13. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIDAURRETA

Udal baratzeak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Bidaurretako Udalak, 2021eko urriaren 7an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal baratzeak arautzen dituen ordenantza. 2021eko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 2an.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik egin; hortaz, behin betiko onetsi da Udal baratzeak arautzen dituen ordenantza.

Bidaurretan, 2021eko abenduaren 21ean.–Alkatea, Enara Rabina del Río.

UDAL BARATZEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Bidaurretako Udalak zenbait lurzati jarri nahi ditu udalerriko bizilagunen eskura, auzo baratze modura erabil ditzaten.

Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak landatu beharko dira, eta etxeko erabilerarako lagako dira.

Ordenantza honen xedea da Udalaren zenbait lurzoru erabiltzea eta horiei balioa ematea. Orobat, ordenantza honen bidez herritarren eskakizun bat ase nahi da eta aprobetxamenduko honako helburu hauek bete:

–Aisialdia modu praktiko eta aberasgarrian erabiltzea.

–Nekazaritza ekologikoa bultzatzea udalerrian.

–Nekazaritza tradizionalaren zenbait usadio eta ohitura berreskuratzea.

–Elikadura osasuntsua bultzatzea, produktu osasungarrietan oinarritua.

–Ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzea.

–Nekazaritzan erabiltzen diren produktu kimikoen ondoriozko kutsadura murrizten laguntzea.

–Giza-harremanak, lankidetza eta laguntza bultzatzea.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea, nahitaez bete behar dituztenak erabiltzaileek nahiz Udalak.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Bidaurretako Udalaren jabetzakoak diren eta baratze modura erabiliko diren lursail orotan aplikatuko da ordenantza hau.

3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.

1. Bidaurretako Udalak eginen ditu ordenantza honek ukitutako udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.

2. Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.

3. Udal zerbitzu teknikoa arduratuko da araudia betearazteaz, edo Udalak horretarako izendatutako edo jarritako beste edozein bitarteko. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.

4. Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.

II. KAPITULUA

Udal baratzeak esleitzeko eta erabiltzeko baimenen araudia

4. artikulua. Baratzeen erabileraren emakida.

1. Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:

1.1. Bidaurretan erroldatuta egotea.

1.2. Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Lurzatiak, gutxi-gorabehera, 200 metro koadrokoak (gehienez) izanen dira. Zenbait kasutan eta aldez aurretik aztertuta, lurzati txikiagoak eman daitezke (gutxienez ere 50 metro koadrokoak).

3. Emakidaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten emakida eduki ahal izanen du.

4. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

5. Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere.

Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.

Hori dela eta, emakidaren epea amaitzean edo emakida aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Bidaurretako Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera. 30 egun emanen dira lurzatia uzteko.

5. artikulua. Eskaeraren aurkezpena eta emakiden ebazpena.

Eskaera zerrenda bat eginen da, aurkeztu diren ordenaren arabera.

Baratzeak erabiltzeko kontzesioa horretarako osatuko den zerrendari jarraikiz eginen da, eta lehentasuna izanen dute honako hau frogatzen dutenek:

–Herrian bizitzea, egiaz eta jarraituki.

–Baldintza ekonomikoak direla-eta, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan egotea.

–Udalerrian ezaugarri horiek dituen lur baten jabe ez izatea.

Dauden baratzeak baino gehiago badira eskatzaileak, itxaron zerrendan geldituko dira.

Eskabideak aurkezteko epea iraganik, honako irizpide hauen arabera esleituko dira lehenbizikoz. Lehenengo esleipen horretatik aurrera, zerrenda beti irekita egonen da, eta aurreko apartatuan adierazitakoek lehentasuna izaten jarraituko dute.

Behin eskabideak lehen esleipenean jaso ondoren, Udal Zerbitzu Juridikoak txostena egin eta emakida-hartzaileen behin-behineko zerrenda eginen du. Zerrenda hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez argitaratuko da.

Hutsik dauden baratzeak banakakoei esleitzeko, aski izanen da txosten juridikoa, onetsitako zerrendan pertsonak badaude.

Eskabidean, azalduko da zenbat lurzati-metro nahi diren, eta Udalaren esku egonen da azkeneko erabakia.

6. artikulua. Baratzeen erabilera.

a) Eman zaion lursaila baratzetako soilik erabil dezake erabiltzaileak. Lortzen diren produktuak bakar-bakarrik etxeko kontsumorako izanen dira. Ezin da zuhaitzik landatu.

b) Ez da inola ere onartuko baratzeetan animaliarik egotea, haztea edo horiekin inolako ustiapenik egitea.

c) Debeku da arras txabolarik edo bertzelako eraikuntzarik paratzea baratzeetan. Salbuespenez, lursail bakoitzean kutxa bat paratzen ahalko da, gehienez 0,8 metroko altuera, 2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen duena. Udal zerbitzuek oniritzia eman beharko diote kutxa horri, eta, betiere, zurezko estaldura izanen du.

Horrez gain, debeku da paisaia hondatzen duen elementurik jartzea, bertzeak bertze, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak, berotegiak edo antzekoak.

d) Udalak izendatutako langileek edo ordezkariek, aldian-aldian, baratzeen erabilera ikuskatuko dute eta horretarako ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileari aitzinetik gaztigatzea.

e) Kontzesioak irauten duen bitartean, aurreko paragrafoan aipatutako ikuskapenetan baratze edo lursailen baten egoerari buruzko txostena bitan kontrakoa edo aurkakoa bada, erabilera baliogabetu eta baja emanen zaio.

f) Esleipena ez da inola ere errentamendua izanen, eta haren erabilera ezin da laga, salbu ordenantza honetan jasotako kasuetan.

7. artikulua. Mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea eta auzolanak.

a) Udalak baratzeari jarritako mugak errespetatuko dira denbora guztian.

b) Baratzeetarako lurzatiak irekirik egonen dira, eta ezin izanen dira itxi Udalaren aldez aurreko baimenik gabe. Hesi, hesola edo horrelakorik ere ezin izanen da jarri.

c) Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbideak egoki mantentzeaz eta horretarako behar diren mantentze-lanak eginen ditu aldian-aldian.

d) Baratzeetarako sarbide amankomunak eta erabilera amankomunerako prestatutako lekuak auzolanean mantenduko eta landuko dira.

e) Udalaren aldez aurreko abisuarekin eginen dira auzolanak. Kanpoko pertsonek ere parte hartzen ahalko dute, erabiltzaileak bere arrazoiak direla-eta ezin duenean.

f) Lehenbiziko esleipenean, lurzatiak neurtuko dira, banaketa egin dadin. Udalaren esleipena jaso dutenek eta Udaleko zenbait langilek parte hartuko dute banaketan.

g) Behin lurzatien banaketa eta markatzea bukaturik, lurzati bakoitzari zenbakia emanen zaio, eta gero zozketa eginen da, zoriz, arras objektiboki.

8. artikulua. Titulartasunen transferentziak.

1. Lursailen erabilera ezin zaio inolaz ere beste inori laga edo besterendu. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, bertze pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, emakida bertzerik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du. Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo interesatzen ez bazaio, Udalaren esku utzi beharko du.

2. Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.

9. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.

Lurraren aprobetxamendua eta erabilera urtebeterako emanen da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte, eta gehienez ere 5 urtez luzatu ahal izanen da.

Alderdietako inork aurretik gaztigurik egiten ez badu, luzapenak erabakitzat joko dira emakida edo haren hurrenez hurrengo luzapenak bukatu baino hilabete lehenago.

10. artikulua. Kanona.

Kontzesioaren esleipen hartzaileei Udalak eskatuko die urtean 50,00 euroko kanona ordaintzeko (berrogeita hamar euro/urtea); horiek urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

Nolanahi ere, baten batek egoera ekonomiko larria badu, eta hala berresten badute gizarte zerbitzuek, kanon txikiagoa eska dakioke, edo ordaintzetik salbuetsi. Orobat, ordaintzetik salbuetsiko dira familia unitate horiek non kide guztiak dauden lanik gabe eta inolako prestazio ekonomikorik gabe.

11. artikulua. Fidantza.

100,00 euroko (ehun euro) fidantza ezarri da, ondasunak zuzen erabiltzen direla eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla segurtatzeko.

12. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera

1. Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute Udalak ezartzen dituen arauak errespetatzeko, urari dagokionez (tantaz tantako ureztapena erabiliko da, lehentasunez) eta ematen zaien beste edozein elementu erabiltzeari dagokionez.

2. Baratze bakoitzak esleitutako lurzatian kontsumitutako ura ordainduko dio urtero Udalari. Horretarako, arduradun bat izendatuko da erabiltzaileen artean, arduratuko dena kontagailuak irakurtzeaz eta baratze bakoitzaren kontsumoak udalari entregatzeaz, eta hark esleipendun bakoitzari dagokion zatia kobratuko dio. Banakako kontsumoak aurkezten ez badira, kontsumitutako ur guztia zati berdinetan kobratuko da esleipendun guztien artean.

13. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa

1. Lurzatia baratzezaintza ekologikorako erabiliko da soilik, eta espresuki debekatuta dago hazi transgenikoak eta nekazaritza ekologikoaren arloan indarra duen legediak baimendu gabeko belar-hiltzaileak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea.

2. Udalak baratzezaintza ekologikoa sustatuko du interesdunei prestakuntza eskainiz eta egokitzat jotzen dituen bestelako neurrien bidez.

III. KAPITULUA

Erantzukizunak

14. artikulua. Kalte-galeren ordaina.

Udal baratzeetan edo horiei erantsitako instalazioetan kalte egiten duten lagun guztiek kalte-ordaina eman beharko dute, bidezko diren isunez aparte.

Udalak zehaztuko du leku edo instalazio horietan egindako kalte-galeren zenbatekoa. Balorazioak salatutakoari helaraziko zaizkio, bere balorazioa egin dezan edo bidezko alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen-espedienteari bukaera emanen dion ebazpenean azalduko da kalte-ordainei buruzko erabakia, eta adieraziko dira eragindako kalte eta galerak.

Kalte-galerak ordaintzeko erabakiak legez ezarritako epeetan bete behar dira; errekurtsoa aurkeztu arren, aurkaratutako egintza ez da geldiaraziko, salbu organo eskudunak kontrakoa agintzen badu, betiere antolamendu juridikoari jarraikiz.

Kalte-ordaina adierazitako epearen barrenean ordaintzen ez bada, Udalak premiamendu bidez ordainaraziko du.

Era berean, hirugarrenei eragindako kalte-galeren erantzukizuna izanen du.

15. artikulua. Kalteak konpontzea presako egoeretan

Segurtasunagatik edo udal organo eskudunaren ebazpenean behar bezala frogatutako bertzelako arrazoiengatik, kalte-galeren zuzentzea ezin bada atzeratu, berehala zuzendu ahal izanen dira eta horren ordaina eskatu gero kaltearen eragileari, betiere aldez aurretik aitzineko artikuluetan aipaturiko zehapen-espedientea irekiz edo jurisdikzio arruntera joz.

16. artikulua. Bestelako erantzukizunak.

Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, kalteak eragin dituzten egintzak delitu edo falta izan badaitezke, espedientea zigor arloko jurisdikziora igorriko da eta ordaina eskatzeko espediente administratiboen tramitazioa eta ebazpena etenda geldituko dira, kausa artxibatzea erabaki edo epai irmoa ematen ez den bitartean. Eginbide judizialik irekitzen bada, tokiko administrazioa alderdi gisa aurkeztu beharko da haietan, dagokion kalte-galeren ordaina jaso ahal izateko. Horretarako, aitzineko 15. artikuluan (Kalte-ordainak) aipatu den ebaluazioa aurkeztu beharko du.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Arau-hausteak.

Egitate hauek kargu hartzea eta/edo kontzesioa baliogabetzea ekarriko dute:

1. Kargu hartzeko arrazoiak:

a) Mantentze-lanik ez egitea baratzeko instalazioetan eta bere sarbideetan.

b) Baratzea ixtea.

c) Baimendu gabeko tokietan ibilgailuak aparkatzea.

d) Ur hartze mekanikoak egitea ureztatzeko.

e) Ura behar bezala ez erabiltzea.

f) Udalak baratzezaintza ekologikoko jardunbideetarako ezarritako baldintzak ez betetzea.

g) Baimendu gabeko elementuak paratzea, besteak beste, txabolak, berotegiak, txapak, bidoiak, gordailuak, parrillak etab.

2. Esleipena errebokatzeko arrazoiak:

a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.

b) Baratzeari datxezkion udal ondasunei kalte egitea edo horiek lapurtzea.

c) Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.

d) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.

e) Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.

f) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.

g) Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.

h) Landare inbaditzaileak, psikotropikoak, kanabazeoak eta antzekoak haztea.

i) Esleipenaldian bi ikuskapen-txosten negatibo izatea.

j) Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.

k) Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Udalak emakida baliogabetzea erabaki badu.

l) Berriz egitea ohartarazpena dakarren edozein gauza.

18. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

1. 18.1 artikuluan bildutako zehapenei ohartarazpena eginen eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; gutxienez ere egindako kaltearen balioa izanen du, eta gehienez ere kaltearen balioa halako hiru. Balio hori zehazterik ez badago, 100 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

2. 18.2 artikuluan bildutako arau-hausteek kontzesioa errebokatzea ekarriko dute, fidantza ere galduko da, eta, halakorik bada, eragindako kaltea zuzendu beharko da.

3. Kontzesioa errebokatu zaien familia unitateek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.

19. artikulua. Administrazio prozedura.

1. Udal organo eskudunei dagokie prozedura hastea, izapidetzea eta ebaztea ohartarazteko halako emakida bat baliogabetu daitekeela, edo hala badagokio, emakida behin betiko baliogabetuko dela, arloan indarra duen legediarekin bat.

2. Zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bestelako agiri publikoren batean formalizatzen badira bidezko lege betekizunak betez, deusetan ukatu gabe administratuek beren eskubide eta interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

V. KAPITULUA

Emakidaren amaiera

20. artikulua. Emakida suntsiarazteko arrazoiak.

Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, emakida suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:

a) Emakidaren beraren edo ondorengo luzapenen epea bukatzea.

b) Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.

c) Titularraren heriotza edo baliaezintasuna.

d) Biztanleen Udal Erroldan baja ematea.

e) Udalak lurra behar izatea udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako.

f) Halaber, ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek laga zaien lurraren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute eta Udalak erabileraren lagapena baliogabetu ahal izanen du 18. artikuluaren b) apartatuan ezarri bezala.

Kontzesioa amaitzeak izanen dituen ondorioak indarra duen legerian eta ordenantza honen 4.5 artikuluan ezarrita daude.

Xedapen iragankorra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2117911