131. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

119/2022 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloetan onartua izateko prozeduraren jarraibideak, 2022-2023 ikasturterako.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 1. eta 2. artikuluetan ezartzen du Lanbide Heziketako sistemaren helburuetako bat dela funts publikoekin ordaintzen den prestakuntza-eskaintzak aukera ematea prestakuntza bizitza osoan zehar jasotzeko, betiere aurreikuspen eta egoera pertsonal eta profesional desberdinetara egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du herritar guztiek izan behar dutela bizitza osoan prestatzeko aukera, hezkuntza sistemaren barrenean eta kanpoan, horrela eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak.

Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak, zeinak hizpide baitu Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzea, 5. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketa ikasteko urrutiko modalitate bat, eta 26. artikuluan, berriz, urrutiko Lanbide Heziketarako plataforma bat sortuko dela, berrikuntzaren ildo estrategikoen barrenean.

Uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduak Nafarroako hezkuntza sisteman urrutiko modalitatean online emanen den Lanbide Heziketaren ezarpena eta antolaketa arautzen ditu.

Horrenbestez, ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak egindako aldeko txostena, zeinaren bidez prestakuntza eskaintza bat ezartzen baita Lanbide Heziketako tituluak lortzeko ikaskuntza-ingurune birtualen bidez, horiek helduen ezaugarrietara egokituta daudela.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Jarraibideak onestea 2022-2023 ikasturtean urrutiko Lanbide Heziketa online modalitatean egin nahi duten pertsonak onartu eta matrikulatzeko prozedurarako. Ebazpen honen eranskinetan ageri dira eta 2022-2023 ikasturtean onartzeko prozesuan aplikatuko dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 27an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketa online eginen duten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozedurarako jarraibideak. 2022-2023 ikasturtea

Onartzeko epeak

1.–Baldintzak.

Betebehar hauek bete beharko dira urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko eskaintzen diren moduluetan ikaspostua eskatzeko:

a) Frogatzea betetzen direla apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 5.1 eta 5.2 oinarrian eta 7.1 eta 7.2 oinarrian, hurrenez hurren, ezarritako sarrera baldintzak. Foru agindu horren bidez arautu zen erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartua izateko prozedura.

b) Gutxienez 18 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

Sarrerarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek onarpenaren epe arruntean eskatu ahal izanen dute plaza, dagokion aldian.

2.–Onartzeko epeak.

1. Epe bakar bat dago, epe arrunta, urrutiko Lanbide Heziketako irakaskuntzak online egiteko onartua izateko prozesurako, bi alditan antolatuta: lehen eta bigarren aldiak. Ikasturtearen gainerako zatia epetik kanpokotzat jotzen da.

2. Onartzeko epe arruntaren lehen aldia 2021-2022 ikasturtean Nafarroan urrutiko online modalitatean izena emateko eskatzen den ziklo bereko moduluren bat gainditu duten pertsonentzat bakarrik da; edo, bestela, 2021-2022 ikasturtean, izena emateko eskatzen den urrutiko ziklo berean erreserba eskubidea duen matrikula baliogabetzea onartu zaien pertsonentzat.

3. Urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko epe arruntaren bigarren aldian, lehenengo aldian parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek (aurreko puntuan adierazitakoak) eta, horretarako baldintzak bete arren, moduluetan parte hartu ez zutenek edo matrikulatu ez zirenek soilik parte hartu ahal izanen dute.

Bigarren onarpen aldiari dagozkion onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpenean ezarriko dira, aplikatu beharreko araudian ezarritako dena kontuan izanda.

2. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketa online eginen duten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozedurarako jarraibideak. 2022-2023 ikasturtea

Lehenengo onarpen aldia

1.–Onartzeko irizpideak.

Urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko ikasketetan ikasleak onartzeko irizpideak, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarrita daudenak, garatuz, onarpen epe arruntaren lehenengo aldian, lehentasun irizpide hauen arabera prestatuko da erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako modulu bakoitzean inskribatzeko eskatzen duten ikasleen lehentasun zerrenda:

–Lehenik: kasuan kasuko zikloko tituluaren barruan gainditutako, aitortutako edo baliozkotutako modulu kopuruaren arabera eta/edo frogatutako gaitasun-unitate kopuruaren arabera, kopuru handienetik txikienera ordenatuta. Zenbatzearen ondorioetarako, balio berekotzat jotzen dira modulua eta gaitasun-unitatea.

–Bigarrenik: berdinketarik bada, gainditutako zikloko moduluen batez besteko nota hartuko da kontuan, handienetik txikienera ordenatuta.

–Hirugarrenik: berdinketa hausten ez bada, aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan 2022ko martxoan egindako zozketa publikoaren emaitza, zozketa hori aplikatzekoa baita 2022-2023 ikasturteko onarpen prozesuetan.

2.–Ikaspostuak gordetzea.

Uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 6.2 artikuluan xedatutakoa garatuz, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira desgaitasuna frogatzen duten ikasleentzat. Orobat, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izatea frogatzen duten ikasleentzat.

a) Desgaitasuna egiaztatzen duten pertsona gehiago badaude modulu bakoitzeko erreserbatutako plaza libreak baino, erreserbako plazen adjudikazioa ebazteko irizpideak eranskin honetako 1. apartatuan adierazikoak izanen dira.

b) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolarientzako plazen erreserba apirilaren 27ko 89/2022 Ebazpenaren (Lanbide heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak arautzen dituena) dagokion oinarrian adierazitakoaren arabera izendatuko da.

c) Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetako ikaspostu bat eman diezaiotela, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Bigarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

Nafarroan Lanbide Heziketako online modalitatean 2021-2022 ikasturtean matrikulatu diren ikasleek, aurreko ikasturtean desgaitasuna frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu badute, ez dute berriz aurkeztu beharko.

3.–Onarpen prozesua.

1. Onarpen epe arrunteko lehen aldian onartutakoen behin-behineko zerrenda bat eta behin betiko zerrenda bat argitaratuko dira.

2. Onarpen epe arrunta lehenengo aldian dagokion matrikula epea bukatu ondoren, horretarako adierazitako egunetan onartutako batzuk matrikulatu ez direlako hutsik geratu diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei adjudikatuko zaizkie, lehentasun-hurrenkera zorrotzean.

Matrikula baten bidez betetzen ez diren ikaspostuak onarpenaren epe arruntaren bigarren aldian eskainiko dira.

4.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak izena emateko formulario bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala beterik, heziketa ziklo bakar bateko moduluetarako (2021-2022 ikasturtean online egin duen zikloa izan behar du); eskaera hori egokituko zaie Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko izena emateko fitxan inskribatzeko agertzen diren ereduei. Honako helbide honetan daude ereduak:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

2. Eskaerak aurkezteko epea: lehen aldiaren epea maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren (Nafarroako Foru Komunitatean 2022-2023 ikasturterako urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren eskaintza eta egutegia ezartzen duena) 2. eranskinean adierazitakoa izanen da.

3. Jarraibideak:

–Epe arrunt bakarraren lehen aldiko onarpen prozesuan 2021-2022 ikasturtean Nafarroan online modalitatean zikloren bat egin duten pertsonek parte hartuko dute soilik, eta 2021-2022 ikasturtean egin duten zikloan izena emateko eskaera aurkeztu ahal izanen dute bakarrik, eta hura egin duten zentroan.

Beste ziklo eta/edo zentro baterako eskabide bat aurkezten bada, edo eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

–Zer ikastetxetan eskaintzen diren aukeratutako heziketa zikloa eta moduluak, haren bulego administratiboetara bideratuko da edo han aurkeztuko da inskribatzeko eskaera, izena emateko lehen aldiko izena emateko epeko egunetan.

Ikastetxeek eskabidearen fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

–Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) Educa-Ataria bidezko erregistro telematikoa, aukeratutako zikloa eta moduluak eskaintzen dituen ikastetxeari zuzendua, eta, horretarako, erabiliko da Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean izena emateko” fitxaren esteka, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

Eskaerak telematikoki aurkezteko epea lehen aldian izena emateko ezarritako azken eguneko 23:59an bukatuko da. Egun hori adierazita dago Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenean (Nafarroako Foru Komunitatean 2022-2023 ikasturterako urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren eskaintza eta egutegia ezartzen duena).

b) Aurrez aurre, aukeratutako zikloa eta moduluak ematen dituen ikastetxean.

Aurrez aurre izena emateko epea lehen aldian izena emateko ezarritako azken egunaren 14:00etan bukatuko da. Arestian aipatutako Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean adierazita dago egun hori.

–2022-2023 ikasturtean onartua izateko prozesuan, salbuespenez, inskripzio orriak jasotzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskatzen ahalko diete irakasle batzuei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lan batzuk 2022-2023 ikasturteari dagokion inskripziorako eta onartze prozesurako.

–Arestian aipatutako tramite fitxan onarpen prozesurako jarraibideak dituzten agiriak izanen dira. Gainditutako moduluak baliozkotzeko edo aitortzeko eskaerei buruzko informazioa ere egonen da, ikaspostua lortu eta zikloan matrikulatu diren ikasleentzat.

–Gehienez ere 6 modulu eskatzen ahal dira inskribatzeko inprimakian. Inskripzioa ez eskatzeko gomendatzen da honako egoera honetan dauden moduluetan: horien baliozkotzea Estatuko oinarrizko araudian ezarrita egonda, Nafarroako araudiaren arabera baliozkotu edo aitortzen ahal direnak.

5.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen lehen onarpen aldian erantsi beharreko dokumentazioa:

a) Nahitaezkoak:

–Izena emateko eskabide bakar bat, gehienez ere sei modulu hautatuz.

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

b) Aukeran:

–Ikaspostua eskatzen bada ikaspostuak gordetzeko ezarritako bi bideetako bat erabiliz, behar diren frogagiriak aurkeztu beharko dira, eranskin honen 6. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz.

6.–Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko, Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 89/2022 Ebazpenean ezarritako dokumentazioa aurkeztu behar da, izena emateko ezarritako epean. Ebazpen horren bidez 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak arautu ziren.

2. Goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzea nahi dutenek aurreko apartatuan aipatutako apirilaren 27ko 89/2022 Ebazpenean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

3. Gordetako ikaspostu horiek eskatzen dituztenek lehen aldian izena emateko eskaera aurkezteko epearen azken eguneko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte egiaztagiri horiek, inskribatzeko gainerako agiriekin batera, inskripzio-eskabidea aurkezten duten ikastetxean.

7.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Agiri bidez egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

8.–Zozketa.

2022-2023 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2022ko martxoaren 4an egin zen.

9.–Onarpena.

Ikaslea modulu batean onartutzat joko da lehenengo onarpen aldian hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, eta ikaspostua duenean lehen 40 ikaspostuetako batean, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostua esleitzen dionean, bat etorriz uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

10.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

1. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren pertsonen zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Dagokion zikloko moduluetarako, zerrenda horiek jendaurrean jarriko dira maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren (Nafarroako Foru Komunitatean 2022-2023 ikasturterako urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren eskaintza eta egutegia ezartzen duena) 1. eranskinean aipatutako zentroetan eta Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean izena emateko” tramite fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

2. Lehenengo onarpen aldirako behin-behineko zerrenden argitalpen datak arestian aipatutako maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean ezarritakoak izanen dira.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den inskripzio orria, hango zuzendaritzari igorri beharko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, zuzendu daitezen dokumentazioa aurkeztean edo erregistratzean egindako akats edo hutsak, maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean lehenengo onarpen aldirako zehaztutako egunetan.

4. Lehenengo onarpen aldirako behin betiko zerrenden argitalpen datak arestian aipatutako maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean ezarritakoak izanen dira.

5. Lehenengo onarpen aldiari dagozkion egunetan matrikula egin behar izanen dute ikaspostua lortu duten pertsonek, arestian aipatutako maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. Eranskinean aipatuak. Ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan egiten ez bada matrikula, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

6. Matrikula egiteko, jarraibide honetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da: “Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”.

11.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, Gizarte Segurantzako zenbakia, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Zer ikasketatan egiten den matrikula, horri buruzko datuak: maila (erdi maila, goi maila), heziketa zikloa, lanbide moduluak, hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

2. Honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

–NANaren, AIZaren, atzerritarren nortasun txartelaren edo ikasle txartelaren fotokopia edo haien parekoarena.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko da, hurrengo apartatuan ezarritako bateraezintasun-egoeraren batean ez egoteari buruzkoa, ebazpen honen 5. eranskinaren eredua erabiliz.

Izena emateko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira aipatu dokumentazioan agertzen direnekin.

Atzerritarrek eskubidea dute Espainiakoen baldintza beretan egiteko irakaskuntza hauek, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

–Behar bezala justifikatutako kasuetan, eskatzaileei Osasun Txartelaren fotokopia eskatzen ahalko zaie.

–Egindako osasun azterketen txostena, ikasleak desgaitasun bat, gaixotasun bat edo beste osasun arazoren bat baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekoa.

–Ikaspostua lortu den ikastetxean eskatzen zaion beste edozein dokumentazio.

3. Matrikulazioa egiteko eskatuko den dokumentazioa ikusgai jarriko da ikastetxearen iragarki-taulan eta webgunean.

4. Matrikula eginda, 2023ko maiatzean egitekoa den amaierako ebaluazioko deialdi arrunt baterako eskubidea izanen da.

12.–Onarpen prozesutik baztertzea eta matrikula bertan behera uztea.

1. Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

2. Onarpen eta orientazio batzordeak, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7.3 artikuluan xedatzen den moduan, eraginik gabe uzten ahalko du moduluko matrikula baldin eta ikasleak ikasturteko lehen hamabostaldian kurtsoa hasten ez badu, urrutiko LHren online modalitateko eskolak hasteko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, matrikularekin loturik dagoen deialdia ez da erabilitzat hartuko.

3. Ikasleak eskatuz gero, ikastetxeko zuzendaritzak baliorik gabe uzten ahalko du modulu bateko matrikula, baldin eta ikasturtea hasten denetik hilabete bat igaro baino lehen eskatzen bada, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horretan, matrikularekin loturik dagoen deialdia ez da erabilitzat hartuko.

13.–Matrikulazio epeak bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Onarpen epe arruntaren lehen aldiko matrikula bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak adjudikatzen diren arte, edo itxaron zerrenda agortzen den arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

14.–Jaiegunak.

Ebazpen honetan adierazitako egunak aginduzkoak dira. Egun bereziren bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen dio ikastetxeak.

15.–Matrikulen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

1. 2022-2023 ikasturtean Nafarroan urrutiko LHko heziketa ziklo batean online modalitatean matrikulatuta dauden ikasleak Nafarroan Batxilergoko ikasketetan ere matrikulatuta egoten ahal dira aldi berean, baldin eta, sarrera baldintzak betetzeaz gainera, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko irakaskuntzen araubidean.

2. 2022-2023 ikasturtean modalitate honetako matrikula egitea bateraezina da beste egoera hauekin:

a) 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan. Salbuespena da aurreko paragrafoan aipatutako kasua.

b) 2022-2023 ikasturtean matrikulatuta egotearekin, edozein eskaintza modalitatetan eta edozein autonomia-erkidegotan.

c) 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko probetan matrikulatzearekin, ikaslea matrikulatuta dagoen moduluetan.

d) 2022an eta 2023an lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura batean parte hartzearekin, ikaslea matrikulatuta dagoen moduluetako prestakuntzarekin lotutako gaitasun unitateetan. Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean izena emateko tramite fitxan daude egoera hauen bateragarritasunari buruzko orientabideak: Lanbide Heziketa online egiteko moduluetan matrikulatzea eta lanbide gaitasunak ebaluatu eta frogatzeko prozeduretan parte hartzea. Helbide honetan dago fitxa hori:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

e) Matrikulatuta dagoen moduluetako gaitasun-unitateei lotutako enplegurako prestakuntza ikastaroak egitearekin.

Nafarroan Lanbide Heziketako irakaskuntzetan urrutiko modalitatean (online) eta, aldi berean, lehen aipatutako kasuetan matrikulatu edo parte hartuz gero, ofizioz deuseztatuko da dagokion moduluaren matrikula.

16.–Moduluak baliozkotzeko eta gainditutako moduluak aitortzeko prozedura.

1. Hori ezarrita dago martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 27. artikuluan. Foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena.

2. Moduluren bat ikasteko onartzen diren pertsonek, matrikula egin ondoren, honako hauek eskatzen ahalko dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari:

a) Moduluak baliozkotzeko, aplikatzekoa den oinarrizko araudian aipatutako kasuen arabera.

b) Gainditutako moduluak aitortzeko, araudi indardunean ezarritakoaren arabera.

3. Gainditutako moduluak baliozkotzeko eta aitortzeko eskaerak lehenengo egunetik aurrera aurkeztu beharko dira lehen aldiko matrikula formalizatzeko, maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren (Nafarroan urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren eskaintza eta egutegia ezartzen duena) 2. eranskineko egutegiaren arabera, eta horretarako azken eguna urriko azken egun balioduna izanen da.

4. Moduluak baliozkotzearen aldeko ebazpenak eragina izanen du ikasleak modulu horien matrikulazioa egiten duenean. Erregistratuta geldituko da ikaslearen ikasketa-espedientean, ebaluazio aktetan eta ikasketen ziurtagirian.

Moduluak baliozkotzearen aldeko ebazpena jaso baina horietarako matrikula egiten ez duten ikasleen kasuan, baliozkotzearen aldeko ebazpenak ez du inongo ondoriorik sortuko ikaslearen ikasketa-espedientean.

5. Gainditutako moduluak aitortzearen aldeko ebazpenak eragina izateko, ez da beharrezkoa izanen modulu horiei dagokien matrikula egitea. Gainditutako moduluen kalifikazioa ikaslearen ikasketa-espedientean jasoko da.

17.–Lantokiko Prestakuntzan (LP) inskribatzea eta matrikulatzea.

1. Lantokiko Prestakuntza (LP) moduluan inskribatu eta matrikulatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, modulu horretan inskribatu eta matrikulatzeko aukera ematen duten gainerako modulu guztiak Nafarroan urrutiko online modalitatean gainditu dituzten ikasleak. Salbuespena da goi mailako zikloen Proiektua modulua.

Era berean, 2022-2023 ikasturtean matrikulatu ondoren, Lantokiko Prestakuntza (LP) moduluan inskribatzeko eta matrikulatzeko aukera ematen duten gainerako modulu guztiak gainditzeko moduan dauden ikasleek LP eta Proiektua moduluan matrikulatzeko eskaera baldintzatua egiten ahalko dute goi mailako zikloen kasuan, betiere bi baldintza hauek batera betetzen badira:

a) Ikasleak betetzea LP modulua egitetik salbuesteko baldintzak.

b) LP modulua eta, hala badagokio, Proiektua aurreikusita egotea dagokion ikasturteko heziketa zikloaren eskaintzan urrutiko online modalitaterako.

LP modulua egitetik salbuestearen alde ebazten bada, ikasleak Proiektua moduluan matrikulatzen ahalko dira, goi mailako heziketa zikloen kasuan.

Kasu horretan, LP modulua eta Proiektua modulua ez dira kontuan hartuko ikasten ahal den gehieneko modulu kopururako (sei modulu).

Salbuespen egoera hori ikaslearen alde erabat ebazten ez bada edo zikloaren modulu guztiak gainditzen ez baditu, Lantokiko Prestakuntza eta/edo Proiektua moduluan egindako matrikula baliorik gabe geldituko da, baina deialdia ez da galduko.

18.–Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea.

1. Urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean matrikulatuta dauden ikasleek ikastetxeko zuzendaritzari eskatzen ahal diote Lantokiko Prestakuntza modulua osorik edo zati batean egitetik salbuesteko, baldin eta frogatzen badute 2022-2023 ikasturtean zikloaren modulu guztiak gainditzeko moduan daudela (Lantokiko Prestakuntza modulua eta/edo Proiektua izan ezik) eta zikloarekin lotutako lan esperientzia badutela, gutxienez lanaldi osoko urtebeteko lanarekin parekatzen ahal dena. Kasu horretan, zuzendaritzak erabakiko du ea lan esperientzia horrekin frogatzen den eskatzaileak bereganatu dituela moduluari lotutako ikaskuntzaren emaitzak.

2. Ikasle horiek Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteko eskaera (ebazpen honen 3. eranskineko eredua) aurkezten ahalko dute matrikulatuta dauden ikastetxeko idazkaritzan, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, ikastetxeko zuzendaritzari zuzendua.

Salbuespen eskaera maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren (Nafarroan urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren eskaintza eta egutegia ezartzen duena) 2. eranskinean ezarritako datetan aurkeztu beharko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak ebazpen honen 4. eranskinean ageri den eredua erabiliko du ikasleari jakinarazteko bere salbuespen eskaeraren gainean hartutako ebazpena.

3. eta 4. eranskinetako ereduak matrikulatutako ikasleen eta interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean izena emateko tramite fitxan.

19.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

20.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

21.–Komunikazio bideak.

–Urrutiko LH online modalitatean ematen duten ikastetxeak.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoak: 848 423 232-848 428 981. Posta elektronikoko helbidea:

dpto-fponlinelh@educacion.navarra.es

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arloa: Gurasoei eta ikasleei informazioa eta aholkuak ematea. Telefonoa: 848 426 617; Tramitazioari eta ikastetxeetan onartzeari buruzko kontuak. Telefonoa: 848 426 977.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

3. ERANSKINA.

Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteko eskaera.

4. ERANSKINA.

Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteko eskaeraren ebazpena.

5. ERANSKINA.

Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroako Lanbide Heziketako online modalitatean matrikulatzearekin bateraezintasun-egoerarik ez izateari buruzkoa.

Deskargatu 3., 4., eta 5. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2207973