139. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

567E/2022 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita proiektu honetaz: baimendutako ekoizpen ahalmena handitzea eguneko 70 tona gaindituta, arrautza produktuen eta deribatuen lantegi batean, Arbizuko udal mugartean. Sustatzailea Agotzaina SL da.

2021eko abenduaren 28an Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua abiaraz dezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatuarekin bat.

Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2.b) taldean jasotzen da, eta, beraz, hartan xedatuaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura aplikatu behar zaio.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten.

Hamaika kontsulta egin dira. Hauek dira kontsultatuak: Arbizuko Udala, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ibai Ingurunearen Atala, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Ekologistak Martxan, Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa, Lurra - Lurraren Defentsarako Elkartea, Cederna-Garalur, eta Sustrai-Erakuntza Fundazioa). Bik erantzun dituzte: Ibai Ingurunearen Atalak eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak. Legez ezarritako epea amaitutakoan Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzuna jaso da.

Erantzunen emaitza txosten honen 1. eranskinean jaso da.

Proiektuaren deskribapena:

Arrautza produktuak eta deribatuak prestatzeko Agotzaina SL lantegia funtzionatzen ari da dagoeneko, eta ekoizpena handitzeko, araudiari egokitu behar zaio, ingurumen baimen integratua lortze aldera.

Instalazioa Arbizuko udal mugartean dago. Mugakide ditu, iparraldean Sakanako autobia (A-10), eta ekialdean, Arakil ibaira isurtzen den Leziza errekaren ezkerreko ertza; eta Arbizuko herriguneko lehen etxebizitzetatik 150 metro hegoalderago dago.

Lehendik dagoen industria establezimendu horrek industria lurzoruaren kalifikazioa du udal plangintzan, eta jarduera garatzeko behar diren zerbitzu guztiak ditu: ur horniduraren sarea, saneamendu sarea, euri uren sarea, goi tentsioko argindar sarea, telefonia eta datu sarea, eta espaloi zolatuak.

Gaur egun, industria eraikin batean daude kokatuta ekoizpen prozesua eta laborategietako eta administrazioko zerbitzu osagarriak. Landa lurzoruan daude instalazio osagarrietako batzuk, araztegia eta biomasaren siloa.

Lantegiko ur beltzak komunetan, aldageletan eta administrazio zerbitzuetan sortzen dira. Sortutako isuriak industria isuriekin nahasten dira eta denak batera tratatzen dira araztegian.

Euri uren sarea ez dago konektatuta industria uren saneamendu sarearekin, hondakinak biltegiratzen diren zonan izan ezik; hori zona zikina da eta hondakin uren sarearekin konektatuta dago.

Ekoizpen prozesuan zenbait kalitatetako arrautza pasteurizatua lortzen da, bai eta gorringoak eta zuringoak ere bereiz, horiek ere pasteurizatuak. Egiaztatu da lantegiaren ekoizpen ahalmenak gainditu eginen duela 75 tona produktu bukatuen atalasea eguneko.

Proiektuko jarduerak ura behar du, industria prozesuaren garbitasunerako. Isuriak, gehienbat, arrautzaren tratamendurako guneak eta ekoizpen ekipamenduak garbitzean sortzen dira. Prozesuan sortutako hondakinak hondakin uren araztegiraino bideratzen dira, eta gero, arazte prozesuaren ondoren, hodi biltzaile publiko nagusira ponpatzen dira, Arbizu-Lakuntzako udal araztegian tratatzeko.

Egungo egoeraren aldean, ekoizpenaren gehikuntza garrantzitsua aurreikusten da. Ekoizpenaren gehikuntza hori lortzeko, aurreikusten da:

–Pasteurizatzeko makina berri bat eta arrautza likidoaren biltegi berri batzuk ezartzea.

–Ontziratze gela berri bat, produktua formatu txikian ontziratzeko.

–Euri uren saneamendurako egungo sarea handitzea, eraikuntza berriei zerbitzu emateko.

–Industria uren eta ur beltzen saneamendu sarea handitzea, industria instalazio berrietako urak jaso eta hondakin uren araztegiraino bideratzeko.

–Arrautza azalak hausteko lerro berri bat.

–Arrautza azalak kudeatzeko plan berria.

–Ontzien hondakinen prebentziorako plana.

Proiektuan aurreikusten da neurriak hartzea hondakin uren araztegiak behar bezala funtziona dezan.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatua:

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera.

Jardueraren ekoizpena handitu arren, ez da handituko instalazioak hartzen duen lur azalera. Beraz, ustez ez da ingurumen ukipen berririk izanen, lurzorua okupatu, erliebea aldatu, landaretza suntsitu, faunari erasan edo paisaiari erasateari dagokionez. Hala ere, eta aurrekari gisa, 2013ko otsailaren 26an, 0003-0102-2013-000084 espedientearen arabera, Agotzaina SLk sustatutako industria garapeneko planaren gaineko kontsulta zela eta, jada garrantzitsutzat jo zen Leziza erreka babestea ibilguaren eta bazterren konfigurazio topografikoari eutsiz, jabari publiko hidraulikoko eremua baliatuz errekaren bazterrak hobetu eta lehengoratzeko, errekara ura isurtzeko guneak zehaztuz, lur mugimenduak kontrolatuz eta hondakinak egoki kudeatuz. Azken alderdi horiek dira ingurumen kontrol handiena behar dutenak.

Bestalde, jardueraren hondakinak (arrautza azalak) kudeatzeak arazoak sortzen ditu, azken finean lantegitik kanpoko ingurumen elementu sentiberei eragiten baitie, are herriari ere. Beraz, proiektuan jasotako neurriak bete beharko dira, arloan eskumena duten erakundeek proposatutakoez gainera.

Ingurumen agiriaren azterketak eta ingurumen ebaluazio sinplifikaturako analisi honek erakusten dutenez, proiektuak ur ibilgu mugakidean (Leziza erreka) eta bazterreko landaredian izan dezakeen eragina hartu behar da kontuan, batez ere. Horrez gain, kontuan hartu behar dira hondakinen kudeaketari lotutako ondorioak, usainen kontrola eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearena –alderdi horiek ingurumen baimen integratuaren espedientean ebaluatzen dira–.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak modu arrazoituan ebatziko duela ea proiektua ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar den edo ingurumen eraginaren txostena emanen den, txosten horretan ezartzen diren baldintzekin.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako determinazioak betetzen badira, baita proiektuaren funtsezko baimenean biltzen direnak ere.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Arrautza produktuak eta deribatuak prestatzeko Arbizuko udal mugartean dagoen lantegian baimendutako ekoizpen ahalmena eguneko 70 tona gaindituta handitzeko proiektuak, zeina Agotzaina SLk sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten diren baldintzetan, eta, beraz, ez da hari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

1.–Lurzoru eta uren kutsadura, usainak eta hondakinen kudeaketa kontrolatzeko behar diren jarraibide guztiak ezarriko dira ingurumen baimen integratuan.

2.–Arbizuko industria garapeneko planari buruz 2013ko otsailaren 26ko ingurumen txostenean aurkeztu ziren neurriak beteko dira. Hala, Leziza errekaren ertzak landareztatuko dira landaredi naturala kendu edo hondatu den tarteetan. Horretarako, inguruetako haltzetatik (Salix atrocinerea) bildutako aldaxkak landatuko dira, aldez aurretik hormonaz tratatuta. Era berean, Leziza errekako ezpondan egindako harri-lubetak landareztatu eginen dira Salix atrocinerearen aldaxkak landatuz harri blokeen artean. Aldez aurretik harrien arteko hutsuneak landare-lurrez beteko dira, inguruan bildutako belar eta zuhaixka autoktonoen haziekin nahasturik.

3.–Sakanako autobiatik (A-10) begiratuta instalazioaren eragin bisuala ahalik eta txikiena izan dadin, zuhaitz pantaila bat landatuko da Arbizuko 1. poligonoko 388. lurzatiaren mendebalde eta iparraldeko muga osoan zehar. Pantaila hori osatzeko, makalak (Populus nigra) eta lizar arruntak (Fraxinus excelsior) landatuko dira bi ilaratan, hiruzuloka, bata bestetik 5 metrora. Gutxienez 1,5 metroko altuera duten aleak erabiliko dira, ongi zurkaiztuta, eta mantentze lan egokiak eginen dira landatu ondoko lehen hiru urteetan, gutxienez.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitateari), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

1. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza

2021eko ekainaren 2an, 21/2013 Legearen 46.1 artikuluari jarraituz, kontsultaren izapidea hasi zen, eta hau izan da emaitza:

–Ibai Ingurunearen Atalaren erantzuna, 2021eko uztailaren 12koa: ez da bidezkoa txostena ematea, zeren, “aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hondakin urak araztu eta gero Arbizuko saneamenduko sare orokorrera ponpatzen baitira. Euri uren sarea ez dago konektatuta industria uren saneamendu sarearekin, hondakinak biltegiratzen diren zonan izan ezik; hori zona zikina da eta hondakin uren sarearekin konektatuta dago. Euri urak industria establezimenduaren inguruko jariatze naturalera isurtzen dira”.

–Lurraldearen Antolamenduaren Atalak bere erantzunean jaso du Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 15eko 124E/2021 Ebazpena. Horren bidez Agotzaina SLri ukatu egin zaio Arbizuko 1. poligonoko 204. lurzatian, Itsasia parajean, lehendik dauden araztegia eta aparkalekua legeztatzea, ez dagoelako justifikaziorik araztegia eta aparkalekua lurzoru urbanizaezinean kokatzeko, industria jardueraren ondoan, zeina industriarako hiri lurzoruan kokatuta baitago, Arbizuko Udal Planeko sailkapenaren arabera. Ondorio gisa adierazten da osagarri dituen jardueraren lurzoru mota berean kokatu behar direla instalazio horiek, eta horretarako, beharrezkoa izanez gero, jarduera kokatuta dagoen industriarako hiri lurzoruaren mugak aldatu behar direla, hirigintzako tramitazio egokiaren bitartez.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2022ko urtarrilaren 12ko txostenean hau erantzun du: proiektuak itxuraz izanen dituen eraginak ur ingurunearekin bateragarriak dira, betiere jarduketaren ondoriozko ukipenen analisiak aurreikusten badira, azaleko eta urpeko uren kalitatea bermatuz. Horretarako sustatzaileak prebentzio, neurri edota konpentsazio neurriak aurkeztu beharko ditu, bai eta ingurumena zaintzeko plana ere.

Gainera, txostenaren eranskinean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak sustatzaileari ohartarazten dio Urari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua eta geroko aldaketak bete behar dituela, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 245. artikulua eta hurrengoak ere, non hau adierazten baita:

–Jabari publiko hidraulikoan eta horren zortasun eta polizia eremuetan obrak edo lanak egin aurretik arroko erakundearen baimen administratiboa eskuratu beharko da, alde batera utzita arroko erakunde honek Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera eman behar duen ingurumen txostena, IEE arrunta egin beharrari buruzko kontsulta hauei dagokiena.

–Zortasun eremua –5 metro, ur ibilgu publikoen mugatik neurtuta–, bi ertzetan libre eta igaro ahal izateko moduan utzi beharko da.

–Uholdeekiko kalteberak ez diren eta ura husteko ahalmena nabarmen murrizten ez duten jarduerak soilik baimentzen ahalko dira, eta arroko erakundearen baimen administratiboa beharko dute jabari publiko hidraulikoa kutsatzen edo narriatzen ahal duten jarduera guztiek; batez ere, ur kontinentalak kutsatzen ahal dituzten uren eta hondar-produktuen isurketak.

Iragarkiaren kodea: F2209052