133. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Ordenantza, eguzki energia berriztagarria biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2022ko otsailaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki energia berriztagarria biltzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2022ko martxoaren 3an, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Vianan, 2022ko ekainaren 13an.–Alkate udalburua, M.ª Blanca Yolanda González García.

ORDENANTZA, VIANAKO UDAL MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA BERRIZTAGARRIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

HITZAURREA

Vianako Udalak, ingurumena, jasangarritasuna, CO2 isurketak murriztea, tokian tokiko garapena eta pobrezia energetikoari aurre egiteko lana aldezteko konpromisoa hartuta, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriak sustatzea herrian.

Beraz, Klima eta Energiaren aldeko Alkateen 2019ko Itunean (Vianako udalbatzak 2019ko martxoaren 21ean hartutako erabakia) onetsitako konpromisoak bete nahi ditu. Haietan Vianako Udalak berotegi eragineko gasen isurketak murriztearen alde, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi bateratua hartzearen alde, eta pobrezia energetikoari aurre egitearen alde lan egiteko konpromisoa hartu zuen bere gain, era horretan bere toki ekintza ekimen horretara erantsiz.

Udalaren konpromisoaz gain, Vianako biztanleek ere energia berriztagarria sortzeko eta autokontsumitzeko gogoa erakusten dute, eta horrek zuzenean nahiz zeharka eraginen dio gizarte osoari.

Eguzki energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba delako, etorkizuna duelako, ingurumen inpaktu txikia duelako, mantentze kostu handirik ez duelako, eta benetan laguntzen duelako berotegi efektuko gasak murrizten.

Arrazoi horregatik, udal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioen inguruko erregulazioa ezarri nahi du Udalak, instalazio fotovoltaikoak paratzea erraztuko duten baldintzak finkatuz, ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izan daitezen.

Eguzki energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura eta hiri balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik. Hori dela eta, eguzki energia biltzeko instalazioak jartzeko zenbait mugapen jarri behar dira, Udal honen iritziz.

Eguzki energiaren instalazioen ezarpena arautzeko asmoz idatzi da ordenantza, udal plangintzarekiko behar den koherentzia gorde dadin, eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko koherentzia ere gordetzeko, betebehar hori Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 86. artikuluan jasota dagoelarik.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da Vianako udal mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez jasotzeko eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedapenak aplikatu beharrak dira edozein eguzki instalaziotarako (termikoa eta/edo fotovoltaikoa), titulartasun publiko nahiz pribatukoa delarik ere, Vianako udal mugartean (hiri lurzorua, urbanizagarria eta ubanizaezina), betiere Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babes Plan Bereziaren (BEBPB) eremutik kanpo.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, hona hemen bi definizio:

–Eguzki energia fotovoltaikoa: eguzki erradiazioaren aprobetxamendua da, energia elektrikoa lortzeko eguzki moduluetan ezarritako zelula fotovoltaikoen bidez egiten dena. Elektrizitate hori zuzenean erabil daiteke, edo ondoren erabiltzeko metagailuetan bildu, edo banaketa elektrikoko sarean sar daiteke.

–Eguzki energia termikoa: eguzki erradiazioaren aprobetxamendua da, eguzki panel termikoen barnetik eramandako likidoak berotzeko erabiltzen denean; etxeko kontsumorako ura berotzeko aprobetxatzen ahal da, komunean nahiz berogailuetan erabiltzeko.

Ordenantza honek panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki instalazioak arautzen ditu, haiek kokatzen diren lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. TITULUA

Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Eguzki energia hartzeko instalazioak baimenduko dira, eraikinen energia beharrak, zati batean edo osorik, estaltzeko egiten direnean, bai ur beroa ekoizten laguntzeko, bai autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

Beste egoeraren batean instalazioa ezartzeko, egoki justifikatu beharko da, eta Vianako udalaren baimena eskuratu beharko da.

2. Irizpide orokor gisa, ahalegina egin behar da instalazio horiek eraikinaren balio historiko, usadiozko eta tipologikoen arabera egokitzen, hala hiri ingurunean, nola landa ingurunean ere. Udalak, interes publikoaren arrazoiengatik, mugatzen ahalko du, edo beharbada, debekatzen ere ahalko du, Gune Historikoaren ingurunearen irudia eta babesa kaltetzen ahal dituzten instalazioen ezarpena.

Babestutako Gune Historikoaren eremuan, 2000z geroztik indarra duen Barne Eraberritze eta Babes Plan Berezian arautua dagoenaren arabera, ingurunera egokitzeko eta inguruaren estetika eta irudia babesteko helburuz, eguzki energia hartzeko instalazioak debekatuta daude.

3. Kasu guztietan ere, aukera desberdinetatik, lurzati horretan eta horren inguruan ikus inpakturik txikiena eraginen duen kokapena aukeratuko da plakak ezartzeko.

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Panelak ezarriko dira estalkiaren isurialdearen planoaren gainean, haren inklinazioa errespetatuz (malda) eta haren plano bera mantenduz. Forma geometriko erregularreko esparrua osatuko da, simetrikoa ahal bada. Ezin izanen dira 20 cm-tik goiti atera estalkiaren planoaren gainetik.

–Okupatzen den azalerak gutxienez 0,60 cm-ko tartea utziko du teilatu hegal ertzetik, etxe arteko hormetatik edota teilatu isurialdeen arteko erpin eta sakonuneetatik.

–Familia bakarreko etxebizitza atxikien kasu partikularrean, plakak kokatuko dira teilatu ertzaren eta erpinaren antzeko lerroak errespetatuz, etxe multzo bakoitzeko familia bakarreko etxebizitza lerroaren multzoari dagokionez.

–Elementu osagarriak, alegia, ontziak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak, etab., bide publikotik ez ikusteko moduan kokatuko dira, dela eraikinaren barnean, dela patiorako barne fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa justifikatzen den kasuetan, salbuespen gisa baimentzen ahalko dira, ikus inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira, eraikinarekiko integrazio egokia bermatzen duen eraikuntza konponbideren bat emanez, eta betiere Vianako Udalaren oniritziarekin.

Alde Zaharreko BEBPBaren inguruko kaleetako (Serapio Urra kalea, Arrabal auzoa, La Solanako Arrabal auzoa, La Pila kalea) eraikinen estalkietan eguzki plakak jartzeko, aldez aurretik Udalak emandako baimena beharko da, eta hark mugatzen edo ukatzen ahal izanen du haiek jartzea, plaka horiek kokapenak multzoan eragin lezakeen ikus inpaktua minimizatzeko helburuz.

2. Eguzki panelak eraikinen estalki planoetan edo azotean instalatzen ahal dira, honako baldintza hauek betez gero:

–Okupaziorik handiena baimentzen da, ertzekiko 1,00 metroko tartea errespetatuz, betiere panelak bide publikotik ikusteko moduan jartzen ez badira.

–Fatxadako karelen gehienezko garaieraren azpitik geratu behar dira.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, karelen garaiera gainditzen ez badute.

3. Fatxadan ezin izanen da eguzki panelik jarri.

6. artikulua. Instalazioak eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

Baimentzen da eguzki panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Lurzoru libre pribatuaren gainean ezarritako instalazioak baimentzen ahalko dira kontsumoa duen eraikin bat dagoenean, edo bietarako obra baimena aldi berean ematen denean.

–Kasu guztietan ere, nahitaezkoa da aldez aurretik tramitatzea eraikin mugakideekiko eta hirugarrenekiko eraginen azterketa bat, isla eta ispilu efektuen ondoriozko kalterik sortzen ahal den argitzeko.

–Lehentasunez ikuspenetik aparte geratzen diren lekuetan jarriko dira, eta lurzatiaren itxituratik 3 metroko tartea gordeaz. Ez da baimenduko panelik jartzea eraikinaren fatxada nagusiaren aurrean.

–Okupatu beharreko eremu libre pribatuaren gehieneko azalera %40koa izanen da. Panelak ezarriko dira lurzoruaren gainean zuzenean tinkatutako euskarrien gainean, eta ezin izanen dute 1,20 metroko gehieneko garaiera gainditu, lurraren arras naturaletik neurtuta.

–Teilatuan, azotean, terrazan eta lurzoruan paratzeko proposamen mistoak, baloratu ondoren, Udalak baimendu beharko ditu espresuki.

7. artikulua. Instalazioak zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabilerako hiri lurzoruan.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko egindako eguzki instalazioak baimenduko dira, dela autokontsumorako, dela autokontsumo partekaturako, dela elektrizitatea saltzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalaren iritziz nolabaiteko ikus inpaktua edo ingurumen inpaktua sortzen ahal bada, proiektuaren infografiak eskatzen ahalko ditu, eta horiek minimizatzeko neurri zuzentzaileak ezartzen ahalko ditu.

III. TITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

8. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin elektrizitatea sortzeko instalazioak lurzoru librean ezartzea lurzoru urbanizaezinean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: 64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana. Bat etorri beharko du lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako indarra duen Udal Planean ezarritako erabileren aurreikuspenekin.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa lurzoru urbanizaezinean ezartzeko Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren aldez aurreko baimenik tramitatzea.

9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak jarri ahal izanen dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Estalkiaren isurialdearen planoaren gainean paratuko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurialdearen planotik perpendikularki gora neurtuta. Okupatutako azalerak gutxienez 0,60 metroko tartea gordeko du isurialdearen ertzetik. Instalazioaren elementu bakar batek ere ezin izanen ditu estalkiaren mugak gainditu.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo azotearen gainean instalatzea.

Fatxadaren karelen gehienezko garaieraren azpitik geratu behar dira. Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Fatxadan ezin izanen da instalaziorik jarri.

10. artikulua. Sarearekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da ingurumen eraginen ebaluazioaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Aldeko txostena jaso arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentziarik eman.

Hornidura garraiatzeko hodiak lurperatzeari buruzko udal araudian xedatutakoa bete behar izanen da.

IV. TITULUA

Beste hainbat xedapen - Tramitazioa

11. artikulua. Instalazio bereziak.

Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eraikin multzoaren arkitekturan egoki integratuta geratzen badira. Proposamen horiek, aztertu eta baloratu ondoren, Udalaren Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

12. artikulua. Ondare historikoa babestea.

Alde Zaharrean izan ezik, BEBPBak ezarritako arauen arabera, debekatua baita hor panel fotovoltaikorik jartzea, Vianako Udal Plan Orokorraren Katalogoan bildutako beste eraikin edo kokaleku batzuetan edo babestutako beste elementu batzuetan (Donejakue bidea, baselizak, etab.) planteatzen ahal diren eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aldez aurretik txostena eman dezan, eta haren edukia loteslea izanen da.

13. artikulua. Tramitazioa

Eguzki instalazioak jartzeko eskaerak aplikagarria den sektore edo hirigintza arloko araudiaren arabera eginen dira.

Eguzki energia autokontsumorako aprobetxatzeko instalazioak, ordenantza honetan ezarritako parametroen arabera, erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko komunikazioa bete behar dute, ondoko salbuespen hauekin:

–Instalazioak eraikin katalogaturik ukitzen badu.

–Instalazioak eraikinaren zimenduak edo egitura ukitzen badu.

–Instalazioak ingurumen eraginaren ebaluazioa behar badu, aplikatzekoa den ingurumen araubidearen arabera.

Kasu horietan, Udalaren obra baimena eskatu eta tramitatu beharko da aldez aurretik, horretarako beharrezkoa den dokumentazioarekin batera.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da, instalazioaren ezaugarri zehatzak azalduz: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab.; instalazioaren memoria deskriptiboa, krokisak edo plano akotatuak eta aurrekontu xehatua ere jasoko ditu.

Udal lizentzia eman aurretik, Vianako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako baldintza partikularren arabera beharrezkoak diren baimenak izapidetuko dira.

Nolanahi ere, lizentziak ematen dira jabetza eskubidea gordeta eta hirugarrenei kalterik eragin gabe eta eskatzailea izanen da instalazioaren ondorioz sortzen ahal diren kaltegaleren eta/edo ekintza juridiko guztien erantzulea.

14. artikulua. Ikuskapena.

Vianako Udalak bere udalerriko eguzki instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egin edo dokumentuak eskatu ahal izanen ditu, instalazioak egoera onean daudela eta ongi funtzionatzen dutela bermatzeko.

Vianako Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezarri ahal izanen ditu ordenantza hau betetzen ez bada, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.–Vianako Udalak eguzki energia berriztagarriaren instalazioak ezartzea sustatzeko hobari/laguntza lerroak onartu ahal izanen ditu, eta horri dagokion ordenantza honen aplikazioa ere bai.

Bigarrena.– Ordenantza honetan arauturiko gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, behar izanez gero, geroago ordenantza egokitzen ahalko dela kontuan izanik.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, Vianako udal mugartean eguzki energia hartzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza hau, behin betiko onetsirik lege horren beraren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, indarrean sartuko da, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara ematen den egunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2208733