131. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

129/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 27koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren III. Sarirako deialdia egiten duena.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak departamentu horri esleitzen dio, besteak beste, gizarte berrikuntzaren arloko praktikak, esperientziak eta proiektuak bultzatzea eta zabaltzea.

Eskumen hori gauzatzeko asmoz, departamentuak, “Tomás y Lydia Recari García” Fundazioarekin elkarlanean, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren III. Sariaren deialdia egin du, urtero deitzen dena.

Gizarte zerbitzuetako gizarte berrikuntzatzat hartzen dira gizarte beharrak asetzeko modu berriak, aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, justuagoak edota eraldatzaileagoak direnak.

Sariaren III. deialdi honen bidez, publikoki aitortu nahi da erakunde batzuek gizarte zerbitzuetako gizarte berrikuntzaren arloan egiten duten lana, hain zuzen, gure gizartearen erronka garrantzitsuak ebazteko beharrezkoak diren aldaketak eragiteko produktuak, zerbitzuak eta ereduak dituzten erakundeen lana, betiere produktu, zerbitzu eta eredu horiek, berez berritzaileak izateaz gainera, gizarteak berriztatzeko eta eraldatzeko duen ahalmena indartzeko erabilgarriak diren heinean.

Epaimahaiak planteatzen den gizarte erronkaren garrantzia baloratuko du, eta, horrekin batera, proiektuko helburuen munta eta egokitasuna eta parte-hartze zein ahalduntze prozesuen zabaltasuna eta sakontasuna. Kontuan izanen du, halaber, garatutako konponbidearen berritasun maila; hau da, ea zer alde dagoen haren eta ohikoagoak diren konponbideen artean eta ea zer hobekuntza ekartzen duen efizienteagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa edo eraldatzaileagoa izateagatik.

Alde horretatik, epaimahaiak baloratuko ditu bai lortutako emaitzak, bai eta proiektuak, denborak aurrera egin ahala, gero eta eragin handiagoa izateko duen gaitasuna ere, hori guztia proiektuaren jasangarritasun soziala eta finantzazioa kontuan izanik.

Sariaren helburua da proiektuaren emaitzak eta irabazitako balio soziala zabaltzea eta jakitera ematea.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren III. Sarirako deialdia egitea, eranskin gisa gehitzen diren oinarri arautzaileen arabera.

2. 6.000 euroko gastua baimentzea 2022ko gastuen aurrekontuko “Gizarte berrikuntzako proiektuak eta Europako proiektuak” izeneko 910001 92100 2276 231004 partidaren kontura, sari hau antolatu eta ematearen ondoriozko gastuak finantzatzeko.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Administrazio Aferetarako Bulegora, haren Kontabilitate Zentrora eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren III. Sariaren helburua da Nafarroan gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeak saritzea, hain zuzen, gizartearen erronka bat edo batzuei ekin dietenak berrikuntza eta eraldaketa sozialerako parte-hartze prozesuetan garatu diren zerbitzu, produktu edo eredu berrien bidez.

Deialdi honen ondorioetarako, “gizarte berrikuntza” da ideia berriak sortzea eta ezartzea (produktuak, zerbitzuak eta ereduak) gizartearen erronkei aurre egiteko. Ideia horiek aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, justuagoak edo eraldatzaileagoak izan beharko dira, eta haien garapenean pertsonak inplikatuko dira, era horretan harreman berriak sortzen eta herritarrak ahalduntzen lagunduko baita. Eta ideia sozialak dira, hala helburuei nola bitartekoei dagokienez.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen esparruan lan egiten duten erakunde publiko eta pribatuek parte hartzen ahalko dute, irabazi-asmoa izan edo ez.

Hirugarrena.–Sariak.

6.000 euroko saria emanen zaio, eskudirutan, irabazten duen erakundeari, eta 1.000 euroko beste bi sari banatuko dira finalista geratzen diren bi erakundeentzat, bakoitzarentzat bat.

Laugarrena.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta baldintzak.

1. Eskabideak aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eredua erabiliko da.

2. Hautagaitzak aurkezteko epea bi hilabeteko epean bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3. Hautagaitzak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira edo, bestela, Eskubide Sozialetako Departamentuaren erregistroan (González Tablas kalea 7, Iruña), honako honetara zuzenduta: Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atala (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.

3. Behin hautagaitzak jasota eta horiek onartzeko epea itxita, antolatzaileek lehen hautaketa bat egiten ahalko dute, eta memoriak epaimahaiari igorriko dizkiote, hark erabaki dezan saria nori eman.

Bosgarrena.–Hautagaitzak eta eskatutako dokumentazioa.

1. Hautagaitza bat aurkezteari begira, saria jaso dezakeen “proiektutzat” hartuko da erakundearen jarduera bat, zeinari esleitu baitzaizkio epe bat, aurrekontu bat eta profesional talde bat denbora tarte jakin baterako. Gainera, jarduera hori aurreko bi urtean hasia beharko da, deialdi honen egunetik kontatuta. Ez da hartuko “gizarte berrikuntzako proiektutzat” erakundearen ohiko jarduera, ezta erakundeak normalean garatzen dituen programak edota duela zenbait urtetik hona behin eta berriz garatzen dituenak ere.

2. Hautagaitza aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eskabide eredu normalizatua beteko da, behar bezala eta oso-osorik.

3. Hautagaitza horrekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Gizarte berrikuntzako proiektuari buruzko deskripzio memoria, nafarroa.eus egoitza elektronikoan dagoen eredu normalizatuari jarraikiz idatzia.

b) Aurkezten den gizarte berrikuntza erreproduzitu eta hedatzeko baimena, ziurtatua.

4. Ez dira onartuko sari honen lehen edo bigarren edizioan (2020. eta 2021. urtean egin zirenak) aurkeztu ziren hautagaitzak.

Seigarrena.–Epaimahaia.

1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Eskubide Sozialetako kontseilaria.

–“Tomás y Lydia Recari García” Fundazioko lehendakariordea.

–Hala gizartean nola berrikuntzaren eta gizarte zerbitzuen arloan izen ona duten hiru pertsona. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia eta “Tomás y Lydia Recari García” Fundazioa ados daudela izendatuko dira mahaikide horiek, eta horietariko bat epaimahaiburua izanen da.

–Epaimahaiko idazkari gisa, hitza duela baina botorik ez, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Ataleko burua arituko da (atal hori Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago, Eskubide Sozialetako Departamentuan).

Epaimahaiaren osaera jendaurrean jarriko da epaimahaiak hartutako erabakiarekin batera.

2. Epaimahaiaren funtzionamendua bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean jasotako arauekin. Foru araudian xedatzen ez den orotan, berriz, aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

3. Epaimahaiak hautagaitzak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei, eta hautagai diren erakundeak “in situ” bisitatzen ahalko ditu.

4. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoei deitzen ahalko die.

Zazpigarrena.–Balorazio irizpideak.

1. Saria emateko proposamena egiteko eztabaidetan, epaimahaiak irizpide hauek aplikatuko ditu:

–Proiektuak dakarren berrikuntza.

–Gizartean duen eragina.

–Aldaketa sistemikoa, sustatzen duen egitura-aldaketa.

–Proiektua garatzeko izandako parte-hartzea.

–Proiektuaren sendotasuna eta koherentzia teknikoa.

Bost irizpide horiek zeri buruzkoak diren hobeki azaltzeko, horietako bakoitza osatzen duten aldagaiak I. eranskinean zehaztu dira.

2. Epaimahaiak hiru sari ematea proposatuko du:

–Lehen saria hautagaitza irabazlearentzat, hau da, hobekien baloratu denarentzat.

–Finalista gisako bi sari, balorazioan bigarren eta hirugarren postuetan gelditzen direnentzat. Sariak ez du bereizketarik eginen bi finalista horien artean.

Epaimahaiak saria eman gabe uzten ahalko du, haren iritziz ez badago merezimendu aski frogatu duen hautagaitzarik.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

1. Epaimahaiaren erabakia hartzen den egun berean emanen da aditzera.

2. Eskubide Sozialetako kontseilariak emanen du saria, foru agindu baten bidez. Interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Bederatzigarrena.–Saria ematea.

Jendaurreko ekitaldi bakar batean entregatuko eta hedatuko da saria, Eskubide Sozialetako Departamentuak deialdia eginik 2022ko azken hiruhilekoan, eta gonbita eginen zaie epaimahaikideei eta hautagaitza aurkeztu duten erakunde guztiei.

Hamargarrena.–Betebeharrak onartzea.

Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren III. Sarian parte hartzeak hura arautzen duten oinarri guztiak erabat onartzea dakar, baita Eskubide Sozialetako Departamentuak gizarte berrikuntzaren saria banatzeko eta hedatzeko antolatuko dituen jardunaldietan parte hartzea ere.

Hamaikagarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

Sariketaren prozesuan parte hartzen dutenek konfidentzialtasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.

Eskubide Sozialetako Departamentuak deialdien oinarrien gaineko informazioa emanen du, hala telefonoz nola posta elektronikoz, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalaren bitartez (atal hori Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago).

Eskubide Sozialetako Departamentuak ahaleginak eginen ditu saria eta sariduna komunikabide arrunt eta espezializatuetan ezagutarazteko.

Hamabigarrena.–Gorabeherak eta ezustekoak.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiari dagokio gerta litezkeen gorabeheren gainean eta oinarriotan ezarrita ez dauden kasuen gainean ebaztea.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Sariaren gainean ebazten duen foru aginduaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 27an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2208023