133. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196E/2022 EBAZPENA, ekaiaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Murillo el Cuendeko udal mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti instalazio baten aldaketa nabarmena egiteko. Instalazioaren titularra Omayma Benmoussa Sabri da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Lurraldearen Antolamenduko eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 286E/2015 Ebazpenaren bidez emana, gero Lurraldearen Antolamenduko eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 694E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

2021eko maiatzaren 5ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, animalien gorpuetarako ahalmen txikiko errauskailu bat ezartzeko (50 kg/h).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko ekainaren 3an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hortaz, 2021eko ekainaren 3an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko; zehazki, hau: animalien gorpuetarako ahalmen txikiko errauskailu bat jartzea (50 kg/h baino gutxiago), propano gasa erregai izanen duena, instalazioko animalien gorpuak errausteko.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Murillo el Cuendeko udal mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, animalien gorpuetarako ahalmen txikiko errauskailu bat jartzeko proiektua gauzatu ahal izateko (50 kg/h baino gutxiago). Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Omayma Benmoussa Sabri da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Omayma Benmoussa Sabriri, Murillo el Cuendeko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2022ko ekainaren 13an.–Pedro Zuazo Onagoitia Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Javier Vera Janín Klima Aldaketaren Ataleko buruak sinatzen du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoaren indarrez.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2208911