137. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Deialdi publikoaren oinarrien araudia, dirulaguntzak emateko, Tuteran oinarrizko kirolaren eta goi-mailako kategorien sustapenean denboraldiko kirol-jardueretan parte hartzeko, publizitate eremuak ustiatzeko eta kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta ekitaldiak (puntualak) antolatzeko

Tuterako Udalak, 2022ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, honako deialdi hau arautzeko oinarriak onetsi zituen: deialdi pulbikoa, dirulaguntzak emateko, Tuteran oinarrizko kirolaren eta goi-mailako kategorien sustapenean denboraldiko kirol-jardueretan parte hartzeko, publizitate eremuak ustiatzeko eta kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta ekitaldiak (puntualak) antolatzeko urte natural batean.

Erabakian ezarri zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko zela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa bete beharrez, ezartzen baitu publizitatea dela dirulaguntzen printzipioetariko bat. Lege horren 9.3 artikuluan hau xedatzen da: “Dirulaguntza mota bakoitza arautzen duten oinarriak dagozkion egunkari ofizialean argitaratuko dira”; bi aginduak (8. eta 9.3 artikuluak) legeria oinarrizkoak dira eta, beraz, Administrazio Publiko guztiei aplikatu beharko zaizkie; printzipio bera finkatzen du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.2 artikuluak.

Horiek horrela, argitara ematen dira oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Tuteran, 2022ko ekainaren 6an.–Kiroletako zinegotzi ordezkaria, Irune García García.

DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK, DIRULAGUNTZAK EMATEKO, TUTERAN OINARRIZKO KIROLAREN ETA GOI-MAILAKO KATEGORIEN SUSTAPENEAN DENBORALDIKO KIROL-JARDUERETAN PARTE HARTZEKO, PUBLIZITATE EREMUAK USTIATZEKO ETA KIROL ARLOKO EMANALDI, IKUSKIZUN ETA EKITALDIAK (PUNTUALAK) ANTOLATZEKO URTE NATURAL BATEAN

1.–Xedea.

Deialdi honen oinarriak ezarri dira printzipio hauei jarraituz: publizitatea, gardentasuna, lehiakortasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta bazterkeria eza. Bi dirulaguntza lerro irekitzeko xedea du:

1.1. Irabazi asmorik gabeko kirol-elkarteei eta kirol-sozietate anonimoei dirulaguntzak ematea, kirol arloko emanaldiak, ikuskizunak, sustapen jarduerak eta/edo ekitaldiak (puntualak) antolatu edo antolatzen badituzte urte natural batean eta Tuteran, betiere antolatzailearendako defizitarioak direnean.

Kirol arloko emanaldiak, ikuskizunak, sustapen jarduerak eta/edo ekitaldiak (puntualak) diruz lagunduko dira, haien edukiak ondoko xede hauetariko bat betetzen laguntzen duenean soilik:

–Tuteran kirol ekitaldiak eta ikuskizunak antolatzeari sostengu ematea, hiritarrei parte hartzeko aukera ematen dietenean, bai kirola eginez bai ikusle gisa. Kontuan hartuko da, bereziki, jarduerak zer errentagarritasun soziala duen, Kirol Zinegotzigoaren kirol programei begira.

–Klubek edo elkarteek maila altuko kirol-jarduerak antola ditzaten sustatzea; gogoan izanen dira ikuskizunaren kalitatea, parte-hartzaileen itzala, iraupena, errentagarritasuna ikusle kopuruaren aldetik edo ekitaldien oihartzuna.

–Hedapen gutxiko kirolak ezagutzera emateko ekitaldi puntualak sustatzea.

–Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bulkatuko duten ekitaldi puntualak sustatzea.

–Egungo kluben sendotzea eta klub berrien sorrera sustatzea, gutxiengoen nahiz gehiengoen kirola egiteko parada eman beharrez.

1.2. Irabazi asmorik gabeko kirol-elkarteei eta kirol-sozietate anonimoei dirulaguntzak ematea denboraldiko edozein kirol-modalitatetan parte hartzeko, oinarrizko kirolari eta/edo goi-mailako kategoriei dagokienez, eta laguntza-ildo horren barruan (goi-mailako kategoriak), atal berezi batean sartzen da eliteko lehiaketa nazionaletan parte hartzea, kategoria absolutuan, baldin eta urte bateko irailetik hurrengo urteko abuztura bitarte egiten bada, federazio edo erakunde antolatzaileek ezarritako egutegiari jarraituz, bereziak edo bakanak izategatik Tuterako Udalaren bestelako oinarri edo deiadi berariazkoagoetan arauturik ez daudenean. Parte-hartzea zuzendua dago Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak kiroletan aritzera, oinarrizko kirolari dagokionez, eta adin mugarik gabea izanen da, goi-mailako kategoriei dagokienez.

1.2.1. Parte-hartzeak ondoko xede hauek betetzen eragina dutenean baizik ez dira diruz lagunduko:

–Kirol-kluben, kirol-sozietate anonimoen, kirol-elkarteen eta irabazi asmorik gabeko klub eskumendekoen entitate titularren parte-hartzea bulkatzea edozein kirol-jardueratan, betiere haien helbide soziala Tuteran bada edo kirol-jarduera herri honetan gauzatzen badute, eta legez eraturik eta erregistraturik badaude.

–Kirola eta haren sustapena bulkatzea hiriko klubetan, kiroletan aritzea erraztu beharrez Tuterako biztanle guztiei.

–Desgaitasun psikiko edo fisikoa duten pertsonak kirola egitera bulkatzea.

–Laguntasuna, talde-lana, begirunea eta kirol diziplinen ezagutza sustatzea.

–Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna sustatzea.

–Egungo kirol kluben sendotzea eta klub berrien sorrera bulkatzea, gutxiengoen nahiz gehiengoen kirola egiteko aurkera ematen duenak.

1.2.2. Goi-mailako kategorien barnean, eliteko lehiaketa nazionaletan parte hartzeak, kategoria absolutuan, honako alderdi hauek bete beharko ditu:

Tuteraren izena eta irudia sustatzea Foru Komunitatetik kanpo.

Estatuko liga erregular ofizialak izatea, Kirol Kontseilu Gorenak onartuak. Liga horiek gutxienez 4 kirolariko taldeen partaidetza izanen dute, eta kasuan kasuko kirol-federazioek antolatuko dituzte, kirol baten kategoria gorenean.

Liga horiek federazio-izen jakin bat izanen dute, aurrez ezarritako egutegi ofizial bati jarraituko diote, eta gutxienez 3 jardunaldi eginen dira banakako kiroletan eta 7 jardunaldi talde-kiroletan, hainbat egunetan. Halaber, liga horietatik beste liga batera igo edo jaitsi ahal izanen da, kirol-errendimenduaren arabera.

Atal honetan ez dira diruz lagunduko:

a) Honako lehiaketa mota hauetan parte hartzea: kirol batean mailaz igotzeko fasean, sektore-fasean, azken fasean edo kategoriaz igotzekoan.

b) Erkidegoen arteko, eskualdeko/erkidegoko eta tokiko lehiaketetan parte hartzea, nahiz eta kirol jakin batean maila gorenekoak izan.

c) Eskumena duten erakunde publikoek ofizialtzat berariaz aitortu gabeko kiroletan parte hartzea, nahiz eta maila gorenekoak izan.

d) Nazioarteko lehiaketetan parte hartzea.

e) Banakako kirolari gisa parte hartzea –ez klub bateko taldekide gisa– edozein lehiaketa ofizialetan edo ez-ofizialetan.

Kategoria absolututzat hartzen da “senior” kategoriako adin-tartea, kirol bakoitzeko federazio-araudi ofizialaren araberakoa, bai eta, oro har, senior kategoriatik beherako edo goragoko kategorietatik datozen kirolarien kopuru mugatu eta murriztua ere, parte har dezaketenak senior kategoriako taldeak osatzeko denboraldi jakin batean, betiere kirol bakoitzaren federazio-araudi ofizialaren arabera.

1.2.3. Oinarrizko kirola eta/edo goi-mailako kategoriak sustatzeko dirulaguntzen lerro honek, edozein kirol motatan parte hartzeagatik, Udalaren zenbait materialen erabileraren lagapena dakar berarekin, piraguismoko diziplinan. Materialen zehaztapena, deskrizpioa, balorazioa, unitateak eta haien egoera jasoko dira Gobernu Batzarrak urteroko deialdia onesteko hartzen duen erabakian.

Lagapenerako, baldintza hauek ezarri dira:

–Materialaren erabileraren lagapena kirol ikasturte baterako eginen da; lagatzeko behar den udal erabakian finkatuko da onuradunari noiz eta non entregatuko zaion eta noiz eta non itzuliko zaion Udalari. Materiala banatzeko, kontuan hartuko da, proportzioan, aurreko denboraldian eskola-adinean (Lehen eta Bigarren Hezkuntzan) izandako parte-hartzaileen kopurua.

–Materialak beren egungo egoeran lagako dira, eta horiek eskuratzen dituztenek konpromisoa hartzen dute leku egokian edukiko dituztela, konponduko dituztela hondatuz gero eta zuzen mantenduko dituztela lagapenak dirauen bitartean.

–Udalak interesdunen esku uzten du Ribotas kirolguneko aldagelen azpian dagoen biltegia, bertan uzteko oinarri hauen bitartez erabiltzeko lagako diren piraguak. Udal langileek erraztuko dute lokal horretarako sarbidea.

–Lagatako materialak zer egoeratan eskuratu ziren erabilera eta mantentzearen aldetik, beren hartantxe itzuliko dira, Udalak onartuko badu ere erabilera normalari dagokion higatzea.

–Ondasunak itzuli ondoan, Udalak bere gain hartu behar baldin badu onuradunari zegokiokeen konpontze edo mantentze gasturen bat, interesdunari kobratuko zaio behar den espedientea tramitatu ondoan.

–Materialak zertarako laga diren, hartarakoxe erabiliko dira; xedea oinarri hauetan gelditu da ezarririk.

–Baldintza horietako edozein betetzen ez bada, lagatako materialak berehala itzuli beharko zaizkio Udalari, eta onuradunak ezin izanen du hurrengo deialdietan berriro eskatu material horien erabilera lagatzea.

1.3. Udalak zuzenean kudeatzen dituen udal instalazioak publizitatea jartzeko lagatzea irabazi asmorik gabeko kirol-elkarteei eta kirol-sozietate anonimoei, denboraldiko edozein kirol motatan parte hartzen duten klubei edo erakundeei, urte bateko irailetik hurrengo urteko abuztura bitarte. Proposatutako eremuak eta/edo haien deskrizpioa jasoko dira Gobernu Batzarrak urteroko deialdia onesteko hartzen duen erabakian.

1.3.1. Parte-hartzeak ondoko xede hauek betetzen eragina dutenean baizik ez dira diruz lagunduko:

–Kirol-kluben, kirol-sozietate anonimoen, kirol-elkarteen eta kluben eta filialen entitate titularren parte-hartzea bulkatzea edozein kirol-jardueratan, betiere haien helbide soziala Tuteran bada edo kirol-jarduera hiri honetan gauzatzen badute, eta legez eraturik eta erregistraturik badaude.

–Kirola eta haren sustapena bulkatzea hiriko kirol elkarteen bitartez, kiroletan aritzea errazteko Tuterako biztanle guztiei.

–Desgaitasun psikiko edo fisikoa duten pertsonak kirola egitera bulkatzea.

–Laguntasuna, talde-lana, begirunea eta kirol diziplinen ezagutza sustatzea.

–Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna sustatzea.

–Egungo kluben sendotzea eta klub berrien sorrera bulkatzea, gutxiengoen nahiz gehiengoen kirola egiteko aukera ematen dutenak.

1.3.2. Publizitate eremuen erabilera lagatzeko, baldintza hauek ezarri dira:

–Publizitatea jartzeko aukera emanen zaie kirol denboraldian udal instalazio horretan entrenatu eta lehiatu ohi diren klubei soilik.

–Eskaera egiten duen kirol-erakunde bakoitzari ahalik eta eremu gehien lagako zaizkio, eskaera guztien arteko berdintasun irizpideei jarraikiz.

–Lagapen-hartzaileak zuzenean kontratatu eta ustiatuko du publizitatea eta, horretarako, arlo hauetan indarra duen legedia bete beharko da: publizitatearen ustiapena, kirol instalazioetan publizitatea jartzea eta bete beharreko segurtasun arauak, publizitatea jartzean, lotzean eta abarretan.

–Eremuak kirol denboraldi baterako lagako dira, eta lagapen-hartzaileak kendu egin beharko ditu publizitateko panelak denboraldia bukatu eta hilabeteko epean.

–Lagapenak dirauen bitartean, erakunde bakoitzak kontratatzen duen publizitatearekin okupatuko dira eremuak. Laga arren publizitaterik hartzen ez duten eremuek hutsik egon beharko dute.

–Lagapen-hartzaileek ezin izanen dute erabili laga ez zaien publizitate eremurik, ez eta beste erakunde batzuei lagatako publizitate hesiak kendu edo estali ere, hurrengo paragrafoan ezarritakoa salbu.

–Udalak oinarri hauei jarraituz egindako eremuen banaketa edozein delarik ere, instalazio bakoitzaren onuradunek publizitaterako eskura dagoen eremu guztia erabili ahalko dute beraien lehiaketa ofizialetan eta haiek antolatutako edozein jarduera garatzen den bitartean. Kasu horretan, bermatuko dute gainerako onuradunen publizitate kartelek ez dutela inolako murrizketarik jasaten, eta aurkitu zituzten egoera berean utzi beharko dituzte. Halaber, lehiaketa edo jarduera hasi baino bi ordu lehenago muntatuko dira gehienez ere, eta hura bukatu eta hurrengo bi orduetan desmuntatuko, gehienez ere.

–Udalak bermatzen du publizitate mota hori ezartzeko espazioak kontserbazio egoera onean daudela, bereziki ainguraketei eta egituraren sendotasunari dagokienez.

–Kirol-erakunde bakoitzak jartzen duen publizitatea zaindu, mantendu eta kontserbatzea erakunde horri egokituko zaio lagapen aldi guztian, eta aintzat hartu beharko ditu Udalak kontserbazio egoerari, jartzeko moduari eta abarri buruz egiten dituen eskaera guztiak.

–Lagapen-hartzaileek 150 euroko fidantza jarri beharko dute, banaka, Udal Diruzaintzan, Udalak egin beharreko konponketei erantzuteko, erakundeek publizitatea zaindu, mantendu eta kontserbatzeko beharkizunak betetzen ez dituztenean.

–Fidantza horiek agortzen badira, lagapen-hartzaileek berritu egin beharko dituzte osorik, Udalak jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean. Interesdunek hasierako bermea jartzeari edo berritzeari buruz ezarritakoa betetzen ez badute, lagapen hori bukatutzat joko da eta Udalak kendu eginen du paneletako publizitatea.

1.4. Eskatzaileek aurkeztu behar dituzten gastuen artean, gastu hauek ez dira kontuan hartuko:

–Jokalari-kirolariei eta/edo entrenatzaileei ordaintzeko gastuak, behar den lan-kontratu legezkorik eta behar den altarik ez badute Gizarte Segurantzan.

–Ohiko funtzionamenduko gastuak (telefonoa, argindarra, egoitzaren alokairua, eta abar).

–Kirolaren sustapenari zuzenean egozten ahal ez zaizkion gastuak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Deialdira aurkezten ahalko dira:

A) Irabazi asmorik gabeko kirol-elkarteak eta kirol-sozietate anonimoak, baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Tuterako Udaleko bizilagun elkarteen udal erregistroan izena emanda egotea elkarte gisa, hala badagokio.

–Legez eraturik egotea eskabidea aurkezten den egunean.

–Helbide soziala eta fiskala Tuteran izatea.

–Zerga betebeharrak egunean izatea Tuterako Udalarekin, Udalaren Ur Batzordearekin eta Tudela Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoarekin.

B) Tuteratik kanpoko kirol-erakundeek, Tuteran kirol arloko emanaldi, ikuskizun edo ekitaldi puntualak antolatzen dituztenak edo antolatu dituztenak.

–Legez eraturik egotea eskabidea aurkezten den egunean.

–Zerga betebeharrak egunean izatea Tuterako Udalarekin, Udalaren Ur Batzordearekin eta Tudela Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoarekin.

3.–Laguntza jasoko duten jarduerek bete beharrekoak.

3.1. Kirol izaerakoak izatea eta lotura egotea oinarri hauetan eta, zehatz-mehatz, 1.1, 1.2 eta 1.3 puntuetan ezarritako helburuekin.

3.2. Tuteran kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatzen dituzten kirol elkarteei dirulaguntzak emateko helburua izatea, eta horiek urte natural berean egitea edo egin izana.

3.3. Kirol elkarteek kategoria desberdinetan denboraldian egiten dituzten entrenamendu eta/edo lehiaketa ofizial nahiz jostetakoen ondoriozkoak izatea, eta horiek urte bateko irailetik hurrengo urteko abuztura bitartean egin izana.

3.4. Interes soziala izatea.

3.5. Tuterako Udalak finantzatzen dituen beste programa batzuetan sarturik ez egotea.

3.6. Hiritar guztiei irekiak izatea.

4.–Laguntzen zenbatekoa.

Oinarri hauei jarraituz, Tokiko Gobernu Batzarrak onesten duen dirulaguntzen urteko deialdiak finkatuko du dirulaguntza lerro bakoitzarendako gehieneko aurrekontu kontsignazioa, hori guztia dagokien aurrekontu-egozpenen arabera, zeinak jasotzen baitira Osoko Bilkurak ekitaldi horretarako onetsitako gastuen udal aurrekontuan.

5.–Deialdia eta eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak aurkeztuko dira Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, eta sinatu beharko ditu interesdunak edo eskaera egiteko behar besteko ordezkaritza duen pertsonak, betiere ordezkaritza hori bere erantzukizunpean deklaratuta.

Eskaerak aurkezteko epea Tokiko Gobernu Batzarrak ezarriko du urteko deialdia onesteko erabakian.

Halaber, materialaren edo publizitate eremuen erabilera lagatzeko eskaerak Tokiko Gobernu Batzarrak ezarritako epean aurkeztu beharko dira.

Ez dira onartuko oinarri honetan ezarritako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntzaren eskabidearekin aurkeztuko diren agiriak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsaltuak izanen dira.

Eskabidea aurkeztu ondotik, dokumentazioak oinarri hauetan eskatutakoa betetzen ote duen egiaztatuko da. Hala ez bada, gehienez ere 10 eguneko epea emanen zaie eskatzaileei, eskabidea zuzentzeko eta hobetzeko, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; hura posta elektronikoaren bidez eginen da (posta helbidea izanen da eskaeran agertuko dena), aurkeztu ez den dokumentazioa aurkezteko edo akatsak zuzentzeko. Epe hori iraganik egin ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta haren eskaera artxibatuko da, Udalak horretarako erabakia hartu ondoan.

Eskatzen den dokumentazioa:

6.1. I. eranskineko inprimakia, laguntzak eskatzen direnean kirol arloko emanaldiak, sustapen jarduerak, ikuskizunak eta/edo ekitaldiak (puntualak) antolatzeko, Tuteran. Eranskin horrekin batera aurkeztuko dira oinarri hauetako 7.2.1 artikuluan jasotako baremoa aplikatu ahal izateko agiriak.

6.2. II. eranskineko inprimakia, oinarrizko kirolerako laguntzak eskatzen direnean, denboraldiko edozein kirol-jardueratan parte hartzeko. Harekin batera, kirol klub edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duten kirolarien zerrenda gehituko da, eta hartan zehaztuko, zer kategoria edo lehiaketatan parte hartzen ari diren, eta kirolariaren sexua edo generoa. Lehiaketaren egutegi ofizialen kopiak erantsiko dira, baita dagokion federazioaren agiria ere, tramitatutako kategoria bakoitzeko lizentzia federatiboen kopurua biltzen duena, oinarri hauetako 7.2.2 artikuluan jasotako baremoa aplikatu ahal izateko.

6.3. III. eranskineko inprimakia, goi-mailako kategorietako kirolerako laguntza eskatzen denean, denboraldiko edozein kirol-jardueratan parte hartzeko. Eranskin horrekin batera, kirol klub edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duten kirolarien zerrenda gehituko da, eta hartan zehaztuko, zer kategoria edo lehiaketatan parte hartzen ari diren, eta kirolariaren sexua edo generoa. Lehiaketaren egutegi ofizialen kopiak erantsiko dira, baita dagokion federazioaren agiria ere, tramitatutako kategoria bakoitzeko lizentzia federatiboen kopurua biltzen duena, oinarri hauetako 7.2.2 artikuluan jasotako baremoa aplikatu ahal izateko.

6.4. IV. eranskineko inprimakia, laguntzak eskatzen direnean eliteko lehiaketa nazional ofizialetan kategoria absolutuan parte hartzeko. Eranskin horrekin batera, dagokion federazio espainiarrak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, zer kategoria eta lehiaketatan parte hartzen ari diren jasoko da, eta lehiaketaren egutegi ofizialen kopiak erantsiko dira, oinarri hauetako 7.2.3 artikuluan jasotako baremoa aplikatu ahal izateko.

6.5. Jatorrizko agiriak edo kopia baimenduak, honako hauek frogatzeko: elkarte eskatzailearen nortasun juridikoa, eta helbide soziala eta fiskala Tuteran izatea.

6.6. Ordezkariaren ahalordearen dokumentazioa, jatorrizkoa edo kopia baimendua, dirulaguntza eskatzeko ahalmena duela egiaztatzen duena, edo jatorrizkoaren kopia autentikoa, bai eta nortasun agiri nazionalaren kopia autentikoa ere.

6.7. Jatorrizko agiria edo kopia baimendua, Foru Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela dioena.

Tuterako Udalak ofizioz egiaztatuko du oinarri hauen arabera dirulaguntzak eskatzen dituzten kirol-erakundeek edo pertsonek betebehar fiskalak egunean dituztela Udalarekin, Udaleko Ur Batzordearekin eta Tudela Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoarekin. Ofizioz egiaztatuko du, orobat, Tuterako Udaleko auzo elkarteen erregistroan inskribaturik dauden.

Aurreko deialdietan jada 6.5 eta 6.6 ataletako agiriak aurkeztu zituzten erakundeek ez dute orain ere egin beharko; halakoetan, erakundearen ordezkariak zinpeko deklarazioa aurkeztuko du (V. eranskina), erakundearen estatutuetan eta ordezkaritzan aldaketarik ez dela izan egiaztatzeko; horrez gain, eskabidea aurkeztu ondotik erakundearen helburuetan edo zuzendaritza taldean inolako aldaketarik gertatzen bada, erakundeak, bere legezko ordezkarien bidez, jakinarazi eta egiaztatu beharko du hala dela.

6.8. Hala behar denean, VI. edo VII. eranskinen araberako eskabidea, non sartuko baita eskatzen den materiala, haren erabilera lagatzeko, edo publizitate eremuen eskaera.

Gainera, egin diren jarduerekin ikusteko duen beste edozein agiri aurkeztu ahalko da, kirol klub edo erakundeari eta/edo Tuterako Udalari interesgarria iruditzen bazaio.

7.–Balorazio Batzordea eta irizpideak.

7.1. Balorazio Batzordea eratuko dute kiroletako zinegotziak, Kirola Kudeatzeko Zentroa zer alorretan sartuta dagoen, bada alor horretako erdi mailako teknikariak, alor horretako zuzendariak eta kiroletako teknikari-koordinatzaileak. Balorazio Batzordeak dirulaguntzak banatzeko txosten-proposamena eginen du, zeina igorriko baitzaio Kirola Kudeatzeko Zentroa zer alorretan dagoen, bada hari dagokion informazio batzordeari. Horrek dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko dio Tuterako Udaleko Gobernu Batzarrari.

7.2. Aurkeztutako jarduerak baloratzeko irizpideak eta laguntzaren zenbatekoaren zehaztapena baremo honi jarraikiz ezarriko dira:

7.2.1. Tuteran, kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak eta sustapen jarduerak antolatzeko laguntzei dagokienez:

–Jardueraren aurrekontu ekonomikoa (25 puntu, gehienez ere).

  • Diruz lagungarriak diren kontzeptuak, I. eranskinean jasoak jardueraren aurrekontu ekonomikoaren apartatuaren barnean, puntu 1 emanen da 200 euroko.

–Gizartean duen oihartzuna: (10 puntu gehienez).

  • Interneten zabaltzea, web-orriaren eta gizarte sareen bitartez: gehienez ere 6 puntu.
  • Presentzia komunikabideetan (albisteen argitalpena Nafarroako prentsan, bertako astekarietan eta abar): gehienez ere 4 puntu.

–Lehiaketaren maila: (15 puntu gehienez).

  • Herrikoiak: gehienez ere 5 puntu.
  • Federatuak: gehienez ere 10 puntu.

–Parte-hartzea: (20 puntu gehienez).

  • 100 partaide bitarte: gehienez ere 8 puntu.
  • 100 partaide baino gehiago: gehienez ere 12 puntu.

–Ikusleak eta inskripzioa: (10 puntu gehienez).

  • Doako ikuskizuna: 3 puntu.
  • Doako inskripzioa: 7 puntu.

–Emakumearen partaidetza: (10 puntu gehienez).

  • Partaide guztien %10 bitarte: gehienez ere 2 puntu.
  • Partaide guztien %50 bitarte: gehienez ere 3 puntu.
  • Partaide guztien %50 baino gehiago: gehienez ere 5 puntu.

–Desgaitasuna duten pertsonen partaidetza: (10 puntu gehienez).

  • Partaide guztien %5 bitarte: gehienez ere 3 puntu.
  • Partaide guztien %6 baino gehiago: gehienez ere 7 puntu.

Puntuaren balioa: 20 euro, puntu bakoitzeko.

7.2.2. Dirulaguntzak emateari eta udal jabetzako materialak lagatzeari dagokienez, edozein kirol-jardueratan parte hartzeko, denboraldiko oinarrizko kirola eta/edo goi-mailako kategoriak sustatzeko, diruz lagun daitezkeen kontzeptu hauek eta baremo hau ezarri dira:

–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak:

  • Norgehiagokan izena ematea, lizentziak eta federazioko beste kuota batzuk: %15 gehienez.
  • Joan-etorrien gastuak: %10 gehienez.
  • Bidaietako ostatu eta mantenu gastuak: %10 gehienez.
  • Material suntsikorra eta kirol ekipamendua: %10 gehienez.
  • Monitore/entrenatzaileen kontratazioa: %15 gehienez.
  • Udalaren kirol instalazioen erabilera: %100 gehienez.
  • Kirol Medikuntzaren Udal Zerbitzua erabiltzea, osasun azterketetarako, lesioen tratamendurako etab.: %100 gehienez.

–Baremoa:

a) Lizentzia federatiboen eta/edo partaideen kopurua: benjamin edo txiki bakoitzeko 5 puntu, kimu bakoitzeko 10 puntu, haur bakoitzeko 15 puntu, kadete bakoitzeko 20 puntu, junior/gazte bakoitzeko 35 puntu, senior/amateur bakoitzeko 45 puntu eta beterano bakoitzeko 50 puntu.

b) Jarduera federatuetan: talde bakoitzeko, kirol kolektiboetan, edo 6 kirolaritik, banakako kirolean, kategoria nazionalekoa bada, 75 puntu; erkidegoen artekoa bada, 25 puntu; erkidegokoa bada, 15 puntu, eta eskualde edo herri mailakoa bada, 5 puntu.

c) Udalaren kirol instalazioen erabilera: erabilera edo partida ordu bakoitzeko, 1,2 puntu.

d) Kirolariendako osasun azterketak egitea, horretarako erabiliz Kirol Medikuntzaren Udal Zerbitzua: 5 puntu azterketa bakoitzeko.

e) Gastuen aurrekontutik, II. eranskinean jasotako 1etik 5era bitarteko kontzeptu diruz lagungarriak: 8 puntu 1.000 euroko.

–Indize zuzentzailea:

Indize zuzentzaile hau ezarri da, emakumeen kirola eta gutxiengoaren kirolak edo banakakoak bulkatzeko, baita parte hartzen den lehiaketaren kategoria ere. Kontsideratuko da:

  • IZ = 0,80, inolako kirol lehiaketatan parte hartzen ez duten kirol-erakunde edo klubak, nahiz eta, entrenamendu saioak egiten dituztenez, ikasleen kirol prestakuntzan eragina izan.
  • IZ = 1,10, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol-erakunde edo klubak, beren estatutuetan kirol mota bat baino gehiago bulkatzeko xedea dutenean.
  • IZ = 1,20, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol-erakunde edo klubak, kirol kolektiboa sustatzeko asmoa dutenean.
  • IZ = 1,50, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol-erakunde edo klubak, banakako kirola sustatzeko asmoa dutenean.
  • IZ = 1,60, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol-erakunde edo klubak, kirolarien %30 emakumezkoak direnean.

–Puntuaren balioa:

Puntuaren balioa aterako da honako eragiketa hau eginda: deialdi bakoitzerako eskura dagoen diru izendapena zati onartu diren eskaera guztien puntuen batura, behin indize zuzentzailea aplikatuta.

–Formula aplikagarria:

Hau da aplikatu beharreko formula: (A+B+C+D+E) x IZ x PB. Argigarriak:

  • A = lizentzia kopurua.
  • B = jarduera bakoitzeko.
  • C = instalazioen erabilera
  • D = osasun-azterketak
  • E = gastuaren aurrekontua.
  • IZ = kirol motaren indize zuzentzailea.
  • PB = puntuaren balioa.

7.2.3. Eliteko lehiaketa nazional ofizialetan, kategoria absolutuan parte hartzeko dirulaguntzak emateari dagokionez.

–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak:

  • Lehiaketan izena ematea, lizentziak eta bestelako federazio-kuotak: gizonezkoen modalitatea %40 arte, eta emakumezkoen modalitatea %50 arte.
  • Joan-etorrien gastuak, ostatu eta mantenu gastuak: gizonezkoen modalitatea %15 arte, eta emakumezkoen modalitatea %20 arte.
  • Material suntsikorra eta kirol-ekipamendua: gizonezkoen modalitatea %40 arte, eta emakumezkoen modalitatea %50 arte.
  • Kirol-erakundearen kudeaketa eta administrazioa, eta konpentsazio ekonomikoak teknikariendako (entrenatzaileak, ordezkariak eta fisioterapeutak, baldin badaude) eta jokalariendako: gizonezkoen modalitatea %15 arte, eta emakumezkoen modalitatea %20 arte.
  • Udalaren kirol instalazioen erabilera: %100 gehienez.
  • Kirol Medikuntzaren Udal Zerbitzua erabiltzea, osasun azterketetarako, lesioen tratamendurako, etab.: %100 gehienez.

–Baremoa:

a) Federazio-lizentzien eta/edo parte-hartzaileen lizentzien kopurua: 150 puntu lizentzia bakoitzeko.

b) Jarduera federatuengatik: taldeko kiroletako talde bakoitzeko edo banakako kiroleko 4 kirolari bakoitzeko 100 puntu.

c) Udalaren kirol instalazioen erabilera: erabilera edo partida ordu bakoitzeko, 1,2 puntu.

d) Kirolariendako osasun azterketak egitea, horretarako erabiliz Kirol Medikuntzaren Udal Zerbitzua: 5 puntu azterketa bakoitzeko.

e) Gastuen aurrekontutik, IV. eranskinean jasotako 1etik 5era bitarteko kontzeptu diruz lagungarriak: 8 puntu 1.000 euroko.

–Indize zuzentzailea:

Indize zuzentzaile hau ezarri da, emakumeen kirola eta gutxiengoaren kirolak edo banakakoak bulkatzeko, baita parte hartzen den lehiaketaren kategoria ere. Kontsideratuko da:

  • IZ = 1,00, kirol kolektiboa sustatzen duten kirol-erakunde edo -klubak.
  • IZ = 1,20, banakako kirola sustatzen duten kirol-erakunde edo -klubak.
  • IZ = 1,40, lerro horretako kirolarien %30 emakumezkoak dituzten kirol-erakunde edo -klubak.

–Puntuaren balioa:

Puntuaren balioa aterako da honako eragiketa hau eginda: deialdi bakoitzerako eskura dagoen diru izendapena zati onartu diren eskaera guztien puntuen batura, behin indize zuzentzailea aplikatuta.

–Formula aplikagarria:

Hau da aplikatu beharreko formula: (A+B+C+D+E) x IZ x PB. Argigarriak:

  • A = lizentzia kopurua.
  • B = jarduera bakoitzeko.
  • C = instalazioen erabilera
  • D = osasun-azterketak
  • E = gastuaren aurrekontua.
  • IZ = kirol motaren indize zuzentzailea.
  • PB = puntuaren balioa.

7.3. Eman beharreko zenbatekoak finkatuko dira erdietsitako puntuen arabera eta gehienekoa izanik diruz lagun daitezkeen kontzeptuen eta aurrekontuan eskura dagoen diruaren araberakoa.

7.4. Materialen eta/edo publizitate eremuen erabilera lagatzeko, halaber, eta material edo publizitate eremu bererako eskaera bat baino gehiago dagoenean, aurkeztutako eskabideen artean banaketa proportzionala eginen da.

7.5. Tokiko Gobernu Batzarrak deialdi bakoitza onesteko hartzen duen erabakian finkatuko da oinarri hauen arabera onuradun bakoitzak gehienez ere eskura dezakeen dirulaguntza, dela ekitaldi puntualak antolatzeko, dela oinarrizko kirolaren eta/edo goi-mailako kategorien sustapenean denboraldiko jardueretan parte hartzeko, bai eta materialen eta publizitate eremuen lagapena ere.

7.6. Tuteran egiten diren kirol arloko emanaldien, ikuskizunen, sustapen jardueren eta/edo ekitaldi puntualen kasuan, dirulaguntza horiek bateragarriak dira beste batzuekin, defizitik baldin badago. Diruz lagundutako jardueren ondoriozko defizita txikiagoa bada dirulaguntza emateko erabakian jasotakoa baino, dirulaguntzaren likidazioa eginen da hasierako erabaki horretan aplikatutako portzentaje bera mantenduz.

8.–Prozedura ebazteko epea.

8.1. Kirola Kudeatzeko Zentroa zer alorretan dagoen, hari dagokion informazio batzordeak proposatuko dio ebazpena Tuterako Udaleko Gobernu Batzarrari. Halaber, ondoren egitekoa den aldaketa edo doikuntza oro ere informazio batzordeak proposatuko dio Tokiko Gobernu Batzarrari, balorazio batzordeak txostena egin ondotik.

8.2. Udalak laguntza emateko hartzen duen erabakian agertuko dira dirulaguntzaren helburuak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua, bai eta lagatako materialaren eta publizitaterako hesien banaketa ere.

8.3. Aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, laguntzaren %75 ordainduko da lehen ordainketa batean, bermea jarri beharrik gabe.

8.4. Dirulaguntza eskaera baldin bada denboraldiko oinarrizko kirolarekin eta/edo goi-mailako kategoriekin ikusteko duen edozein motatako kirol-jardueratan parte hartzeko, eta hura bukatua bada, edo Tuteran kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatzeko, eta horiek eginak badira, orduan ordainketa bakarra eginen da, onartutako zenbatekoaren %100ekoa, betiere 10. oinarrian eskatzen diren frogagiri guztiak aurkeztu badira eskaera aurkezteko unean.

8.5. Azken likidazioa eginen da onuradunek 10. oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkeztutakoan; dirulaguntzarako eskaeran adierazitako helburuak, programa eta aurrekontua betetzea ezinbesteko baldintza izanen da. Dirulaguntzaren likidazioa egitean, ateratzen den zenbatekoa txikiagoa bada aurreratutako kopurua baino, eskatzaileak aurreratutako dirulaguntza horretan soberan dena itzuli beharko du, eta legez dagozkion berandutze-interesak aplikatuko zaizkio kopuru horri.

8.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du inolaz ere eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko. Orobat, interesdunak egin gabe baldin badu lehenagoko deialdi bati dagokion dirulaguntzaren likidazioa, ezin izanen du dirulaguntzarik eskuratu oinarri hauen bidez, egin gabe duen likidazioa egiten ez duen bitartean.

9.–Interesdunei jakinaraztea eta errekurtsoak.

Interesdunei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluak eta hurrengoek ezarritakoarekin.

10.–Onuradunaren betebeharrak.

Ondotik ematen den dokumentazioa, hasierako eskaerarekin batera aurkeztu ez bada, Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko da, Kirola Kudeatzeko Zentroari zuzendurik, hogeita hamar egun naturaleko epean, emateko erabakia jaso zenetik, bai jarduera puntualetan bai oinarrizko kirolaren eta/edo goi-mailako kategorien sustapenean.

Ekitaldi puntuala urte naturaleko azken hiruhilekoan egiten bada eta Udalak ez badu dirulaguntza emateko erabakirik eman, 60 egun naturaleko epea izanen da, ekitaldia egiten den egunetik; edozein kasutan ere, hurrengo urteko urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

10.1. Tuteran kirol arloko emanaldiak, ikuskizunak, sustapen jarduerak edo ekitaldiak (puntualak) antolatzeko dirulaguntzen kasuan, onuradunek honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

–Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua:

  • Azken balantze ekonomikoa, jardueraren diru-sarrerak eta gastuak adierazita, klubeko diruzainak eta lehendakariak sinatua.
  • Eskatzaileak ordaindutako gastuen jatorrizko faktura/ordainagiriak, eta lortutako diru-sarrerenak. Fakturan, aurkeztutako zerrendan berari dagokion zenbatekoa agertuko da, eta kasu bakoitzean ordainagiriak erantsiko dira, mota honetakoak izan daitezkeenak: bankuko gordekinak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen badu. Aurreko guztiaren fotokopiak erantsiko dira, jatorrizko agirien hurrenkera berean. Lortutako diru-sarrerak justifikatuko dira klubeko diruzainaren ziurtagiriarekin eta lehendakariaren ikus-onespenarekin.
  • Jardueraren benetako balantzearen eta eskabidean aurkeztutako aurrekontu ekonomikoaren arteko aldearen portzentaje berean murriztuko da Udalaren ekarpena, eta inolaz ere ez da handituko, jardueraren benetako balantzea handiagoa bada hasieran aurkeztutako aurrekontua baino.

10.2. Oinarrizko kiroleko eta/edo goi-mailako kategorietako denboraldiko jardueretan parte hartzeagatik, bai eta eliteko lehiaketa nazional ofizialetan, kategoria absolutuan parte hartzeagatik ere eskuratzen diren dirulaguntzen kasuan, onuradunek, gainera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua:

  • Diruz lagundu den jardueraren kariaz ordaindu diren gastuen faktura/ordainagiri guztien zerrenda zenbakitua eta zehaztua, 7.2 puntuan bildutako balorazio irizpideen arabera eta diruz lagundutako kontzeptuei dagokienez bakar-bakarrik. Eredua VIII. eranskinekoa da.
  • Eskatzaileak ordaindutako gastuen faktura/ordainagiriak, emandako laguntzaren bezainbatekoak edo hortik goitikoak, aurreko paragrafoan eskatzen diren fakturen zerrendari dagozkionak, eta horien frogagiri gisa. Fakturan, aurkeztutako zerrendan berari dagokion zenbatekoa agertuko da, eta kasu bakoitzean ordainagiriak erantsiko dira, mota honetakoak izan daitezkeenak: bankuko gordekinak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen badu.

10.3. Udalari erakutsi beharko zaio jasotako dirua dirulaguntza funtsatu zuen helburua betetzeko erabili dela eta, orobat, diruz lagundutako jarduera gauzatu dela edo hartu beharreko jokabidea hartu dela; udal zerbitzuek ikusten badute beharrezkoa dela egiaztapenak egitea, onuradunek utzi beharko diete.

10.4. Emandako laguntzen gainean udal zerbitzuek frogapen eta finantza-kontrolaren arloan egiten dituzten egintzei men egitea.

10.5. Diruz lagundutako jardueraren programa, kartel eta inprimatutako gainerako propaganda mota guztietan nahitaez eta nabarmen agertu beharko da Tuterako Udalaren logotipo ofiziala, inolako kargurik gabe. Baldintza hau betetzen ez bada dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, 12. oinarrian agertzen den portzentajean.

10.6. Tuterako armarria edo irudi korporatiboa (Udalaren hautuaren arabera) eramateko betebeharra jokatzeko edo lehiatzeko ekipamenduetan:

–Armarria edo irudia jokatzeko edo lehiatzeko kamisetaren lepokoaren atzealdean agertuko da, erdialdean serigrafiatua.

–Betebehar hori kirol-erakundeko talde edo kirolari guztien joko- edo lehiaketa-kamisetei ere aplikatuko zaie, kontuan hartu gabe zer adinetan edo zer kategoriatan parte hartzen duten denboraldiko jardueran.

10.7. Tuterako Udalaren Kirol Alorrari jakinaraztea xede bererako beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuk eskuratu direla, edozein administrazio, pertsona edo entitateren eskutik. Halakorik ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratu ez duela dioena (IX. eranskina).

11.–Laguntza ematen duen administrazioaren betebeharrak.

11.1. Egiaztatzea jarduera gauzatu dela, laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak eta betebeharrak bete direla, eta jarduketak eragindako gastuak eta diru-sarrerak ikustea.

11.2. Dirulaguntzaren onuradunak aurkeztu beharreko justifikazioari balorazio txosten bat erantsiko zaio, Balorazio Batzordeak sinatua (7.1. oinarria).

11.3. Egintzak jakinarazteko eta zuzenketak bidaltzeko, baita Udalaren eta deialdi honi lotu zaizkion kirol-klub edo -erakundeen arteko harremanetarako, ontzat emanen da posta elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

12.–Laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazio, pertsona edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, aldez aurretik jakinarazi gabeak, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da.

Halaber, dirulaguntza murriztu eginen da, justifikatutako gastuak txikiagoak izan badira diruz lagundutakoak baino.

Hurrengo kasu hauetan ere bidezkoa izanen da hartutako kopuruak itzularaztea, eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte sortutako berandutze-interesak ere eskatu ahalko dira:

a) Programaturiko jarduerak gauzatzen ez direnean. Halakoetan, onuradunak kobratu duen aurrerakina itzuli beharko du Udaleko Diruzaintzan, beranduenez jarduera egin behar zen egunaren biharamunean. Hala egiten ez badu, behar den espedientea irekiko da eta interesak likidatuko dira.

b) Frogagiriak ezarritako epetik kanpo aurkezten direnean. Emandako dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du eta baita laguntzatik lidikatu denaren %75 itzuli beharra ere, interesen erreklamazioaz gain, aipatu bezala.

c) Diruz lagundutako jardueretan Udalaren baimenik gabeko aldaketak egiten direnean.

d) Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.

e) Dirulaguntza eskuratzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

f) Jasotako dirua zertan erabili den frogatu beharra betetzen ez denean.

g) Zenbait dirulaguntza batera jasotzen direnean, salbu eta haien artean bateragarriak badira.

h) Jardueran, onuradunak gainditzen duenean diruz lagundutako kostuaren muga, bateragarriak diren dirulaguntzak batuta; erreparatuko zaio muga horretatik gorako zenbatekoari.

i) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen direnean edo betetzen ez direnean.

j) Trabak jartzea ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei, eta ez betetzea horiei men egin beharra.

10.5 oinarrian ezarritako betebeharra ez betetzeak dirulaguntzaren zenbatekoa %25 murriztea ekarriko du, eta %30, 10.6 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada; bi portzentajeak metagarriak dira.

Organo emaileak hartuko du dirulaguntza itzultzeari buruzko erabakia, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat. Zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira itzuli beharreko zenbatekoak eta, horiek kobratzeko, aplikatuko da xedaturik dagoena diru-bilketari buruzko indarreko araudian.

Ez zaio dirulaguntzarik emanen, erakundea premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan nahasirik badago, zorrak izateagatik toki-erakundearekin, Udalaren Ur Batzordearekin eta Tudela Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoarekin, harik eta zor horiek egiazki ordaintzen eta kitatzen diren arte.

Aurrekoa gorabehera, Tuterako Udalak ofizioz kitatu ahal izanen ditu dirulaguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, dirulaguntza horiek zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen arloko arau-hauste eta zehapenak lotuko zaizkio honako arau hauetan ezarritakoari: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen bigarren xedapen iragankorraren 4. puntua, lege horren IV. titulua eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua, eta baita Tuterako Udalaren kasuan kasuko udal aurrekontua betearazteko oinarriak.

14.–Dirulaguntzen gaineko arauak.

Dirulaguntza hauek arautzen dituzte, oinarri hauek ez ezik, honako hauek ere: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hura garatzeko Erregelamendua, Tuterako Udalaren Dirulaguntzen ordenantza orokorra (2017ko 175. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 11n), dagokion ekitaldiko udal aurrekontua betearazteko oinarriak eta horiekin bat heldu den gainerako legedia.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Laguntzak, kirol arloko emanaldiak, ikuskizunak, sustapen jarduerak eta/edo ekitaldiak (puntualak) antolatzeko, Tuteran, urte naturalean.

II. eranskina.–Deialdi publikoa, dirulaguntzak emateko oinarrizko kirolaren sustapenean denboraldiko kirol-jardueretan parte hartzeko.

III. eranskina.–Deialdi publikoa, dirulaguntzak emateko goi-mailako kategorietako kirolaren sustapenean denboraldiko kirol-jardueretan parte hartzeko.

IV. eranskina.–Deialdi publikoa, dirulaguntzak emateko eliteko lehiaketa nazional ofizialetan, kategoria absolutuan, parte hartzeko, denboraldiko kirol-jardueretan.

V. eranskina.–Zinpeko deklarazioa.

VI. eranskina.–Kirol-materialaren eskaera.

VII. eranskina.–Publizitate-espazioen eskaera.

VIII. eranskina.–Fakturak eta egiaztagiriak.

IX. eranskina.–Zinpeko aitorpena, beste dirulaguntzarik ez duela eskuratu dioena.

Deskargatu I. eranskinetik IX.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2209242