140. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Ordenantza fiskala, eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak jartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Anueko Udalak, 2022ko apirilaren 7an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak jartzea arautzen duena.

Erabaki hori 2022ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 26an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, eragozpenik edo ohartarazpenik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, ordenantza fiskal horren aldaketak behin betiko onetsitzat jotzen dira, eta testu osoa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Anuen, 2022ko ekainaren 17an.–Alkatea, Miguel Larrayoz Vidan.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI LOTURIKO BESTELAKO ELEMENTUAK JARTZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedea, kontzeptua, aplikazio eremua, muga orokorrak eta aplikatu beharreko araudia; erantzukizun zibileko asegurua

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honek arautzen du jabetza edo erabilera publikoko eremuen aprobetxamendu bereziak bete behar duen araubide tekniko, estetiko eta juridikoa, ostalaritza establezimenduen zerbitzuan, aldi baterako terrazak eta beladoreak edo antzeko instalazioak jartzeko.

2. Enpresa eta erabilera publikoko lokalen erregistroan alta emanda dauden eta jarduera eta irekiera baimena behar duten jarduera guztiek (esaterako, tabernek, kafetegiek, jatetxeek, taberna-kafetegiek, taberna-jatetxeek eta antzekoek) nahitaez bete beharko dituzte agindu hauek.

2. artikulua. Definizioak.

Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, mahaitzat hartzen da ostalaritza jarduera baten aldi baterako osagarri diren mahai, aulki eta behin-behineko instalazioen multzoa, jarduera horretarako Udalaren baimena dutenak. Hona nola definitzen diren kontzeptuak:

a) Beladore terraza, itxitura egonkorrik gabea: definizio horrek adierazten du eraikuntzarik gabeko espazio ireki batean jarritako terraza, ondoko establezimendu baten ostalaritza jarduerekin lotua, mahaiak, aulkiak, eguzkitakoa, eguzki oihalak, lorontziak, upelak edo antzeko hiri altzarien elementu desmuntagarriak dituena.

b) Altzariak: horrekin adierazten dira mahaiak, aulkiak, mahai altuak, upelak, berogailuak, lorontziak, eguzkitakoak eta antzekoak.

3. artikulua. Muga orokorrak.

1. Terraza paratzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza izanen da udal ogasunarekin zorrik ez izatea jardueraren eta/edo jarduera gauzatzen den establezimenduaren ondorioz, eta orobat asotsari buruzko araudia ez betetzeagatik zehatua ez izana.

2. Baimenen izaera juridikoengatik, jai, kultura eta kirol giroko jarduerak egiten direnean, Udalak sustatuta edo baimenduta, establezimendu horien baimenak aldi batez eten ahal izanen dira. Era berean, obra publikoak egiten dituzten edo zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresen nahiz partikularren obra pribatuak ere geldiaraziko dira, espazio publiko bera erabili behar badute baimendutako leku eta denbora berean.

3. Terraza eta beladoreak jartzea debekatu ahal izanen da, justifikazioa azalduta, bideko segurtasun arrazoiengatik edo nabarmen eragozten badira oinezkoen zirkulazioa, irisgarritasuna edo segurtasuna (eragotzi edo zailtzen bada inguruko eraikin eta lokalen ebakuazioa, edo ekipamenduen nahiz hiri altzarien erabilera, edo interes publikoa babesteko antzeko egoeretan).

4. artikulua. Arautegi aplikagarria.

Ordenantza honetan araututako instalazioek, gainera, aplikagarriak diren araudiak bete beharko dituzte, esaterako irisgarritasunari dagokiona, ikuskizun publiko eta astialdiko nahiz ingurumeneko jarduerei buruzkoa, edo ingurumena babesteko araudia. Beraz, araudi horietan ezarritakoa betetzeko eskatzea guztiz zilegi izanen da, ordenantza honetan espresuki aipatzen ez badira ere.

5. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

1. Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren estaldurak kanpoko instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu.

II. KAPITULUA

Instalazioak bete beharreko baldintzak

6. artikulua. Funtzionamendurako baldintzak.

1. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta haien elementu guztiak behar bezain garbi, apain eta segurtasun baldintza egokietan mantendu beharko dituzte. Horretarako, ezinbestekoa da hondarrak bildu eta pilatzeko elementuak izatea.

2. Baimenen edo kontzesioen titularrak erantzuleak izanen dira erabiltzaileek auzokideei traba egiten badiete; haien lana da, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako eremu baimendutik kanpora ateratzea.

3. Ordenantza honen xede diren instalazioetan aplikagarriak izanen dira higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak.

4. Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

a) Ur horniduraren, saneamenduaren eta/edo argindarraren harguneak. Baimenduko da, ordea, azken kasu horretan, argiteria eta/edo berokuntzarako argindarraren instalazioa, ordenantza honetan arautzen diren baldintzetan.

b) Irudiak erreproduzitzeko ekipoak, hau da, telebistak eta antzekoak, instalatzea.

c) Era guztietako produktuen salmenta makinak, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak edo antzeko beste edozein.

d) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai futbolak edo antzeko beste edozein.

e) Haurrendako josteta makinak jarri ahal izateko udal agintarien baimen espresua beharko da.

5. Arau orokor gisa, ondoko hauek debekatuta daude:

a) Ezin izanen da inongo ainguratzerik finkatu lurzoruan.

b) Ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik gorde edo pilatu establezimenduaren kanpoaldean, ez funtzionamendu orduetan ez hortik kanpo ere, ez estetika, ez apainketa, ez garbitasun arrazoiengatik ere.

7. artikulua. Terrazak eta beladoreak paratzeko baldintza orokorrak.

1. Aprobetxamenduaren baldintzak eta ezaugarriak.

a) Espazioak eta banaketa:

a.1) Beladore terraza establezimenduaren fatxadaren ondoan edo aurrean dagoenean, ezin izanen da hari dagokion eremutik atera, salbu eta mugakide diren esparruen jabeek idatziz baimentzen duten kasuan. Dena dela, instalazioek inguruko etxebizitza eta lokaletara sartzeko modua bermatu behar dute.

a.2) Beladoreen kokapenak ez du inola ere trabatuko edo galaraziko oinezkoen joan-etorri librea edo irisgarritasuna; gutxienez 2 metroko tartea utzi beharko da libre. Tarte hori murrizten ahalko da, Udalaren irizpideak betez, baldin eta espazio hori, bere formagatik edo hiri sarean duen kokalekuagatik, oinezkoen joan-etorrietarako erabiltzen ez bada, edo beste pasabide alternatiborik bada inguruan.

a.3) Aldi berean jarri nahi badira terraza bat fatxadaren ondoan eta beste bat fatxadaren frontean, bien arteko 2 metroko eremu bat ezarri beharko da, oztoporik gabea. Ikusmenik gabeko pertsonei bermatu behar zaie oztopoa identifikatzea.

a.4) Oztoporik gabeko eremua kalkulatzeko, oztopotzat hartuko dira hiri altzariak, lorategi eremuak, farolak eta espaloian egon daitekeen beste edozein elementu, barne dela beste terraza batzuek betetzen duten espazioa.

a.5) Udalak beretzat gordetzen du beladore bakoitzak betetzen ahal duen lekua baimentzeko ahalmena, inguruabar zehatzen arabera, auzoko bizikidetza eta ostalaritza jarduera bermatzeko.

b) Terrazaren kokapena:

b.1) Udalari dagokio terrazaren edo haren elementu osagarrien egokitasunaz erabakitzea.

b.2) Nahiz eta eremu batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, debekua jaso dezake, edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena, interes orokorra lehenetsita partikularraren gainetik.

b.3) Beladoreen instalazioak ez du galaraziko galtzadaren irisgarritasuna ondoko lurzatietako atarietatik eta ez ditu eragotziko legez baimendutako iraganbideen sarrera edo irteera mugimenduak.

b.4) Egunaren 24 orduetan bermatuko da udal ekipamenduen, emergentzien, zerbitzu enpresen eta, oro har, zerbitzu guztien irisgarritasuna.

b.5) Debekatuta dago era horretako instalazioak jartzea leku hauen parean: higiezin, lokal eta garajeen sarbidean, oinezkoen pasabidean, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuetan, emergentziazko irteeretan, hondakinen edukiontzietan, lur azpiko aparkalekuen aireztatze bideetan, etab.

b.6) Lokalaren jabearen ardura izanen da bezeroek terraza ez zabaltzea baimendutako eremuaren mugatik harago.

c) Baldintza estetikoak:

c.1) Udalak instalazioaren eskaera ukatzen ahal du egokia ez bada edo ingurunearekin bat ez badator, herriaren estetika egokiaren ikuspegitik. Alde horretatik, altzariek diseinu eta kolorearen tratamendu bateratua izan behar dute, ingurunean nabarmentzen ez diren koloreak erabiliz. Ez da erabiliko altzari deigarririk edo kolore bortitzik.

c.2) Altzariak metalezkoak badira, gomazko babesgarriak edo neoprenoak jarri behar dira aulki eta mahaietako hanka muturretan.

d) Segurtasun baldintzak:

d.1) Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza hauek mantentzea.

d.2) Eguzkitakoak bildu eta altzariak jaso beharko dira segurtasun baldintzak mantentzeko, haizearen indarra fabrikatzaileak adierazitakoaren parekoa edo handiagoa bada.

2. Zuzeneko emanaldiak.

Zuzeneko emanaldiek Udalak aurretik emandako baimena behar dute.

8. artikulua. Eguzkitakoen eta eguzki babesen baldintzak.

Eguzkitakoak edo eguzki babesak (eguzki oihalak beren egitura autosostengatzailearekin) jartzeko baimena ematen ahalko da, okupazio eremu baimendutik hara ateratzen ez badira, eta haien garaierak arriskurik eragiten ez badu oinezkoentzat. Elementu horiek erraz desmuntatuko dira, egitura pertsonentzat segurua eta sendoa izanen dute, lona edo antzeko oihalez eginak eta erraz garbitzeko modukoak izanen dira, lisoak eta kolore bakarrekoak. Haiek hedatzeko maniobrak errazak izanen dira, eta ezin izanen dira lurzoruan ainguratuta ezarri. Ezin da kolore deigarri edo biziegirik erabili. Alde horretatik, Udaleko zerbitzu teknikoek baloratuko dute proposatutako koloreen egokitasuna, eta ingurunearen arabera komenigarriak iruditzen zaizkien aldaketak egiten ahalko dituzte.

Egitura izanen da aluminio leundu eta anodizatukoa, altzairu herdoilgaitzekoa edo zur tratatukoa.

Eguzkitakoak bildu eta altzariak jaso beharko dira segurtasun baldintzak mantentzeko, haizearen indarra fabrikatzaileak adierazitakoaren parekoa edo handiagoa bada.

Elementu guztiek gutxienez 2,20 metro eta gehienez 3,50 metroko altura librea utziko dute.

9. artikulua. Berokuntzako gailuen baldintzak.

Beladoreak jartzeko baimena duten establezimenduetan berogailuak jarri ahal izanen dira, ondoko baldintza hauek betez, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Europako araudiaren arabera homologatuak:

a) Berogailuaren egitura karkasa erakoa edo antzekoa izanen da, gasa duten elementuen manipulazioa eragozteko moduan.

b) Eremu publikotik kendu beharko dira terrazarako baimendutako ordutegitik kanpo.

c) Berogailuak eramangarriak eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira, eta ezin izanen dira lurzorura ainguratu. Gas berogailuen kasuan, erregaiaren bonbona bereiz erretiratzeko modukoa izanen da.

Berogailu elektrikoen kasuan, hornidura elektrikorako instalazioa behar badute, eraikinaren fatxadan bakarrik instalatu ahal izanen dira, edo terraza hornitua bada itxitura elementuez edo eguzkitakoez, elementu horietara atxikiak jarriko dira berogailuak. Kasu horietan, titularrak instalazio elektrikoa diseinatuko du agudo eta erraz desmuntatzeko moduan, itxitura edo eguzkitik babesteko egitura desmuntatzeko maniobra eragotzi ez dezan.

Ez da inolaz ere baimenduko kable elektrikorik jartzea espaloian, ez eta kableen euskarri gisa arbolak edo hiri altzariak erabiltzea ere.

Argindarrez elikatzen diren berogailuen osagaiek 2,20 metrotik gora jarrita egon behar dute.

Berogailuen instalazio elektrikoak lokal bustietako instalazioetarako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Instalazioa urtero berrikusi behar du instalatzaile baimendu batek, eta adostasun txostena eman beharko du.

Instalazio elektrikoa eraikinetako elementu komunetan barna badoa, dagokion auzokide komunitatearen baimena beharko da.

10. artikulua. Argiteriarako instalazio elektrikoen baldintzak.

Terraza argiztatzeko instalazio elektrikoa dagoenean, lokal bustietako instalazioetarako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Elektrizitate eroaleak pertsonen irismenetik kanpo geratuko dira, ezin izanen dira espaloian jarri, eta ez dira erabiliko euskarritarako arbolak edo hiri altzariak. Argiak edo gailuak estankoak izanen dira eta ez dituzte itsutuko erabiltzaileak, auzokideak, oinezkoak edo ibilgailuak.

Urtero, instalatzaile baimendu batek berrikusi beharko du instalazioa, eta adostasun txostena egin.

Instalazio elektrikoa eraikinetako elementu komunetan barna badoa, dagokion auzokide komunitatearen baimena beharko da.

11. artikulua. Mahai, aulki eta bestelako elementuen ezaugarriak.

Oro har, mahai, aulki eta instalazioaren gainerako elementuak eginak diren materialak zarata gutxi ateratzekoak izanen dira, eta behar bada, egokitu beharko dira, eragozpenak minimizatzeko. Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzeaz gain, harmonia gorde beharko dute beren artean eta inguruarekin kromatismo, material eta diseinu aldetik.

Baimen edo establezimendu baten elementu guztiak egiteko materialek harmonia gorde beharko dute kolore, diseinu eta testura aldetik.

Terrazen diseinuak, materialek eta kromatismoak ez dute inoiz gaizki emanen ondoko terrazekin eta hiri ingurunearekin edo ingurune arkitektonikoarekin.

Hiri altzarien multzoak (mahaiak, aulkiak, etab.), forma eta materialen diseinuaren kalitatea bermatzeko, ondoko ezaugarri hauek izan behar ditu:

a) Materialak: egituran, ahal dela, aluminioa edo altzairu herdoilgaitza erabiliko dira, eta horiek konbinatzen ahalko dira zur tratatuko xaflekin, aluminio, zuntz sintetiko edo antzekoekin, garbiketa erraza bermatzeko. Bestelako materialaz egiten ahalko dira, betiere terraza kokatzeko baldintzek eta inguruneak horretarako bidea ematen badute eta Udalak baimen espresua ematen badu. Jarlekuan eta bizkarraldean onartzen da kuxin moduko elementuak erabiltzea. Metalezko altzarietan, hanka edo euskarrien muturrek gomazko edo neoprenozko babesgarriak izan beharko dituzte.

b) Koloreak: ahal dela, ez da erabiliko kolore deigarri edo nabarmenik. Udalak baloratuko du proposatutako koloreen egokitasuna, eta aldaketak ezarri ahal izanen ditu ingurunearekin egokitzeko.

Aurrekoak hala direla ere, nabarmengarri kromatikoak erabiliko dira, ingurunea eraldatu gabe ere, ikusteko desgaitasuna duen jendearen mugikortasuna errazteko elementu bereizgarriak izan daitezen. Ahaleginak eginen dira batasun kromatikoa mantentzeko hiri espazio homogeneoetan (etxe sailak, plazak etab.).

c) Publizitatea: establezimenduaren izena jartzen ahal da beladore terrazaren kanpoaldean. Mahaietan, aulkien bizkarraldean eta altzarietan, oro har, establezimenduaren izenaz gain, marka komertzialak ere jartzen ahalko dira, modu ez nabarmenean. Espresuki debekatuta daude publizitate estandarreko beladore terrazak.

III. KAPITULUA

Baimena lortzea eta berritzea

12. artikulua. Terraza baimenak.

1. Terraza baimenak.

Behar bezala legeztatutako ostalaritzako establezimenduei bakarrik emanen zaie terraza jartzeko baimena, egin behar duten jarduerarekin bat datorren jarduera eta irekiera lizentzia badute. Era berean, egun seinalatuetan, interes orokorreko barra-mostradoreak edo txosnak jartzea baimentzen ahalko da.

Jabari publikoa besterenezina eta preskribaezina denez eta baimen hauek guztiak hautazkoak direnez, ez dago aldez aurretiko eskubiderik, ez jabari publikoko lurzoruetan ez erabilera publikoa duten titulartasun pribatuko espazioetan; beraz, baimenak behin-behinekoak izanen dira.

2. Baimena errebokatzea, aldatzea eta etetea.

Baimenak noiznahi errebokatu ahal izanen dira, interes orokorra argudiatuta. Bereziki, bidezkoa izanen da ezeztatzea, geroago onesten diren arau edo irizpideekin bateraezinak direlarik, espazio publikoan kalteak eragiten dituztelarik, interes publiko handiagoa duten jardueretarako erabiltzea galarazten dutelarik, erabilera orokorra eragozten edo zailtzen dutelarik, baimena emateko arrazoiak aldatzen direlarik edo baimena ukatzea justifikatzen duten inguruabarrak gertatzen direlarik.

Aitzineko paragrafoko arrazoi berengatik eta baldintza beretan, Administrazioak lizentziak aldatzen ahalko ditu kokalekuaz, zabaleraz, altzariez, ordutegiez edo beste edozein alderdiz den bezainbatean.

Lizentziaren balioa automatikoki etenda geratuko da hainbat ekitaldi egiten direnean, besteak beste, prozesioak, kabalkadak, azokak, merkatuak, ikuskizunak, kirola, agerraldiak edo antzekoak, lehentasunezko interesa dutenean, eta orobat obrak egin beharragatik, zerbitzu publikoek hala behar dutelarik edo antzeko jarduerengatik, terrazak betetzen duen espazioa uztea beharrezkoa denean. Eteteak mugagabeko iraupena izanen du, eta lizentziak bere balioa berreskuratuko du etetea ekarri duten arrazoiak desagertzen direnean, administrazio ebazpen baten beharrik gabe.

Gainera, terrazaren baimena aldi batez edo behin betiko etetea lehentasunezko interes publikoaren arrazoiengatik ez du kalteordainik eraginen, ukatu gabe eremu publikoa erabiltzeagatik kobratutako tasak itzultzeko aukera, dagokion ordenantza fiskalean ezarritako moduan.

13. artikulua. Baimen eskaera eta dokumentazio erantsia.

1. Interesdunak baimenaren eskaera aurkeztu beharko dio Udalari, eredu ofizialaren arabera eta behar bezala betea. Hartan jasotzen diren datuez aparte, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Kokalekuaren planoa eta xehetasuna, 1:200 eskalan gutxienez ere, instalazioak hartzen duen azalera ongi erakusten duena. Hartan adieraziko dira zer altzari jarri nahi diren, kopurua, tamaina, instalazioaren eta okupatu beharreko eremuaren azalera osoa, eta oztopo finko guztiak (trafiko seinaleak, eserlekuak, farolak, zuhaitzak, lorategi eremuak, hiri altzariak, arkupeen zutabeak, etab.).

b) Mahai, aulki, eguzkitako eta halakoen ereduak, baimenarekin batera Udalak haien onespena eman dezan.

c) 5. artikuluak aipatzen duen aseguru poliza indarrean eta haren ordainketa eguneratua izanaren ziurtagiria. Orobat aurkeztuko da erantzukizun zibileko aseguruaren kopia edo hura egin izanaren zinpeko aitorpena, hain zuzen ere instalazioak erabiltzaileei nahiz hirugarrenei eragiten ahal dizkien kalteak estaltzeko.

d) Beharrezkoa bada, mugakide diren etxebizitza eta establezimenduen jabeen baimena.

e) Berogailurik jarri nahi izanez gero, 10. artikuluan eskatzen diren ziurtagiriak ere aurkeztu beharko dira.

14. artikulua. Terrazen funtzionamendurako aldiak eta denbora-tarteak.

1. Baimena eskatzen ahalko da aldi zehatz baterako, betiere urtebete baino gutxiago eta hilabete baino gehiagokoa.

2. Baimena urtebetekoa izaten ahal da fatxadari atxikitako instalazioetarako. Gainerako instalazioak, ordea, udan bakarrik baimentzen ahal dira.

3. Lizentzia aldi hauetako baterako emanen da:

–Urtekoa, urte naturalari dagokiona, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

–Udakoa: apirilaren 1etik urriaren 31ra.

–Hilabete natural oso bat edo gehiago, hau da, hilabete horietako hilaren lehenetik azkenera.

4. Terrazaren eskaera 15 egun lehenago, gutxienez, egin beharko da, erabiltzen hasi aurretik. Arestiko epe horiek ezartzeak ez du esanahi establezimendu berriek, irekitzeko lizentzia edo titulartasuna aldatzea lortu ondoren, eskaera egiten ahal dutenik, hortik aurreragoko urte aldirako, edo, kasua bada, urte sasoi horretarako, edo hortik aurrera geratzen den urte sasoirako.

5. Administrazioaren isiltasunak ezespen ondorioak ditu; gisa hartara, ez da espazioa erabiltzen ahal horretarako gaitzen duen titulua aurretik eskuratu gabe.

6. Indarraldia iraganik, lizentziaren titularrak edo, kasua bada, establezimenduaren titularrak instalazio guztia kendu beharko du eta eremu publikoa lehengoratu behar du hasierako egoerara.

7. Lizentziaren titularra den establezimendua itxirik dagoenean ere (oporretan etab.) kendu beharko dira elementu baimenduak.

8. Lizentziaren titularra den pertsonaren betebeharra da eremu publikoan ezarritako instalazioaren edozein elementuk eragiten ahal dituen kalteen ordaina ematea.

15. artikulua. Berritzea.

Baimenek indarra izanen dute baimendutako funtzionamendu aldian, baina urteko baimenen kasuan, urtarrilaren 1a baino lehen berritu beharko dituzte haien titularrek. Nolanahi ere, baimenari uko egiten ahalko zaio instalatzeko epe baimendua hasi baino 10 egun lehenago.

Berritzeko eskaerarekin batera, hori emateko bete beharreko baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da.

Nolanahi ere, 7. eta 8. artikuluetako kasuetarako, inguruko establezimenduen adostasun eguneratua aurkeztu beharko da, eta 10. artikuluko kasuetarako, berriz, instalatzaile baimenduak instalazioaren egokitasuna adieraziz egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Gainera, aldatzen badira azalera, altzari, itxitura, babes eta halakoak, eskaerarekin batera 13. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu behar da.

Udalak berritzearen aurkako borondatea agertuko du, besteak beste, kasu hauetan:

–Prozeduraren bat hasirik, ondorioztatzen denean jarduera nagusiaren edo osagarriaren funtzionamenduak eragozpenak edo kalteak eragiten dituela.

–Baimenaren edo ordenantzaren baldintzak betetzen ez direla ikusten denean.

–Baimendutako aldian jarduketa publikoak egitea aurreikusten denean, eta aurreikusten denean jarduketok baimena ematen den uneko errealitate fisikoa aldatuko dutela.

–Tasa ordaintzen ez den kasuetan.

16. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubidea salbu utzirik emantzat joko dira beti lizentziak. Eskatzaileak ezin izanen ditu haiek alegatu, hala lokalean nola terrazek eta beladoreek okupatzen duten bide publikoaren zatian jardutean duen erantzukizun zibila edo penala kentzeko edo gutxitzeko.

2. Udal lizentzia prekarioa izanen da beti, eta dagokion udal organoak instalazioa bide publikotik kentzeko agintzen ahalko du hala egin behar denean pertsonen mugikortasunari, zirkulazioaren arintasunari eta hiri antolamenduari eragiten dieten arrazoiengatik edo interes orokorreko beste batzuengatik. Halakoetan, kentzeko gastuak baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira, eta horrek ez du eskubiderik emanen inolako kalte-ordainik jasotzeko.

17. artikulua. Prezio publikoa.

Lizentziaren titularrak dagokion prezio publikoa ordainduko dio Udalari, ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoan eta moduan. Prezio hori 15 eguneko epean ordaindu beharko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik hasita; lizentziaren titularrak ezin izanen du baimendutako instalazioa gauzatu prezio hori ordaindu arte. Aipatu epea iragaten bada ordainketa egin gabe, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, beste lizentzia bat eskatu beharko da, instalazioa egin nahi bada.

Lizentziari dagozkion tasak I. eranskineko prezio publikoen proposamenean ezartzen dira.

IV. KAPITULUA

Erabilera baimenduaren baldintzak

18. artikulua. Ordutegia eta funtzionamenduaren araubidea.

1. Terrazak baimenduta duen jarduera nagusiaren ordutegia edozein dela ere, haren erabilera 6:00etatik 24:00etara mugatuko da, bi ordu gehiago zabaltzeko aukerarekin, ostiral, larunbat eta jai egunetan. Udaberria-uda sasoian (maiatzaren 1etik irailaren 30era), asteburuetan (ostiral eta larunbat gauetan) eta jai bezperetan hiru orduz zabaltzen ahalko da.

Terraza ezin izanen da jarri goizeko 6:00ak baino lehen. Inolaz ere ezin izanen da lokal hartarako zehaztutako ordutegitik kanpo aritu.

Salbuespen gisa, muntatzeko eta kentzeko ordutegi zabalagoa baimentzen ahalko du, bai udalerri osorako, bai eremu zehatz baterako.

Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, Udalak murrizten ahalko du ordutegia, unean uneko inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza arlokoak aintzat hartuta, edo inguru hartako bizilagunei eragozpenak eragiten dizkieten zaratak sortzen direla egiaztatzen bada. Halakoetan, ordutegiaren murrizketa baimenean jaso beharko da ingurumen arloko nahitaezko baldintza gisa, eta hori gabe ez litzateke baimenik emanen.

2. Aurreko puntuan ezarritako ordutegia amaituta, instalazioaren titularrak ordubete izanen du hura jasotzeko.

3. Instalazioa eta altzariak lokalaren barnean bilduko dira.

4. Betebehar hori kenduko da instalazioa jasotzeko lanengatik eragozpen handiak eragiten bazaizkie auzokideei edo eremu publikoari. Inguruabar horiek Udalak aztertuko ditu eta baimenean espresuki jaso beharko dira.

19. artikulua. Instalazioak garbitzea eta apaintzea.

1. Lizentziaren titularrak okupazio baimenaren xede den lurzorua garbi, seguru eta ordenatua mantendu behar du, hala nola instalazio osoa eta haren elementu osagarriak, eta lokalaren eta terraza edo beladoreen arteko iraganbidea ere bai, bien arteko tarte bat dagoenean.

Alde okupatuan eta lokalaren eta terrazaren edo beladorearen arteko trantsizioko espazioan geratzen diren hondakinak egunero kenduko dira.

2. Pertsona horren ardura izanen da terraza eta beladoreen funtzionamenduaren ondorioz udal ordenantzei arau hausteak egiten bazaizkie (asotsak, karrikaren garbitasuna etab.).

V. KAPITULUA

Diziplina araubidea

20. artikulua. Lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udalak ofizioz, kautelazko neurri gisa eta berehala kentzen ahalko ditu eremu publikoan ezarritako terrazak eta beladoreak edo bestelako edozein elementu osagarri, baimenik ez badute, bere bitartekoak erabiliz edo besterenak, eta horretarako prestatutako lekuan bildu, instalazioaren arduradunaren kontura, dagozkion zehapenak ezartzea ukatu gabe.

Kendutako elementuak berreskuratzeko dagokion zehapenaren ordainagiria erakutsi beharko da.

2. Terrazak eta beladoreak mantentzen badira lizentziak babesten duen aldia iragan ondoren, baimenik gabeko egoeraren parekoa izanen da, diziplina ondorioetarako.

21. artikulua. Arau hausteak.

1. Arau haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doazen ekintzak eta omisioak.

2. Ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko legerian nahiz adin txikikoen babesari eta kontsumitzailearen babesari buruzkoan tipifikaturiko arau hausteak aplikatzen ahal den araudi sektorialaren arabera zehatuko dira.

22. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Jardueren titular diren pertsona fisiko edo juridikoak dira arau hausteen erantzuleak.

23. artikulua. Arau hausteen sailkapena.

Ordenantza honetako arau hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1. Arau hauste arinak:

a) Herritarrei eragozpenak sortzea.

b) Erabiltzaileek beladoreak okupazio eremutik kanpo jartzea galarazteko neurririk ez hartzea.

c) Okupazio eremua garbitasun, segurtasun eta apaindura baldintza egokietan ez edukitzea.

d) Elementuak eremu publikotik kendu ondoren, txukun ez uztea terrazak edo beladoreek okupatutako espazioa.

e) Lizentzian baimendutako tokia ez den beste toki bat okupatzea.

f) Lizentzian zehaztu gabeko mahai, aulki edo bestelako gauzak jartzea.

g) Ixteko ordutegia ez betetzea ordubete baino gutxiagoko tarte batez.

h) Ordenantza honetan araututako elementuak instalatzea udal baimenik gabe, legeztatzeko aukera dagoenean.

i) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, arau hauste astuna edo oso astuna ez direnean.

2. Arau hauste astunak honako hauek dira:

a) Hiru arau hauste arin egitea.

b) Ixteko ordutegia ez betetzea ordubeteko eta ordu eta erdiko tarte batez.

c) Baimendutako azalera gainditzea %10etik gorako eta %25etik beherako azalera batez, edo mugapenean ezarritako bestelako baldintzaren bat ez betetzea.

d) Nahitaezko asegururik ez izatea.

e) Herritarrei edo oinezkoei eragozpenak eragitea behin eta berriro instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz.

3. Arau hauste oso astunak:

a) Hiru falta larri egitea.

b) Beladoreak dituzten terrazak baimenik gabe edo baimenduriko alditik kanpora paratzea.

c) Baimendutako azalera gainditzea %25etik goitiko eremu batez.

d) Instalazioa berehala geldiarazteko agindua ez betetzea, instalazio horrek zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten edo trabatzen duenean, edo ekipamenduei, azpiegiturei, zerbitzu publikoen instalazioei, espazio publikoei edo haien instalazioei kalte larria ekartzen badie.

e) Herritarrei edo/eta oinezkoei eragindako eragozpen larriak, instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz, ordenantza honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik behin eta berriro eta modu larrian.

f) Ixteko ordutegia ez betetzea ordu eta erdiko eta bi ordutik gorako tarte batez.

3.a) eta 3.d) apartatuetan jasotako kasuetan, nahaste nabarmentzat joko da modu larrian, berehalakoan eta zuzenean kaltetzea beste pertsona batzuen lasaitasuna edo legezko eskubideak erabiltzeko aukera, edo mota guztietako jarduerak egitea, osasungarritasunari eta apaindura publikoei buruzko araudi aplikagarriaren arabera.

24. artikulua. Zehapenak.

1. Foru lege honetan aurreikusitako arau hausteengatik honako zehapenak ezarriko dira:

a) Arau hauste arinak: 100 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

b) Arau hauste astunak: 150 eta 250 euro bitarteko isuna.

c) Arau hauste oso astunak: 300 eta 500 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

2. Aurreko artikuluko 3.d) eta 3.e) kasuetako arau hauste oso astunek badaezpadako neurri gisa ekarriko dute jarduera etetea, horren gainean ireki den zehapen espedientea ebazten den bitartean.

25. artikulua. Zehapenak ezartzea

Zehapen espedientean aintzat hartzen diren inguruabarren haztapena ukatu gabe, isunak mailakatuko dira arau hauste bakoitzaren garrantziaren arabera, eremu publikoaren erabilera orokorrerako eta bizikidetza publikorako udal zerbitzu publikoen garapen normalari eragiten zaion kalteari erreparatuta.

Bete beharrekoak bete daitezen agintaritzaren agenteek ematen dituzten jarraibide eta errekerimenduei kasurik ez egitea bereziki hartuko da kontuan, zehapenen zenbateko zehatza finkatzeko.

Hala ere, zehapenen zenbatekoak zehazteko kontuan hartuko da proportzionaltasunaren printzipioa, eta aintzat hartuko dira, seinalatutako inguruabarrez gain, arau haustearen intentzionalitatea, berrerortzea eta errepikapena.

26. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura orokorra, hau da, baimenik ez dagoen kasuan, ofizioz hasiko da, dagokion salaketaren bidez. Hasteko ebazpenak zehapenerako ebazpen zehatzaren proposamena jasoko du. Ustezko arduradunari jakinaraziko zaio, 15 eguneko epean aurkez ditzan bere eskubideak defendatzeko egokiak iruditzen zaizkion alegazioak. Hasierako ebazpenak izendatuko du prozeduraren instruktorea, eta hark prestatuko du zehapenerako ebazpenaren proposamen zehatza, aurkeztutako alegazioak ebatziko ditu, egokiak iruditzen zaizkion probak eginen ditu eta azkenean dagokion isuna zehaztuko du, kasuaren inguruabar berezien arabera.

Eremu publikoa erabiltzeko baimena duten pertsonen aurka emandako baimenen baldintzak ez betetzeagatik hasten diren zehapen prozedurak izapidetzen hasteko, arduradunari jakinaraziko zaio egozten zaion arau haustea, zehapen proposamenarekin, eta alegazioak aurkezteko 10 egun baliodunen epea emanda, alegazioak aurkezteko. Prozedura amaituko da dagokion ebazpena ematen denean, baimenaren titularra den pertsonaren zehapena edo erantzukizunik eza ezarriz.

27. artikulua. Arau hausteen eta zehapenen preskripzioa.

Arau hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta oso astunak hiru urteren buruan.

Arau hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau hauste astunengatik ezartzen direnak bi urteren buruan eta arau hauste oso astunengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan.

Preskribatzeko epearen hasiera eta etetea administrazio prozedura erkidearen araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

28. artikulua. Zehapenak betetzea.

Administrazio bidean irmo bilakatu ondoko hilabetean bete beharko dira zehapenak, hau da, zehapenaren ebazpenaren kontra jar daitekeen berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean, edo batere errekurtsorik jartzen ez bada, zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean.

Zehapena ordaintzeko emaniko epea iragan eta ordaindu ez bada, haren ordainarazpena betearazpen bidetik eginen da, bidezko diren errekargu eta interesekin.

Ezartzen den epean ordainarazpena ez gauzatzeak baimena errebokatzeko edo iraungitzeko prozedura abiatzea ekarriko du.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betez.

I. ERANSKINA

Mahaiak, aulkiak, beladoreak (herriko festak osorik)

0,20 euro/eguneko/mahaiko

Udako denboraldia, 90 egun (ekainaren 1etik irailaren 15era arte)

0,15 euro/eguneko/mahaiko

Gainerako egunak

0,10 euro/eguneko/mahaiko

Iragarkiaren kodea: L2209001