129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2022ko martxoaren 24an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez, 2022ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, apirilaren 12an, bai eta Arantzako Udalaren iragarki-taulan ere, eta epe horretan inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), behin betiko onesten da Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Eta argitaratu egiten da.

Arantzan, 2022ko maiatzaren 30ean.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOAREN ERABILERA

ZIOEN AZALPENA

Aldaketa teknologiko oso inportanteak izan dira azken urteotan, eta, horren ondorioz, gertatu da informazioaren eta telekomunikazioen teknologia berrien oldarra. Administrazio publikoei dagokienez, aldaketa horiek berekin ekarri dute aipatutako teknologiak sartu beharra eguneroko funtzionamenduan, bai barneko ikuspuntutik, bai administrazio publikoarekin harremanetan jartzen diren herritarrei begira.

Gure ordenamendu juridikoak horri buruzko aginduak jaso ditu, pixkanaka. Hartara, 30/1992 Legearen 45. artikuluak ezartzen duenaren arabera (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), administrazio publikoek honako hau dute betebehar: «teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzera eta abian jartzera» jotzea, beren jarduera gauzatzeko eta eskumenak baliatzeko.

Abenduaren 16ko 57/2003 Legeak (Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzkoa) 70 bis artikulua erantsi zuen 7/1985 Legean (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena). Artikulu horren 3. apartatuak agindu bat jasotzen du, batik bat udalei zuzendua, bultza dezaten informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera interaktiboa, bizilagunen parte-hartzea eta haiekiko komunikazioa errazteko, agiriak aurkezteko, eta administrazio izapideak, inkestak eta, hala denean, herri galdeketak egiteko.

Ekainaren 22ko 11/2007 Legearen bidez (Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa), administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea aitortzen zaie herritarrei, eta administrazio publikoak behartzen dira informazioaren teknologiak erabiltzera lege horretan ezarritakoarekin bat, betiere segurtatuz beren eskumenen barnean kudeatzen dituzten datu, informazio eta zerbitzuen irisgarritasuna, osotasuna, autentikotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa.

Urriaren 1eko 39/2015 eta urriaren 1eko 40/2015 legeetan jasotako arautze berria (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea, hurrenez hurren) pauso erabakigarria da administrazio modernoa eta informazioaren gizartean erabat integratua lortzeko bidean. Paradigma berri bat proposatzen du herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetarako, erregulazioaren oinarri harturik komunikabide elektronikoen erabilera.

Legezko xedapen honen ardatz nagusia da onartzea herritar guztiek badutela eskubidea administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko, eta azken horiek behar bezala egokitu beharra dutela, eskatzen diren berme guztiekin gauzatu dadin eskubide hori.

Arantzako Udalak, bere kabuz antolatzeko eta erregelamenduak egiteko duen ahalmena erabiliz, oharturik informazioaren eta komunikazioaren teknologiak pertsonen eguneroko bizitzan aldaketa sakonak sortzen ari direla, eta bete daitezen egungo arau-esparrua den urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako helburu eta printzipioak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), beharrezkotzat jotzen du ordenantza bat onestea udal honen esparruan administrazio elektronikoaren erabilera hori arautzeko, araudi berrian jasotako oinarrizko alderdien barnean.

Halaber, ordenantza hau Udalbatzak informazioaren gizartea sustatzeko arloan bultzaturiko estrategiaren gailurra da, bai eta aurrerapausoa ere, benetako administrazio elektronikoa pixkanaka ezar dadin; izan ere, azken horrek batez ere izan behar baitu irisgarria, erraza, erabilgarria, erosoa, arina, segurua, konfidentziala eta ingurune teknologiko berrietara egokitua.

Hori oinarri hartuta, ezartzen dira beharrezko elementu eta zerbitzu guztiak, herritarrek aukera izan dezaten bide elektronikoa erabiltzeko udal honekin dituzten harreman guztietan, behin bukatuta administrazio-prozedura telematikoak sartzeko pixkanakako prozesua.

Ordenantzak egitura hau du: bost titulu, hiru xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Atariko tituluan definitzen dira ordenantzaren xedea eta aplikazio-eremua, bai eta administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak ere.

Lehenbiziko tituluan jasotzen dira herritarrek administrazio elektronikoaren arloan dituzten eskubideak eta zerbitzu elektronikoetarako sarbidea izateko sistemak.

Bigarren titulua, ordenantzaren eduki nagusia jasotzen duena, administrazio elektronikoaren araudi juridikoari buruzkoa da; bertan, besteak beste, funtsezko alderdi hauek arautzen dira: udalaren egoitza elektronikoa, haren edukia eta herritarren eskura jarri beharreko informazioa adierazirik, herritarren eta udal administrazioaren identifikazio-sistemak, udalaren erregistro elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna.

Hirugarren titulua agiri eta artxibo elektronikoei buruzkoa da.

Laugarren tituluak xede ditu beste administrazio publiko batzuekiko harreman elektronikoak.

Bosgarren tituluan administrazio prozedura elektronikoa arautzen da.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio-eremua

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek arautzen du baliabide elektronikoen erabilera Arantzako udal administrazioaren esparruan, herritarrek aukera izan dezaten erabiltzeko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortzen zaizkien eskubideak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea); horrez gain, arautzen du administrazio elektronikoa eraginkortasunez ezartzea.

2. Horren ondorioz, honako hau da ordenantzaren xedea:

–Beharrezko printzipio orokorrak zehaztea administrazio elektronikoa garatzeko Arantzako Udalaren esparruan, jarraikiz arlo hau arautzen duen erkidegoko eta Estatuko legediari.

–Eskubideak eta betebeharrak ezartzea, herritarraren eta udal administrazioaren artean bitarteko elektronikoen bidez ezartzen diren harremanak arautzeko.

–Arautzea bitarteko elektronikoak erabiltzeko baldintzak eta horren ondorioak, administrazio jardueraren eremuan eta, bereziki, administrazio-prozedurak izapidetzean.

2. artikulua. Aplikazio-eremu subjektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko zaie udal administrazioa osatzen duten organo eta langile guztiei, bai eta zuzenbide publikoaren araubideari jarraikiz jarduten duten haren mendeko entitate eta erakundeei ere.

Arantzako Udalak bultzatuko du ordenantza hau bete dadin berak ordezkariak dituen erakunde eta entitate guztietan, eta, betiere, administrazio ahalak gauzatzen direnean.

2. Herritarrei ere aplikatuko zaie ordenantza (halakotzat hartuz pertsona fisiko eta juridiko guztiak), bitarteko elektronikoen bidezko harremanak dituztenean Arantzako Udalarekin edo aurreko 1. apartatuan adierazitako entitate eta erakundeekin, eta gainerako administrazio publikoei ere aplikatuko zaie, Arantzako Udalarekin harremanetan jartzean.

3. artikulua. Aplikazio-eremu objektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko da udal administrazioak parte hartzen duen jardueretan, horiek bitarteko elektronikoen bidez egiten direnean, eta, zehatz-mehatz, hauetan:

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko harreman juridiko-administratiboetan.

–Herritarrek kontsultak egitean udal administrazioak dauzkan informazio publiko administratiboaz eta datu administratiboez.

–Egiten direnean izapidetze elektronikora gehitutako administrazio izapideak eta prozedurak, ordenantza honetan ezarri bezala.

–Udal administrazioak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioa tratatzean.

2. Halaber, ordenantza honetan ezarritako printzipioak honako hauetan aplikatuko dira:

–Bitarteko elektronikoen bidez izaten diren harremanetan udal administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen artean.

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko komunikazioetan, halakoak administrazio-zuzenbideari loturik ez daudenean.

–Abisu eta gorabeherak jakinaraztean, kexak aurkeztean, iradokizunak egitean, udal organoei galderak egitean, eta berariaz arautu gabeko eskabide eta bestelako parte-hartzeetan.

II. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

4. artikulua. Administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.

–Udal honen udal administrazioaren jardunak, oro har, eta administrazio elektronikoa bultzatzeari dagokionak, bereziki, bete beharko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa, bai eta honako printzipio orokor hauek ere:

–Herritarrentzako zerbitzuaren printzipioa; izan ere, sustatuko du administrazio elektronikoaren esparrura ekartzea informazioa, izapideak eta prozedurak, bere jarduera herritarrei hurbiltzeko, eta etengabeko hobekuntza bultzatuko du, interes orokorra lortzeko.

–Sinplifikazio administratiboaren printzipioa; izan ere, aprobetxatuko du administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna, batez ere ezabatuz garrantzizkotzat jotzen ez diren izapide eta jarduketak eta birdiseinatuz prozesu eta prozedura administratiboak, aplikatu beharreko araudiaren arabera, ahalik eta hobekien erabiliz informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak, eraginkorragoa izan dadin administrazio jarduera, betiere legezko bermeari eutsiz bere eginkizunetan.

–Bitarteko elektronikoak bultzatzeko printzipioa; izan ere, pizgarriak ezarriko ditu herritarren artean bitarteko elektronikoen erabilera bultzatzeko.

–Neutraltasun teknologikoaren printzipioa: bermatuko du ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren bitarteko teknologiko egokienak.

–Elkarreragingarritasun printzipioa: bermatuko du elkarreragingarritasunaren estandarren erabilera, eta begiratuko du erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin nahiz beste administrazioenekin, errespetatuz segurtasunaren, egokitasun teknikoaren eta baliabide-ekonomiaren irizpideak. Udal administrazioak kode irekiko softwarearen erabilera sustatuko du administrazio elektronikoan.

–Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa. Ildo horretan, bermatuko da errespetatzea herritarrek duten eskubidea babesturik edukitzeko datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta segurtasuna, jarraikiz datuen babesari buruzko araudiari eta herritarren datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauei. Bereziki babestuko dira herritarren datu pertsonalak eta udal administrazioa osatzen duten departamentu eta entitateek erabili behar duten informazio komuna; haiek beharrezko datuak komunikatzeko betebeharra izanen dute, informazio hori behar bezala dokumentatua eta eguneratua egon dadin.

–Gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa: bitarteko elektronikoak erabiltzean, sustatuko du ahalik eta zabalkunde, publizitate eta gardentasunik handienak izan ditzaten prozeduraren jarduketa administratiboek, bai eta bere artxiboetan jasotako informazioak ere, bat etorriz gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin.

–Eraginkortasun, efizientzia eta ekonomia printzipioak, udal administrazioan bitarteko elektronikoak ezartzean. Bereziki, honako irizpide hauei jarraikiz eginen da:

  • Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta herritarrek haietaz egiten duten erabilera.
  • Zein populazio sektoreri zuzentzen zaien.
  • Zerbitzuaren prestazioarekin lor daitezkeen hobekuntzak.
  • Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako antolakuntzarekin eta udal informazio sistemekin.
  • Epeak eta erantzuteko denborak laburtzea.
  • Eskatzen den ahalegin teknikoaren, antolamenduzkoaren eta ekonomikoaren maila, eta lan-kargaren banaketa eta barneko komunikazioak arrazionalizatzea.
  • Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

–Lankidetzaren printzipioa: herritarrentzako zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzeko helburuarekin, udal administrazioak hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen ditu elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkide eta bezeroekiko harremana errazteko.

–Parte-hartzearen printzipioa: bitarteko elektronikoen erabilera bultzatuko du, gauzatu daitezen parte hartzeko eskubideak, batik bat eskatzeko eskubidea, entzunaldirako eta informazio publikorako eskubidea, herritarren ekimenerako eskubidea, kontsultak egiteko eskubidea eta erreklamazioak, kexak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea. Halaber, udal administrazioak bultzatuko ditu eztabaida publikoa eta ideia eta iritzien adierazpena, baliatuz bitarteko elektronikoen berezko tresnak, betiere kontuan hartuz fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak.

5. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipio orokorrak.

Bitarteko elektronikoen bidez zabaltzen denean interes orokorreko informazio administratiboa nahiz udal administrazioak jendaurrean jarri beharreko informazioa, honako printzipio hauei jarraikiko zaie:

–Irisgarritasun eta erabilgarritasunaren printzipioa; izan ere, baliatuz sistema sinpleak, ahalbidetzen dutenak herritarren intereseko informazioa erraz, seguru eta ulergarri lortzea, bultzatuko du irizpide bateratuak erabiltzea informazioa bilatzeko eta ikusteko, informazioaren zabalkundea ahalik eta hobekien egiteko, nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz irisgarritasunaren eta agirien tratamenduaren arloan. Halaber, udal administrazioak beharrezko baliabideak jarriko ditu desgaitasunak edo zailtasun bereziak dituzten herritarren eskura, bitarteko elektronikoen bidez lor dezaten administrazioaren inguruko informazioa, jarraikiz orokorrean aitortutako irizpide eta estandarrei.

–Osotasunaren eta zehaztasunaren printzipioa: udal administrazioak, informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatuko du agiriak eduki bera izan dezan, alegia, paperean duena edo jatorrizko agiria egiteko erabilitako euskarrian duena. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan aurrez aurre egitea arreta, edo beste bitarteko tradizional batzuen bidez egitea.

–Eguneratzearen printzipioa. Udal administrazioko organoek eguneratua izanen dute kanal elektronikoen bitartez irisgarri dagoen informazio administratiboa. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

–Kontsulta irekiaren printzipioa, sarbide unibertsal eta irekiko informazio-baliabideei dagokienez, bermatze aldera legezko xedapenen arabera guztion eskura egon beharreko informazio administratiboa lortzea, aurretik inolako identifikaziorik eskatu gabe.

–Datu pertsonalak babesteko bermearen printzipioa. Behartzen du une oro eskura dagoen teknologia baliatzera, bermatze aldera datu pertsonalen babesak berez dakartzan eskubideak, eta, orobat, behartzen du segurtasun neurriak bermatzera, trazabilitate pertsonal oro galaraz dadin, baldin ez badago justifikaturik helburuarengatik edo adostasunarengatik.

6. artikulua. Administrazio-prozedura elektronikoaren printzipio orokorrak.

Udal administrazioaren esparruan, izapide administratiboak elektronikoki egitean, printzipio orokor hauek hartuko dira oinarritzat:

–Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa. Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik herritarrek ez dute diskriminazio edo murrizketarik jasanen udal administrazioarekin dituzten harremanetan. Ildo horretan, administrazioarekiko komunikazio elektronikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean soilik izanen dira nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, bai eta harreman juridiko eta zerga harremanetan eta maila bereziko harremanetan ere, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.

–Prozedura eta agiri administratiboen trazabilitatearen printzipioa. Trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezarriko dira, herritarrek noiznahi eta bitarteko elektronikoen bidez izan dezaten izapidetzearen egoeraren berri nahiz prozedura eta administrazio agirien historiaren berri, horrek deusetan galarazi gabe behar diren baliabide teknikoak aplikatzea ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko.

–Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa. Horren arabera, ordenantza honetan eta berau garatzen duten arauetan ezarri bezala, bitarteko baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez segitzen ahalko du, baldin eta segurtatzen badira prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa. Izapidetze elektronikora gehitutako izapide eta prozedurak egiten ahalko dira gehitze prozesuan zehaztutako kanal eta bitarteko elektronikoen bidez, ordenantzaren hamargarren kapituluan ezarritakoarekin bat.

–Proportzionaltasun printzipioa. Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haiexen araberakoak baizik ez dira izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak, eta helbururako behar-beharrezkoak diren datuak soilik eskatuko zaizkie herritarrei.

7. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza bultzatzeko eta sustatzeko printzipio gidariak, administrazio elektronikoaren arloan.

Udal administrazioaren esparruan, printzipio orokor hauen araberakoa izanen da administrazioen arteko lankidetza:

–Administrazioen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioa. Udalak, gainerako administrazio publikoekin batera, bultzatuko du sinatu daitezela behar diren hitzarmen eta akordio guztiak, gauzatu eta aplikatu daitezen bereziki ordenantza honetan jasotzen diren aurreikuspenak eta, besteak beste, helburu dutenak estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatzeko eta partekatzeko mekanismoak ezartzea. Udalak argitara emanen ditu gainerako administrazio publikoekin arlo horretan sinatutako hitzarmen guztiak.

–Sarbide eta eskuragarritasun mugatuaren printzipioak. Udal administrazioak beste administrazio publikoei aukera emanen die sarbidea izan dezaten herritarrei buruz euskarri elektronikoan dituen datuetarako, eta beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu datu horietarako sarbideak segurtasun eta osotasun berme handienak izan ditzan, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa) eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da gainerako administrazio publikoek herritarrei eskatzen dizkieten datuetara, halakoak behar dituztenean, administrazio horiek eskumenekoak dituzten prozedurak eta jarduketak izapidetu eta ebazteko, dagokien araudiaren arabera. Datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna izanen da datu horietara sarbidea izateko baldintza, jadanik aipatutako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren baldintzetan, edo lege mailako arau batek ezarritako baldintzetan, salbu eta murriztapenik bada, eskatutako datu edo agiriei aplikatzekoak diren arauen arabera. Bitarteko elektronikoen bidez eman eta jasotzen ahalko da adostasun hori.

I. TITULUA

Herritarraren eskubide eta betebeharrak administrazio elektronikoari dagokionez

8. artikulua. Herritarren eskubideak administrazio elektronikoaren esparruan. Udalaren betebeharra laguntza elektronikoa emateko.

1. Deusetan ukatu gabe 39/2015 Legearen 14. eta 53. artikuluetan zerrendatutako eskubideak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), honako eskubide hauek dituzte herritarrek administrazio elektronikora sarbidea izateari eta hura erabiltzeari dagokionez:

–Udal administraziora bitarteko elektronikoen bidez jotzea, agiriak aurkeztea, informazioa jasotzea, kontsultak egin eta alegazioak aurkeztea, eskabideak egitea, adostasunak adieraztea, uziak aurkeztea, ordainketak egitea, izapideak eta prozedurak aurrera eramatea eta, oro har, ordenamendu juridiko-administratiboak aitortzen dizkien eskubide eta ahalmenak erabiltzea, baliozkotasun eta segurtasun osoarekin.

–Udal administrazioari eskatzea bitarteko horien bidez komunika dadila haiekin, eta agiriak formatu elektronikoen bidez eskuratzea.

–Udal administrazioak badauzkan datu eta agiriak ez aurkeztea.

–Izatea kalitatezko eduki elektronikoak, irisgarriak, gardenak eta ulergarriak.

–Bitarteko elektronikoen bidez sarbidea izatea informazio administratibo, erregistro eta artxiboetara.

–Administrazio elektronikoa izatea eta erabiltzea, erabilitako tresna teknologikoak direnak direlarik, nahiz eta urritasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izan, eta erabiltzeko prestakuntza eta laguntza jasotzea.

–Udalaren kudeaketa hobetzeko prozesuetan parte hartzea bitarteko elektronikoen bidez, eta egindako eskabide eta kontsulten erantzuna jasotzea.

–Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta babesa izatea, bai eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak izatea ere; bereziki, emandako informazio pertsonala beste helburu batzuetarako ez erabiltzeko eskubidea.

–Udal administrazioarekiko komunikazioen pribatutasuna eta segurtasuna izatea, bai eta udalak egindako komunikazioen pribatutasuna eta segurtasuna ere, horietan herritarren datuak ageri badira.

–Bitarteko elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoak kalitatezkoak izatea.

–Prozeduren izapidetze egoera jakitea bitarteko elektronikoen bidez, baldin haietan interesdun badira, salbu aplikatu beharreko araudiak mugak ezartzen dituenean haiei buruzko informaziorako sarbidea izateko.

–Prozedura osatzen duten agiri elektronikoen kopia elektronikoak eskuratzea, prozedura horretan interesdun direnean.

–Espediente baten barnean dauden agiri elektronikoak udal administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzea.

2. Eskubide horiek erabiliko dira aplikatzekoa den araudian eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

3. Bereziki, udalak interesdunei bermatuko die harremana bitarteko elektronikoen bidez izan ahal izatea udal administrazioarekin. Horretarako, haien esku jarriko ditu beharrezko diren sarbide-kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistema eta aplikazioak.

4. Udalak bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emanen die administrazio publikoekin elektronikoki erlazionatzeko betebeharrik ez duten interesdunei, hala eskatzen badute; batez ere, laguntza emanen die identifikazio eta sinadura elektronikoari buruz, eskabideak erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkezteari buruz eta kopia autentikoak eskuratzeari buruz.

Halaber, interesdun horietakoren batek ez badauzka behar diren bitarteko elektronikoak, funtzionario publiko batek egin dezake, balio osoz, interesdun hori administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, funtzionarioak berak erabiltzen duen sinadura elektronikoko sistemaren bidez. Kasu horretan, behar den baliabide elektronikorik ez daukan interesdunak bere burua identifikatu egin beharko du funtzionarioaren aurrean, eta adostasun espresua eman hala jarduteko; hala jasota geratu beharko du desadostasuna edo auzia gertatzen den kasurako.

9. artikulua. Herritarren betebeharrak bitarteko elektronikoen bidez egindako administrazio harremanen esparruan.

1. Bitarteko elektronikoak erabiltzean administrazio jardueran nahiz udal administrazioarekiko harremanetan, eta helburu izanik funtzionamendu eta kudeaketa egokiak bermatzea, herritarrek honako betebehar hauek dituzte, administrazio elektronikoaren informazioari, komunikazioei, prozesuei eta aplikazioei dagokienez:

–Fede onaren printzipioaren arabera erabiltzea administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak.

–Administrazio elektronikoari dagokionez, udal administrazioari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza ematea, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

–Norbera identifikatzea, udal administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez izaten dituen administrazio harremanetan, harremanok halaxe eskatzen dutenean.

–Zaintzea bitarteko elektronikoen bidez udal administrazioarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituzten elementu identifikagarri pertsonal eta besterenezinak.

–Errespetatzea pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, bai eta datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluak honako hau ezartzen du (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea): pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete, beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko, administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili ala ez, baldin eta ez badaude behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera. Pertsona bakoitzak noiznahi aldatzen ahalko du udalarekin komunikatzeko aukeratu bidea.

Nolanahi ere, administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako, administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuak egonen dira honako subjektu hauek, gutxienez:

–Pertsona juridikoak.

–Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

–Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, administrazio publikoekin lanbide-jarduera hori gauzatzean egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Betiere talde horren barnekotzat joko dira notarioak, jabetza-erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.

–Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.

–Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala.

Udalak ezartzen ahalko du nahitaezkoa dela berarekin bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura jakin batzuetarako, bai behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat, haien gaitasun ekonomiko edo teknikoa, haien dedikazio profesionala edo egiaztaturiko beste arrazoiren bat dela eta.

3. Udal administrazioak begiratuko du betebehar horiek betetzen direla, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren esparruan eta ordenantza honetan ezartzen denaren barnean.

10. artikulua. Zerbitzu elektronikoetarako sarbide-sistemak.

Udal administrazioak bermatuko du herritarrek zerbitzu elektronikoetarako sarbidea izan dezaten, hainbat kanaletako sistema baten bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

–Aurrez aurreko arretarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak jarriko dituzte herritarren eskura, libreki eta doan, eta laguntza eta orientabidea eman beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda, dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistema batzuen bidez.

–Sarbide-puntu elektronikoak: organoek eta mendeko erakunde eta entitateek sortu eta kudeatutako egoitza elektronikoak dira, herritar guztien eskura daudenak komunikazio sareen bidez.

–Sarbide-puntu orokorra: haren bidez, dagoen informazio guztia eta eskura dauden zerbitzu guztiak eskuratzen ahalko ditu herritarrak, udal administrazioarekin eta beraren erakunde eta entitateekin dituen harremanetan. Hona hemen:

https://sedeelectrónica.arantza.eus/eu/

II. TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

11. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Egoitza elektronikoa da helbide elektroniko bat, herritarren eskura dagoena telekomunikazio sareen bidez, eta toki-erakunde hau duena titular, edo, bestela, toki-erakundearen mendeko entitate bat.

Egoitza elektroniko bakarra egonen da udal honetako organo guztietarako, eta hor sar daitezke beronen entitate eta erakunde publikoak zein beronen mende dauden kapital erabat publikoko tokiko sozietateak eta sozietate mistoak.

Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

12. artikulua. Egoitza elektronikoa sortzea.

Organo eskudunaren ebazpen edo erabaki baten bidez sortuko da egoitza elektronikoa. Dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta gutxienez honako eduki hau izanen du: Egoitzaren aplikazio-eremuari dagokionez, gutxienez Arantzako Udala izanen da, eta, halaber, beraren mendeko entitate, erakunde eta sozietateak bil ditzake.

a) Egoitzaren erreferentziazko helbide elektronikoaren identifikazioa.

b) Honako hauek identifikatzea: titularra; egoitza elektronikoa kudeatzeko eta administratzeko ardura duen edo duten organoa edo organoak, eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak.

c) Egoitzan eskura dauden zerbitzuetarako sarbide-kanalen identifikazioa, zehaztuz, behar denean, aipatutakoez gain zerbitzuok erabiltzeko zer telefono eta bulego dauden.

d) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

e) Komenigarritzat jotzen den beste edozein inguruabar, egoitza zuzen identifikatzeko eta haren fidagarritasuna bermatzeko.

Egoitza elektroniko nagusitik eratorritako egoitza elektroniko bat edo batzuk (azpiegoitzak) sor daitezke. Egoitza nagusiaren helbide elektronikotik iristen ahalko da egoitza elektroniko eratorrietara, nahiz eta posible izan zuzeneko sarbide elektronikoa izatea. Egoitza elektroniko eratorriek egoitza elektroniko nagusiaren baldintza berak bete beharko dituzte, salbu hura sortzeko ebazpena edo erabakia argitaratzeari dagokionez, haien egoitza nagusian argitaratuko baita.

13. artikulua. Egoitza elektronikoen ezaugarriak.

1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bidez eginen dira, beharrezkoa denean bitarteko elektronikoekin autentifikatzea toki-erakundea, beste administrazio publiko batzuk edo herritarrak. Halaber, egiten ahalko dira organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkien kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Bermatzen dira egoitza elektronikoaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioak errespetatuko dira, bat etorriz horri dagokionez ezarritako arauekin, estandar irekiekin eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenekin.

4. Egoitza elektronikoak izanen ditu komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak, baldin halako komunikazioak beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak edo horien baliokidea erabiliko ditu bere burua identifikatzeko eta berarekin komunikazio segurua egon dadin bermatzeko.

6. Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko moduan. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo haren zerbitzuetako bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko moduan, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei, ahalik eta azkarren, adierazita zein diren kontsultatzeko eskura dauden ordezko bitartekoak.

7. Arantzako Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

14. artikulua. Egoitza elektronikoak identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Baldin Arantzako Udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektronikoak badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak irisgarri izanen du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek bermatu beharko dituzte esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna, jarraikiz Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari.

15. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

1. Egoitza elektroniko orok gutxienez honako eduki hauek izanen ditu:

a) Egoitzaren identifikazioa, erreferentziazko helbide elektronikoa zehaztuta.

b) Egoitzaren titular den organoaren (edo organoen) identifikazioa, eta kudeatzeko eta administratzeko ardura dutenena.

c) Egoitza sortzeko ebazpen edo erabakia, eta, halakorik bada, eratorritako azpiegoitzena.

d) Egoitzaren eremu subjektiboa eta, halakorik bada, eratorritako azpiegoitzena.

e) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, barnean dela egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa, zehaztuta nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak, bai eta jabetza intelektualarekin lotutako informazioa ere.

f) Egoitza zuzen erabiltzeko aholkularitza zerbitzuak, bai elektronikoak, bai telefonikoak.

g) Egoitzaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan egon beharko du eskuragarri.

h) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

i) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa, barnean dela Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren egoitza elektronikoaren esteka.

j) Toki-erakundearen eta haren mendeko entitateen organo, zentro eta unitate administratiboak identifikatzeko kodeen zerrenda eguneratua.

k) Agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoen zerrenda eguneratua, direktorio geografikoa izanen duena, interesdunak jakin dezan zein den erregistro arloko laguntza-bulego hurbilena.

l) Data eta ordu ofiziala.

2. Egoitza elektronikoak honako hauek izanen ditu herritarren eskura:

a) Arantzako Udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko entitate eta erakundeen sarbide-puntu elektroniko orokorra.

b) Herritarrek udalarekin komunikatzeko duten eskubideaz baliatzean erabil ditzaketen bitarteko elektronikoen, telefonikoen eta aurrez aurrekoen zerrenda.

c) Kasu bakoitzean eskumena duten organoei iradokizunak eta kexak egiteko esteka.

d) Eskabide ereduak.

e) Erregistro elektroniko orokorra sortzeko ebazpen, erabaki edo xedapena.

f) Erregistro elektroniko orokorrean has daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua.

g) Egun baliogabeen zerrenda, erregistro elektronikoan epeak zenbatzeko aplikatzekoa.

h) Epeak luzatzea ekartzen duten gorabehera teknikoen identifikazioa.

i) Toki erakundearen eta haren mendeko entitateen iragarki edo ediktuen taula elektronikoa (ediktu-taula), argitalpen elektronikoaren ordezkoa ala osagarria den adierazita.

j) Sarbidea aldizkari eta egunkari ofizialen argitalpenera.

k) Jakinarazpen elektronikoen zerbitzua.

l) Interesdunak identifikatu eta sinatzeko sistemak.

m) Egoitza elektronikoan sartuta dauden organo edo erakunde publikoen zigilu elektronikoen zerrenda, zehaztuta ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak, horien emaileak eta egiaztatzeko neurriak.

n) Interesdunei bitarteko elektronikoen erabilerari buruz aholkularitza emateko eta kopia autentikoak egiteko gaitutako funtzionarioen erregistroa.

o) Toki erakundearen eta haren mendeko entitateen Gardentasun Ataria edo, halakorik ez bada, publizitate aktiboaren xede den informazioa, bat etorriz abenduaren 9ko 19/2013 Legearekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa) eta hura garatzeko araudiarekin, eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa).

p) Kontratatzailearen profila.

q) Legez edo erregelamenduz eskatzen diren beste eduki, informazio edo zerbitzu batzuk.

r) Egoitzaren titular den organo arduradunak gehitutako beste eduki, informazio edo zerbitzu batzuk.

3. Aurreko apartatuetan aipatutako informazioa eta zerbitzuak ez dira jaso beharko azpiegoitzetan, baldin eta nagusi den egoitzan jasota badaude.

Toki-erakunde honen egoitza elektronikoek betiere ahalbidetuko dute hizkuntza koofizialetan izatea sarbidea haien eduki eta zerbitzuetara. Salbuesten dira beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuei dagozkien esteka edo loturetako edukiak, eduki horiek bi hizkuntzetan eskaintzeko betebeharra ez baldin badute.

16. artikulua. Ediktu-taula elektronikoa.

1. Ediktu-taula elektronikoan argitaratzen ahalko dira legezko edo erregelamenduzko xedapen baten ondorioz udalaren ediktu-taulan argitara eman behar diren egintza eta komunikazioak, eta argitaratze hori ordezkoa edo osagarria izaten ahalko da.

2. Herritarrak ez du bere identitatea egiaztatzeko sistema berezirik beharko sarbidea izateko ediktu-taula elektronikora.

3. Ediktu-taula elektronikoa udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

4. Ediktu-taula elektronikoak izanen ditu bere edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko sistemak eta mekanismoak. Epeak zenbatzearen ondorioetarako, mekanismo bat ezarriko da egiaztatzeko ediktuen argitalpenaren data eta ordua.

5. Ediktu-taula elektronikoa eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan, udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada ediktu-taula elektronikoa ez dela egonen erabiltzeko moduan, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei behar den denboraz, adierazita ordezko zer bitarteko dauden eskura, taula kontsultatzeko.

17. artikulua. Herritar karpeta.

1. Udalaren egoitza elektronikoak eremu bat izanen du “herritar karpeta” izenekoa; titularrak baizik ez du sarbidea izanen, eta horretarako erabiltzailearen identitatea autentifikatu egin beharko da, erabiliz egoitza elektronikoan sinadurarako onartzen diren sistemetako bat.

2. Herritar karpetaren bidez, pertsona fisikoek eta haien ordezkari erregistratuek sistema eta prozesu telematikoak erabiltzen ahalko dituzte komunikatzeko bitarteko gisa, besteak beste, zerbitzu hauetarako:

–Sarbidea izatea udal administrazioaren datu baseetan erregistraturik dagoen pertsonaren informazio partikularrera.

–Modu pertsonalizatuan izatea sarbidea udal administrazioaren gaineko informazio orokorrera.

–Administrazio eragiketak eta izapideak egitea udal administrazioak pixkanaka herritar karpetan sartutako prozeduretan.

3. Herritar karpetan sartu eta hura erabiltzeak erabiltzaile izaera ematen du, eta aditzera ematen du aurretik irakurri eta onartu direla udalaren egoitza elektronikoan argitaraturiko arau eta baldintzak. Herritar karpetan sartu eta erabiltzeak berez inplikatzen du erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzen dituela erabiltzeko arau eta baldintza guztiak, sartzeko unean egoitza elektronikoan argitaraturik dagoen bertsioaren arabera.

4. Udalak herritar karpeta erabiltzeko arau eta baldintzak aldatzen baditu, aldaketaren berri eman beharko du egoitza elektronikoan. Herritarra ados ez badago herritar karpeta erabiltzeko arau eta baldintza berriekin, utzi egin beharko du udal administrazioarekin komunikatzeko bitarteko hori.

18. artikulua. Egoitza elektronikoko edukietarako sarbidea.

1. Udalak, bere egoitza elektronikoan, herritarren eskura jarriko du agiri elektronikoak bilatzeko mekanismo egokia, aukera izan dezaten kontsultak egiteko jada amaitutako administrazio-prozedurei buruz.

Aplikatu beharreko araudia dela eta, agiri zehatz batek berehalako sarbiderik ez duenean, herritarrak automatikoki sortzen ahalko du agiri horretarako sarbidea izateko eskabidea, eta azken hori berehala bideratuko zaie agiriaz arduratzen diren udal zerbitzuei.

2. Herritarrek, administrazio publikoei aplikatu beharreko araudiak jarritako baldintzekin, libreki kontsultatzen ahalko dituzte udalak biltegiratutako agiri elektronikoak, betiere kontsultaren egunean amaiturik dauden prozedurei buruzkoak. Aipatu kontsultarako eskubidea arduraz eta gehiegikeriarik gabe erabiltzen dela bermatzeko, udalak zehaztutako bitarteko elektronikoen bidez identifikatu beharko dute herritarrek, jasota gera daitezen eskatzailearen identitatea eta eskatu duen informazioa.

3. Agiri izendunak direnean, pertsonen intimitateari buruzko datuak dituztenean eta espedienteak amaitu gabe daudenean, sarbidea izanen dute soilik kasu bakoitzean administrazio publikoei aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzak egiaztatzen dituztenek. Kontsultarako eskubidea legez horretarako gaituta dauden herritarrek erabil dezaten bermatzeko, udal zerbitzuek identifikatzeko eskatuko diete, horretarako erabiliz ordenantza honetan aipaturiko identifikazio segururako edozein prozedura elektroniko.

4. Interesdunek beren herritar karpetaren bidez izanen dute sarbidea amaitu gabeko espedienteei buruzko informaziora. Berehalako sarbidea izaten ahalko da espedienteko agirietara, ordenantza honetan xedatuaren arabera horretarako aukera dagoenean; bestela, sarbidea izateko eskabidea sortzen ahalko du erabiltzaileak, eta azken hori berehala bideratuko zaio espedienteaz arduratzen den organo edo unitateari.

5. Sarbidea izateko eskubidea ezin izanen da erabili administrazio publikoei aplikagarri zaien araudiaren arabera halaxe ezarrita duten espedienteekin. Aplikatzekoa den araudiaren arabera, artxibo eta agirietarako sarbidea egin behar denean berariazko xedapen batzuei jarraikiz, horretarako aukera izanen dute soilik indarreko legediak kasu bakoitzerako eskatzen dituen baldintzak frogatzen dituztenek.

6. Goiko paragrafoetan aipatzen ez den beste edozein informaziotarako, egoitza elektronikoaren bidezko sarbidea librea izanen da herritar guztientzat, identifikatu behar izan gabe. Zehazki, herritar guztiak libreki sartzen ahalko dira, identifikatu beharrik izan gabe, honako hauetan jasotako informazioan: 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa; eta 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.

Pertsonalak ez diren datuak eskatzen ahalko ditu udalak haren egoitza elektronikoko informaziorako sarbidea izateko eragiketetan, estatistika ondorioetarako bakarrik edo bere zerbitzuak hobetzeko; datu horiek emateak ez du inola ere baldintzatuko udalaren informaziorako sarbidea.

19. artikulua. Segurtasuna.

1. Bermatu eginen da egoitza elektronikoaren segurtasuna, azaltzen den informazioaren egiazkotasuna eta osotasuna helburu.

2. Egoitza elektronikoak izanen ditu komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak, baldin halako komunikazioak beharrezkoak badira. Betiere, norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak erabiliko dira, edo horien baliokidea.

3. Udal administrazioarekin izanen duen harremana erraztearren herritarrak ematen dituen datuek, hala nola telefono zenbaki, helbide elektroniko eta bestelakoek, segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun bermeak izanen dituzte, bai eta udalak arloz arlo berri eman diezaion herritarrak nahiago dituen bideek ere, bat etorriz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian xedatuarekin (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa).

4. Segurtasun mekanismoek aktibatuta egon beharko dute beti iragarki-taularekiko konexioetan, haren edukiaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko, bai eta herritar karpetarekiko konexioetan ere; azken horietan, gainera, konfidentzialtasun-zifratzea ere beharko da.

II. KAPITULUA

Identifikazioa eta autentifikazioa

20. artikulua. Pertsona fisikoen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona fisikoek, orobat, erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, edo sinadura elektroniko kualifikatukoak, emaile kualifikatuek emanak, jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduari (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen).

2. Horiez gain, pertsona juridikoen edo nortasun juridikorik gabeko entitateen ordezkariei dagokienez, Arantzako Udalak onartuko ditu halako pertsona fisikoei emandako ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritzen diren sistemak, baldin bat badatoz Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektroniko eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean ezarritakoarekin (politika hori onetsi zen Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz).

Kasu horretan, ordezkaritza erabat egiaztaturik geldituko da, dagozkion lege ondorioetarako.

3. Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezartzen ahalko ditu, pertsona fisikoek aurrez aurreko harremanetan erabiltzeko.

4. Mekanismo horiek betiere bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki-erakundeak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

21. artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, edo zigilu elektroniko kualifikatukoak, emaile kualifikatuek emanak, jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduari (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen).

2. Zigilu elektronikoa onartzeak honako baldintza hauek ditu:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak berekin dakar jarduketa zuzenean egozten zaiola pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko entitateari, ordezkaritza egiaztatu beharrik gabe.

b) Zigilu elektronikoari ezin zaio mugarik jarri hura onartzen duten izapideetan.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabil dezakete sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, alegia, sistema bat nahiz bestea erabil daiteke, interesdunaren erabakiaren arabera.

3. Zigilu elektronikoaren erabilera soilik onar daiteke datuen jatorriaren zuzentasuna eta datuen osotasuna bermatzea aski den jarduketetan.

22. artikulua. Toki-erakundearen identifikazio eta sinadura elektroniko automatizatuko sistemak.

1. Arantzako Udalak modu automatizatuan sinatzen eta bere burua identifikatzen ahalko du elektronikoki, erabiliz ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuko sistemak, edo zigilu elektroniko kualifikatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen). Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, aplikatzekoa den legediak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritakoa betez (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen errege dekretua).

2. Ahal dela, toki-erakunde honen zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak erakundearen organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dauzkaten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki-erakundeak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatu bat izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek jasoko dituzte, betiere, organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak, salbu nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia, ez baita nahitaezkoa izanen.

3. Arantzako Udalak bere egoitza elektronikoan iragarriko ditu une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak.

4. Baliozkoa izateko, egiaztapenerako kode segurua aurretik sortu beharko da Alkatetzaren/Burutzaren dekretu bidez edo hark eskuordetzea emaniko organoaren dekretu bidez, eta honako berme hauek eman beharko ditu gutxienez:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea bakarra eta ausazkoa izatea, eta igorlearekin lotura izatea.

b) Segurtasun kriptografikoa izatea, ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuko sistema baten baliokide.

c) Kodea baliatuz sarbidea egotea autentifikatutako agirira, egoitza elektronikoaren bidez eta, halakorik badago, hura gordetzen duen artxibo elektronikoaren bidez, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan. Pertsonek berehala eta doan izanen dute agirirako sarbidea.

Egiaztapenerako kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

d) Toki-erakundea identifikatutzat joko da, haren Interneteko atarian edo beste sarbide-puntu batean haren izenean argitara ematen den informazioari dagokionez, baldin legez egoitza elektronikoa bada.

Informazioa egoitza elektronikotik kanpo argitaratzen bada, toki-erakundeak autentifikatu egin beharko du, horretarako erabiliz kapitulu honetan identifikaziorako eta sinadurarako xedatzen diren sistemetako edozein.

23. artikulua. Toki-erakundeko langileen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Arantzako Udaleko organoen titularrek edo kideek nahiz haren zerbitzuko langileek erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, edo sinadura elektroniko kualifikatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen). Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, aplikatzekoa den legediak ezarritakoa betez eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezartzen duena (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen errege dekretua).

2. Toki-erakundeak eman behar dizkie ziurtagiri horiek bere zerbitzuko langileei. Hala ere, pertsona horiek pertsonalak baizik ez diren ziurtagiri kualifikatuak baldin badituzte, baimena eman dezake, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, ziurtagiri horiek borondatez erabiltzeko.

Ziurtagiriek informazio osagarria izan dezakete, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz, eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legediak ezarritako mugak errespetatuz.

3. Izenordea darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak eman daitezke baldin indarreko legediak mugak ezartzen baditu agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Izenordea eratzeko, erabiliko da lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea.

Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsona batzuek eska dezakete izenordea darabilten ziurtagiri kualifikatuarekin sinatu dutenen identitatea ezagutzera emateko, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa).

4. Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezartzen ahalko ditu, haren zerbitzuko pertsonek aurrez aurreko harremanetan erabiltzeko.

Mekanismo horiek betiere bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki-erakundeak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

24. artikulua. Aurreko artikuluetarako arau komunak.

1. Toki-erakundeak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek beteko dute Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa. Politika hori onesteko, honako hauetan ezarritakoa hartu zen oinarri: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 18. artikulua (errege-dekretu horren bidez arautu zen Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan) eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren 24. artikulua (errege-dekretu horren bidez partzialki garatu zen Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea).

2. Arantzako Udalak, sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzean, sustatuko ditu sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua egiten duten ziurtagirietan oinarritutako sistemak.

3. Ziurtagiri kualifikatuetan oinarritzen ez diren sistemen bidez autentifikatutako agirien kasuan, elkarreragingarritasuna sustatzeko, eta ahalbidetzeko agiri elektroniko horien sinadura elektronikoaren egiaztapen automatikoa, udalak halako agirietan gainjartzen ahalko du bere zigilu elektronikoa, zeina oinarriturik egonen baita ziurtagiri elektroniko kualifikatu batean, hura igortzeko beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei, edo haien esku jartzeko.

III. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

25. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren sorrera, kudeaketa eta erabileraren araubide orokorra.

1. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatua betetzeko (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), udalaren erregistro elektroniko orokorra sortzen da, herritarrek edo udal administrazioko organoek berek hura erabil dezaten bide telematikoz eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko.

2. Erregistro elektroniko orokorrean, udalaren edozein organotan aurkezten edo jasotzen den agiri ororen idazpena jasoko da. Erregistro horretan jasoko da, halaber, beste organo edo partikular batzuei zuzendutako agiri ofizialen irteera.

3. Mendeko erakunde edo entitateek beren erregistro elektronikoa izaten ahalko dute, eta hura guztiz elkarreragingarria izanen da eta interkonektatuta egonen da udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin. Azken horrek funtzionatuko du mendeko erakunde edo entitate bakoitzaren erregistro elektronikora sartzeko aukera emanen duen atari gisa.

4. Bai udalaren erregistro elektroniko orokorrak, bai mendeko erakunde edo entitate bakoitzarenak bete beharko dituzte izaera pertsonaleko datuak babestearen arloko legedian ezarritako segurtasun berme eta neurriak.

5. Erregistro elektronikoa eskuragarri egonen da une oro udalaren egoitza elektronikoan. Erregistro telematikoak ahalbidetuko du urteko egun guztien 24 orduetan sar daitezen agiri elektronikoak telekomunikazioko sare irekien bidez, salbu eta arrazoi teknikoen ondoriozko etenaldirik bada; egoitza elektronikoan bertan emanen da azken horien berri. Halaber, baldin erregistro-unitate telematikoaren funtzionamenduan planifikatu gabeko etenaldirik bada, inguruabar horren berri ematen duen mezu bat bistaratuko da, ahal izanez gero.

6. Udalaren eskumeneko prozedurak hasteko herritarren esku jarritako inprimaki elektronikoak eta, kasua bada, aplikazio informatikoak, zuzenean lotzen ahalko zaizkio erregistroari, berme eta baldintza formal guztiak betetzen badira agiriak aurkeztean eta dagokien hartu-agiria jasotzean.

Erregistro elektronikorako sarbidea ematen duen egoitza elektronikoan, agertuko da erregistro horretan has daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua.

7. Alkatetzari dagokio erregistro elektronikoa zuzendu eta sustatzea, eta behar diren ekintzak bultzatuko ditu hura mantentzeko eta etorkizuneko berrikuntza teknologikoetara egokitzeko.

26. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Udalaren erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Udal administrazioari edo beste administrazio publiko batzuei igorritako eskabide, idazki eta komunikazioak hartzea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazi bezala (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

–Herritarrek eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiriak sortzea; sistema informatikoak berak sortuko ditu automatikoki.

–Jakinarazpen abisuak sortzea, interesdunek jakin dezaten eskura dituztela, herritar karpetan, udal administrazioko organo eta erakundeek egiten dituzten komunikazio eta jakinarazpen telematikoak.

–Udal administrazioko organoek interesdunei zuzendutako idazki eta jakinarazpenak igortzea.

–Mantentzea eta kontserbatzea urte naturalari dagozkion eskabide, idazki eta komunikazio telematikoen sarrera eta irteera idazpenen artxibo informatikoa.

27. artikulua. Erregistro elektronikoaren funtzionamendua.

1. Erregistro elektronikoak bermatuko du egiten den idazpen bakoitzean honako hauek adieraziko direla: zenbakia, agiri mota adierazten duen epigrafea, agiria aurkeztu den eguna eta ordua, interesdunaren identifikazioa, administrazio-organo igorlea, kasua bada, eta pertsona edo administrazio-organo hartzailea, bai eta erregistratutako agiriaren edukiaren aipamena ere, hala badagokio.

Horretarako, automatikoki, hartu-agiri bat sortuko da, kasu bakoitzeko agiriaren kopia autentifikatua izanen dena, aurkezpenaren data eta ordua eta erregistroko sarrera zenbakia ere jasota.

Hartu-agiriok herritar karpetaren bidez helaraziko zaizkio hartzaileari, udalaren egoitza elektronikoan, hartutako agiriaren idazpena egin eta berehala.

2. Agirien sarrera eta irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta adieraziko da zer egunetan egin diren. Erregistroko izapidea bukatuta, agiriak berehala igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, jaso diren erregistro beretik.

3. Udalean aurrez aurre aurkezten diren agiriak digitalizatu egin beharko dira, ordenantza honetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta arauaren arabera aurkeztutako agiriak udalak gorde behar baditu, edo nahitaezkoa bada objektuak edo digitaliza ezin daitekeen euskarri jakin batean dauden agiriak aurkeztea.

4. Eskabidea aurrez aurre aurkezten badu udalarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen subjekturen batek, eskatuko zaio hura zuzendu eta elektronikoki aurkezteko. Horren ondorioetarako, zuzenketaren eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen eguntzat.

28. artikulua. Idazpen elektronikoen edukiaren egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

1. Erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak bermatuko ditu egindako idazpenen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez.

2. Organo eskudunei, erregistro elektronikoaren bidez, idazki, eskabide eta komunikazioak igortzen zaizkienean izapidetu ditzaten edo organo horiek interesdunei igortzen dizkietenean, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira ez daitezen komunikazioak atzeman edo aldatu, baimenik gabe eskuratu eta, orobat, datu pertsonalen babesa berma dadin, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Legea).

3. Halaber, erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak hartan sartu nahi duten herritarrei eta udal organoei jakinaraziko die ezen, idazkiak, eskabideak eta komunikazioak bide telematikoz aurkeztean, haien datu pertsonalak emanen zaizkiela horiek hartzeko eta izapidetzeko eskumena duten administrazio organo edo entitateei.

29. artikulua. Epeen zenbaketa erregistro elektronikoan.

1. Udalak argitaratuko du zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, berma dadin interesdunek laguntza jasotzeko duten eskubidea bitarteko elektronikoak erabiltzean.

2. Epeen zenbaketarako, erregistro elektronikoa oinarrituko da sarbideko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan, eta beharrezko segurtasun neurriak izanen ditu haien osotasuna bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egoteko.

Erregistro elektronikoko epeen zenbaketa honako arau hauen araberakoa izanen da:

–Aukera emanen du agiriak aurkezteko urteko egun guztietan eta hogeita lau orduz.

–Egun baliodunetan ezarritako epea zenbatzeko, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, salbu egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik badago.

–Agiriak aurkeztutzat joko dira egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako agiriak joko dira hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat, hurrenkera berari jarraikiz.

–Udalak bete behar dituen epeen zenbaketaren hasiera zehaztuko da aintzat hartuz udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu ziren data eta ordua. Betiere, epeen zenbaketaren hasierako dataren eta orduaren berri eman beharko zaio agiria aurkeztu zuenari.

3. Egoitza elektronikoan zehaztuko da zein diren, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, baliogabetzat jotzen diren egunak, kasu emanez udala dagoen lurraldeari eta lan-egutegi ofizialari.

IV. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna

30. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egiteko baldintza orokorrak.

1. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehen-tasunez, eta beti interesdunak betebeharra duenean halakoak bide horretatik jasotzeko. Aurrekoa gorabehera, udalak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten ahalko ditu honako kasu hauetan:

–Interesduna edo haren ordezkaria berez agertzen denean udal bulegoetan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

–Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko, beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliozkoak baldin eta aukera ematen badute jasota uzteko honako hauek: jakinarazpena igorri edo eskuragarri jarri izana; interesdunak edo haren ordezkariak jaso izana edo hartara iritsi izana; datak eta orduak; jakinarazpenaren eduki osoa; eta igorlearen eta hartzailearen identitate fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek noiznahi erabaki eta jakinarazten ahalko diote udalari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hortik aurrerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egin diezazkien nahi dutela, edo, bestela, jakinarazpenak bitarteko horien bidez egiteari utz diezaion.

Udalak ezartzen ahalko du nahitaezkoa dela jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea prozedura batzuetarako, bai eta pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere, hain zuzen ere, baldin beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jardun profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoiren batengatik, frogatutzat jotzen bada badutela behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera.

Modu osagarrian, interesdunak identifikatzen ahalko du gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat, artikulu honen bosgarren apartatuan araututako abisuak helarazteko, baina ez jakinarazpenak egiteko.

2. Ez dira inola ere bitarteko elektronikoen bidez eginen honako jakinarazpen hauek:

–Formatu elektronikora bihurtu ezineko elementuak dauzkaten jakinarazpen-egintzak.

–Betebeharpekoen aldeko ordainbideren bat dutenak, esaterako, txekeak.

3. Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, hark horretarako adierazitako bitartekoa erabiliz eginen da jakinarazpena. Jakinarazpena elektronikoa izanen da, baldin administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta badago.

Jakinarazpena eskabidean adierazi bezala egiterik ez denean, horretarako egokia den edozein tokitan eginen da, eta honako hauek frogatzen dituen edozein bitarteko erabiliz: interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena hartu izana, noiz jaso duen, jasotzailearen identitatea eta jakinarazitako egintzaren edukia.

4. Interesdunak edo haren ordezkariak uko egiten badio administrazio jarduketa baten jakinarazpenari, halaxe jasoko da espedientean, zehaztuta jakinarazpen saiakeraren inguruabarrak eta erabilitako bitartekoa; izapidea amaitutzat joko da eta prozedurak aurrera segituko du.

5. Alde batera utzita jakinarazpena paperean ala bitarteko elektronikoen bidez egin den, udalak interesdunari abisua igorriko dio hark adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakin dezan jakinarazpen bat duela eskuragarri udalaren egoitza elektronikoan edo gaituriko helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkotzat joko da.

6. Interesdunari jakinarazpena bide bat baino gehiago erabiliz egiten zaionean, lehenengo jakinarazpenaren data hartuko da aintzat.

31. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak.

1. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak eginen dira udalaren egoitza elektronikoan agerraldia egitean.

Horren ondorioetarako, egoitza elektronikoko agerralditzat hartuko da interesduna edo haren ordezkaria, behar bezala identifikatuta, jakinarazpenaren edukira sartzea.

2. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukira sartzearekin bat.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, jakinarazpena ez onartutzat joko da baldin haren edukirako sarbiderik gauzatu ez bada hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik zenbatzen hasita.

3. Udala behartuta dago jakinarazpena egitera hamar eguneko epean gehienez, egintza ematen den datatik aurrera; betebehar hori betetzat joko da jakinarazpena udalaren egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean eskuragarri jartzearekin bat.

4. Interesdunek jakinarazpenetarako sarbidea izanen dute administrazioaren sarbide-puntu elektroniko orokorretik, sarbide-atari gisa erabiliko baita.

32. artikulua. Egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

Honela eginen da egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena:

–Erregistro elektronikoaren bidez, interesdunari informaziorako jakinarazpen-abisu bat igorriko zaio, berak udal administrazioari emandako helbide elektronikora; abisuaren bidez, interesdunari aditzera emanen zaio jakinarazpen bat duela bere izenean, bai eta hura zer web-orritan sartuz eskura dezakeen ere.

–Interesduna jakinarazpen elektronikoko orrian sartzen ahalko da, aldez aurretik erabiltzaile ziurtagiriaren bidez identifikatuta.

–Jakinarazpen elektronikoko orri horren bidez, jakinarazpenaren edukian sartzen ahalko da; hartan adieraziko dira jakinarazpena egiten duen administrazio organoaren edo entitatearen izena, jakinarazten den agiri motaren erreferentzia, espedientearen zenbakia, eta irteera data eta erregistroa.

–Interesdunak jakinarazpena onartuz gero, horrekin lotutako agirietarako sarbidea izanen du. Agiri horiek inprimatzeko formatua izanen dute.

–Administrazio-espedientean jasoko da jakinarazpen elektronikoa onartu den ala ez, eta urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako ondorioak sortuko ditu (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

33. artikulua. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

1. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean, interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazio jarduketaren edukira sartzen da udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

2. Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, adieraziko duena bertara sartzea jakinarazpen-izaerako administrazio jarduketa izanen dela.

–Dagokion informazio sistemak jasoko du edukira sartu dela, bai eta zer egun eta ordutan sartu den ere.

III. TITULUA

Agiri eta artxibo elektronikoak

34. artikulua. Agiri elektronikoak.

1. Udalaren administrazio-agiri publikoak dira udal administrazioko organoek balioz eginikoak. Udalak, oro har, administrazio-agiriak idatziz eginen ditu, bitarteko elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiago batean adierazi eta jaso behar direla.

2. Baliozkotzat jotzeko, administrazio agiri elektronikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Era guztietako informazioa edukitzea artxibaturik euskarri elektronikoan, identifikatzeko eta bereiz tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.

–Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio datuak izatea, galarazi gabe espediente elektroniko batean gehitzeko aukera.

–Egin diren uneari buruzko denbora-erreferentzia bat izatea.

–Nahitaezko gutxieneko metadatuak izatea.

–Aplikatzekoa den araudiaren arabera dagozkion sinadura elektronikoak izatea.

Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion agiri elektronikoak.

3. Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik izanen udalak edo beste administrazio publikoek egin eta informazio hutserako argitaratzen diren agiri elektronikoek eta, orobat, administrazio-espediente baten zati ez direnek. Betiere, agiri horien jatorria identifikatu beharko da.

35. artikulua. Administrazio publikoek eginiko kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna.

1. Udalak erabakiko du zer organok dituzten eskumenak administrazio agiri publiko edo pribatuen kopia autentikoak egiteko.

Agiri pribatuen kopia autentikoek ondorio administratibo hutsak dituzte. Administrazio publiko batek eginiko kopia autentikoak baliozkoak izanen dira gainerako administrazioetan.

2. Administrazio-agiri publiko edo pribatu baten kopia autentikotzat joko dira, edozein euskarritan eginda daudela ere, udalak egindakoak, baldin bermaturik geratzen badira kopia egin duen organoaren identitatea eta agiriaren edukia.

Kopia autentikoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun berak izanen dituzte.

4. Interesdunek noiznahi eskatzen ahalko dute udalak balioz eginiko administrazio agiri publikoen kopia autentikoak emateko. Jatorrizko agiria eman zuen organoari zuzenduko zaio eskabidea, eta hamabost eguneko epean emanen dira kopia horiek, zenbatzen hasita eskabidea udal administrazioaren edo haren mendeko erakunde edo entitatearen erregistro elektronikoan jasotzen denetik. Hori guztia, deusetan galarazi gabe honako hauek aplikatzeak dakartzan salbuespenak: abenduaren 9ko 19/2013 Legea (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Legea (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa).

Era berean, interesdunek paperean aurkezten duten eta administrazio-espediente batean sartuko den edozein agiriren kopia elektroniko autentikoak eman beharko ditu udalak.

5. Udalak kopia elektroniko autentikoak ematen dituenean, halaxe adieraziko da espresuki kopiaren agirian.

6. Notario-agiri publiko, erregistro-agiri publiko eta agiri judizial publikoen eta aldizkari ofizialen kopia autentikoak emateko modua izanen da bakoitzerako legedia espezifikoaren araberakoa.

36. artikulua. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarritako agiriak.

1. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarri beharko dituzte aplikatzekoa den araudiaren arabera udalak eskatzen dituen datu eta agiriak. Komenigarritzat jotzen duten beste edozein agiri ere ekar dezakete interesdunek.

2. Interesdunak ez dira beharturik egonen ekartzera administrazioren batek eginak diren agirien kopiak, dena delako prozeduran agiri horiek aurkeztea nahitaezkoa izan zein aukerakoa izan, baldin interesdunak adostasuna adierazi badu agiri horiek kontsulta daitezen edo eskura daitezen. Kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena emantzat joko da, baldin eta prozeduran interesdunen aurkakotasun espresua jaso ez bada edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua emateko.

Interesdunaren aurkakotasunik ez bada, udalak elektronikoki eskuratuko ditu agiriak, bere sare korporatiboen bitartez edo kontsulta eginez datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestaturiko beste sistema bati.

Nahitaezko txostenak direnean, prozedura izapidetzen ari den administrazio-organoaz beste batek lehendik eginak, hamar eguneko epean igorri beharko ditu hark, eskatzen direnetik aurrera zenbaturik. Epe hori betetakoan, interesdunari komunikatuko zaio berak ekar dezakeela txosten hori edota geldi daitekeela organo eskudunak igortzeko zain.

3. Udalak ez die interesdunei eskatuko jatorrizko agiriak aurkezteko, salbu aplikatzekoa den araudiak, salbuespenez, hala agintzen duenean.

Era berean, udalak ez die interesdunei eskatuko aplikatzekoa den araudiak eskatzen ez duen edo interesdunak lehendik administrazioren bati ekarria dion datu edo agiririk. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen agiri horiek, eta udalak elektronikoki eskuratu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuk baliatuz. Kontsulta hori interesdunek baimendutzat joko da, baldin eta prozeduran ez bada haren aurkakotasun espresua jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresua emateko; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz. Salbuespenez, udalak ezin baditu aipatutako agiriak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

4. Baldin eta, salbuespenez, udalak eskatzen badu jatorrizko agiri bat aurkezteko eta hura paperean badago, interesdunak kopia autentiko bat lortu beharko du, ordenantza honetan adierazitako betekizunen arabera, elektronikoki aurkeztu baino lehen. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du inguruabar hori.

5. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak erkatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

6. Interesdunek administrazio-prozedurara ekartzen dituzten kopiek administrazio publikoen jardueraren eremuan bakarrik izanen dute eraginkortasuna.

7. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

37. artikulua. Agirien artxibo elektronikoa.

1. Udalak artxibo elektroniko bakarra izanen du amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoetarako, aplikatzekoa den araudian ezarri bezala.

2. Agiri elektronikoak gordeko diren formatuak bermatu beharko ditu agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, bai eta haiei kontsulta egin ahal izatea ere, igarotzen den denbora kontuan hartu gabe. Betiere, segurtatuko da datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera, bermatzeko hainbat aplikaziotatik sarbidea izatea. Agiri horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

3. Agiriak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatzeko gordetako agirien osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa. Bereziki, bermatuko dituzte erabiltzaileen identifikazioa eta sarbide-kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legedian ezarritako bermeak betetzea ere, eta administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoen berreskurapena eta luzaroko kontserbazioa, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi-zikloari buruzko zehaztapenekin bat.

4. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituztenean agiri elektronikoek, agiriok halako euskarrietan kontserbatu beharko dira ezinbestean, dela agiria sortu zenetik erabilitako formatu berean edo erreproduzitu ahal izateko behar den informazioaren identitatea eta osotasuna segurtatuko dituen beste edozeinetan. Betiere, segurtatuko da datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera, bermatzeko hainbat aplikaziotatik sarbidea izatea.

IV. TITULUA

Harreman elektronikoak beste administrazio publiko batzuekin

38. artikulua. Datuen truke elektronikoa komunikazio-ingurune itxietan.

1. Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen komunikazio-ingurune itxietan helarazitako agiri elektronikoak baliozkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako.

2. Komunikazioetan parte hartzen duten pertsonak udalekoak badira, azken horrek zehaztuko ditu komunikazioa arautuko duten baldintzak eta bermeak, eta horietan jasoko dira, gutxienez, igorle eta hartzaile baimenduen zerrenda eta trukatuko diren datuen nolakotasuna.

3. Parte-hartzaileak administrazio publiko batekoak baino gehiagokoak badira, aipatutako baldintzak eta bermeak ezarriko dira haien artean izenpetutako hitzarmen baten bidez.

4. Betiere bermatu beharko dira komunikazio-ingurune itxien segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa.

39. artikulua. Sinadura elektronikoa segurtatzea eta haren elkarreragingarritasuna.

1. Udalak erabakitzen ahalko du zer izapidek eta txostenek eduki behar duten sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatua eta aurreratua.

2. Elkarreragingarritasuna sustatzeko eta agiri elektronikoen sinadura elektronikoaren egiaztapen automatikoa ahalbidetzeko, udalak ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatu batean oinarritutako zigilu elektroniko bat gainjartzen ahalko du, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak ez diren beste sistema batzuk erabiltzen dituenean, elektronikoki sinatutako agiriak administrazio publikoei igortzeko edo haien esku jartzeko.

40. artikulua. Datuen transmisioa administrazio publikoen artean.

1. Bat etorriz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa) eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin, udalak sarbidea eman beharko die gainerako administrazio publikoei bere esku dituen interesdunei buruzko datuetara, betiere zehazturik beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak, datu horietara ahalik eta segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun handienaz sartzeko.

2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da gainerako administrazio publikoek herritarrei eskatzen dizkieten datuetara, halakoak behar dituztenean, beren eskumenekoak diren prozedurak eta jarduketak izapidetzeko eta ebazteko, dagokien araudiaren arabera.

3. Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu eta dagokion eremuan behar dituen teknologiak sartuko, bere sareen interkonexioa ahalbidetzeko, komunikazio sare bat sortzearren, administrazio publikoen informazio sistemak elkarrekin lotzekoa, haien artean informazioa eta zernahi zerbitzu trukatu ahal izateko, bai eta ahalbidetzeko ere Europar Batasuneko eta beste estatu kideetako erakundeen sareekiko interkonexioa.

4. Bereziki, udalak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala hartu beharko du aintzat, hura harturik irizpide eta gomendioen multzo gisa informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasun, kontserbazio eta normalizazio arloetarako.

5. Halaber, Segurtasunaren Eskema Nazionalari jarraikiko zaio bitarteko elektronikoak erabiltzeko segurtasun politika bat ezartzearren, betiere erabat errespetatuz tratatutako informazioaren segurtasuna behar bezala bermatzen duten oinarrizko printzipioak eta gutxieneko baldintzak.

V. TITULUA

Administrazio-prozedura elektronikoa

41. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Administrazio-espediente elektronikoa da izaera horretako izapide eta jarduketen multzo ordenatu bat; izapide eta jarduketa horiek balio dute administrazio-ebazpenaren aurrekari eta oinarri gisa. Espediente elektronikoak, orobat, jasotzen ditu administrazio ebazpena betearazteko eginbideak.

2. Espedienteek formatu elektronikoa izan beharko dute, eta eratuko dira modu ordenatuan gehituz hura ostatu behar duten agiriak, frogak, irizpenak, txostenak, erabakiak, jakinarazpenak eta gainerako eginbideak, bai eta aurkibide elektroniko zenbakitu bat ere, espedientea igortzean jasotzen dituen agiri guztiena. Espedientean jaso beharko da, orobat, harturiko ebazpenaren kopia elektroniko ziurtatua.

Aurkibide zenbakitu horrek espediente elektronikoaren osotasuna bermatuko du, eta aukera emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria izanen da agiri bera hainbat espediente elektronikotan egotea.

3. Interesdunari espedienteak igorri beharrean, espediente elektronikoa haren eskura jarriko da; interesdunak kopia eskuratzeko eskubidea izanen du.

4. Arau baten ondorioz espediente elektroniko bat igorri beharra dagoenean, hura igorriko da jarraikiz Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalari eta Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoei, osorik, orrialdeak zenbakiturik, autentifikaturik eta dituen agiri guztien aurkibide orobat autentifikatu batez lagundurik. Aurkibide hori autentifikatzeak bermatuko du sortutako espediente elektronikoa osorik eta aldaezina izatea sinatzen denetik, eta aukera emanen du behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria izanen da agiri bera zenbait espediente elektronikotan egotea.

5. Ez da administrazio-espedientearen zati izanen lagungarria edo osagarria den informazioa, hala nola honako hauetan jasotakoa: aplikazio, fitxategi eta datu-base informatikoetan; ohar, zirriborro, iritzi, eta laburpenetan; eta komunikazio eta txostenetan, izan txostenok barnekoak edo administrazio organo edo entitateen artekoak. Orobat, ez dira administrazio-espedientearen zati izanen administrazio publikoek emaniko balio-iritziak, non eta ez diren prozedurari amaiera ematen dion administrazio-ebazpena baino lehen eskatutako txostenak, nahitaezkoak nahiz aukerakoak.

42. artikulua. Administrazio-prozedura hastea.

1. Alderdi batek eskaturik hasten ahalko dira bitarteko elektronikoen bidez izapidetze elektronikora gehituta dauden administrazio-prozedurak, ereduaren araberako eskabidea aurkeztuz ordenantza honetan arautu den erregistro elektronikoan.

2. Aurreko apartatuan aipatutako eskabide elektronikoek eskatzen den sinadura elektronikoa izan beharko dute, eta, halaber, bete beharko dituzte urriaren 1eko 39/2015 Legearen 70. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

3. Interesdunek eransten ahalko dituzte behar diren edo komenigarritzat jotzen dituzten agirien kopia digitalizatuak; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatzeko, erabiliko dute sinadura elektroniko aurreratua. Udalak noiznahi eskatzen ahalko dio interesdunari jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko, eta orobat, dagokion artxiboari eskatzen ahalko dio aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko. Kopia horiek aurkezteak esan nahi du administrazioari baimena ematen zaiola agiri horietan jasotako informazio pertsonala eskuratzeko eta tratatzeko.

4. Haien erabilera errazteko eta bultzatzeko, eskabidea egiteko sistema normalizatuek egiaztapen automatikoak izaten ahalko dituzte, ikusteko ea aurkeztutako informazioa bat datorren beren sistemetan edo beste administrazio publiko batzuen sistemetan jasotako datuekin, eta are inprimaki elektronikoaren eremuak eskaintzen ahalko dituzte osorik edo partez beteta, interesdunak informazioa egiazta dezan eta, hala behar badu, aldatu eta/edo osatu dezan.

43. artikulua. Prozeduren izapidetze elektronikoa.

1. Administrazio izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko onesten diren programa, aplikazio eta informazio-sistemek honako hauek bermatu beharko dituzte: epeen kontrola, data eta ordua jasota daudela eta jarduketen arduradunen identifikazioa; gainera, espedienteen izapidetze hurrenkera errespetatu beharko dute.

2. Administrazio-organoek bermatuko dute aukera egon dadin bitarteko elektronikoen bidez gauzatzeko interesdunei entzuteko eskubidea eta herritarrei informazio publikoa emateko eskubidea, bidezkoa denean.

3. Interesdunak eskatzen eta eskuratzen ahalko du izapidetzearen egoerari buruzko informazioa, izapidetze elektronikora gehitutako izapideetan ezartzen diren modalitateez baliatuz.

4. Udalak interesdunari abisuak igortzen ahalko dizkio izapidetzearen egoerari buruz, interesdunak harremanetarako adierazi dizkion helbide elektronikoen bidez.

44. artikulua. Administrazio-prozeduraren instrukzioa.

1. Bitarteko elektronikoen bidez izapideturiko administrazio-prozedura batean, interesdunaren jarduketa guztiek eta dagozkien administrazio egintzek bete beharko dituzte legeak oro har ezartzen dituen baliozkotasun irizpideak; horrez gain, eman eta jaso beharko dira ordenantza honetan arautzen den erregistro elektronikoaren bitartez.

2. Interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartu beharrez bitarteko elektronikoak erabiltzen direnean, ordenantza honetan komunikatzeko eta jakinarazteko jasotzen diren bitartekoak baliatuko dira interesdunek erabil dezaten alegazioak aurkezteko duten eskubidea, ebazpen proposamenaren aurreko edozein unetan, bai eta entzunaldiaren izapidea gauzatzean ere.

3. Bai ziurtagiri eta agiri elektronikoei dagokienez, bai datu transmisioei dagokienez, ordenantza honi jarraikiko zaio haiek eman eta tratatzean, bai eta haien ondorioen ingurukoan ere, eta hertsiki beteko dira datu pertsonalak babesteko araudia eta administrazio-prozedurari aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Paperezko ziurtagiri bat dagozkion datuen transmisioaz ordezkatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da horien titularrak transmisioa espresuki baimentzea, datu pertsonalei buruzko araudiak xedatzen duenarekin bat, lege mailako arau batek ezartzen dituen kasuetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko du, eta hura aurkeztu.

4. Ekartzen bada administrazio-prozedura elektroniko batekin zerikusia duen paperezko agiriren bat, edo bestelako euskarri fisiko bat duena, jaso beharko da erregistro elektronikoan prozedura horri dagokion erregistro zenbaki edo kode indibidualizatua.

5. Udalak bultzatuko du interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharrean, bertan adierazita baldintza horiek betetzen dituela eta konpromisoa hartzen duela administrazioak eskatzen dituen agiriak aurkezteko.

45. artikulua. Administrazio-prozedura amaitzea.

1. Kasu bakoitzean eskuduntzat hartzen den organoaren identitatea bermatuko da prozedura bat bitarteko elektronikoen bidez ebazten denean.

2. Prozedura elektroniko bati amaiera ematen dion egintzak edo ebazpenak bete beharko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), eta izan beharko du, orobat, egintza edo ebazpena emateko eskumena duen organo administratiboaren sinadura elektroniko aitortua.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Aplikatzeko, garatzeko eta abian jartzeko gaikuntza.

1. Alkate udalburuari ahalmena ematen zaio ordenantza hau egoki aplikatu eta garatzeko behar diren jarraibideak emateko, bai eta behar beste izapide egin ditzan ere, ordenantza honetan ezarritakoa abiarazi eta aplikatze aldera erabiliko diren aplikazioak eta programa elektronikoak gaitzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Idazkaritza Nagusiaren goi kudeaketa eta zuzendaritza.

Udaleko Idazkaritza Nagusiari dagozkio udalean administrazio elektronikoaren benetako ezarpenaren goi kudeaketa eta zuzendaritza eta, bereziki, alderdi hauei dagokienez: egoitza elektronikoa, ediktu-taula elektronikoa, ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, jakinarazpen elektronikoak eta agiri elektronikoak. Hori guztia, lotura zuzena izateagatik udalaren fede publikoarekin, zeina erreserbatuta baitago gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioentzat.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Langileen prestakuntza eta herritarrei zuzendutako kanpaina.

1. Udalak bere zerbitzuko langileen prestakuntza bultzatuko du, beren jardueretan bitarteko elektronikoak erabil ditzaten.

2. Udalak beharrezko informazio kanpainak eramanen ditu aurrera, herritarrek ordenantza honetan xedatutakoen berri izan dezaten.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabiziko xedapen iragankorra.–Izapide eta prozedurak administrazio elektronikora gehitzea.

1. Udalak progresiboki gehituko ditu izapidetze elektronikora bere izapide eta prozedura administratiboak, ordenantza honetan ezarritako printzipio orokorrei eta prozedurari jarraikiz, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen babesean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

2. Betiere, izapide eta prozedurek gehiturik egon beharko dute urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri baino lehen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), honako hauei dagokienez: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, enplegatu publiko gaituen erregistroa, administrazioaren sarbide-puntu elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarra.

Bigarren xedapen iragankorra.–Izapidetzen ari diren prozedurak.

Ordenantza hau ez da aplikatuko berau indarrean jarri baino lehen hasitako prozeduretan. Horiek lehengo araudiari jarraikiko zaizkio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

Ordenantza hau indarrean jartzen denean, indarrik gabe utziko dira ordenantza honetan xedaturikoari aurka egiten dioten udalaren xedapen guztiak, edo kontraesanean daudenak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Izapide eta prozedura berriak.

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, prozedura eta izapide administratibo berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek aukera jaso beharko dute halakoak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintza eta betekizunekin.

Azken xedapenetako bigarrena.–Arauak egokitzea.

Udalak bere arauak egokitzeko konpromisoa hartzen du, ordenantza hau abian jartzeko, betiere udal aurrekontuan erabilgarri dagoen kredituaren arabera.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Administrazio prozedura erkidearen arloko legeak aplikatzea.

Ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, deusetan ukatu gabe honako hauetan xedatutakoa: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, eta haiek garatzeko emandako arauak, halakorik ematen denean.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

Iragarkiaren kodea: L2208007