131. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PETILLA ARAGOI

Ordenantza, udal hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Petilla Aragoiko Udalak, 2022ko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, hasiera batez onestea Udal hilerria arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, aldez aurretik iragarkia argitaratuta 2022ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 19an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Petilla Aragoin, 2022ko ekainaren 3an.–Alkatea, Florentino Aguas Arilla.

ORDENANTZA, PETILLA ARAGOIKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Petilla Aragoiko Udalak ez du hilerriaren espazioa orokorki arautzen duen ordenantzarik. Orain arte kudeatu da udalbatza bakoitzak komenigarritzat jo dituen irizpideen arabera, planteatzen zen kasu zehatz bakoitza kontuan hartuz.

Beraz, beharrezkoa da gaia arautzea, Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuak zehazten duen arau esparruaren barruan, honako hauek argitzeko: ehorzketa eskubideen egoera juridikoa, eskubide horien eskualdaketak, haien denbora-muga, gorpu-hondakinak ehorzteko nahiz desobiratzeko eragiketak, hilobien eraikuntza eta zainketa, eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua.

Petilla Aragoiko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik dituzten legezko eskumenak; hori dena, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dionean.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua.

Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta, bere eginbehar hori ahalik eta hobekiena betetzeko, behar diren proposamenak eginen dizkio Udalari (adibidez, lanak kanpoko enpresa batekin azpikontratatzea).

Hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta iraungipena Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

4. artikulua.

Hilerriko hilobi hutsen kopurua egokituko da udalerriko biztanleria zentsuaren arabera, edo hilobi-kopuru horretarako lur aski egonen da bederen.

5. artikulua.

Petilla Aragoiko hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, legezko tramiteak bete badira.

6. artikulua.

Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kargura izanen dira.

Heriotza bat gertatzen denean, ahaideek edo ehorzketan interesa dutenek hau eginen dute:

–Udalari aditzera eman, hobia edo nitxoa presta dadin

–Bake Epaitegiko Idazkaritzan heriotzaren ziurtagiri medikoa aurkeztu, Erregistro Zibilean inskribatzeko eta ehorzketarako lizentzia egiteko.

7. artikulua.

Titularren betebeharra da hilobiak higiene eta apaindura baldintza egokietan kontserbatzea. Alkatetzak hilobia egokitzeko eskatu ahal izanen du, eta, hala egiten ez bada, haren ordez egin ahal izanen du, emakidadunen kargura.

8. artikulua.

Petilla Aragoiko hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute baldintza hauetariko bat betetzen dutenek:

a) Heriotza gertatzen den unean Petilla Aragoin erroldaturik dauden bizilagunak.

b) Petilla Aragoiko seme-alabak: ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Petilla Aragoiko seme-alabak dira frogatzen dutenak jaiotzaren inskripzioa Petilla Aragoiko Erregistro Zibilean egina dutela, edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Petilla Aragoin izan zutela.

c) Aurreko bi baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Petilla Aragoiko hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiak.

9. artikulua.

Ehorzketa-kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, doan edo kostu bidez, eta hura Udalak emanen du.

Ez da inoiz eta inola ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.

10. artikulua.

Hilerrian ematen diren kontzesio guztiak (lurrean edo kolunbarioan ehorzteko) ehorzketetarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesio hartzaileen eskubide guztiak. Ondorioz, bai lurzatia bai jartzen diren hilobi-elementuak araudi honetan ezarritakoaren mende egonen dira.

11. artikulua.

Lur edo hilobien kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak jartzeak ez dakar berekin haien gaineko xedapen egintzarik.

12. artikulua.

Ordenantza hau onetsi baino lehen emandako kontzesioei araudi hau aplikatuko zaie.

13. artikulua.

Interesdunek aurretik eskatuta, Udalak eskaeren ordenari jarraikiz emanen du ehorzketarako kontzesioa. Lurreko hilobiak eta kolunbarioak ehorzketarako erabiltzeko kontzesioa 10 urtera iraungiko da, ehorzketaren egunetik hasita, eta 10 urteko luzapenak eman ahal izanen dira.

Kolunbarioei dagokienez, elkarren hurreneko ordena ezarriko da. Erabilgarri daudenak agortzen direnean, berriz ere lehenbizikotik hasiko da, baldin eta ehorzketatik 10 urte baino gehiago iragan bada.

Lurpeko hobiei dagokienez, Petilla Aragoiko Udalak ehorzteko ordena ezarriko du, honako salbuespen hauek ezarririk:

–Familiakoek hala eskatzen baldin badute, Udalak lurpeko hobian ehorzteko ordena aldatu ahal izanen du, eta familiakoen hilobian ehorztea baimendu.

–Kontuan hartuz hilobi batzuen eta besteen erabilera-datak desberdinak direla, Udalak ehorzteko ordena aldatzea onets dezake, antzinatasun txikieneko hilobiak alde batera utziz eta lehentasuna emanez 40 urte edo gehiagoko erabilera dutenak okupatzeari, baldin eta familiak hala eskatu badu espresuki.

Hobien kokapena, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kargura izanen dira.

14. artikulua.

Kontzesioak eta aprobetxamenduak honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

d) Kolunbarioak gehienez ere 50 urtez okupatuko dira; Udalak epe hori laburtu ahal izanen du komenigarri zaion heinean, aipatu epea iragan baino lehen kolunbario guztiak okupaturik badaude.

15. artikulua.

Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietako elementuak paratzeko erabiliko da, ez bestetarako, honako honen arabera:

a) Lurpeko hilobiak: hilarriak eta gurutzeak lurzorua egonkortuta dagoenean jarriko dira. Debekatuta dago hilerriko paretetan gurutze eta hilarriak paratzea.

b) Kolunbarioak: kolunbarioa da hilotz erraustuen errautsak dauzkaten errauts-kutxatilak paratzeko tokia, eta errauts kutxatiletan edo kutxetan paratu beharko dira. Kolunbarioaren estalkiaren gainean identifikazio-plaka bat jarri ahal izanen da, eta bertan argazki bat paratu. Lore-apaingarri bat jar daiteke loreontzi batean.

Kolunbarioak udal hilerrian daude, eta bertan jaso ahal izanen dira errausketen ondoriozko errautsak edo hobitik ateratako gorpu-hondakinak. Aparteko kasuetan, behar bezala justifikatuta, Udalak beste kasu batzuk ebatzi ahal izanen ditu, eta uzten diren errauts kutxatilen edo kutxen unitateak kolunbarioaren edukieraren araberakoak izanen dira.

Kolunbarioa erabili nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Udalaren Erregistro Orokorrean, honako agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen NANaren edo IFZren fotokopia.

–Errausketa erraustegi batean egin izanaren ziurtagiria.

–Heriotza Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria.

Ebazpena jakinarazi ondoren, baiezkoa bada, errautsak gehienez 30 eguneko epean utzi behar dira, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita. Horrela egin ezean, Udalak besterik gabe ulertuko du kontzesioari uko egiten zaiola. Kontzesioaren aldeko ebazpenak datu hauek izanen ditu, gutxienez: kontzesiodunaren izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea.

Errautsak modu ordenatuan gordeko dira kolunbarioetan, goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Lerro bat ez bada osorik bete, ezin izanen dira erabili hurrengo lerroko kolunbarioak. Ordena bat jartzearren, aintzat hartuko da erabileraren kontzesioaren data.

Udalak kolunbarioen erregistroa kudeatuko du. Gutxienez honako hauek jasoko dira horretan: eskatzailearen izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea, eta bertan utzitako erraustuen izen-abizenak.

Petilla Aragoiko Udalak ez du erantzukizunik izanen hirugarrenek kolunbarioetan lapurretak edo kalteak egiten badituzte. Ez du erantzukizunik izanen arrazoi naturalek sortutako kalteen kasuetan ere.

16. artikulua.

Ehorzketa eskubideen kontzesio guztiak dagokion erregistroan inskribatuko dira, Petilla Aragoiko udal bulegoetan.

Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistroan, hurrengo zehaztasunekin:

–Herentziaz edo beste titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistroan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea baldin adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea erabiltzea baimenduko duen, besteak horren kontra ez badaude.

–Bi ezkontideak titularrak izanen dira, lurzati edo panteoi baten lehenengo adjudikazioan hala eskatzen badute.

–Titularra pertsona juridikoa bada, ehorzketa eskubidea erabiliko du estatutuen arabera eskumen hori dagokion kargua betetzen duen pertsona fisikoak edo, bestela, lehendakariak edo maila handieneko zuzendari- edo instituzio-kargudunak.

–Ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan ehorzketa zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo bestelako entitate juridikoak baldin eta, haien jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denerako lurperatzeko eskubidea ematen badute.

Aurreko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera, barnean hilotzak eta gorpu-hondakinak ehorzteko eta gordetzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

Berariaz debeku da ehorzketa eskubideen salmenta. Eskubide horien eskualdaketak eginen dira ordenantza honetan aurreikusten denari jarraikiz, eta betiere galaraziko da horien kontura inork etekinik ateratzea edo espekulatzea.

17. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan beharko da hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren eskabidea, edo titularkideena, guztien artean adostuta betiere.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, alor honetako legeriak ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2208658