139. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

206E/2022 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Eco Binder erretxinaren erabilera proba egitea zuntz mineralezko isolatzaileak fabrikatzen dituen instalazio batean. Titularra Rockwool Peninsular SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 23ko 816/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eguneratua ekainaren 11ko 258E/2014 Ebazpenaren bidez.

2022-04-08an titularrak baimena eskatu du hurrenez hurreneko proba batzuk egiteko, harri-zuntzaren fabrikazio prozesuan ECO Binder erretxina ez-fenolikoak erabiltzeko.

Proba hori lan osasuneko arrazoiengatik egin behar da. Harri-zuntza egiteko prozesuan urtean 4.900 tona erretxina fenoliko erabiltzen dira, eta pixkanaka horiek erabiltzeari utzi eta ordezkoa erabiltzen hasi behar da, ekainaren 11ko 258E/2014 Ebazpenaren I. eranskinean zehaztutako moduan.

Probetan 340 m³ ECO Binder erretxina erabiliko dira guztira, 17. astetik 50. astera bitartean, I. eranskinean azaltzen den planaren arabera.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aurkeztutako eskaera aztertu du, eta honako hau ondorioztatu du: instalazioa bera, dagoeneko hartzen diren neurri zuzentzaileak eta proba egiteko ezarritako baldintzak egokiak direla proba egitea baimentzeko.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazi denarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik utzi zaizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea zuntz mineralezko isolatzaileak fabrikatzen dituen instalazio batean Eco Binder erretxinaren erabilera proba egiteko; instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Caparrosoko udal mugartean dago, eta Rockwool Peninsular SA da titularra.

Bigarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Rockwool Peninsular SAri eta Caparrosoko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 21ean.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari Pedro Zuazo Onagoitiaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren babesean.

I. ERANSKINA

Proba egiteko baldintzak

–Baldintza operatiboak:

  • ECO Binder erretxina ohiko erretxinen biltegietan biltegiratuko da, edukiontzien baldintza berberekin, eta ohiko erretxinak bezalaxe erabiliko da.
  • Hemen ageri den saiakuntzen egutegia gutxi gorabeherakoa da. Ezarritako daten aldaketak aldez aurretik jakinaraziko zaizkio Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, lehenbailehen, eta planifikazioa aldatzeko arrazoiak azalduko dira.

–Iraupena, epeak, kopuruak:

  • 17. astea: 8 ordu
  • 20. astea: 8 ordu
  • 22. astea: 8 ordu
  • 26. astea: 48 ordu
  • 38. astea: 10 ordu
  • 41. astea: 10 ordu
  • 44. astea: 16 ordu
  • 47. astea: 16 ordu
  • 50. astea: 24 ordu
  • 2022rako aurreikusitako 8.000 orduetatik proba honek 200 ordu iraunen du, guztira. Proba osoan zehar 340 m³ Eco Binder erretxina erabiliko dira, guztira (132,6 tona solido).

–Neurri zuzentzaileak:

  • Ez da neurri zuzentzaile berririk ezartzen. Lehendik daudenak mantenduko dira eragindako fokuetan (2., 3. eta 4. fokuak, hurrenez hurren harri-zuntza egitea, ontzea eta hoztea).

–Kontrol neurriak:

  • Probak egin bitartean CO, NOx eta SOx isuriak neurtuko dira 3. fokuan (ontzea).
  • Halaber, 17. eta 50. asteetako probetan SOx isuriak neurtu beharko dira 4. fokuan (hoztea).
  • Probetan sortuko diren isuriak zenbatetsi beharko dira, eta PRTR-Espainia erregistroari jakinaraziko zaio 2022. urteari dagokion jakinarazpenean (2023an).

II. ERANSKINA

Fokuak kontrolatu eta zaintzeko programa

–Proben azken astean, saiakuntza laborategi akreditatu batek kanpo kontrola egin beharko du UNE-EN 17025 arauari buruz. Txosten teknikoa egin beharko du honako parametro hauen isuriak ziurtatzeko 2., 3. eta 4. fokuetan: partikula solidoak, metanoaz besteko konposatu organiko lurrunkorrak, NH3, fenola, formaldehidoa eta aminak. Hauek ere ziurtatuko dira: 4. fokuan, SOx isuriak; 3. fokuan, CO, NOx eta SOx isuriak.

–Erregistroa. Neurketen emaitzak autokontrolerako erregistro sistema batean jasoko ditu titularrak, formatu egokian eta euskarri informatikoan. Erregistroa jardueraren instalazioan eduki behar da, etengabe eguneratuta, eta agintaritza eskudunei aurkeztu behar zaie, eskatuz gero.

–Probak egin bitartean garrantzizko ezbeharren bat gertatzen bada, isuri atmosferikoei dagokienez garrantzia duena, titularrak jakitun jarri beharko du Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua, eta proba eteten ahalko da.

III. ERANSKINA

Txostenak

–39. astean, titularrak lehenbiziko txostena aurkeztu beharko du, 17. eta 38. asteen artean probak nola garatu diren azaltzeko. Datu hauek emanen ditu: zenbat ECO Binder erretxina erabili den eta zer proportziotan, eguneko produkzioa, prozesuaren baldintzak (ontzeko errekuntza ganberako tenperaturak, erregai eta energia kontsumoa), isurien autokontrolak, gorabeherak, eta edozein inguruabar jakingarri.

–Proba amaitutakoan, titularrak proba osoari buruzko azken txostena aurkeztu beharko dio Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, lehenbiziko txostenaren eduki mota berarekin, eta hor jasoko ditu probaren balorazioa eta saiakuntza-laborategi akreditatuaren txosten teknikoa, egindako neurketen emaitzekin eta isurien muga-balioak betetzeari buruzko ebaluazio-irizpenarekin.

IV. ERANSKINA

Ebazpena eman aurreko entzunaldia

Aurkeztutako alegazioak eta haiei emandako erantzunak:

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Entzunaldi horretan titularrak alegazio batzuk egin ditu. Hona hemen horien laburpena eta emandako erantzuna:

Asier Cáceres jaunak, Rockwool Peninsular SAU ordezkatuz, 2022-06-10ean aurkeztutako alegazioak:

1. Lehen alegazioa: ebazpena argitaratu aurreko probetarako aurreikusitako neurketak ezin izan dira egin ebazpenaren baldintzak kontuan hartuta. Beraz, baldintzak 26. asteko probetara arte atzeratzea proposatzen da.

–Erantzuna: alegazioa baiesten da, epeak egokitu beharra dela eta.

2. Bigarren alegazioa: 2. fokuan (zuntzak egitea) errekuntza-gasak neurtu beharra kentzea, ez dutelako garrantzirik foku horretarako, ez direlako kontuan hartu ingurumen baimen integratuan, eta justifikatu gabeko gainkostua dakartelako.

–Erantzuna: alegazioa baiesten da. Zehazten den bezala, 2. fokuan errekuntzako gasen isuriak ez dira nabarmenak, eta horregatik ingurumen baimen integratuan ez da agindu isuri horiek neurtzeko. Behin betiko ebazpenean gehiago zehaztuko dira isurien kontrolari buruzko betekizunak, instalazioaren egiazko funtzionamendura egokitzeko.

3. Hirugarren alegazioa: aurreikusten da neurketak egitea 3. eta 4. fokuetan 17., 20., 22., 26. eta 50. asteetan; beraz, eskatzen da neurketarik egin beharrik ez izateko 38. astean.

–Erantzuna: alegazioa baiesten da. Pentsatzen ahal da programatutako neurketa sorta nahikoa dela erretxina berria erabilita sortzen diren isurien eboluzioa ebaluatzeko.

4. Laugarren alegazioa: lehengai, laborategi, enpresako langile, kanpoko langile eta produkzio-orduen urritasun arazoak direla eta, eskatzen da behin betiko ebazpenean argi adieraz dadin saiakuntzen egutegia gutxi gorabeherakoa dela eta aldaketak izaten ahal dituela. Ezarritako daten aldaketak aldez aurretik egoki jakinaraziko zaizkio Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, lehenbailehen, eta planifikazioa aldatzeko arrazoiak azalduko dira.

–Erantzuna: alegazioa baiesten da. Proposatutako zehaztasuna gehituko zaio behin betiko ebazpenari.

5. Bosgarren alegazioa: 50. asteko probak laburrak izanen direnez, ez da neurketarik egiten ahalko ENAC marka erabiliz, denbora asko behar baita horretarako; beraz, eskatzen da laborategi akreditatuaren neurketak zenbait astetan zehar banatu ahal izatea, behar bezala planifikatu ahal izateko.

–Erantzuna: alegazioa baiesten da. Alegazio honi dagokionez ez da aldatuko ebazpenaren testua, eta aurreko alegazioan ezarritakoa aplikatzen ahalko da.

Iragarkiaren kodea: F2209119