13. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1295E/2021 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita Castejongo udalerrian dagoen Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio azpiegiturari buruz. Ebakuazio azpiegitura Castejón eta Tuterako udalerrietan barna doa, Red Eléctrica de Españaren jabetzako Castejón TAEraino (400kV). EDP Renovables España SL da sustatzailea.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du 1. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.

Era berean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatu behar da, horren bidez arautzen baitira lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak.

1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

2020ko irailaren 9an, sustatzaileak Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio-azpiegiturari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, eta honako hauek eskatu zituen Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen II. kapituluko 1. atalean xedatuarekin bat: aldez aurreko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

1.1. Jendaurreko informazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean (2020ko 277. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 26koan, argitaratu zen iragarkia), eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen kontsultapean jarri zituen Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuzio-azpiegituraren proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa. I. eranskinean laburbilduta daude jasotako alegazioak eta txostenak.

1.2. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Sustatzaileak jendaurrean jartzeko izapidearen eta egindako kontsulten emaitza jasorik, EDP Renovables España SL-k, 2021eko martxoaren 30ean, “Cierzo IV eta haren ebakuazio azpiegitura” proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiatzeko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio osoa helarazi zion Biodibertsitate Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.

Geroago, 2021eko urriaren 11n, EDP Renovables España SL enpresak proiektuaren ebakuazio-azpiegiturari eragiten dion aldaketa bat aurkeztu zuen. Horrela, lehen proposatzen zen El Rincón TAE (400/220/30) kendu eta instalazioa 30kV-eko lurrazpiko linea elektriko baten bidez Castejón Sustatzaileak TAErekin (400/132/30 kV) zuzenean konektatzea proposatzen da, eta hortik, 400kV-eko goi-tentsioko aireko linea baten bidez, Red Eléctrica de Españaren jabetzakoa den Castejón TAErekin (400kV) konektatzea.

2.–Proiektuaren deskripzioa.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren kokapena hautatzeko, 0 alternatiba edo jarduketarik ez egiteko aukeraz gain, zenbait eremu zedarritu dira Nafarroa hegoaldeko Erriberan. Interes handikoak izan daitezkeenak 4 eremutan multzokatu dira, eta horien artean Tutera-Castejón eremua aukeratu da azkenik, besteak beste, inguruaren antropizazioagatik eta ebakuazio-azpiestaziotik hurbil dagoelako. Eremu horren barruan 7 proposamen aztertu dira, eta azkenean, sustatzaileak 1. eta 2. proposamenak batzearen aldeko hautua egin du, teknikoki eta ingurumen ikuspegitik bideragarriena hori dela iritzita.

Behin instalazioaren kokapena erabakita, linea pasatzeko 6 aukera aztertu dira interesekoak izan daitezkeen hiru eremuren barruan. Horrek berak erakusten du, edozein dela ere, ingurumen ikuspegitik konplexua den eremu batez ari garela. Aukeretako bat baztertu egin da arrazoi teknikoak medio, eta azkenik 4. aukera hautatu da Valdelafuenteko sakanean eragina murriztearren, izan ere, korridore biologikoa izateaz gain hegazti-faunarentzako eremu sentikorra da, eta ondorioz, linearen zatirik handiena lurpean sartzea erabaki da.

Instalazioak morfologia laua duten landalurreko zenbait finka hartzen ditu Castejongo udalerrian. Bertan mahastiekin eta almendrondo eta abarrekin tartekatutako laboreak dira nagusi. Elkarren ondoan dauden lau barruti hesitu independentetan banatuta dago, eta guztira 102,54 hektareako azalera hartzen du. Barruti horiek N-232 errepidean, 84,4 KPan dagoen adar batetik abiatzen diren udal-bideetatik dute sarbidea.

Asmoa da silizio monokristalinoko 92.736 eguzki-modulu fotovoltaiko erabiltzea, ardatzaren 1.172 jarraitzaile horizontalen gainean multzokatuta eta antolatuta, elkarren artean 6,3 metroko tartea utzita, eta lurrean zuzenean sartuta. Moduluen multzoek hornitutako korronte zuzena behe-tentsioko korronte alterno bihurtuko dute inbertsoreek, eta egin asmo diren zazpi transformazio zentroetan erdi-tentsiora (30 kV) bihurtuko da korrontea. Transformazio zentroak lurpetik eta bideei paraleloan jarraituz lotuko lirateke Castejón Sustatzaileak TAErekin (400/132/30 kV), 120 m-ko tarte batean izan ezik, non linea airekoa izanen baita Lodosako ubidea gurutzatzeko. 400kV-eko goi-tentsioko linea elektriko baten bidez, Castejón Sustatzaileak-TAE REEren Castejón-TAErekin komunikatuko da, 5 euskarri izanen dituen aireko tarte baten bidez lehenbizi, eta gero, azken 103 metroetan, lurpean.

Instalazioak barneko bideen sare bat izanen du lehendik dauden bideen trazaduraren zati bat aprobetxatuz. 2.721 m bide berri eraikitzea eta 1.106 m egokitzea aurreikusi da; 4 m zabal izanen dute, oinarriaren azpialdea eta oinarria zabor-legar artifizialezkoak izanen dira, 25 eta 15 cm-ko lodierakoak, hurrenez hurren, eta zeharkako malda %2koa bi noranzkoetan. Horiez gain, euri-urak husteko drainatze-sistema bat ere izanen da, 50 cm-ko sakonera eta 1 m-ko oinarria duten ezpondez osatua. Instalazioaren perimetroan eta barneko bideetan egonen dira ezponda horiek.

Azkenik, lau barrutien perimetroa hesitzea proposatzen da, gehienez ere 2 m-ko garaierako hesi zinegetikoarekin; hesia hormigoizko zapata isolatuen bidez ainguratuko da lurrean eta plaken bidez seinaleztatuko da, hegazti-faunak harekin talka egin ez dezan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, instalazioak eta ebakuazio-azpiegiturak ez diete eragiten Batasuneko intereseko habitatei, ezta katalogazio motaren bat duen landaredi naturalari ere. Hala ere, almendrondo asko moztu beharko dira, batzuk oso zaharrak, paisaiaren parte eta lur horietan dagoen faunaren parte batentzat habitat garrantzitsua diren arren. Paisaiaren ikuspegitik, eremuak nekazaritzako mosaiko bat osatzen du, hori da bere ezaugarria; labore belarkarak dira nagusi, tarteka almendrondoz eta mahastiz zipriztinduak, eta landaredi naturala urria da. Ingurune horretan paisaia distortsionatzen duten hainbat elementu antropiko daude, hala nola aireko linea elektrikoak, errepideak, trenbideak, harrobiak, parke eolikoak eta eguzki-parkeak, industrialdeak, etab. Hori guztia erliebe ia lau batean, eta, ondorioz, ikusten ez den instalazio-azalera oso handia da.

Instalazio fotovoltaikoaren eta bere ebakuazio-azpiegituraren ingurumen-inpaktuaren azterketak dio inguruneak onar ditzakeela sortutako inpaktuak; hori horrela, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatuz gero inpaktu globala bateragarritzat jotzen du. Horrekin batera, ingurumena zaintzeko plan bat jasotzen du, obrak egin bitartean kontrolatu beharreko alderdiekin, bai eta lehengoratze-plan bat ere.

3.–Azterketa teknikoa.

Cierzo IV instalazio fotovoltaikoa bide-ardatz handien (A-68, AP-68, AP-15) eta horietarako lotuneen inguruan dago: gutxi gorabehera, instalazioaren bi herenek N-113etik AP-15 autobidera doan adarraren eta AP-15 autobidearen artean geratzen den lursaila hartzen dute, eta beste herenak AP-15 autobidearen ekialdean dagoen lur zerrenda. Gainera, La Cantera/La Serna-TAEtik gertu dagoenez, linea elektriko ugari daude, eta horiek, errepideekin batera, azpiegituren korridore trinkoa osatzen dute. Korridore horrek herrien iragazkortasuna eta haien arteko konexioa baldintzatzen ditu, baita biodibertsitatea ere. Eragin hori areagotu egiten dute parke eolikoek eta eguzki parkeek, bai eta inguruan dauden eta izapidetzen ari diren gainerako proiektu eta azpiegiturek ere.

Eguzki-instalazioak morfologia lauko zenbait lursail hartzen ditu; lursail horietan mahasti, almendrondo, olibondo eta abarrekin tartekatutako lehorreko zerealak daude. Landaredi naturala lurraldean sakabanatuta dauden esparru txikietara mugatzen da, lursail eta bide ertzetara eta intentsitate txikiagoz lantzen diren almendrondo sailetara. Landu gabeko zereal-lurzati batzuk ere badira tamaina txikiko landare naturalek kolonizatzen ari direnak.

Habitat hori egokia da babestuta dauden estepako hegazti-faunako zenbait espezierentzat, eta ingurumen-inpaktuaren azterketak horietako batzuk badaudela berresten du (mirotz urdina, eskualdean galtzeko arriskuan dagoena, mirotz zuria eta Naumannen belatza, Nafarroan kaltebera gisa katalogatua, etab.). Gainera, interesgarria da Alhama ibaiaren eta Ebro ibaiaren bi aldeetan dauden estepako eremuak komunikatzeko, izan ere lotura hori berebizikoa da inguruko hegazti-faunaren bideragarritasun hauskorrari eusteko. Berez, proiektuaren ezarpen-eremu osoa Estepako Hegazti-faunaren Kontserbaziorako Garrantzi Eremuan dago, eta “Agua Salada-Montes del Cierzo-Plana de Santa Ana” Estepako Hegazti-faunaren Kontserbaziorako Garrantzi Eremuaren ondo-ondoan. Estepako Hegazti-faunaren Kontserbaziorako Garrantzi Eremuak Nafarroan estepako hegazti-fauna kontserbatzeko behar diren gutxieneko azalerak dira. Instalazioa eraikitzeak, espazio hori zuzenean eta berehala azalera erabilgarri gisa galtzea ekarriko luke hegazti horietako askorentzako, baita zeharkako beste kalte garrantzitsu batzuk ere (instalazioaren inguruko ingurune zabalago batean duten habitata uztea, hesi-efektua, konektibitate-galera, eta abar). Hegazti talde horren gaineko eragina berebizikoa da, kontuan hartzen badira azken aldian lehorreko laborantzatik ureztalurretako laborantzara egin den eraldaketa sakona, nekazaritzaren-intentsifikazioa, estepako espezie gehienek azken urteetan izan duten atzerakada, eta abar.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak berretsi egin du hori, eta jakinarazi du AP-15 autobidearen ekialdean dagoen eguzki-parkearen zatia “estepako hegaztientzako lehentasunezko eremu” baten barruan dagoela. Eremu hori funtsezkoa da, estepako hegazti-espezie katalogatuen presentzia etengabea eta nabaria delako. Eremu horretan ez da baimendu behar modulu fotovoltaikoak instalatzea, eta, haren inguruan halakorik gabeko 1 km-ko bufferra (moteltze eremua) errespetatzea gomendatzen da. Arestian aipatutako Atalari ez zaio egokia iruditzen AP-15 autobidearen mendebaldean dagoen instalazio zatian –ia osorik egonen litzateke buffer horren barruan–, instalazioa ezartzea, ingurunean estepako hegaztiak eta mirotzak daudelako, eta horien habitata aldatu eginen litzatekeelako.

Bestalde, eremu horretan espezie harraparien dentsitate handia dago, habitat horietan ohikoak direnak, eta, beraz, bizitzeko eta sakabanatzeko eremu gisa erabiltzen dute tamaina ertain eta handiko harrapari ugarik. Harrapari horietako asko babestuta daude (aztore-arranoa, arrano beltza, miru gorria, miru beltza, arrano sugezalea, arrano txikia, aztore arrunta, etab.), eta

inguruko magalak estaltzen dituzten lezka pinuen landaketetan edo Ebro eta Alhama ibaien inguruko ibar-basoetan aurkitzen dute babeslekua eta habiak egiteko lekua. Espezie horietako batzuek instalazioaren barruan ehizatu badezakete ere (horrek dakarren arriskuarekin), eta harrapariak murriztearen ondorioz berez handia den harrapakinen dentsitatea handitu badaiteke ere, uste da proiektua ezartzeak azalera erabilgarriaren galera ekarriko lukeela espezie batzuentzat, eta beste batzuentzat, berriz, harrapakinak harrapatzeko aukerak murriztea; edozein kasutan ere hegaztien gaineko eragina kaltegarria litzateke.

Bereziki aipatu behar da eremuak Bonelli arranoa (Aquila fasciata) kontserbatzeko duen garrantzia, Nafarroan galtzeko zorian katalogatuta dauden espezie harkaiztarretako bat baita. Nafarroako Gobernuak bi LIFE proiektutan parte hartzen du; proiektu horien xedea da ugalketa-lurraldeen gabezia ale batzuk askatuz konpentsatzea. 2020ko uztailean askatutako aleetako batek 2020ko irailaz geroztik sarri erabiltzen du eremu hori, eta haren bizi-eremua kaltetuta gera daiteke instalazioa eginez gero, horrek berekin lekarkeen habitataren aldaketaren ondorioz.

Era berean, nabarmendu behar da instalazioa Valdelafuente sakanetik hurbil dagoela (sakan hori ES2200040 Ebro ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuan sartuta dagoen korridore ekologiko garrantzitsua da), eta baita Agua Saladako idoia ere (RN-34 Erreserba Naturala), bietatik kilometro bat baino gutxiagora. Hegazti harraparien hainbat espezietako populazio habiagile eta negutar garrantzitsuak daude eremu horietan, eta Cierzo IV. instalazio fotovoltaikoaren ezarpen-eremua haien ohiko bizi-eremuaren barruan dagoenez, horrek ere eragina izanen luke haien habitataren aldaketan. Harrapari horietako batzuk, hala nola aintzira-mirotza eta mirotz zuria, aipatutako KBE horretako “hegazti urtarren” funtsezko elementuaren parte dira; beraz, proiektua gauzatzeak funtsezko elementu horri eragin diezaioke, eta, beraz, baita KBE horren kontserbazio egoerari ere.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitate Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura behar bezala egin dela, kontuan hartuta “Cierzo IV” eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura inpaktu kritikoa direla mehatxatutako hegazti-faunako zenbait espezierentzat, eta, beraz, ingurumen inpaktuari buruzko kontrako adierazpena egitea proposatzen du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. “Cierzo IV” eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari eta Red Eléctrica de Españaren jabetzakoa den 400kV-eko Castejón TAEra arteko haren ebakuazio-azpiegiturari buruzko ingurumen-inpaktuaren kontrako adierazpena egitea, ebazpen honen azalpen zatian jasotako arrazoiengatik. EDP Renovables España, SLk sustatu du adierazpena.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Industriaren Antolamenduaren, Energia Azpiegituren eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta sustatzaileari, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2021eko abenduaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurreko tramitean jarri izanaren emaitza

Jendaurreko aldian jasotako txostenen eta aurkeztutako alegazioen laburpena.

Gurelur.

1. Ebaluazio bakar batean bildu beharrean, ingurumen-inpaktuaren bi azterketa independente egin dira, bat eguzki-instalazio fotovoltaikorako, eta bestea energia bideratzeko linearako eta hari lotutako azpiestazioetarako.

Erantzuna: Sustatzaileak zuzendu egin du alderdi hori, jendaurreko informazio aldiaren ondoren aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketan, eta, gainera, instalazioak eta ebakuazio-azpiegiturak kontuan hartzen dituzten sinergien azterketa ere jaso du, aztergai den eremuan dauden edo aurreikusita dauden beste proiektu eta azpiegitura batzuekin batera.

2. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren alternatiben azterketak gabeziak ditu; izan ere, Tuterako Udalak eguzki-instalazioak jartzeko herri-lurrak ustiatzeko eskubideak direla-eta egin zuen enkantearen emaitzak pentsarazten du alternatibak beste kokaleku batzuk aztertu izanaren itxura egiteko proposatu direla, eta legeriak eskatutako alternatiben azterketa osatze aldera.

Gainera, sustatzaileak 400 hektarea baino gehiago okupatu nahi ditu eta inguru berean hiru eguzki-instalazio ezarri. Horiez gain, ez du betetzen eguzki-parkeetarako Nafarroako aurreko bi Energia Planen Ingurumen Eraginaren Adierazpenetan, (2005-2010 aldirako eta 2020. horizonterako eginikoetan) ezarritako 50 hektareako gehieneko okupazioaren muga. Bestetik, alternatiben azterketak ez du ebakuazio-linea kontuan hartu inpaktu txikiena zeinek duen baloratzeko garaian.

Erantzuna: Aurkeztutako Ingurumen-inpaktuaren behin betiko azterketaren I. eranskinean eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta ebakuazio-azpiegiturarako alternatiben analisia egiten da.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren kokapena hautatzeko, 0 alternatiba edo jarduketarik ez egiteko aukeraz gain, zenbait eremu zedarritu dira Nafarroa hegoaldeko Erriberan. Interes handia dutenak 4 eremutan bildu dira, eta horietatik, azkenean, Tudela-Castejón eremua aukeratu da, besteak beste, ebakuazio-azpiestaziotik hurbil dagoelako. Esparru horren barruan, hartutako konponbidea irizpide anitzeko azterketa batean oinarritu da, eta azterketa horrek irizpide teknikoak eta ingurumenekoak hartu ditu kontuan.

Instalazioaren kokapena hautatu ondoren, linea igarotzeko interesgarriak izan daitezkeen 3 eremuren barruan 6 alternatiba aztertu dira. Horiek, kasu guztietan, eremu konplexu bat islatzen dute ingurumen ikuspegitik. Ebakuazio-azpiegiturarako hartutako konponbidea ere irizpide anitzeko azterketan oinarritu da, eta irizpide teknikoak eta ingurumenekoak hartu ditu kontuan.

Ez Nafarroako 2030erako Energia Planak, ez haren ingurumen-inpaktuaren adierazpenak, ez diote mugarik ezartzen eguzki-instalazio fotovoltaikoen azalerari.

3. I. eranskinaren arabera (Alternatiben azterlana), hautatutakoez bestelako beste aukera batzuk badira instalaziorako, ingurumen inpaktu txikiagoa dutenak, eta, gainera, hautatutako alternatibak aztertutako aukeretako bi batu egiten ditu.

Erantzuna: Sustatzaileak egindako eranskin horren arabera, eta baldintza guztiak kontuan hartuta, ingurumen arloan bideragarrienak diren aukeretako batek ere ez du banakako azalera nahikorik ematen eskatutako ezaugarriak dituen instalazio bat hartzeko; beraz, beharrezkoa izan da hurbileko inpaktu txikieneko eremuak bateratzeko aukera aztertzea.

4. Ebakuazio-azpiegiturarako hautatutako alternatibak ez ditu betetzen aurrez ezarritako irizpide tekniko eta ingurumen irizpide batzuk, eta, gainera, linearen luzerak eragindako afekzioa baztertzeak eta beste ezaugarri batzuk gutxiesteak, hala nola Ebro ibaia KBEtik transbertsalki zeharkatzeak, ez du eragin txikiena duen alternatibaren aldeko hautua egiten.

Erantzuna: Eguzki-instalazio fotovoltaikorako aurkeztutako behin betiko proiektuak, jendaurrean jarritako proiektuarekin alderatuta, nabarmen aldatzen du ebakuazio-azpiegitura; hala, trazadura aldatzen du eta haren zati handi bat lurperatzea proposatzen du. Horrek jendaurrean jarritako dokumentazioan hautatutako linea elektrikorako alternatibaren aldean nabarmen murrizten du eragina.

5. Ebakuazio azpiegiturarako alternatibarik luzeena aukeratu da; gainera, El Rincón-TAEren kokapena Valdelafuente idoitik hurbil dago, eta horrek linea Ebro ibaia KBEra hurbilarazten du eta transbertsalki zeharkatzera behartzen du. Alegazioaren egileak eragin txikiagoko beste aukera batzuk proposatzen ditu, eta uste du hautatutako alternatiba, dirudienez, batera aztertu beharreko beste eguzki-instalazio batzuk ezartzeko aukeraren ondorio dela, eta horiek ez direla kontuan hartu ingurumen-inpaktuaren azterketan.

Gainera, alegazioaren egileak gogorarazten du Nafarroako 2005-2010 aldirako eta 2020 horizonterako Energia Planen Ingurumen Eraginari buruzko Adierazpenek eguzki-instalazioen eta, zehazki, horien ebakuazio-azpiegituraren eraginak murrizteko baldintzatzaileak gehitzen zituztela, eta baldintzatzaile horiek ez direla formulatu indarrean dagoen PEN2030en, ezta dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ere.

Erantzuna: Eguzki-instalazio fotovoltaikorako aurkeztutako behin betiko proiektuak, jendaurrean jarritakoarekin alderatuta, nabarmen aldatzen du ebakuazio-azpiegitura, haren trazadura aldatzen baitu eta aurrez planteatutako El Rincón TAE (400/220/30) ezabatzen baitu, planta zuzenean eta lurpetik Castejón Sustatzaileak TAErekin konektatzeko (400/132/30kV), eta hortik Red Eléctrica de Españaren jabetzakoa den 400kV-eko Castejón-TAErekin konektatzeko, 400kV-eko goi-tentsioko aireko linearen bidez.

6. Alegazioaren egileak gogora ekarri ditu 2005-2010 aldirako eta 2020 horizonterako Nafarroako Energia Planen ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenetan eguzki-instalazio fotovoltaikoen azalerari dagokionez ezarritako mugak, eta uste du Cierzo IV instalazioa PEN2030 planaren helburuen aurka doala, haren xedea autokontsumoa eta sorkuntza banatua sustatzea baita.

Erantzuna: Egungo 2030erako Nafarroako Energia Planak autokontsumoa eta sorkuntza banatua sustatu nahi dituen arren, ez horrek, ez haren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenak ezartzen diote mugarik eguzki-instalazio fotovoltaikoen azalerari.

7. Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoa Estepako Hegazti-faunaren Kontserbaziorako Garrantzizko Eremu (AICAENA) baten gainean planteatzen da; azalera hori utziezina da hegaztien kontserbaziorako, eta beraz, hegazti multzo horri eragiten dio, egoera kritikoan baitago.

Erantzuna: Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitean kontuan hartu da.

8. Jendaurrean jarritako dokumentazioan ez dago plano topografikorik, ezta hasierako eta amaierako egoeraren profilik ere. Dokumentazio hori gutxienekotzat jotzen da 64/2006 Foru Dekretuaren arabera (lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen- eta hirigintza-irizpideak eta -baldintzak arautzen ditu foru dekretu horrek). Lur-mugimenduen bolumena ere ez da justifikatzen, eta horien zati bat baimendutako zabortegira eramanen da, horrek dakarren CO2 sorkuntzarekin. Inpaktu hori ez da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean sartu.

Erantzuna: Jendaurreko informazioaren ondoren aurkeztutako dokumentazioak alderdi hori sakonago aztertu eta hobetzen du, eta, beraz, baimendutako zabortegira eraman beharreko soberako materiala 17.800 metro kubo izatetik 2.816,91 metro kubo izatera pasako da.

9. Alegazioaren egileak Valdelafuente sakanaren ingurumen balioa nabarmendu du, Ebro Ibaia KBEaren parte baita. Instalazio horiek eraikitzea espazio horren kudeaketa planean ezarritako helburuen aurka joanen litzateke.

Erantzuna: Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitean kontuan hartu da.

Enerfin Sociedad de Energía SLU.

1. “Cierzo IV” eguzki-instalazio fotovoltaikoak, eta haren ebakuazio-azpiegiturak, Enerfinek sustatutako “El Montecillo” eta “La Senda” parke eolikoen ebakuaziorako lineari eragiten diote.

Erantzuna: Edukia ez da ingurumen arlokoa.

2. El Rincón 400/200/30kV TAEren kokapenak “Corral del Molino II” haize-parkeko haize-sorgailuei eragiten die.

Erantzuna: Edukia ez da ingurumen arlokoa.

3. El Rincon-TAEtik Castejón Sustatzaileak-TAEra doan 400kV-eko goi-tentsioko aireko linearen trazadurak “Corral del Molino II” haize-parkearen kokapenari eragiten dio.

Erantzuna: Edukia ez da ingurumen arlokoa.

4. “Cierzo IV” eguzki-instalazio fotovoltaikorako proposatutako ebakuazio-linearen trazadurak areagotu egiten ditu “Corral del Molino II” haize-parkearekiko sinergiazko ondorioak eta hegazti-faunaren gaineko eragina.

Erantzuna: “Cierzo IV” eguzki-instalazio fotovoltaikorako aurkeztutako behin betiko proiektuak, jendaurrean ikusgai dagoenarekin alderatuta, nabarmen aldatzen du ebakuazio-azpiegitura, haren trazadura aldatzen baitu eta haren zati handi bat lurperatzea proposatzen baitu. Horrek eragina murriztea dakar. Gainera, ingurumen-inpaktuaren azterketak V. eranskin bat du, eta bertan proiektuaren sinergiazko ondorioak aztertzen dira, inguruan dauden edo izapidetzen ari diren gainerako proiektu eta azpiegiturekin batera; horien artean daude Enerfinek izapidetutako parke eolikoak.

Carlos Pérez de Obanos.

1. Valdelafuente sakana airetik zeharkatzen duen goi-tentsioko lineak zaildu eginen du sakan hori Ebro Ibaia KBEaren Kudeaketa Planean ezarritako kontserbazio helburuekin bat etorriz lehengoratzea, eta paisaiaren kalitatea murriztuko du.

2. Ingurumen-inpaktuaren azterketak talken aurkako neurriak proposatu arren, goi-tentsioko aireko linea ezartzea arazo larria izanen da fauna hegalariarentzat, batez ere tamaina ertain eta handiko hegaztientzat.

3. Goi-tentsioko aireko linea egiteak eragin handia izanen du paisaian.

4. Ez dator bat ebakuazio-linearako proposatutako trazadurarekin, ez bailuke zertan Valdelafuente sakana zeharkatu.

Erantzuna (bat eta bera puntu guztietarako): “Cierzo IV” eguzki-instalazio fotovoltaikorako aurkeztutako behin betiko proiektuak, jendaurrean ikusgai dagoenarekin alderatuta, nabarmen aldatzen du ebakuazio-azpiegitura, haren trazadura aldatzen baitu eta haren zati handi bat lurperatzea proposatzen baitu. Zehazki, Valdelafuente sakana lurpetik zeharkatzea proposatzen du, sakan horren mendebaldeko muturretik.

Tuterako Udalak eskatu du “Cierzo IV” instalazio fotovoltaikoaren ebakuazio azpiegiturak ez dezala Tuterako lursailik zeharkatu, eta agerian jarri ditu, batetik, linea elektrikoek dakarten lurzoru-erabileran mugak izan-badirela, eta bestetik, horiek paisaian eta hegazti faunan duten inpaktua. Gainera, espedientea izapidetzean hainbat txosten eskatzeko eskatu du (Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuari, Industria-Nasuvinsa-Industria Garapenari, Tuterako Udaleko Hirigintza eta Industria Departamentuari eta CANASAri).

Erantzuna: Paisaiaren eta hegazti-faunaren gaineko inpaktuari dagokionez (gainerakoek ez dute ingurumen-edukirik), “Cierzo IV” eguzki-instalazio fotovoltaikorako aurkeztutako behin betiko proiektuak, jendaurrean jarri denarekin alderatuta, nabarmen aldatzen du ebakuazio-azpiegitura, haren trazadura aldatzea eta haren zati handi bat lurperatzea proposatzen baitu. Zehazki, Valdelafuente sakana lurpetik zeharkatzea proposatzen du, sakan horren mendebaldeko muturretik.

ENAGASek jakinarazi du, bidalitako dokumentazioaren arabera, eragin elektrikoak espero litezkeela “Castejonerako adarra” gasbidean, bai egin asmo den linea elektrikoa eta gasbideak gurutzatzen diren zatietan, bai gasbidea eta instalazio fotovoltaikoa paraleloan doazen tarteetan. Gainera, tarte horiek zein diren eta egin beharreko izapideak zehaztu ditu.

REE ez dago “Cierzo IV” instalazio fotovoltaikoaren aurka, ez baitie bere instalazioei eragiten. 30 kV-eko lurpeko ebakuazio-lineari eta El Rincón-TAEri dagokienez, jakinarazi dute ez dutela jaso haiek aztertzeko behar den dokumentazioa, eta igortzeko eskatu dute. 400 kV-eko ebakuazio-lineari dagokionez, adierazi dute jasotako dokumentazioarekin ezinezkoa dela Olite-La Serna 220kV-eko linearekin izanen lukeen gurutzaketaren arauzkotasuna egiaztatzea, eta dokumentazio hori osatzeko eskatu du, zenbait alderdi barne hartuta. Horrez gain, adierazi dute lineak REEren jabetzako lursailei eragiten badie, harremanetan jarri eta dagokion akordioa sinatu beharko dutela.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak azterlanaren eremuko azaleko eta lurpeko sare hidrografikoa deskribatu ditu, nabarmenduz arriskua dagoela lurpeko ur-masa ez iristeko nekazaritza-jatorriko nitratoen kutsadura lausorako ezarritako ingurumen-helburuetara; horrekin batera, proiektuaren fase bakoitzean ingurune hidrikoan gerta litezkeen inpaktuak deskribatu ditu. Era berean, Ingurumen Eraginaren Adierazpenean ingurune hidrikoa babesteko proposatutako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak gogorarazi ditu, bai eta ingurumena zaintzeko plan bat dagoela ere. Egokitzat jotzen du ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana, bertan ezarritakoa betez gero, eta gogora ekartzen du oso garrantzitsua dela obren fasean kontu handiz ibiltzea, inguruko ur-ibilguei kalterik ez egiteko. Arreta berezia jarri behar da jariatze-urarekin eta sare hidrologikora solido esekiak ekartzearekin, hidrokarburoak edo beste gai kutsatzaile batzuk isurtzearen ondoriozko ustekabeko edozein kutsadura saiheste aldera. Gainera, adierazi du inguruko plubiometriari buruzko azterlan bat egin behar dela, eta azaleko jariatzea eta lurzatiaren gaineko gehienezko prezipitazioak kalkulatu behar direla, ebakuazio-kanalizazioak datu horien eta araudiaren arabera dimentsionatzeko.

Renovables de la Riberak ohartarazten du gurutzaketak daudela bere jabetzako lerro batekin, eta indarrean dagoen araudia bete beharko dela horietan. Ikuspuntu ekonomikotik, adierazten du bere linean eragindako edozein matxura edo geldialdi, sortzen dituen kalteen eta/edo lortu gabeko irabazien arabera ordaindu beharko dela. Azkenik, REEren 220kV-eko linearekin gurutzatuko dela ohartarazi du. Linea horrek bere jabetzako linea ere gurutzatzen du, eta, bere ustez, izapidetzen ari den linea lurperatzea da irtenbide bakarra.

Audenasak adierazi du ez duela eragozpenik eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura ezartzeko, baldin eta erantsi dituzten baldintzak betetzen badira. Baldintza horiek ez dute ingurumen-edukirik.

Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Instituzioko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du “Cierzo IV” instalazio fotovoltaikoak eta haren ebakuazio-azpiegiturak ez dutela inongo eraginik Atalari dagozkion eskumeneko gaietan.

Estrategia eta Lurralde Antolamenduaren Atalak lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren arloko araudia eta tresnak aipatzen ditu; horiek kontuan hartu beharko dira “Cierzo IV” instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura ezartzerakoan, eta adierazten du arau eta tresna horiekin bateragarria/bateraezina izan daitekeela a priori.

Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Kontserbazio Zerbitzuak Errepide Sareko zirkulazio-bideetan dauden eremuak zein diren azaldu du eta horietako bakoitzean aplika daitezkeen mugak adierazi ditu. Halaber, ukitzen dituen errepideen galtzadatik dorreetara utzi beharreko gutxieneko tartea eta galtzadatik ebakuazio-lineako kableetarainoko gutxieneko altuera ezartzen ditu. Azkenik, adierazi du baimena eskatu behar dela eta behar den dokumentazio teknikoa aurkeztu behar zaiola Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari.

Iragarkiaren kodea: F2117864