13. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

(H)ilbeltza bekaren 2022ko deialdia, nobela beltza sustatzeko Euskal Herrian. Laburpena

(Identif.): 602595.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/602595).

Baztango Udalak, 2021eko abenduaren 23an egin Tokiko Gobernu Batzarrean, erabaki zituen Hilbeltza beka arautuko duen deialdiaren oinarriak.

Lehendabizikoa.–Dirulaguntzaren xedea.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratzen du urtero.

2022ko deialdiaren helburua da Fred Vargas idazle frantsesaren Debout les morts eleberri beltza itzultzea. Horretarako, parte-hartzaileek Vargasen aipatutako eleberriaren lagin bat itzuliko dute, zehazki 18. orrialdetik 24.era.

Bigarrena.–Kopurua.

Deialdi honi 6.000,00 euro esleituko zaizkio: 3.000,00 euro Udalaren 2021etik 2022ra luzatutako aurrekontuaren “1 3350 4890000 Euskara-Dirulaguntzak” kontu-sailaren kargura, bertze 2000,00 euro (H)ilbeltza ekimenaren kargura eta 1.000,00 euro Txalaparta argitaletxearen kargura.

Lagin irabazleari 3.000,00 euro emanen zaizkio 2022ko apirilean, eta idatzia akitzerakoan bertze 3.000,00 euro.

Hirugarrena.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean eta eskualdeko komunikabideetan iragarriko da.

Laugarrena.–Aurkezteko epea eta lekua.

Deialdira aurkeztu nahi dutenek, Fred Vargasen Debout les morts eleberriaren lagina aurkeztu beharko dute formatu digitalean (PDF edo doc. bertsioan). Itzuli beharreko pasartea 18. orrialdetik 24.era doana da eta ilbeltza.eus edo baztan.eus webgunetatik deskargatzen ahalko dute.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da. Eskaria 2022ko martxoaren 25a artio egin beharko da Baztango Udaleko erregistroan, egun hori barne.

Deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Baztango Udaleko erregistroan “(H)ILBELTZA BEKA” izena daraman gutun-azala hertsirik aurkeztu beharko du, eta horren barnean bertze 2 gutun-azal, horiek ere hertsirik:

Gutun-azala, “ITZULPENA” izenekoa:

Bortzgarren puntuko a) dokumentua.

Gutun-azala, “ITZULTZAILEA” izenekoa:

Eskaera eta bortzgarren puntuko b) eta c) dokumentuak.

“(H)ILBELTZA BEKA” dioen gutun-azal hori bertze gutun-azal batean sartu beharko da, erregistrorako behar diren datuekin, erregistrorako nahitaez izen bat eman behar baita. Erregistroa egin bezain fite, eta anonimotasuna mantentzeko, administrariak izena duen gutun-azala hautsiko du, bertze gutun-azala erregistro zenbakiarekin bakarrik heltzeko epaimahaikideei.

Posta arruntaz igortzeko aukera baliatu nahi duenak zertifikatua igorri beharko du, igorri zeneko eguneko zigiluarekin.

Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu, eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2022ko maiatzaren 6a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal dute epaimahaikideek. Erabakia publiko egin baino lehen, Baztango Udala paratuko da irabazlearekin harremanetan.

Itzultzaile saridunari hurrengo (H)ilbeltza bekaren epaimahaikide izatea proposatuko zaio. (2024).

Itzulpen irabazlearen jabetza dirulaguntza jaso duen itzultzailearena izanen da. Alabaina, lan horrek ezingo du bertze inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aitzinetik ez eta ondotik ere, argitaratu osteko sariak izan ezik.

Bortzgarrena.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskariarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Fred Vargasen Debout les morts eleberriaren lagina formatu digitalean (PDF edo doc.).

–Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

–Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bertzela, kopia konpultsatuak.

Aurkezturiko dokumentazioa osaturik ez badago, interesdunari dagokion dokumentazio osagarria hamar eguneko epean aurkeztea galdeginen zaio.

Seigarrena.–Itzulpenaren aurkezpena.

Eskatzaileak laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean aurkeztu beharko du itzulpena; epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzen ahalko du.

Itzultzaileak bere lana entregatzen ez badu, edo itzulpen horren izaera eta kalitatea, epaimahaiaren iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak badira, itzultzaileak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Dirulaguntzaren jasotzaileak, liburua argitaraturik, (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astean aurkeztuko du.

Zazpigarrena.–Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organoak.

Aurkeztutako lanak helburu horrekin osaturiko epaimahaiak baloratuko ditu. Bertan Baztango Udalaren ordezkaria (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkaria (Garazi Arrula) eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa (Koldo Biguri) egonen dira. Epaimahaia izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta irizpena helaraziko dio Tokiko Gobernu Batzarrari, ebazteko eskumena duen organoa baita.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi.

Epaia apelaezina izanen da.

Zortzigarrena.–Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako itzulpenean kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira. Horrekin batean sorburu-hizkuntzatik zuzenean itzultzea baloratuko da.

Bederatzigarrena.–Esleipenaren ezeztapena, betebeharrak ez betetzeagatik.

Baldin eta esleipendunak ez baditu oinarri hauek eta ezarritako epeak –itzulpena aurkeztekoak edo epaimahaiari lanaren egoeraren berri ematekoak– errespetatzen, edo eskatutako agiriak ez baditu aurkezten, edo lanak ez baditu proiektuan ezarritako ezaugarriak betetzen, edo proposatutako idazlana baino aise ere kalitate gutxiagokoa bada, epaimahaiak udalaren organo eskudunari eskatzen ahalko dio laguntzaren esleipena ezeztatzeko, eta esleipendunak jasotako dirua itzuli beharko dio Baztango Udalari.

Hamargarrena.–Idazlanaren argitalpena.

Itzulpena argitaratzen bada udalari 10 ale dohainik emanen zaizkio.

Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du itzulpena; horretarako, lana eskuratzeko dagozkion egile-eskubideak negoziatuko, ordainduko eta kudeatuko ditu. Epaimahaikoek lan osoari onespena ematen dutenetik bortz hilabeteko epean karrikaratu beharko da liburua, eta, bertan, bekaren aipamena eginen da nahitaez.

Hamaikagarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdian parte hartzen dutenek oinarri hauek onartzen dituzte, eta men eginen diete Baztango Udalak hartzen ahal dituen erabakiei. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea baztertzea ekarriko du berekin.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak xedatutakoak aginduko du.

Hamabigarrena.–Datuen babesa.

Eskatzaileen datuen tratamendua abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren araberakoa izango da.

Hamahirugarrena.–Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpena eta errekurtsoak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta, horrenbertzez, udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gorabeherak oro ebazteko. Emanen diren administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

ERANSKINA

Parte hartzeko eskaera (PDFa).

Baztanen, 2021eko abenduaren 23an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

Iragarkiaren kodea: L2118444