135. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Udal ordenantza, eguzki-energia berriztagarria ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2022ko martxoaren 3an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Agoizko udal-mugartean eguzki-energia berriztagarria ezartzea arautzen duen udal ordenantza. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea erregulatzeko udal-mugartean nola jarri eguzki-energia jasotzeko instalazioak, zelula fotovoltaikoen panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraituz, ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean (2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 24koa). Jendaurrean egon bitartean inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Beraz, bidezko da ordenantza hori behin betiko onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzea.

Agoitzen, 2022ko ekainaren 2an.–Alkate udalburua, Angel Martín Unzué Ayanz.

UDAL ORDENANTZA, AGOIZKO UDAL-MUGARTEAN EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIKO INSTALAZIOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUENA

SARRERA

Agoizko Udalak konpromisoa hartu du ingurumenarekin, iraunkortasunarekin, tokiko garapenarekin eta pobrezia energetikoaren aurkako borrokarekin, eta ezinbestekotzat jotzen du herrian energia berriztagarriek aurrera egitea.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba baita, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenerako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzen duelako berotegi-efektuko gasak murrizten.

Agoizko hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko eraikinen estalkietan eguzki-panelak instalatzeko aukera ez dago berariaz jasota Agoizko Udalaren Planaren araudian.

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilera sustatzen ari direnez eta, berriki, etxebizitzetan norberaren kontsumorako sorkuntza-instalazioak bereziki bultzatzen ari direnez, Udalak erabaki du ordenantza hau egitea eguzki-energiako instalazioei buruz.

Arau berri honek hirigintzako udal-plangintza garatzen eta osatzen du, ziurtatuz lurraldean panelak modu ordenatuan ezarriko direla eta bermatuz udalerriko naturaren eta hiri-balio garrantzitsuenen kontserbazioa.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Agoizko udal-mugartean eguzki-energia jasotzeko instalazioak jartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Agoizko udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio-eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartuko dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, energia termikoa edota energia elektrikoa:

–Eguzki instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko erabiliko dira.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: energia elektrikoaren ekoizpenean eguzki erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietate fisikoez baliatuz elektrizitatea sortzeko, eguzki erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko (eguzki instalazio termikoak) dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuan xedatutakoa betez (errege-dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, malda berari eutsiz beti. Panelek sortutako planoa egonen da teknikoki ahal den hurbilena estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan, “velux” motako leihoen antzera.

b) Oro har, oinplanoko panelen antolamenduak eremu angeluzuzen bat osatu beharko du. Sakabanatuta edo modu irregularrean jarriz gero, behar bezala justifikatu beharra dago hirigintza-zerbitzuaren aurrean.

c) Okupatutako gehieneko azalerak ez du gaindituko estalkiaren azalera osoaren %80, eta honako baldintza hauek mugatuko dute:

I.–Eguzki-panelak gutxienez 0,6 metro atzeraeramanen dira teilatu-hegalen eta gailurren ertzetik eta gutxienez 0,45 metro, bizkar-limen, limatxokonen, fatxaden eta mehelinen ertzetik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

II.–Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.

d) Eraikinen estalkian edo fatxadetan ezin izanen da agerian geratu instalazioaren elementu osagarririk, hala nola gordailuak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak, etab. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barruan, dela barneko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez baimentzen ahalko dira, baldin eta bista horien inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.

e) Udal Planeko eremu homogeneoak urbanizatuz hirigunea zabaltzen denean, salbuespen gisa, proposatzen ahalko dira bertako eraikinetan eguzki panelak konfigurazio edo kokapen bereziekin instalatzeko aukerak, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

f) Debeku da eguzki-plakak jartzea hirigune historikoko eraikinen estalkien hegaletan, ordenantza honi erantsitako OR.PL.01 planoan adierazitako horietan. Hirigune historikoko gainerako isurialdeetan, aurreko baldintza guztiak beteko dira.

2. Eguzki-panelak eraikinen estalki lauetan jartzen ahalko dira, honako baldintza hauek betez gero:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera bista horiek eragozteko neurriak proiektatzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.

Neurri hori ez da berdin aplikatuko industrialdeko lurzatietan kokatutako instalazioetan, horietan modu partikularrean aztertuko baita proposamen bakoitza.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.

c) Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.

d) Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

e) Oro har, ezin da panelik jarri Udal Planean katalogatuak dauden eraikinetan. Kasu partikularrak aztertuko dira, non justifikatuko baita proposatutako instalazioak ez duela ikusizko eraginik izanen. Kasu horretan, Udalak beretzat gordetzen du proposamen horien hasierako onespena emateko eskubidea. Ondoren, Vianako Printzea erakundeari bidaliko zaizkio eskaerak, hark aurretiazko txostena egin dezan, eta txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Instalazio kontsumitzailea lurzati berean edo mugakidean dagoenean, dela hiri-lurzorua dela urbanizaezina.

b) Gehieneko azalera izanen da honako honen araberakoa:

I.–Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.

II.–Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, dela ur beroa sortzeko, dela espazioak girotzeko.

c) Lurzoruaren gainean bermatuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira 2 metro baino garaiagoak izan, lurretik neurtuta.

d) Panelen inklinazioak energia bilketaren errendimendu handiena bilatuko du eta berdina izanen da panel guztietan.

e) Kaletik eraikinaren eta ondokoen fatxada nagusia ikusteko moduan kokatuko dira; alegia, saiatu behar da fatxada nagusia ez estaltzen.

7. artikulua. Instalazio multzoak eraikinaren gainean eta lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

Mota horretako egiturak baimentzen ahalko dira, betiere aurreko 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

III. KAPITULUA

Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean

8. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Eguzki-energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Lehendik badauden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, horiek ezarri baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.

9. artikulua. Eguzki-parkeak ezartzeko baldintza partikularrak.

1. 5 hektareatik gorako azalera okupatua daukaten eguzki-parkeak kokatu beharko dira hiri-lurzoru edo bizitokietarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutakotik 500 metrora, gutxienez.

2. Eraikin berriak eskualdeko eraikuntzako eta arkitekturako ezaugarrietara egokitu beharko dira, halaxe ezarrita baitago Udal Planaren hirigintzako araudian. Bistan diren eraikuntza, panel eta instalazioek 9 metroko tartea, gutxienez, gorde beharko dute parkeko mugekiko. Tarte horri berdeguneko zerrendaren tratamendua emanen zaio, eta soropila eta arbolak izanen ditu.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da ingurumen baimenaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Hura baimendu arte ezin izanen da lizentzia eman panel fotovoltaikoak jartzeko.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

11. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Agoizko Udalari eskatuko zaio dagokion obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua. Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izanen dela eusteko estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, kontuan harturik Agoizko Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.

Sustatzaileak eduki beharko ditu kasuan kasuko gaiaren arabera organo eskudunetan aurkeztu beharrekoak diren baimen guztiak.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekar ditzaketen kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Iragarkiaren kodea: L2208324