak ezarri ordez, ahal dela, neurri hezitzaileak ezarriko zaizkie, hala nola gizarte eta hezkuntza lanak edo komunitatearentzako neurriak”.

Hemezortzi.–Xedapen gehigarri bakarraren titulua aldatzen da. Hona testua:

“Lehen xedapen gehigarria.–Genero edo efektu estankatuak”.

Hemeretzi.–Xedapen gehigarri berri bat eransten zaio, honako testuarekin:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Dirulaguntza publikoak.

Dena delako joko-modalitatean jarduten duten enpresek osoki nahiz partzialki babesturiko edo haien publizitatea daukaten kirol-jarduerak ez dira dirulaguntza publikoak eskatzeko moduan egonen, eta halaber ezin izanen dute halako dirulaguntzarik lortu”.

Xedapen gehigarri bakarra.–Fiskalitateari buruzko azterlana.

Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez, arau honek indarra hartu eta 8 hilabeteko epean, azterlana eginen du Nafarroako Foru Komunitatean jokoak duen fiskalitateari buruz.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamenduzko garapena.

Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak behar diren xedapenak emanen ditu Nafarroan apustuak erregelamendu bidez garatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamenduzko garapena eguneratzea.

Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak behar diren xedapenak emanen ditu Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeko erregelamenduzko garapen indardunak eguneratze aldera.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2209721