133. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEGARDA

Ordenantza fiskala, ordezko betearazpenen eta betearazteko aginduen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Legardako Udalak, 2022ko apirilaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordezko betearazpenen eta betearazteko aginduen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Legardan, 2022ko ekainaren 22an.–Alkate udalburua, Silvestre Belzunegui Otano.

ORDEZKO BETEARAZPENEN ETA BETEARAZTEKO AGINDUEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua

1. Zerga-egitatea honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea da:

a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea, baldin lur eta lokalen jabeek eta okupatzaileek –edo pilaketaren arduradunek– uko edo aurka egiten badiote kentzeko aginduari.

b) Betearazpen aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen exekuzioak, kolektoreen garbiketa eta, oro har, Udalaren ordenantzak nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpen eginbideak.

2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko. Presako kasuetan, eta kontratazio araudian xedaturikoarekin bat, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.

Tasaren sortzapena

4. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten den momentu berean, eta zilegi da konturako nahiz zatikako likidazioak ordaintzeko eskatzea.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:

a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egitateen erantzuleak, bai eta zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.

b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:

a) Betearazteko agindua: egin beharreko obraren edo lanaren baloraziotik heldu dena.

b) Ordezko betearazpena: egin den exekuzioaren guztizko kostutik heldu dena.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Obren kasuan, Udalak zilegi izanen du kautelazko likidazioak aldez aurretik egitea, tasen zenbateko zenbatetsien adinakoak. Ordainarazpena eta bilketa ordenantza fiskal orokorrean jasotako moduan eginen dira.

Obrak bukatu ondoren, tasak likidatuko dira eta ondoriozko soberakinak itzuli edo eskatuko dira.

Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek erantzuleen artean zatitu edo banatzea edo, erabiltzaile nahiz errentari gisa, borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen den zehapen-espedientetik –halakorik irekiz gero– sortzen diren zehapenen aurrean; hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan honako hauek izanen dira aplikagarri: Ordenantza fiskal orokorra; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Betearazpen aginduak.

Karga-tasa izanen da zerga oinarriaren %1.

II. epigrafea.–Ordezko betearazpenak.

Ezartzen den tasa %125 da.

Iragarkiaren kodea: L2209179