129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Udal ordenantza, hiri-lurraren eta landa-lurraren gaineko kontribuzioa ordaintzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuarekin bat, argitara ematen da Hiri-lurraren eta landa-lurraren gaineko kontribuzioa ordaintzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren testu osoa. Ordenantza hori 2022ko otsailaren 18ko osoko bilkuran onetsi zen hasiera batez. Iragarkia argitaraturik iragarki-taulan eta 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an, ez da haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu legezko epean; beraz, aipatutako udal erabakiarekin bat etorriz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.

Zuñigan, 2022ko maiatzaren 17an.–Alkatea, Pedro María Oteiza Díaz.

UDAL ORDENANTZA, HIRI-LURRAREN ETA LANDA-LURRAREN GAINEKO KONTRIBUZIOA ORDAINTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea udalak ezartzen dituen laguntza ekonomikoak, biztanleen kopurua handitzeko, hiri-lurraren eta landa-lurraren gaineko zergak ordaintzen lagunduz.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Laguntzak aplikatuko zaizkie soil-soilik Zuñigako udalerriko ondasun higiezinei.

3. artikulua. Baldintza orokorrak.

Udal laguntzak eskuratzen ahalko dituzte etxebizitzen jabeek, baldin eta erroldaturiko pertsona bat gutxienez badute haien etxebizitzan.

4. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Udal laguntza honako hau izanen da: ondasun higiezinengatik kontribuzio gisa ordaindu behar den kopuruaren %63ko dirulaguntza, baldin eta ondasun hori sartzen bada ordenantza honen 3. artikuluko baldintza orokorren barnean.

5. artikulua. Onuradunak.

Laguntza honen onuradunak izanen dira etxebizitzen jabeak, baldin eta etxebizitza horiek sartzen badira ordenantza honen 3. artikuluko baldintza orokorrean barnean.

Onuradunek ordainduta izan behar dituzte Zuñigako Udalarekiko zerga eta tributu betebeharrak.

6. artikulua. Laguntzak galtzea.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak ekarriko du udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea, dagokion espedientean.

7. artikulua. Laguntzak jasotzea.

Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen benetako likidazioa ofizioz eginen du Zuñigako Udalak, kalkulatu ondotik jabe bakoitzari kontribuzio gisa urtean ordaintzea dagokion zenbatekoa.

Ez-betetzeren bat atzematen bada, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da, alde batera utzi gabe bestelako ekintzak abiaraztea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honen interpretazioa egiteko eskumena udal honena da, ez beste inorena.

Bigarrena.–Ordenantza honek behin betiko onesten den egunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2207861