133. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARROITZ

Udal ordenantza, etxeetan familiari atseden emateko zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Arroizko Udalak, 2022ko martxoaren 31n egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Etxeetan familiari atseden emateko zerbitzua arautzen duen udal ordenantza. Erabakia 2022ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 3an.

Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsirik gelditzen da, eta haren testu osoa ematen da jarraian, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Arroitzen, 2021eko ekainaren 20an.–Alkatea, Antonio Ángel Moleón Segura.

ORDENANTZA, ETXEETAN FAMILIARI ATSEDEN EMATEKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA ARROIZKO UDALERRIAN

Oinarria

Mendekotasuna eta/edo narriadura kognitiboa edo desgaitasun aitortua duten pertsonen familiei atseden emateko zerbitzuak laguntza eman nahi die normalean pertsona hori artatzen duten familiei, gainkarga handia jasaten dutelako, bai mendekotasuna duen senidea artatzeak dakarren lan handiagatik, bai horrek sortzen duen estres emozionalagatik; horretarako, zerbitzuak familia ordezten du zaintza lanetan, familia horrek edo zaintzaile nagusiak atseden har dezan.

Bizi itxaropena handitzearekin eta jaiotza-tasaren jaitsierarekin handitu egin da eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza behar duten pertsonen kopurua. Pertsona horien zainketan familiak egiten duen ekarpen nagusiak laguntza-neurriak eskatzen ditu, bai familian bertan bai lan-eremuan.

Halaber, familiaren egiturak izan duen bilakaerak eta bereziki emakumea pixkanaka lan-munduan sartzeak agerian utzi dute familiek duten gainkarga, artatzerakoan adinagatik edo desgaitasunagatik zainketa bereziak behar dituzten kideak, eta hori oztopo bilakatu da zaintzaile horien lan-asmoak eta xede pertsonalak lortzeko bidean.

Familiei atseden emateko zerbitzua, beste zerbitzu batzuekin batera –hala nola etxeko laguntza zerbitzua–, bizikidetza-unitateari laguntzeko programa bat da Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzaren sistemaren esparruan. Zerbitzu tekniko bat da, komunitarioa, osagarria, pertsonalizatua eta prebentiboa, laguntzen duena artatzen dituen pertsonak bere ohiko bizikidetza-ingurunean mantentzen. Laguntza horren zuzeneko hartzaileak dira mendekotasuna duten pertsonen familiak, zeinak familiari atseden emateko zerbitzuaren bitartez eskura baitaukate bitarteko espezializatu eta kalitatezko bat, laguntza eta sostengua emanen diena mendekotasuna duten eta haien kargura dauden pertsona horien etengabeko zainketan.

Aurrekoa oinarri hartuta, Arroizko Udalak ordenantza honen bidez arautzen ditu herriko etxeetan familiei atseden emateko zerbitzua erabiltzeko baldintzak eta zerbitzuaren funtzionamendua bera, hala eskatzen duten familiendako, prestazio berri hauek gauza daitezen, bat etorriz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2e) artikuluarekin (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), azaroaren 16ko 13/2017 Foru Legearekin (osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloetako itun sozialak arautzen dituena) eta abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearekin (gizarte zerbitzuei buruzkoa), zeinak toki-erakundeen eskumenen barnean jasotzen baitu bere lurralde-eremuan gertatzen diren behar sozialak aztertu eta atzemateko eskumena, eta beharrezkotzat jotzen dituen gizarte zerbitzu espezializatuak sortu, mantendu eta kudeatzekoa, betiere bere lurralde-eremuaren barnean.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea etxeetan familiari atseden emateko zerbitzuaren funtzionamendua eta hura erabiltzeko prozedura, Arroizko udalerrian.

2. artikulua. Definizioa.

Familiei atseden emateko zerbitzuak laguntza ematen die familiei, beraien kargura dituztenean mendekotasuna duten eta/edo narriadura kognitiboa edo desgaitasun aitortua duten pertsonak, eta zaintzaile nagusi baten etengabeko laguntza behar dutenean. Xedea da familiak, tarte horretan, atseden hartzeko denbora izatea.

Zerbitzuak, ahaideak ez daudenean, beteko ditu pertsona horrek behar dituen zainketa pertsonalak eta akonpainamendu-lanak, eta horretarako profesionalak erabiliko ditu, behar bereziak dituzten pertsonei laguntzeko prestakuntza berezia dutenak.

3. artikulua. Helburuak.

Arroizko udalerriko familiei atseden emateko zerbitzuak helburu hauek ditu:

–Mendekotasuna duten pertsonei beren ohiko ingurunean arreta ematen laguntzea, egoitza-zentroetan sartzea atzeratzeko eta/edo saihesteko.

–Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiei atsedena ematea, eta laguntzea gizarte eta familia harreman normalizatuak izan ditzaten.

–Mendekotasuna duten pertsona bat zaintzen duen bizikidetza-unitatea ordeztea denbora jakin batez, atseden har dezan.

4. artikulua. Zerbitzuaren edukiak.

Familiei atseden emateko zerbitzuak honako hauek biltzen ditu:

–Konpainia aktiboa: elkarrizketak izatea, irakurketa, laguntza.

–Akonpainamendua, etxean eta etxetik kanpo.

–Jateko laguntza.

–Aho medikazioa ematea, senideen jarraibideen arabera, eta gaixo kronikoei gutxieneko zainketak ematea.

–Estimulazio kognitiboa.

–Talde topaketak, autoestimua eta talde-lana sustatzeko, eta sozializazioa bultzatzeko.

–Arreta egokitua, kasu zehatz bakoitzaren arabera.

–Aurrekoen garapenean inplizituki sartuta dagoen beste edozein zeregin.

5. artikulua. Zerbitzua emateko aldia.

Ordenantza honen xedeko zerbitzuak emanen dira, familia bakoitzeko, astean 10 orduz gehienez eta ordubetez gutxienez, eta egunean 4 orduz gehienez. Ordu horiek astelehenetik igandera banatu ahal izanen dira, 8:00etatik 22:00etara. Hala ere, prestazioaren gehieneko iraupena luzatu ahal izanen da eskariaren arabera.

Prestazioaren ordu kopurua eta egunak zehaztuko dira kontuan hartuz erabiltzailearen beharrak eta lehentasunak, eta zerbitzuaren eskuragarritasuna.

6. artikulua. Ordutegiak hautatzea eta lehentasun ordena.

Erabiltzaileek, aurreko paragrafoan adierazitako ordutegien banaketaren arabera, hautatu ahal izanen dituzte beren beharretara hobeki egokitzen diren zerbitzu-orduak, betiere zerbitzuaren eskuragarritasunak horretarako aukera ematen badu.

Hala ere, asteburuetan edo jaiegunetan ematen diren zerbitzuen kasuan –eskabide gehiego egon daitezkeen aldiak baitira– murriztu eginen da erabiltzaile programatu edo egonkor bakoitzak eska dezakeen gehieneko ordu kopurua, honela: 2 ordu larunbatetan eta 2 ordu igandeetan, edo, kasua bada, 2 ordu jaiegunean.

Eskaera puntualak edo ezohikoak direnean, salbuespen gisa, eskatu ahal izanen da zerbitzua 4 orduz emateko asteburuko egun batean edo jaiegun batean, betiere behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiengatik.

Erabiltzaile programatu edo egonkorrek ere aukera hori izanen dute baldintza beretan.

Bi eskaera edo gehiago bat badatoz aukeratutako ordu eta egunekin, ordutegiak aukeratzeko lehentasuna izanen da eskaera Arroizko Udalaren erregistro orokorrean sartu zen ordenaren araberakoa.

Dena den, kasu horretan, eta zerbitzuak ahalik eta eskatzaile gehienei erantzun ahal izateko, Udalak beretzat gordetzen du kasu jakin bakoitzean egokien deritzon banaketa formula ezartzeko ahalmena, egoera bakoitzari modu hoberenean erantzun ahal izateko.

7. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileak.

Zerbitzua erabili ahal izanen dute familiek baldin eta:

–65 urtetik gorako pertsona bat badute.

–Mendekotasuna eta/edo narriadura kognitiboa duen pertsona bat badute, edozein adinetakoa.

–Desgaitasun aitortua duen pertsona bat badute, eguneroko oinarrizko zereginetarako laguntza behar duena.

8. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko betebeharrak eta baldintzak.

Baldintza bakarra bete behar da familiari atseden emateko zerbitzua erabili ahal izateko: zaindu beharreko pertsona Arroitzen bizitzea, modu jarraituan edo aldi baterako. Azken kasu horretan, aldi baterako denbora hori 6 hilabetetik gora luzatzen bada, beharrezkoa izanen da udalerrian erroldatuta egotea.

9. artikulua. Zerbitzuen kostua.

Zerbitzuaren erabiltzaileek honako tasa hauek ordainduko dituzte zerbitzuak jasotzeagatik:

–Erabiltzaile egonkorrek edo programatuek:

  • 5,00 euro/ordua: astelehenetik ostiralera bitarte emandako zerbitzuetarako.
  • 7,00 euro/ordua: asteburuetan eta jaiegunetan emandako zerbitzuetarako.

–Noizbehinkako erabiltzaileek:

  • 10,00 euro/ordua: astelehenetik ostiralera bitarte emandako zerbitzuetarako.
  • 15,00 euro/ordua: asteburuetan eta jaiegunetan emandako zerbitzuetarako.

Dagokion tasa likidatuko da benetan emandako zerbitzuengatik.

10. artikulua. Tasak ordaintzea.

Tasaren ordainketari dagokionez, zuzenean ordainduko zaio Arroizko Udalari familiari atseden emateko zerbitzuaren familia eta/edo pertsona erabiltzaile bakoitzari emandako zerbitzuari dagokion tasa; horretarako, ordainagiria igorriko da, zerbitzua eman eta hurrengo hilabeteko lehen astean.

Erabiltzaile egonkor edo programatuek zerbitzuan baja eman nahi badute, hala jakinaraziko diote Udalari, baja hasi aurreko hilabetearen azken-aurreko astean. Bestela, dagokion ordaginagiria igorriko da.

11. artikulua. Eskabide arruntak eta dokumentazioa.

Arroizko Udalak eskabide eredu normalizatu bat jarriko du familiari atseden emateko zerbitzuak jasotzeko interesa dutenen eskura. Eredu horretan jasoko da eskatzen diren zerbitzuen hileko plangintza, egunak eta orduak adierazita, baita zerbitzu horiek baliatzeagatik hilean ordaindu beharreko tasa ordaintzeko konpromisoa ere.

Eskabidea Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko da, aurreko hilabeteko azken-aurreko astean. Dena den, soilik erabiltzaile egonkorren eta programatuen kasuan, eskabidea eta plangintza aurkeztu ahal izanen da zerbitzuak jasotzen hasten direnean, baldin eta ez badira aldatu haren edukia, ordutegiak eta egunak. Aldaketarik balego, aurreko paragrafoan aipatutako hileko plangintza aurkeztu beharko dute.

Eskatzaileak egiten duen lehen eskabideak jaso beharko ditu honako agiri hauek:

–Eskatzailearen nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Erabiltzailearen nortasun agiri nazionalaren fotokopia (erabiltzailea eta eskatzailea pertsona desberdinak badira).

–Mendekotasuna duen pertsonaren ziurtagiriaren fotokopia edo, hala badagokio, zerbitzuaren erabiltzailearen desgaitasunaren aitorpena, hura 65 urtetik beherakoa bada.

–Udal ziurtagiria, egiaztatzen duena erabiltzailea edo eskatzailea udalerrian erroldatuta dagoela.

12. artikulua. Eskaera ezohikoak.

Eskaera ezohikoak izanen dira egiten direnak aldez aurretik ezarritako hileko egutegitik kanpo.

Eskabide horiek Arroizko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, zerbitzua ematea eskatzen den eguna baino 4 egun baliodun lehenago, gutxienez.

Hala ere, zerbitzu hori emanen da baldin eta San Jeronimo egoitzak –zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen denak– eskura baditu hari erantzuteko behar diren baliabide pertsonalak.

13. artikulua. Erabiltzaileen eta zaintzaileen betebeharrak.

Betebehar hauek izanen dituzte familiari atseden emateko zerbitzuaren erabiltzaileek eta/edo haien familiek:

–Ordutegiari eta zerbitzuaren prestazioari eragiten dieten aldaketak eta egoerak jakinaraztea, gutxienez 4 egun baliodun lehenago.

–Zerbitzua ematen duen profesionalak zerbitzu-orduak luzatu behar baditu ohiko zaintzailearen ezinbesteko eta/edo ustekabeko arrazoiak direla medio, haren kargura izanen da zaintzailea etxera iritsi arte emandako gehiegizko zerbitzu ordu horien kostua.

–Pertsonak behar dituen zainketei buruzko jarraibideak, idatziz, etxean uztea, profesionalaren esku.

–Gizarte Zerbitzuen zinegotzigoaren kontrol, ikuskaritza eta jarraipen lana erraztea.

–Zaintzailea egon beharko da zerbitzua ematen den etxean, bai zerbitzuaren hasieran bai amaieran, eta zorrotz zainduko du etxebizitzara puntualtasunez iristea, atzerapenak arriskuan jarriko baitu zerbitzua gainerako erabiltzaileei ematea.

–Beraren eta/edo familiaren egoeran gertatutako edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta eragiten badio zerbitzuaren prestazioari eta/edo harengatik ordaindu beharreko kuotari.

–Udalari jakinaraztea zerbitzuan baja eman duela, zerbitzua hasi aurreko hilabeteko azkenaurreko astean.

14. artikulua. Azkentzea.

Zerbitzuaren prestazioa honako arrazoi hauengatik azkenduko da:

–Erabiltzaileak hala eskatu duelako.

–Erabiltzailea hil delako.

–Prestazioa emateko kontuan hartu diren datuak faltsutu edo ezkutatu direla egiaztatu delako.

–Ez direlako bete zerbitzuaren emakidan ezarritako betebeharrak, horretarako arrazoi justifikaturik gabe.

–Erabiltzailearen ohiko jokabideak zerbitzuari dagozkion zereginak egitea eragozten duenean.

–Egoitza-zentro batera joan delako.

–Prestazioa ematea eragin zuen beharrizan-egoera desagertu delako.

–Ez delako ordaindu ezarritako tasa.

–Zaintzailearen puntualtasun falta etxebizitzara iristerakoan: bi aldiz gertatzen bada, ezinbesteko eta/edo ustekabeko arrazoi justifikaturik gabe.

15. artikulua. Interpretazioa.

Ordenantza honetan ezarritakoa interpretatzearen ondorioz sortzen diren gorabehera guztiak, lehenik eta behin, Arroizko Udaleko Osoko Bilkurak ebatziko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den guztirako jarraituko zaio honako arau hauetan ezarritakoari: Ordenantza Fiskal Orokorra, eta hala badagokio, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, eta osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloetan, gizarte-zerbitzuen eta itun sozialen eremuan aplikatzekoa den gainerako araudia.

Bigarrena.–Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin, ordenantza hau –behin betiko onetsirik lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz– indarrean sartuko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, haren testua osorik argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iragarkiaren kodea: L2209053