136. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2022 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hierarkikoki haren mende dauden organo jakin batzuen esku uzten baitu zenbait eskumenen erabilera.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuan araututa dago Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusia. Besteak beste, honako eskumen hauek dauzka: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako jarduketak koordinatzea, baldin eta jarduketa horien erantzukizuna Foru Komunitateko Administrazioaren organoei edo haren mendeko erakundeei badagokie eta solaskide gisa aritzea Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioarekin Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sortutako estatu organoetan.

Bestalde, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 56. artikuluan xedatuta dago, ezen, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari lotutako kredituak kudeatzeko beharrezkoa bada funts-mugimenduak egitea lehendik dauden partiden artean edo ekitaldian sortu behar direnen artean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Next Generation Bulegoko titularraren adostasuna beharko dela.

Martxoaren 23ko 23/2022 Foru Dekretuak, baina, bulego hori ezabatu zuen eta haren zereginak Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiak hartu zituen (foru dekretu horren bidez aldatu ziren abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena).

Tramitazioa eraginkorragoa eta azkarragoa izan dadin, komeni da hierarkikoki zuzendaritza nagusiaren mende dauden organo jakin batzuen esku uztea aipatutako 18/2021 Foru Legearen 56. artikuluan ezarritako adostasuna emateko eskumena. Orobat, eskuordetze hori etorkizuneko aurrekontu-ekitaldietan mantentzea komeni da, baldin eta arauetan ezarrita badago adostasun hori adierazteko beharra.

Eskuordetze-egintza honen legezko oinarria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan dago, xedatzen baitu Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela beren eskumenak kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuko zuzendariari zein Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren Ataleko buruari eskuordetzea honako eskumen hau, 2021eko ekitaldirako eta aurrekontuetan eragiketa hori egitekoa den beste ekitaldietarako: Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari lotutako kredituak kudeatzeko lehendik dauden edo sortu behar diren partiden arten funts-mugimenduak egiteko adostasuna ematekoa. Adostasun horren beharra, hain zuzen, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 56. artikuluan xedatuta dago.

2. Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusiak edozein unetan hartzen ahalko du bere gain eskuordetutako eskumenarekin lotutako edozein espediente edo gai kudeatzeko ardura.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusiari, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuko zuzendariari, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren Ataleko buruari eta Kontu-hartzailetza delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko apirilaren 7an.–Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusia, Iñaki Arrizabalaga Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2209387