129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

148E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita hondakinen transferentziagune baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Transferentziagune hori, zeina hondakinetatik abiaturik erregaiak egiteko instalazioa ere baden, Lizarrako udal-mugartean dago, eta haren titularra Chipala Medioambiente SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 4ko 2230/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 369E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2017ko otsailaren 14an eta 2020ko azaroaren 5ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuko baldintzak aldatzeko. Eskatu zuen, zehazki, 191006 EHZ kodea duen hondakin berria sar zedin kudeatutako hondakinen zerrendan (III. eranskina) arriskutsuak ez diren hondakinetatik abiatuta hondakinetatik eratorritako erregaiak prestatzeko prozesuan. Eskatu zuen, era berean, baimena eman zekion 191212 EHZ kodea duen hondakina erabiltzeko hondakinetatik eratorritako erregaiak prestatzeko, arriskutsuak ez diren hondakinetatik abiatuta (R12). Titularrak hondakinen analitika aurkeztu zuen, justifikatzeko betetzen dela beheko berotze ahalmenari buruzko baldintza, zeina ezarri baita ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldaketa onestea hondakinen transferentziagune baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan (transferentziagune hori, zeina hondakinetatik abiaturik erregaiak egiteko instalazioa ere baden, Lizarrako udal-mugartean dago, eta haren titularra Chipala Medioambiente SL da). Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Chipala Medioambiente SLri eta Lizarrako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2207574