135. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

71/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita apirilaren 6ko 46/2022 Foru Agindua, zenbait produktu energetikoren azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatu eta itzultzeko prozedura arautzen duena.

Martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuak, zeinaren bidez Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartu baitziren, aparteko eta aldi baterako hobari bat ezarri zuen petrolio-produktu energetiko jakin batzuen prezioan, 2022ko apirilaren 1etik ekainaren 30era bitartean.

Aipatutako 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 20. artikuluak ezartzen du Foru Administrazioak duela hobariak kudeatzeko eta itzultzeko eskumena, bai eta laguntzaileei konturako aurrerakinak ematekoa ere, hobaria jaso duten produktuen hornidurak Nafarroako Foru Komunitatean egin badira.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 6ko 46/2022 Foru Aginduaren bidez, prozedura arautu zen zenbait produktu energetikoren azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatzeko eta itzultzeko, baldin eta, aipatutako 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hobariaren kudeaketa eta itzulketa Nafarroako Foru Komunitateari badagokio.

Ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege Dekretuaren bidez, luzatu egin dira Ukrainako gerrak izan dituen ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren esparruan hartutako neurri batzuk; besteak beste, 2022ko abenduaren 31ra arte emanen da petrolio-produktu energetiko jakin batzuen prezioan aparteko eta aldi baterako hobaria, eta, era berean, zenbait aldaketa aurreikusten dira hobari horiek itzultzeko prozedurari dagokionez.

Horrenbestez, foru agindu honen bidez aldatzen da aipatutako 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagokion prozedura.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hirugarren apartatua aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak apirilaren 6an eman 46/2022 Foru Aginduan, zeinaren bidez prozedura arautzen baita zenbait produktu energetikoren azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatu eta itzultzeko. Hona hemen idazketa berria:

“Hirugarrena.–Hobariak itzultzeko eskaera.

1. Hobaria kudeatzeko laguntzaileek hilero eskatzen ahalko diote Nafarroako Foru Ogasunari aurreko hilean egindako hobariak itzultzeko.

2. 2022ko maiatzetik abendura bitarteko hiletako eta 2023ko urtarrileko lehen 15 egun naturaletan aurkeztuko da eskaera.

3. Eskaera telematika bidez aurkeztu beharko da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, www.nafarroa.eus helbidean, Tramiteen Katalogoko fitxan (aurrerantzean, tramitearen fitxa) horretarako gaituko den inprimakia bete eta bidalita; inprimakian jaso beharko da Nafarroako Foru Komunitatean azken kontsumitzaileei erreferentziako aldian hornitutako litro edo kilogramoen bolumenari, dagokionaren arabera, deskontua aplikatuta ateratzen den zenbatekoa.

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Nafarroako Foru Ogasunak eskatuko dio interesdunari 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

4. Nafarroako Foru Ogasunak itzuliko ditu hobariak, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen direla eta erreferentziako aldian erregai hornidurari buruzko informazioa sendoa dela egiaztatu ondoren.

5. Itzulketa banku-transferentzia bidez ordainduko da, eta transferentzia jaso izana itzulketari buruzko ebazpenaren jakinarazpentzat joko da.

6. Laguntzaileek 2022ko apirilaren 15a baino lehen eskatzen ahalko dute konturako aurrerakina, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 17. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dena, tramitearen fitxako dagokion inprimakia bete eta bidalita.

7. Aurrerakina eskatu bada, hobari honek estalitako azken hilabeteari dagokion eskaera aurkezten denean, Nafarroako Foru Ogasunak aurreko apartatuan aipatzen den aurrerakinaren zenbatekoa kenduko du dagokion hileko itzulketan. Itzulketaren zenbatekoa aurrerakinaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaileak aldea ordaindu beharko du, dagokion ebazpenean adierazitako lekuan, moduan eta epean.

Baldin eta laguntzaileak ez badu eskatu hobaria itzultzeko neurriak irauten duen lehenengo hiru hilabeteetako batean, eta aurreko paragrafoan aurreikusitako konturako aurrerakina jaso badu, Nafarroako Foru Ogasunak bidegabeko aurrerakina itzultzeko eskatuko du. Itzulketa horren zenbatekoa ordaindu beharko da dagokion ebazpenean adierazitako lekuan, moduan eta epean.

8. Baldin eta laguntzaileak hobaria egin badu neurriak irauten duen lehen hiru hilabeteetan, eta itzuli den hobariaren zenbatekoa (apirilean produktu hobaridunen salmenta-bolumenaren %90ari dagokiona) handiagoa izan bada hitzartutako aurrerakinaren zenbatekoa baino, azken horren osagarria lortuko du, bi zenbatekoen arteko alde positiboarekin kuantifikatuta.

AdBlue-az bestelako produktu hobaridunak saltzeagatik neurriak irauten duen lehen hiru hilabeteetan hobaria egin duten kolaboratzaileek ere jasoko dute osagarria, baldin eta ez badaude jasota martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 17. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen den erroldan, 2021ean produktu hobaridunak ez saltzeagatik. Kasu horretan, osagarriaren zenbatekoa itzuli den hobariarena izanen da, hau da, apirilean produktu hobaridunen salmenta-bolumenaren %90ekoa.

Aurrerakinaren osagarri hori haren parte izanen da, eta Nafarroako Foru Ogasunak tramitatuko du ofizioz, 2022ko ekainari dagozkion hobariak itzultzeko eskaera tramitatzen den modu berean. Horretarako prestatutako inprimakian aurkeztuko da.

9. Behin betiko jasotako zenbatekoen doikuntza egiten ahalko da, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 17. artikuluaren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. Azken doikuntza horretatik ateratzen bada laguntzaileak zenbateko bat ordaindu behar duela, dagokion ebazpenean adierazitako lekuan, moduan eta epean egin beharko du.”

2. Foru agindu hau argitaratzea Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, www.nafarroa.eus helbidean, Tramiteen Katalogoko fitxan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan. Foru aginduak 2022ko uztailaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko ekainaren 30ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2209652