138. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

181E/2022 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona “EM Ribaforada (120M) baliabide eolikoaren neurketarako estazio meteorologikoa Ribaforadako udal-mugartean eraikitzea eta operatzea” proiektuari. Sustatzailea Nordex Energy Ribaforada SL da.

2020ko martxoaren 3an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektua baliabide eolikoak neurtzeko estazio meteorologiko bat ezartzean datza, Ribaforadan, 2. poligonoko 280 A lurzatian. Estazio meteorologikoaren oinarria tirantez finkatutako dorre bat izanen da, 120 metrokoa, horrela hainbat mailatako datuak eskuratu ahal izateko, ikerlanaren xede den haize-sorgailu motak duen abatzaren altuerako mailakoak barne. Estazioa martxan egonen da, gutxienez, Ribaforada 02 prototipozko haize-sorgailua instalatzeko balizko data baino urtebete lehenagotik, eskuratzen diren datuen arabera, eta haize-parkea ezartzen bada, haren osagai bihurtuko da bizitza baliagarri osorako.

Instalatu nahi den dorrea Ferroval 450 modeloa da; hodi-sareta dauka, 120 metro garai jotzen du, eta 3 metroko piezen bidez muntatzen da, lotura hariztatuaren bidez, 50 x 50 cm-ko oin-plaka baten gainean. Tiranteak 10 mm-ko diametroa duten altzairuzko zirgak dira, hiru norabidetan ezarriko direnak, elkarren artean 120º-ra bereizita; dorrea altueran ainguratuko dute, 6, 15, 24, 33, 42, 51, 57, 66, 75, 81, 90, 99, 108 eta 117 metrora, eta lurzorura, oin-plakatik 15, 30, 45, 60 eta 75 metrora. Lurzorura ainguratzeko, 40 mm-ko diametroa eta 120 cm-ko sakonera duten pikak erabiliko dira.

Dorrean sentsoreak paratuko dira. Zehazki, 5 anemometro paratuko dira, 60, 80, 100 eta 120 metrora; 3 haize-orratz, 58, 90 eta 117 metrora; termohigrometro bat, 110 metrora, eta presio sentsore bat, 10 metrora.

Dorrearen behealdean jarriko da aire zabaleko armairua, non datuak eskuratzeko sistemak eta datuak igortzeko GSM komunikazio modulua egonen baitira. Elikatze-sistema autonomoaren osagaiak 20 W-eko panel fotovoltaiko bat, karga-erregulagailua eta 12/Ah-ko bateria izanen dira.

Dorreak dagozkion baliza seinaleak izanen ditu, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen arauekin bat.

Proiektuaren kokalekua nekazaritza lurzati bat da, makineria sartzeko bide egokia duena, eta martxan jartzeko ez da inolako kanalizaziorik aurreikusi.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, aurkeztutako dokumentuak eta jasotako txostenak aztertu ondoren, aldeko txostena egin du, zenbait baldintza jarrita, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du ingurumenaren aldetik.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea “EM Ribaforada (120M) baliabide eolikoaren neurketarako estazio meteorologikoa Ribaforadako udal-mugartean eraikitzea eta operatzea” proiektuari. Sustatzailea Nordex Energy Ribaforada SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Dorrearen tentsore soka guztietan hegaztiak babesteko neoprenozko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeki ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Balizak hiruzuloka jarriko dira tentsore bakoitzean, gehienez 10 metroko distantziara.

–Azpiegitura egiteko behar diren lanak amaitu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira; okupatu den eremu osotik kendu eta garbituko dira obra hondakinak, eta lanak hasi aurretik behar bezala kendu eta gordeko den landare lurraren geruza batekin estaliko dira ukitutako eremuak. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo hondakindegi baimendu batera eraman, hondakin motaren arabera.

–Dorrea funtzionatzen ari den bitartean jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusten dituena:

  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak faunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuz.
  • Txostenak eginen dira lau hilean behin, neurketa dorrea instalatuta dagoen bitartean, bisita horien emaitzak jasotzeko, ikusgarritasuna hobetzeko aukeratutako neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze lanez, bai eta faunan izandako gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (sexua, adina, etab.), ale kopurua, urte sasoia, etab.

–Kable txarrantxatuak dituen neurketa dorre anemometrikoa ezarri eta gehienez ere hiru urteko epean desmuntatuko da. Aldi hori luzatu nahi bada, eta fauna hegalariaren talka arriskua ahalik gehien murrizteko, kablerik gabeko dorre autosostengatu batek ordeztuko du kable txarrantxatuak dituen neurketa dorre anemometrikoa.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek neurketa dorre eoliko bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, zeina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, azpiegiturak 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko du, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2020ko ekainaren 6an emandako txostenarekin bat, jarduketak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren berariazko baimena behar du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 11ko 483/2017 Foru Aginduan ezarritako jarduketa-esparruaren barruan dagoenez Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 6. artikulua aplikatzen zaiolako. Foru agindu horren bidez onetsi zen nekazaritzako azpiegituretan jarduketak egiteko hasiera Ribaforada II (ureztalurrak) delakoan.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

–Instalazioak 100 metroko altuera gainditzen duenez, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena lortu beharko da.

–P-90 altxonbidetik sartzeko bideari dagokionez, Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoa beteko da.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (eposta: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen-ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ribaforadako Udalera, Basozainei (Tuterako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2208936