138. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

561E/2022 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginari buruzko txostena egiten baita Artzibarko Lakabeko agrokonpostatze instalazioaren proiektuaz. Sustatzailea Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea da (Irati Mankomunitatea).

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko asmoz, eta egiaztatu ondoren dokumentazioak bete egiten dituela sektoreko legerian eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan ezarritako baldintzak, Artzibarko Udalak 2021eko irailaren 20an “Artzibarko Lakabeko agrokonpostatze proiektua” aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Sustatzailea Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea da (Irati Mankomunitatea).

Irati Mankomunitateak proposatu du hondakin organikoak tratatzeko instalazioa egitea Elutsandiko gainean, Artzibarko Lakabe herriaren mendebaldean, nekazaritzan erabiliko den konposta egiteko (agrokonpostatzea).

Mankomunitatearen lurralde eremuko udalerri, herri eta jardueretatik ekarriko dira hondakin organikoak konposta egiteko (Agoitz, Artzi, Ibargoiti, Itzagaondoa, Lizoainibar-Arriasgoiti, Longida, Elo, Untziti, Urraulgoiti, Urraulbeiti eta Urrotz-Hiria).

Hondakin mota hauek bakarrik tratatzea aurreikusten da: LER 200201, soro eta baratzeetako laborantzan edo lorezaintzan sortzen diren hondakin biodegradagarriak, eta LER 200108, sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak, mankomunitateko udalerrietako ostalaritza jardueretan sortuko direnak.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko b) puntuan sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du. Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeari dagokionez, jarduera 3. eranskineko 3.1 multzoan sartzen da eta jarduera sailkaturako lizentzia behar du.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak ezarritako irizpideen arabera, “eskalako konpostatzea” eginen da hondakinak kudeatzeko: gaika bildutako etxeetako eta merkataritzako biohondakinak tratatuko dira (gaikako bilketako zati organikoa), akordioak eginda toki entitateekin eta hondakinen mankomunitatearekin. LER 200108 eta LER 200201 motetako hondakinak bakarrik tratatuko dira (hurrenez hurren, sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak eta parke eta lorategietako hondakin biodegradagarriak). Tratatzeko ahalmena urtean 300 tona hondakin baino gutxiagokoa izanen da (zehazki, 50 tona urtean), eta gehieneko biltegiratze ahalmena 50 tonakoa izanen da, barnean hartuta prozesatu zain dauden hondakinak, prozesatzen ari direnak eta biltegiratutako konposta. Jarduera propioetarako erabiliko da konposta (ez da merkaturatuko).

Materia organikoaren eskalako kudeaketari lotutako instalazioa da, eta etxeetako eta komunitateko hondakinekin eginen du konposta. Beraz, erreferentzia mailan gelditzen dira 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planean hondakin-kudeaketarako azpiegitura berriak ezartzeko jasotako mapak, eta, zehazki, konpostatze instalazioei dagokiena. Horren salbuespenak egin ditzake Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak.

Proiektuaren deskribapena.

Proiektatu den agrokonpostatze instalazioak 200-280 metro karratu bitarteko hiru zabalgune angeluzuzen okupatuko ditu txandaka honako kokaleku hauetan: 1. kokalekua (Artzibarko 10. poligonoko 56. lurzatia): x: 634.412 y: 4.748.206; 2. kokalekua (Artzibarko 10. poligonoko 51 A lurzatia): x: 634.504 y: 4.748.225; eta 3. kokalekua (Artzibarko 10. poligonoko 53 A lurzatia): x: 634.574 y: 4.748.283. Hurbileneko herria Lakabe da, 630 metrora.

Hiru kokalekuak berdindu eginen dira, landaretza garbitu ondoren, eta inguruan artzain elektrikoa jarriko da, konposta egiten den bitartean animaliarik sar ez dadin zabalguneetara.

Instalazioaren funtzionamenduari dagokionez, hamabostaldi bakoitzeko bi tona hondakin ekarriko dira inguruko udalerrietatik, kamioian (urtean 50 tona baino gutxiago kudeatuko dira, guztira). Ez da hondakinik biltegiratuko, ekarri ahala jarriko baitira konpostatze-errenkadetan. Hondakinak sailkatu ondoren nahastu eginen dira homogeneizatzeko, eta lurraren gainean jarriko dira errenkadetan (2,5 - 3 m zabal, 10-12 m luze eta gehienez 1,5 m gora). Berehala errenkadak geotestilez estaliko dira. Hilero egituratzaileak ekarriko dira inguruko herrietatik (inausketako eta sastraka-garbiketako hondarrak). Ontze prozesua osatzeko, errenkadak goitik behera irauliko dira hamabostean behin. Iraulketa hori paladun traktore batekin eginen da. Nahi bezalako kalitate mailak lortutakoan, konposta jaso eta inguruko lurzatietan erabiliko da.

Proiektuaren arabera, lixibiatuak gutxitzeko prebentzio neurri hauek ezarriko dira: errenkaden azpian egituratzaile geruza jartzea, eta errenkadak geotestilez estaltzea (euste egiturarik gabe, zuzenean errenkadaren gainean).

Instalaziorako sarbide gisa mendiko pista baten 1.900 metroko tartea erabiliko da. Pista hori NA-2040 errepidetik irteten da Muniain eta Usotz alderantz, Lakabeko tunelaren mendebaldeko ahoa baino lehentxoago, eta herri horietara iritsi baino lehen iparraldera jotzen du Zalakarteko gaina inguratuz, Lakabetik hegoaldera, Elutsandiko instalazio berriaren ingurura iritsi arte.

Konpostatze jarduerak ez du energia elektrikorik kontsumitzen, salbu eta artzain elektrikoa jartzeko, eta sistema fotovoltaikoaren bidez eginen da horren hornidura.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera. Barnean biltzen ditu proposamenaren justifikazioa, aukeren azterketa, ingurunearen deskribapena, ustiapen eta eraispen faseetako eraginen ebaluazioa, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurrien proposamena eta ingurumena zaintzeko plana. Agirian ondorioztatzen da ingurumen eragina ingurumenarekin bateragarria dela, eta are ingurumenerako onuragarria.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Izapide horretan Basoak Kudeatzeko Atalaren txostena jaso da, eta bertan zenbait ohar daude: proiektuko lurzatietako baten titularra Nafarroako Gobernuko Baso Ondarea da, lixibiatuak kontrolatu behar dira, kokalekuak hesitu behar dira instalazioa basa animaliak erakartzen dituen gune bilakatu ez dadin, eta, jarduera baso lurzoruan kokatuko denez, zehaztu behar da zer prebentzio neurri hartuko diren konpostatze instalazioak baso suterik eragin ez dezan. Hondakinen Atalak adierazi du ez dela bidezkoa txostena egitea.

Basoak Kudeatzeko Atalaren 2021eko azaroaren 12ko txostenean adierazitakoa kontuan hartuta, Ingurumen Eraginaren Atalak errekerimendua egin zuen, txosten horretan azaldutakoari erantzuteko dokumentazio osagarria aurkez zedin. Errekerimendua 2021eko abenduaren 20an bete zen.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten honetan ezartzen den bezala.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Katastroko 56. lurzatia mugakide da ES0000129 “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak” HBB eta KBEarekin. Bestalde, 51. eta 53. lurzatiak Natura 2000 Sareko eremu horren barnean daude, baina konpostatze instalazioa lurzatien mugan kokatuko litzateke. KBEaren deklarazioa maiatzaren 24ko 45/2017 Foru Dekretuaren bidez egin zen. Dekretu horrek “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak” izeneko Batasunaren garrantzizko lekua kontserbazio bereziko eremu izendatu, haren kudeaketa plana onetsi, eta “Iñarbeko arroila” (RN-9), “Txintxurreneko arroila” (RN-0) eta “Gaztelu” (RN-11) natura-erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea eguneratu zuen. Artzibarko 10. poligonoko 53. lurzatia, berriz, Nafarroako Baso Ondarearen titulartasunekoa da. Lurzatien barnean proposatutako zonek erabilera hauek dituzte: larreak eta larre-sastrakak.

Kokalekuaren litologian tuparriak dira nagusi, ingurumen agiriak berresten duen moduan. Lurzoruak materia organiko urrikoak eta azalekoak dira. Zehazki, erregosolak dira, higadura zantzu nabarmenekin. Material mota horrek iragazkortasun txikia bermatzen du lurrean eta lurpeko ur masetan (U.H.2.01 “Irati garaia” unitate hidrogeologikoa eta 30239 “Arga garaia - Irati garaia” lurpeko ur masa). Tuparriak eta flysch-ak iragazgaitzak izatearen ondorioz, ordea, jardueraren ustiapen fasean sor litezkeen lixibiatuek lurzoruan eta azaleko zein lurpeko uretan eragin lezaketen kutsadura kontrolatu behar da. Ingurumen txosten honetan kutsadura kontrolatzeko neurri gehigarriak proposatzen dira, proiektuko ingurumen agirian jasotakoez gainera.

Lakabeko herrigunetik pasatzen den eta herria hornitzen duen Txubingoa errekaren sorburua jarduketa-eremuaren inguruetan dago. Distantzia kontuan hartuta (250 m baino gehiago), eta jardueran sor litezkeen lixibiatuak kontrolatuz gero, ez da ur ibilgu horren gaineko ukipenik izanen.

Hiru zabalguneak baso lurzoruan daude, ganaduaren presentzia dela-eta Festuca rubra gr. eta Agrostis capillaris espezieek eratzen dituzten larreetan. Lakartutako beste zona batzuetan ageri dira Brachypodium rupestre, Brachypodium retusum eta sastrakadi barreiatua, hala nola Rubus sp., Rosa sp, Buxus sempervirens, Juniperus oxycedrus, etab. Agrokonpostatze instalazioaren inguru hurbilean ezpeldia bakanduta dago, batez ere abereak larratzearen ondorioz.

Ingurumen agirian azaltzen denez, agrokonpostatze instalazioa kokatu nahi den eremuan ez dago intereseko edo lehentasunezko habitat kartografiaturik, eremu erabat antropizatua baita, abereak ibiltzen diren zonak eta baso landatuak dituena.

Instalazioari zerbitzu emateko erabiliko den pista zatiak baso lurrak zeharkatzen ditu. Pinu gorriaren eta larizio mendi-pinuaren sailak daude, baina baita artadiak edo ezpeldiak larreekin, sastrakadiak eta arte sakabanatuak ere. Baso lur horiek “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak” kontserbazio bereziko eremuaren barnean daude, eta gehienak Nafarroako Gobernuaren baso ondareko lurzatietan.

Ingurumen agiriak zehatz deskribatzen du inguruko fauna, eta animalia espezie nabarmenenak haitzetako hegazti harrapariak direla dio. Ugatzaren (Gyapetus barbatus) hiru lurraldek bat egiten dute zona horretan. Beste harrapari batzuek habia egiten dute inguruetan: sai zuriak (Neophron percnopterus), arrano beltzak (Aquila chrysaetos), belatz handiak (Falco peregrinus), hontz handiak (Bubo bubo) eta sai arreak (Gyps fulvus), besteak beste. Badago hegazti nekrofagoak elikatzeko gune bat proiektuko jarduketa-eremuaren ipar-ekialdeko muturrean.

Ingurumen azterketan kiropteroak nabarmentzen dira. Inguru horretan hainbat kiroptero espezieren aipamen mordoa egin da, baina ez da haien gaineko ukipenik izanen, eraginen prebentziorako eta zuzenketarako neurri egokiak aplikatzen badira.

Paisaiari dagokionez, hautatu diren kokalekuak behatzaile gune nagusietatik urrun daude, eta ez da ikuspegian linea edo bolumen erregularrik sortuko, ez baita azpiegitura edo eraikin berririk eginen. Beraz, ez da paisaiaren gaineko ukipenik izanen. Eremuan ez da deskribatu interes arkeologiko edo kulturaleko baliorik.

Proposatutako eremuaren hegoaldeko lepoa (Lakabeko tuneleko mendebaldeko ahoa) Artzibarren baso suteen hedapenerako kritikotzat jotzen diren puntuetako bat da. Horregatik, ingurumen txosten honetan jasotako neurriak ezarri beharko dira suteak kontrolatzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, proiektuari erantsitako ingurumen agirian eta ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako determinazioak betetzen badira. Bestalde, jarduera abian jarri eta ustiatzeak, zuzeneko loturarik ez izanik Natura 2000 Sareko Es0000129 “Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak” KBEaren kudeaketarekin, ez du eragin nabarmenik sortuko ingurunean, haren kontserbazio-helburuak kontuan hartuta.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Artzibarko Lakabeko agrokonpostatze instalazioaren proiektuak, zeina Irati Hondakin Solidoen Mankomunitateak (Irati Mankomunitatea) sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez zaio ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Proiektuan proposatutako hondakin motak bakarrik onartuko dira: LER 200201, soro eta baratzeetako laborantzan edo lorezaintzan sortzen diren hondakin biodegradagarriak, eta LER 200108, sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak. Aldez aurreko sailkapenean hondakin ezegoki guztiak kendu beharko dira, batez ere plastikozkoak. Ez da gaindituko proiektatutako kudeaketa-bolumena. Hiru kokalekuak txandaka erabiliko dira.

–Lurzoruaren eta azaleko zein lurpeko uren kutsaduraren aurkako babesari dagokionez, material meten azpian lixibiatuen kontrolerako landare-zuntz lehorreko 40 cm-ko geruza eta gainean geotestila jartzeaz gain, hiru kokalekuen inguruan zanga edo areka eginen da balizko lixibiatuak bilgune batera eramateko: putzu iragazgaiztu batera edo kutxatila estankoetara. Lixibiatuak kudeatu edo berrerabili eginen dira.

–Putzua eraikitzen bada, xaflarekin iragazgaiztuko da eta haren neurriak zehazterakoan, putzuak gainez egin eta lixibiatuak isurtzeko arriskua saihesteko, kontuan hartuko da ezohiko euriteak gerta litezkeela.

–Animaliak ez gogaitzeko, instalazioan hamabostaldi bakoitzeko gehienez ere 2 orduz erabiliko dira makinak lanerako, eta beti egunez lan eginen da.

–Bi hego-ipuru (Juniperus oxycedrus) daude 1. kokalekuan, eta kontserbatu eginen dira, batez ere zuhaitz eitekoa.

–Hautatutako hiru kokalekuen inguruan ehiza-itxitura jarriko da, 2 m garai. Itxituraren goiko hariak ez du arantzarik izanen hegaztiei kalterik ez egiteko.

–Hurbileko herrian usain arazoak izanez gero, inpaktu hori eragozteko behar diren neurri osagarriak hartu beharko dira.

–Sarrerako edo irteerako material metaketetan gehienez 2 tona metatuko dira, aurreikusi gabeko eraginik ez sortzeko ingurumenean eta paisaian. Ingurumena zaintzeko planak metatutako bolumenak kontrolatzeko neurriak eta, stocka gaindituz gero, litezkeen konponbideak bilduko ditu.

–Ingurumena zaintzeko lanetan arreta bereziz kontrolatuko da errenkaden eta meten azpiko lurzoruaren eta inguruko lurzoruaren egoera, higatze eta nitrifikatze prozesuak antzemateko, eta halakorik agertzen bada, kutsadura kontrolatzeko neurri gehigarriak hartuko dira.

–Ingurumenaren kontrol eta zaintzako neurri iraunkorrak ezarriko dira instalaziorako sarrera eragozteko lehorreko fauna oportunistari, bai eta jarduerarekin lotutako intsektuei ere (geotestilen eta itxituren kontrola). Kontuan hartu behar da inguruan hegazti harrapari eta sarraskijale anitz daudela. Ildo beretik, ingurumena zaintzeko planak lehorreko fauna oportunistaren eta jarduerari lotutako intsektuen presentzia posiblea zaindu eta kontrolatu beharko du, eta behar diren neurri zuzentzaileak ezarri.

–Sute arriskua kontrolatzeko:

  • Gutxienez 10 metroko distantzia egonen da inguruko hesitik zuhaitzak dauden zonetara; eta hesiaren atzean beste babes eremu bat egonen da, 25 m zabal.
  • Kokaleku bakoitzak itzalgailua eta suaren kontrako tapakiak izanen ditu. Guztira ur ihinztatuzko hiru itzalgailu eta hiru tapaki jarriko dira. Langileek suteetan bete beharreko larrialdi planari buruzko prestakuntza jasoko dute. Ingurumena zaintzeko planean eginbehar hauek ezarriko dira: itzalgailuak eskura daudela egiaztatzea, zigiluak, segurtagailuak, plakako inskripzioak eta ezaugarrien etiketa berrikustea, eta mahuken arrakalak edo itzalgailuaren kalteak detektatzea. Itzalgailuaren karga egiaztatuko da (pisua eta presioa), bai eta gas bultzatzailearen botilarena ere, halakorik bada, eta atal mekanikoen egoera aztertuko da (pita, balbula, mahuka eta abarrekoak).
  • Egoera onean mantenduko dira ur hargune hurbilenak (planoa erantsi da). Garrantzitsua da kontuan hartzea Itoizko urtegira 1,5 km baino distantzia laburragoa dagoela lerro zuzenean.
  • Agrokonpostatze instalazioen inguruetan larratze holistikoa eginen da. Abeltzaintza mota horrek, eskuzko sastraka-garbiketekin batera, mosaiko erako egiturari eusten dio eta erre daitekeen landare materiala metatzea eragozten du.

–Jarduera desegitean, kontuan izan beharko da guztiz desagerrarazi beharko dela edozein material eta makina metaketa, eta partzelari hasierako nekazaritza erabilera eman beharko zaiola, hasierako egoera berean.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Artzibarko Udalari, Basozaintzari (Agoizko barrutia) eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2209029